Asteroko buletina
Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Zapaldak edo taulenak edo bankalak nola bete
2024-09-18 12:47 | Axi

Kaixo Jakoba, Getariako eskolan baratza txukuntzen gabiltza eta bankalak egiteko asmoa dugu. Baliabide ekonomiko gutxi dugunez, gu saiatuko gara paleekin eraikitzen. Kontua da, ondoren zerrekin bete ez dakigula, lur zakuak erosten hasi ezkero garestiegia egingo baitzaigu. Bideoren batean ikusi dugu kartoi zatiak, adaxka lehorrak, belarra eta lurrez bete dituztela, baina ez daukagu argi. Agian, koko zuntza ere erabil dezakegu... Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-18 13:12

Koko zuntza ahaztu. Material oso arriskutsua da; urzale amorrataua izanik. Lehorte txikiena sentitzen duenean landareei sustraietatik barrena ura kentzeko gai da. Pentsatu edozein material organiko ona dela. Azpian adar lodiak jar daitezke, gero meheagoak eta azkenik ttikiak. Horien gainean orbela, kartoia osorik edo txikitua, paper birrindua, baratzeko hondakin berdeak, arto zuztarrak, antxoa buruak, ebaki berria den belarra, belar ondua, garoa, itsasokoa ez den hondarra, lurra, simaurra, luarra… Gainean lurra edo ondo ondutako luarra jarri. Gero lurra irauli gabe bertan lan egin. Eta urtero, etengabe luarra edo simaur ondua eman beharko diozu.

Gaur arte erantzundakoak (856 galdera-erantzun)

Aurten buganbilla honek ez du lorerik eman. Zer egin?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-06 16:26

Argazkian ikusten denez arnasik hartzeko adina hosto ere ez zaio utzi.

Inausketa kriminala egin zaio eta bizirik irauten nahikoa lan badu. Beraz pentsatu loreak emateko moduan... Loreak emateko lehenengo janaria sortu behar du eta hori hostoetan egiten du. Utzi bake-bakean ukitu gabe eta bi edo hirugarren urtean berriro ederki loratuko da. Adarrek enbarazo egiten badute bildu lokarri batekin horma aldera eta kito.

Kaixo Jakoba! Ba al dakizu esaten Zeraingo mandio tabernaren aurrean dagoen arbolatxo zer dan? Horrelako arbolatxo txiki bat behar dut aterki forma hartzen duena eta ahal izatea autoktonoa noski, asko gustatzen zait honako espezie hau eta ea laguntzerik badaukazun, eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-06 16:40

Gustu ederra duzu. Neronek ekarri eta landatutakoa da, 1994-95 neguan. Sagarrondo bat da. Barietate negartia da eta txertatua dagoen tokitik hasieran behera ematen ditu adarrak baina gero, indartzean pixka bat gora ere egiten du, 4-4,50 metro arte hazi daiteke. Loraldi zuria du udaberrian eta sagartxo gorriak hostoa eroritakoan ere bertan mantentzen dira, txorien gozagarri. Bere izena Malus x scheideckeri “Red Jade” da, baina normalean Malus “Red Jade” edo “Red Jade” sagarrondoa bezala ezagutzen da mintegietan. Ez da erraza topatzen beraz datorren negu honetan jarri nahi baduzu hasi galdezka...

Euskal jatorriko zenbat tomate barietate daude?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-10 17:53

Galdera hori zuzen erantzutea ezinezkoa da. Bertokoa edo bertoko jatorria duena zehaztea ezinezkoa da. Landare guztiekin gertatzen dena da prozesu luze bat, urteak eta urteak behar dituena. Denborarekin barietate desberdin bat sortzen eta egonkorzten da. Baina bide horretan barietate izan daitezkeen asko dago. Erantzuna “asko” izan beharko luke. Adibidez begira Nafarroan bertoko barietate tradizionalei buruzko ikerketa hau.

https://www.navarraagraria.com/categories/item/download/37_5f8c2d589ac763ad6d23e29c64f98206

Kaixo Jakoba,
Baserri alboko pagoaren hostoetan koxkor batzuk atera zaizkigu. Zuhaitza itxuraz ondo dago baino ez dakit zerbai egitea komenigarri izango ote den.
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-10 16:31

Pagoaren euliak eragiten duen koxkorra da, Mikiola fagi izena du. Jeneralean ez zaio kaso handiegirik egiten.

Noiz erein nezake illarra, aste honetan badaukat aukera??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-07 16:44

Iraila arriskutsua da ilarra ereiteko. Eguraldi bero samarra egiten badu gaitzak harrapa dezake. Hala ere saioa egin nahi baduzu egin eta zorte on! Hobe urrira itxarotea, hortik atzera nahi duzunean azkenekoak otsaila aldera egiten dira. Beti ilgora eta lore edo fruitu eguna aukeratu behar duzu.

Ilgorak honela izango dira: irailaren 15-28, urriaren 12 (eguerditik)-26, azaroaren 9-22 eta abenduaren 6-19. Fruitu egunak: irailaren 15, 16(goiza), 23(arratsaldea), 24 eta 25 (goiza); urriaren 12, 13, 21 eta 22; azaroaren 9 eta 17 (arratsaldea); abenduaren 6, 7(goiza), 14 eta 15.

Zer egin gaitz honekin? Landare guztia kutsatzen du.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-29 22:33
Lasai Arantza, ez da gaitza, iturri-belarrak ugaltzeko erabiltzen dituen esporak hazteko guneak dira. Oso ondo bizi denaren seinale!

Kaixo,
Duela hilabete batzuk zalantza batekin idatzi genizun, bertako 700 haritz landatzeko asmoa genuelako. Lan ona egin genuen eta egun 500 oraindik bizirik daude. Intxaurrondoaren inguruko artikulu bat irakurri dizugu eta bildurra sartu zaigu. Haritza landatuta dugun sailean hiru intxaurrondo ditugu, kaltegarria izan daiteke?
3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-20 10:41

Kaixo Ainhoa. 

Intxaurrondoak eta haritzak zer tarte dute? Zein tamainako intxaurrondoak dira?
Milesker
jakoba
Ainhoa-ren erantzuna
2021-08-20 18:34

Kaixo

Eskerrik asko erantzunagatik! 4 x 4 metroko tartea dago landareen artean.

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-21 22:34

Nik ez nuke ardura berezirik izango. Intxaurrondoarekin batera haziko dira haritzak eta ohituko dira. Intxaurrondo handiak balira haritz txikiei kalte egingo liekete, baina biak batera hazita arazorik ez dut ikusten

Atsaldeon Jakoba.

2 zugaitz intxaur edade berekoak. Bat, batean ikustezu ihartuta, enborrean lur azalan contra kostra zuria. Ze gaxotasun klase izanditeke ? Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-24 11:15

Orain ebaki ondoren garbi ikustend a aspaldiko arazoren bat edo batzuk izan direla hor. Adibidez gainean duten plaza antzeko horri eusten dion horma intxaurrondoak hor zirela egin al zen? Horrek kalte handia sor dezake. Inaustekarik izan al zuen? Ebakietatik ura erraz hartzen du intxaurrondoak eta bihotza usteltzea etorri daiteke. Horrekin batera urarekin gaitzak ere ziztu bizian sartzen zaizkio, beste zuhaitz askori baino errazago... Aldamenekoak ondo irauteko kontuz inguruan zama jartzearekin. Ohol kastillo hori da adibide garbia. Horrelakorik ez jarri intxaurrondoaren bueloaren parean; gainontzean sustraiak ito, usteldu eta gaitzak hortik ere sar daitezke.

Kaixo berriro

Ahaztuta neukal galdera bat, urritzaren egurrak sutarako balio du?

Esker mila berriro.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-23 14:23

Bai noski, balio du bai. Neguko ilbeheran bota.

Arratsaldeon Jakoba.

Lehenengo gauza barkamena Feizbuketit aurretik idatzi izana. Eta, gaiaraz joanta; Eremu bat erosi dut (4000m2), eta dana urritzaz beteta dago. Hiru/lau metrora bat dago. Garai batean oilotegi bat zegoen eta haiei babesa emateko zen. Orain basoa jarri nahi dut, bainan, beste zuhaitz motatakoak ere jarri nahi nituzke. 

Terrenoa Hondarribian dago, eta hegomendebalde aldera ematen du. 

Gustatuko litzaidake urritz asko moztea, eta era berean, beste zuhaitz batzuk jartzea (lizarrak, aritzak, intxaurrak, gaztainak.....). Galdera da, noiz da garai hoberena mozteko hauek (urritzak), noiz den garai hoberena geratzen diren urritzei kimaketa egitea, eta zein distantzia den egokiena zuhaitzetik zuhaitzera.

 Erantzuna iritxi baino lehenago, eta barkamena eskaeraren ondoren, eskerrak emateko garai iritxi da.

Esker mila Jakoba.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-23 14:21

Moztu nahi dituzun hurritzen egurra baliatzeko asmoa baduzu abendua, urtarrila eta otsaileko ilbeherak onenak. Kimatzeko sasoia izerdi berria abiatzen denean da: alde horretan otailean eta martxoan, ilbeheran. Zuhaitzetik zuhaitzerako tartea zein espezie direnaren arabera, baina 4 metro inguru utziko nuke nik eta batzuk koxkortu ahala moztu, egurretarako, eta gainontzekoei tarte handiagoa utzi.

Aupa Jakoba. Egunon Malerrekatik!! Aurten sagar urtea omen da, bistan da, eta sagardoa egiteko tenorea hurbiltzen. Sagardoa eta zukua egiñak gara, eta aurten ozpina egiten saiatuko gara. Bele zahar batek zuri galdetzeko esan dit. Nola egin daiteke sagar ozpina? Ezagutzen ahal dituzu motak eta horretarako egin beharreko desberdinak? Eskerrik asko ta segi bixkor!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-12 17:31

Aupa, Zubietatik Zubietara!

Ozpina egitea da errazena. Sagar muztioa edota sagardoa airea hartzen utzi eta laister ozpintzen dira. Horretarako laguntza handia da ozpina egiten den beste nonbaitetik ozpin horren ama eskuratzea, edo gutzienez ozpin pixka bat.

Onena urte askotarako ozpina egingo duen ontzi batean pentsatzea da. Errazena plastikozkoa, goian boka handia duena eta azpian behe-behetik goraxeago kanila bat. Nik sagardoarena egiten dut. Sagardoz ia goraino bete ontzia eta ama edota ozpina gehitu. Goiko boka irekita mantendu, oihal arin batezkin estalita; airea sartzea behar-beharrezkoa da, baina xakarrik ez. Hilebete batzuetara ozpina egina egongo da. Nik ontziaren erdia ateratzen dut, ozpin ozpina, eta ateratako erdi hori jasotako sagardo hondarrekin edo sagardo garbiarekin bete. Urtero egin hori, erdia atera eta bete. Horrela kalkulatu ontziaren tamaina zenbat ozpin behar dekenaren arabera. 50 litro behar, 100 litroko ontzia...

Gero gerokoak: niri ozpin desberdinak egitea gustatzen zait. Ateratako ozpin horri erdi eta erdi muztio gozoa edo sagardoa nahasi eta itxi, gehiago ez ozpintzeko. Horrela ozpin errebajatua eta askoz ere lurrintsuagoa izango da. Edota belarrak sartu: albahaka, ispilikua, erromeroa, ezkaia, piperrak...

Arratsalde on, Errekondo jauna.

Zutaz gogoratu naiz Mallorcako egunkari batean beharbada jakingarri izango zaizun honako hau irakurtzean:

"Abuztuan teila-zatiak jartzen dira meloien azpian lurraren hezetasunetik babeste aldera". Ez du besterik zehazten.

Joan Barceló izeneko batek idatzi du.

Ondo izan.

Jabi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-23 14:14

Kaixo Jabi.

Oraintxe bidali dizkidate abuztu osoko galderak eta tartean zure iruzkina.

Mila esker.

Hemen kuiekin ere antzera egiten da, lurra kendu azpian zerbait jarrita. 

Mila esker eta ondo izan

Jakoba

Larrak mozteko zein da sasoi ona? Nekezago hasteko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-07-29 09:26
Gustuko ez ditugun landare guzti horien mozketa (laharra, garoa, otea, asuna, menda...) beti ilgoran egin behar da eta ahalik eta izerdi gehiena duten sasoian. Onena ekaina eta uztaileko ilgorak dira, baina baita maiatzekoa ere. Oraintxe gara ilgoran, abuztuaren 5a arte.

Eguerdion, kontsulta bat nahi dotzuet ein.

Nire terrenun Eukaliptusak landatu ben, 

Lurre sikatute da, Eukaliptusak moztu dabe baiña segi etxen dau azten. Lehenik, nahiko neuke jakin zer en bihir doten eukaliptuse ez azteko, eta lurre oparuaua ixateko zer ein biko neuken.

Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-07-27 15:01

Basogintza dabilen Markel lagunari galdetu diot eta begira zer esan didan:

“Makina bat lan emuten dau eukaliptuek. Kentzeko modu "jasangarriena" urtero moztea (udarako ilgoran noski) edo plastiko beltz batez motzondoa ondo tapetzea. Bestela herbizidak botaten jakie normalean. Guk ez degu holakorik egiten, baine herbizida naturalen bat (gatza, ozpina...) erabiltzie be izen leike aukera on bat akaso.

Lurraren osasunari dagokionez, egon daie lasai, bertako basue sortzen dan heinien berreskuratuko da-eta. Birsortze haundixe badau, haxe zainduko nauke, ta nehikue ez bada, landaketa bat egin.”

Arratsaldeon Jakoba,

Bizkaitik idazten dizut, larunbatean irratian entzun nizun intxaurrondoen euli izurriteari aurka egiteko intsektizida nola egin.

Bacillus thuringiensis, Neem olioa eta Xaboi Potasikoa, baina ze kantitate bakoitzeko eta zenbat ur litrotan?

Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-07-20 12:33
Bacillusak eta Neem olioak berak ekarriko dizu etiketan zenbat nahasi. Xaboiari buruz kalkulatu 100 gr 10 litro ureko. Ahalik eta azkarren hasi tratatzen eta 8-10 eguneko tartearekin irailera arte eman.

Kaixo, Jakoba.
egur 1 pipiak jota dagoela esaten denean, zer da termitez josia dagoela, edo zulatua dagoela?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-28 09:13

Guk bietarako erabiltzen dugu, bai egurrra pipiak “pasata” eta zulatua dagoela esateko eta baita pipiak erasotu eta jaten ari dela. Pipiak ez termitak... Termitak beste sagardotegiko bukoia dira.

Entzunda daukat urterako porrua san juanak aldera landatu behar dela... Zeintzuk dira egunik hoberenak??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-21 18:36

Porruak iraun dezan onena ilbeheran landatzea da. Ilbehera osoa ona da baina sustrai eguna bada hobe. Uztailaren 9tik 22ra da ilbehera, eta sustrai egunak 15, 16, 17 eta 18 (hau eguerdira arte) izango dira.

Egunon,
Horrelaxe topatu ditut kalabazinak baratzean? Zerrena izan daitekeen?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-21 18:31

Itxuraz hosto mordoxka bat batera moztuta daude. Ebakiaren formagatik esan daiteke ez duela barraskilo edo bare edo antzekoren batek jan. Ebakia zerbait zorrotzarekin egina dagoela dirudi. Hostoak ere hor bertan dauden lurrean. Moztutako hostoak denak goikoak dira. Ez zuen bada desbrozadoraren batek edo antzekoren batek ebakiko?

Kaixo, tomateak kimatzea ona da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-17 11:22
Tomate gehienak kimatzea komeni da. Gerezi erako aldaerak edota udare-tomateak maiz ez dira kimatzen baina gainontzekoak bai. Kimatuta hostoen galtzarbean sortzen diren bigarren mailako kimuak kentzen dira eta hazteko adar bat soilik uzten da. Indar handiko barietatea baldin bada bi adar ere utzi daitezke. Kimaketa eguneko ordu beroenetan egitea da onena. Hostoen oinean sortzen diren kimutxo horiek ahalik eta txikienak direnean kendu behar dira, batez ere egiten dugun zauria ahalik eta txikiena izan dadin, landareak aitaren batean orbaindu eta itxi dezan, gaitzik ez sartzeko.

Kaixo Jakoba!

Lehengo urtean tomate txerrien haziak gorde nituen lehenengo aldiz. Martxoan erein nituen eta sukaldean eduki ditut tarro txikietan. Orain dela bi egun baratzera pasa ditut eta denbora gutxian mantxa txuriak atera zaizkie hostoei... ez dute batere itxura onik...

Ilusionatuta nengoen nere lehenengo ba! Pena...

Ea laguntzerik duzun, eskerrik asko aldez aurretik!

Maria

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-15 10:14

Argi eta garbi onddo batek eragindako gaitza da. Onddo guztiak hezetasunarekin eta tenperatura epelarekin harrotzen dira. Tenperatura ezin dugu aldatu baina hezetasuna bai. Kontuz ureztaketarekin: landarea ez busti sekula.

Egoera hobetzeko beste aukera bat proposatu nahi dizut. Landareak ahalik eta lur gehienarekin atera, landatuta dauden lekuan bertan lurra pilatu eta 40 cm. altuera duen tontorra egin, landatzeko zuloa egin tontorrean, zuloan osin zarbak sartu, gainean lur pixka bat eta haren gainean landatu. Osin ura egin eta harekin ureztatu, beti ere landarea ukitu gabe.

Kaixoo

Soro guztia osinaz beteta dugu eta zer egitea komeni da oi galtzeko?? Momentu onetan bertan patata ta artoa degu. 

Eskertuko nuke erantzun bat

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-11 10:46
Osina lur oparo eta emankorretan soilik ugaltzen da. Horrek esan nahi du zuen soroa ongarriz ondo hornituta dagoela. Agian gehiegi. Nolako ongarria ote zen? Batzuetan ongarrian bertan etortzen da osina.... Orain duzun aukera bakarra moztea da. Desbrozadorarekin edo ea nola moldatzen zaren. Papata errenkaden artean hor nonbait, baina arto artean ez duzu erraza izango. Ilgoran mozten baduzu hobe.

Kaixo Jakoba azken aldian berotegian ditudan tomateak ipurditik zimeltzen zaizkit, duela 2 aste entzun nuen irratian inurriekin arazoak zituen baten kasua . Nire tomateen argazkia bidaliko dizut ea zer izan daitekeen gorriña edo ...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-07 15:55

Nire ustez sustraietako usteldura da, Fusarium onddoa. Lurrean dago eta ez dago zer eginik. Usteldu direnak kendu, eta bertan erre. Hala ere garbi izan lurra dago kutsatuta eta hurrengo urteetan ere hor izango duzu. Kontuz hezetasunarekin, onddoari laguntzen baitio.

Errotazioa edo urtero landare bera ez errepikatzea, karea ematea, barietate erresistenteak, negutegiaren aireberritzea, lurra harrotzea eta abar dira gaitz honi aurrea hartzeko bideak.

Borrajan hostoetan ttantto txuri batzuk agertu zaizkit. Zer ote da?
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-02 19:17

Nire iritziz tripsak izango dira. Horiek hostoen azpitik erasotzen dute hostoa eta eztena ziztatuz izerdia zurrupatzen dute. Beraien aurkako borroka onena eta errazena hezetasuna handitzea da. Ez zaie gustatzen eta atzera egiten dute. Ikusten dudanez aldamenean tomateak daude eta horieri aldiz hezetasuna gustatzen ez. Ea nola banandu ditzakezun maiz maiz borraja hostajeak bustitzeko tomateak busti gabe. Baita intsektizida naturalak: xaboi potasikoa, neem olioa, bacyllus, piretrinak, koltza olioa...

Kaixo! Euria egin berri eta lurra bustia dagoenean landatzea ona al da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-14 19:20

Bai ona da, Arazo handiena lur horren gainean ibiltzea da. Baina landarearentzako ez da txarra. Ura topatuko du lurrean eta ondo itsatsiko da. Onena busti aurretik lanatzea litzateke, baina gero ere ez da txarra.

Egun on:

Begira, barka, kezka batengatik jotzen dut zugana. Gauza da Hernaniko Kronikan irakurri dudala bihar (maiatzak 11) goizaldean kimaketa lanak egingo dituztela. Harriturik nago, zer eta udaberrian egingo dituztelako. Kezka zuhaitzengatik (traumatikoa omen da kimaketa batez ere garai hauetan) baina baita ere txorien kabiengatik da.

Zer egin dezaket? Nora jo genezake jakinik udaletxera deitzeak ez duela ezertarako balio? Ez da aurreneko aldia.

Ez nuke agurtu nahi esan gabe "zorionak eta eskerrik asko" zure webgune eta liburuengatik!! Benetan altxor bat dira.

Eskerrik asko!!

Maddi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-10 23:52

Pentsatzen dut, harriduragatik, zuhaitzen inausketa izango dela...

Gero eta joera handiagoa dago zuhaitzak eta arbolak berdetan inausteko. Jeneralean inausketa hori, “berdetako inausketa” edo “udako inausketa” esaten zaiona, ekainean edo uztailean egiten da. Neguan egindakoa baino hobea da. Landarea hostotan eta izerditan dago, beraz bizirik, beraz inausketaren kalteei, batez ere zauriei erantzuteko hobeto, neguan baino askoz ere hobeto.

Zer inausketa, zer landareena eta nolako inausketa egingo den jakin beharko genuke. Agian ez da beharrezkoa ere, ez negukoa ezta udakoa ere...

Udalean ez badizute kasurik egiten lanak egiten dituen enpresarengana jo dezakegu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora