Asteroko buletina
Haltzari ez eska fruituak.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Urkia
2024-12-18 06:00 | Mikel

Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-18 10:51

Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.

Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)

Egun on, Jakoba.
Jakin nahi nuke lur eremua simaurtu ondoren errautzarekin batera ongarritu nezaken.
Eskerrik asko zure erantzunagatik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 15:14

Simaurtu eta karearekin edo errautsarekin ongarritzeko tarte bat uztea komeni da. Ahal izanez gero hilabete. Ezin baldin bada ahal duzuna.

Egunon Jakoba, jakin nahi dot ea bi hiru orduko ikastaro laburrak ematen badozuz eta non. Oinarrizko formakuntza praktikoa
behar dot.
Esker aunitz.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 11:27

Batean eta bestean ibiltzen naiz ikastaro itxiak baino jendeak dituen zalantzak argitzen. Horratarako era guztietako elkarte, talde, eta abarrek antolatzen dituzte. Oraingoz aurten lotuta daukadan bakarra hauxe da: Donostia Kulturak antolatuta Aieteko Kultur Etxean, azaroaren 6, 13 eta 20an, arratsaldeko 18:30ean.

Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:43

Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.

Kaixo Jakoba, Otsail hasieran tomate haziak sartu nituen, orain landareak handiegiak egiten hari dira inbernaderoan. Ez dakit jada kanpoan landatu naiz eta oraindik hotz egin edo eta barruan mantendu inbernaderoa txiki gelditu arren. Lekeition izanik noiz kanporatu ditzaket? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:26

Kanpoko tomatea maiatzean landatzearen aldekoa naiz. Maiatzaren hasiera edo amaiera, hori bakoitzak erabaki behar du. Tokia nolakoa denaren arabera: lurra, orientazioa, babesa… Nik uste dut Lekeition kanpoan landatu ditzakezula. Hala ere beste aukera litzateke, batzuk landatu eta beste batzuk negutegian mantendu. Azken horiek ontzi handixeagoetan jarri, hazteko aukerarekin; horrela kanpokoekin desastreren bat gertatuz gero, barruko horiekin saila osatu dezakezu…

Kaixo, Jakoba Limoindo txiki bat dut lorontzi batean. Limoitxo pila daukala ikusi dut. Gehiegi, agian. Zer egin beharko nuke: fruitutxo gehienak kendu, dagoen bezala utzi, adar batzuk moztu... Zeuk esango didazu nola jokatu. Argazkia doakizu.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:51

Zalantzarik gabe kendu. Limoiondo txikia da, eta hazi egin behar du. Ahalik eta azkarren kendu, indarra kimu berrietara bideratu dadin. Nahi izatera aleren bat utzi, enbor nagusiaren ondoan, eusteko indarra izan dezan. Eta ahal baduzu ontzi handiago batean birlandatu, eskertuko dizu.

Aupa Jakoba! Aurten otsailean honako fruta arbolak landatu genituen: muxika, udareondoa, aranondoa eta gereziondoa. Kontua da muxika eta udarea jada fruitua ematen hasi direla eta ez dakit komenigarria ote den lehen urte honetako fruta kentzea indarra galdu ez dezan edo horrela uztea. Esker mila!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-26 17:21

Zalantzarik gabe nik kendu egingo nituzke. Ondo dago nahi zen barietatea dela ziurtatzeko, baina kendu. Hobe da arbolak duen indar guztia ondo itsastera, sustraiak luzatzera, adarrak berritzera eta bizitoki berriko baldintzetara egokitzeko bideratzea. Arbola horiek jakin ezazu non bizi ziren, eta zeurera etorri dira. Egokitzea hobea izango da hazteko fruitu alerik ez badu.

Aupa Jakoba, duela bi aste lekak erein nituen. Dirudienez usteldu edo zeozerk jan egin ditu. Duela 3 egun berriz erein ditut eta zer moduz dauden begirtazean, zizare pila dago haizen inguruan baita milazango ugari ere. Arriskutsuak al dira? Nola ekidin daitezke?Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-25 16:14

Ehunzagoek batik bat beste intsektu batzuk jaten dituzte, adibidez zizareak. Haien atzetik ibiliko dira, baina ez diote muzin egiten barazkien kimu berri gozoei. Nik uste dut beraiek jango zituztela leka ernatu berriak. Irtenbide egokiena lekak hazitegian erein eta landaretxoak sortzea litzateke, eta hiruzpalau hosto dituztenean landareak landatu.

Kaixo Alaia naiz berriro. Piper berdeak eta orain sartzen dira edo ez?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-24 16:44

Piper berdeak negutegian dagoenerako landatu daitezke. Kanpoan, aldiz, maiatzean eta ekainean jartzen dira.

Kaixoo Jakin nahi nuen ea orain sartzen diren erremolatxak eta pepinoak edo inbernadoren egon behar duten. Edo oraindik goiz da hori sartzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-24 13:06

Luzokerrari dagokionez, negutegian apirilean landatu daiteke; kanpoan maiatzean landatzen da. Erremolatxa bai, kanpoan edo negutegian bai erein eta bai landatu daiteke apiriletik maiatzaren amaiera arte.

Zitrikoen azalak eta fruituak: limoi, mandarina... usteldutakoak luarrera bota ahal doguz?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-22 09:43

Bai. Bota daitezke. Ahal izanez gero puska txikiak eginda, errazago luartzeko. Tamainan botatzea ere garrantzitsua da, hau da, ez dadila garrazki azala luarreko osagai nagusietakoa izan.

Gabon Jagoba zainzuriak ditut ortuan eta aurten bitxo batzuk agertu jakoz bati. Ez dakit kaltegarriak diren edo ez. Zer egin dezaket? Millesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-23 19:07

Zainzuriaren kakalardoa da, Crioceris asparagi, soilik zainzuriari erasotzen dio. Argazkikoa izugarrizko izurritea da. Eskuz bildu eta erre, edo harrapatu eta bertan zanpatu. Puntta berrietan harrak ere ikusiko dituzu, horiek ere berdin. Denborarekin arrautzak ezagutzem ikasiko duzu, adartxo berri txikienetan ilaran jartzen dituzte beltxak luxe mehe-meheak. Denak kendu eta desegin behar dituzu. Zenbat eta lehenago hasi hobe. Urtero zaindu behar duzu. Gure etxean, badugu eta urtero hasieratik goiz antzera eta gogor hartuz gero uda partean ez da izurriterik izaten.

Kaixo Limoi ondo hau Aurtengo Tolosako perian erosi eta Altzon jarrita daukat. Baina ez du itxura onik. Zer iruitzen zaizu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-21 21:41

Hostajeak ez du kolore txarrik. Nik uste dut garraioarekin edo zerbait ukituta hostoak zartatu egin direla. Agian haizeak eragina izan da. Babestutako toki batean jarri: egutera edo eguzki-begia, hego-hegora begira eta ahal izanez gero fatxada baten kontra.

Egun on. Goizean eta arratsaldeko azken orduan eguzkia duen lurrean zer erein edo landatu daiteke? Argitasuna ez du falta, baina arbolak itzala egiten dute. Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-14 13:05

Bero handia eta eguzki asko behar duten barazkiak ezik denetatik jarriko nuke. Bero eta eguzki asko behar dutenak hauek dira: tomate handiak, piper handiak, alberjinia, luzokerra, azenarioa, tipula, leka, babarruna eta kuiak.  Beraz jarri: hostoa jaten diegunak: uraza, eskarola, errukula, zerba, ziazerba, borraja, perrexila, martorria, mentak, garraiska, azak; baita azalorea eta brokolia. Neguan babak eta ilarrak. Errefautxoa, arbiak, patata, erremolatxa, marrubiak, mugurdia, ahabia eta andere-mahatsa.

Gabon Aurten tomateen hostoek kolore horixka hartu dute...eta ez dira haunditzen.... Iaz baiño lehenago atera ditut kanpora. Ez dakit ze pasatu al zaioten.... Ur gehiegi? Hotza?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-22 15:32

Ikusi gabe esan dezakedana da zeuk dituzun bi uste horiek izan daitezkeela arrazoia. Hotza bai, izan ere apirila oso hotza doa. Gauak batez ere hotzetik eta egunak ere gehiegi berotu gabe. Horri ur gehiegia eransten badiogu arazoa larritu egiten da… Ez ureztatu giro beroak etorri arte eta hotzetik babestu.

Baratzean belar txarrekin egiten den su motel horri "ERRELO" esaten omen die Goierriko Gabiri aldean eta. Zuek hitz hori ezagutzen zenuten? Inon ez dugu topatzen horri buruzko erreferentziarik eta jakin-minez gaude.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-11 15:50

Izen ugari du Gabiriko erreloak. Erralo dago jasoa, baina beste mordoxka ere bai: erretura, errelu, errola, errake, errekin, xitxuri-zitxuri, eta bertan izakitutako edo azalatitzurtutako belarrak pilatxoetan bildu eta erretzen dira; belar horieri zizkir, zamar, zopizar edo erretura-gai esaten zaie. Frantsesez “écobuage” eta gazteleraz “hormiguero” esaten zaio. Gaztelerazko hitz horrek nahastuta hiztegiren batean topatuko dezute xitxuri hitza inurritegiari esateko.

Kaixo Jakoba, Lagun batek Max fuerte izeneko tomate haziak eskeini dizkit. Bere esanetan, sulfatatzerik ere behar ez duen tomate mota da. Ezagutzen duzu? Hain gogorra al da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-10 12:37

Entzuna dut bere berri baina ez dut gurean landatuta ezagutzen. Kanpoan duen sona hori hemen bertan ziurtatu beharko litzateke. Ez da gauza bera beste tokiren batean bizitzea edo gure isuri atlantiarrean adina eruri egin eta dagoen hezetasun maila altua dagoen tokian bizitzea. Onena saioa egitea da. Baina badaezpada gorrinik ez sartzeko ohiko neurriak hartuta: tontor edo ildo-bizkar batean landatu, tarte handiak utzi 100 x 75, landatzeko zuloan asuna jarri, eguneko ordu beroenetan inausi, ez ureztatu eta txapela jarri.

Aurreko urteko asun ura daukat eta jakin nahi dot balio dauen aurten erabilteko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-08 12:35

Nik ur hori ureztaketarako erabiliko nuke: landaretxoak baratzean landatutakoan, jarri berria den zuhaitz edo arbola, loreontzietako landareak… Bere berezko erabileretarako hobe duzu aurten minda edo ur berria egin.

Arratsalde on Jakoba. Duela hiru urte marrubi batzuk landatu genituen. Hasiera batean kasu egiten genien baina denbora pasata abandonatu egin ditugu pixka bat: asko zabaldu dira eta belarra ere dexente dute tartean. Pentsatu dugu landareak ateratzea, lurra arrotu (nahiko lohitsua da) eta berriro birlandatu, txukun txukun. Belarren aurkako malla jartzea zer iruditzen? Ez plastiko beltz, itxi hori baizik eta ura pasatzen uzten duen beste hori, belarrak ekiditzeko. Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-08 12:49

3-4 urtetik behin nahitaez egin beharreko lana da hori. Marrubi landareak sastraka sortzen du eta berritu, gaztetu eta tartea eman behar zaio fruitua taiuz eman dezan. Horretarako sasoi onena udazkenaren amaiera da. Orain ere egin dezakezu baina uztaren hasiera galduko duzu. Nola egin: atera landare guztiak, gazteenak bereizi eta jaso, zaharrak botatzeko, toki berri bat hautatu, ongarri zaharra nahasi lur azalean, 35 x 35 cm tartearekin landatu. Azpiak egiteko sare tankerako hori jarri dezakezu, belarra kenduko diozu baina gero kontuz fruitua bere gainean zintzilikatzen denean eta eguzkiarekin bero-bero dagoenean erre eta usteltzen hasi daiteke; bestetik urteroko ongarriketa egiteko zailtasunak izango dituzu. Ona litzateke marrubidia izango den txokoa lur buztintsutik altxatzea, ertzetan nahi duzun materialarekin koska bat egin eta ongarri onduz bete, altxa eta errazago zainduko duzu. Belarra atzeratzeko marrubien artekoa bete lasto, belar ondu, orbel, soropileko belar moztu berriz edo antzeko materialen batez estali.

Har hauek agertu zaizkigu etxeko konpostean. Zer dira, eta onuragarriak al dira?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-10 12:56

Har potolo horiek materia organikoa jaten dute. Horregatik bere bizileku gogokoena luartokia da, etengabeko organikoaren emena dute hor. Gero lurrera joaten direnean, baratzera edo dena delakora, han nahikoa materia organikorik ez bada landareen, batez ere gaztetxoen sustrai samurrak jateari ekingo diote. Beraz luartokian bizi daitezke, baina kontuz gero. Onena luarra erabiltzerakoan bahe batetik pasa, har horiek bertan gera daitezen.

Kaixo! Piñudia izandako lur-sail baten zati batean baratze bat nahi nuke ipini. Saila guztiz garbitua daukat. Hurrengo pausoak ez dittut guztiz garbi. Zer egin beharko nuke lur hori baratze bezela egokitzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-10 13:06

Horrelako lurrak berez onak izan ohi dira. Urtetan zainek harrotu eta materia organiko asko jasotzen dutelako. Pinudia izanik lurra azidotuko zuen eta beraz ongarriketa garrantzitsuena, urte batzuetan, kaltzioa ematearena izango da kare forman: lurra harrotuko du, lehortu eta pH-a igoko du. Beste gauza handirik ez. Simaurra eskuera baduzu pixka bat eman, 2 kg/m2. Karea eta simaurra ilargi bateko, hilabeteko, tartearekin eman. Garrantzitsuena eguzkiari begira lan egitea da: hegoaldera begirako tokia hautatu eta taulenak iparra-hegoa marrari segika sortu, eta landaketak ere horrela egin. Eta, on egin!

Arratsalde on. Baratzean, nor norekin esaten denean, zenbateko tarteari buruz ari gera? Adibidez, kuiatxoa eta luzokerra ez dira oso lagunak. Baina bien arteko tartea metro bat - metro t'erdikoa bada? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-31 18:36

Landarea ikusten duguna baino bost aldiz handiagoa da lurpean. Eraman-ezin horiek sustraietan ematen dira, batik bat. Pentsatu landarea zabaltzen dena  hiru edo lau aldiz eman beharko diogula tartea. Kuiatxoa, adibidez metro eta ardi zabaltzen bada, ba 5-6 metrotara jarri ezin eraman duen hori.

Zeinek botatzen ditu lehenago hosto berriak, haritzak edo lizarrak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-28 20:15

Urtero ez da berdin izaten. Aurten, gure inguruan (Gipuzkoako Beterrin) inolako zalantzarik gabe haritza lehenago jantzi da. Pello Zabala maisuak “Naturaren mintzoa” liburuan esaten du Lizarra lehenago hostotzen bada uda ona izango dela, eta haritza lehenago hostotzen bada uda nahasia datorrela…

Egunon. Hurritza itxiturak egiteko erabiltzeko noiz jasotzea komeni ote da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-28 09:16

Hurritza ilgoran mozten da eta izerdi pixka bat duenean, hurritz adarra malgua izan dadin. Gehienetan azaroan mozten da, zenbaitek baina urrian edota abenduan ere mozten dute.

Eskerrik asko laguntzearren Narzizo pillo bat sartu neban oin bi urte landan eta hasten di baiña loraik eztabe emoten. Zerena izen ahal da? Ondo izen

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-25 11:27

Lilipa edo nartziso mota asko dago, baina gehienak orain loratzen dira, neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran. Loratu ondoren hostoak luzatu egiten ditu eta hilabete pare batez hosto horiek utzi egin behar dira bertan, janaria sortu eta lurpeko erreboila energiaz kargatu dezaten. Hori izango da hurrengo urtean lorea ematea ahalbideratuko duen elikagaia. Agian hosto horiek belarrarekin batera moztu egiten dituzu, eta loratzeko janaririk gabe geratzen da. Lilipa horiek dauden belaze zatia ekaina aldera arte utzi, ederki igarriko diozu hostoak noiz ihartzen hgasten diren, eta orduan moztu behar da sail hori. Hori egitene z duzun artean sekula ez duzu lorerik izango, hostoak bai, baina lorerik ez.

Jakoba, ikus dezakezun moduan sagar ale honek kanpotik barruraino gune marroiak dauzka eta horrelako asko biltzen ditugu azkeneko urteetan, zerk eragiten diela esango zenuke eta nola zaindu sagardia hori gerta ez dadin? Eskerrik asko! Eta urta askotarako!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-23 18:54

Bitter Pit” esaten zaio arazo horri; “Orbain Mikatza” alegia. Kaltzio falta nabarmena da bere iturria. Sagarrak ez du behar adina kaltzio hartzen eta denborarekin orbain horiek azaltzen dira. Gordetzeko edo jasotzeko sagarretan arazo larria da. Kaltzio falta arrazoi ugarik eragin dezake: kaltzio falta lurrean, gehiegizko ongarriketa nitrogenatua, arbola gazteak izatea edota inausketa gogorregiak, besteak beste. Hasi karea ematetik. Kontuz ongarriketa nitrogenatuarekin, simaurra batez ere, edo ongarri kimikoak. Ongarri kimikorik ez erabili inola ere. Eta inausketa tamainan erabili.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora