Asteroko buletina
Haltzari ez eska fruituak.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Barazki arteko tartea?
2024-10-29 20:50 | Jon Ormazabal Berasategi

Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-29 21:09

Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.

Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)

Arratsalde on, Aspaldiko partez ortua lantzen dudala eta urtero duda bera sortzen zaidala Ortu osoan zehar ateratzen den hirusta kentzea komeni da? Ortu batzuetan uzten dituztela ikusi dut, beste batzuetan, aldiz, guztiz garbi egoten dira Konprobatu dudan gauza bakarra zera da, hirusta kendu barik utzi dudanean lurrak hezetasuna hobeto gordetzen duela, honek eguzkitik babesten duelako. Aldiz, ez dakit honek landareei indarra edo elikagaiak kentzen dioten... Zer egin beharko nuke? Eta kentzekotan, ba al dago banan-banan kentzea ez den beste modurik? Agian beste landare batzuk erabiliz, likidoren bat sortu eta lurrean botaz? Eskerrik asko.

Barrabasa (Oxalis acetosella) hori da berez gehien daukaguna, naiz eta bestekoa ere zerbait badagoen, baina apenas. Aurreko urtean uda hain beroa izan zen ezen ez zen ezta hirusta hazi, baina aurten badirudi dexente aterako dela, edo behintzat dexente ateratzen dabil. Ortua Algortan daukagu, lursail eguzkitsua da eta lurra batez ere buztintsua dela esango nuke. Aurten froga bat egingo nuen karea botatzen idien ongarriaz gain, urtero botatzen dudana, baina azkenean "yeso agrónomo" deritzona bota diogu, batez ere tomateentzako. Ez dakit horrek gehiago ateratzen lagundu duen...

Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-12 22:12

Hasteko Barrabas-belarra ez da hirusta. Hirustak Trifolium generokoak dira eta barrabasa ondo diozun eran Oxalis acetosella da. Barrabasa ahaztu. Gutxi, ale bakan batzuk baldin badituzu merezi du lurpean duen tipulatxo eta guzti atera eta akabatzen saiatzea, gainontzean hasi baino lehenago galdutako guda da. Nik ez ikusiarena egiten dut eta bertan utzi. Aukera bakarra landareen azpian lurgaina estaliz zerbait jartzea da: lastoa, belarra, orbela, kartoia… Ez ateratzeko. Hezetasuna mantentzen duela egia da, eta uda beroetan mesedegarria da. Beraz zeuk aukeratu.

Egun on. Limoiondo bat daukagu etxean, eta bere hostoak marroxka jartzen hasi dira toki batzutan. Ez dakit zein izan daitekeen arazoa, eta irtenbide bat eman nahi nioke posible balitz. Lagunduko al zenidake?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-12 11:58

Nire ustez uraren estresa da. Uneren batean ur falta larria izan du (egun bat, bi egun…) eta hosto puntak erre egin dira eguzki gogorrarekin. Zaindu ureztaketa, eta loreontziari itzala emanez gero hobe. Bestetik somatzen den landarearen tamainarentzako loreontzi txikia ikusten da. Loreontzi askoz ere handiagoa jarri, honela sustraiak ez dira berotuko, ur gehiago izango du lurrean eta hobeto babestuko da bero zakarreko egunetan.

Egunon Jakoba! Ander nai Eibarkua. Juen zan astian patata barrixa lurretik etara neban, eskuz lurra kendu, otarrian sartu ta ganbarara iyoz. Ta oiñ konturatzen hasitxa nao mordo bat baltzunaz usteltzen darela. Zer dala ta gertatzen jakue hori? Eskarrikasko Jakoba!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-11 16:01

Oin beltza esaten zaio gaitz horri. Bakterio batek sortzen du, Pectobacterium generokoren batek. Hazitarako erabilitako patatak ekartzen du edo soroan bertan egon daiteke aurreko urtetik. Aterata dituzula usteldura arrastoa ikusi ahala kendu eta erre, edo bazter batean pilatu, plastikoz estali eta erabat deskonposatzen utzi. Ez erabili nolanahiko tuberkulurik hazitarako. Aurtengo horietatik bat bera ere ez eta zertifikatutakoak soilik erabili. 3 urte gutxienez utzi aurten egindako sorora patatarekin itzultzeko. Kontuz patata lantzean, jorratzerakoa, biltzerakoan eta abar aleak ez zauritzeko. Kontuz hezetasunarekin; lur hezea, biltegi hezea, ondo garbitu edo ondo lehortu gabeko patatarik ez jaso. Jasotzeko tokian aireztapena nahitaezkoa da. Oin beltza esaten zaio gaitzari patata landarearen oina kaltetzen duelako; soroan bertan kendu eta erre, osasuntsuak ez kaltetzeko. Kaltetutako landareak eta patatak bazter batean pilatu eta estali ondo deskonposatu arte.

Haritz bat daukat, eta ez ditu hosto berdeak, ia horiak, argazkia erantsita. Zer egin dezaket?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 10:48

Argazkiak ikusita, nik uste dut lurraren gorabeheraren bat izan behar duela. Enborraren kontra ongarri pila dago eta buelta guztian ikusten da ongarriaren arrastoa. Horrek lurraren janarien artean desorekaren bat ekar dezake eta janari batzuek gehiegi eta beste batzuek blokeatu eta haritzak horiek hartu ezinik egotea. Hasteko ongarria kendu hortik eta kare dosi eder bat banatu haritzaren lur sailtxo horretan, 250 gr metro kuadroko. Hurrengo neguan errepikatu eta hiru-lau urtez horrela segi, ongarririk eman gabe. Ea buelta ematen dion…

Bestetik kontuz desbrozadorarekin. Ipurdi aldeko azalean zauriak ikusten dira eta…

 

Garoa galtzeko noiz moztu behar da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-11 16:17

Maiatza, Ekaina eta uztaileko ilgorak dira egokienak. Beste guztiak ere bai baina horiek onenak.

Kaixo! Maiatzaren 28an mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Bezperan lurra ongi buelta emanda eta koneju ximaurrarekin nahastuta baratzetxo txiki bat jarri genuen, letxugak, tomateak, piparrak, kalabazina... eta ertz banatan limoiondo bat eta mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Mandarina zuhaitza paretatik gertuago eta babesagoan. Gaur gaurkoz, beste guztiak ondo badoaz ere mandarina arbola ez dugu ongi ikusten. hostoak zuriska kolorearekin eta jada zituen fruituak erreta. egunero bota diogu ur pixkat.. Zer izan ote daiteke? nola berindartu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-11 16:21

Mandarinondoa pattal dagoela ikusten da bai. Bi arrazoi etortzen zaizkit. Batetik tokia oso lehorra izatea, etxearen horma azpiak oso lehorrak izaten dira eta aldamenean duen espaloia ere oso bertan. Horrek denak lehortu egiten du azpiko lurra, eta gogoan izan garrazkiak oso urzaleak dira. Limoiondoa kanporago eta agian euriak gehixeago harrapatzen duela askoz ere hobeto dago. Hostoetako zuritasun hori gaitza edo izurrite baten hondarra izan daiteke. Hasteko maiz-maiz ureztatu eta sakon ureztatu ez axalean. Bestetik hostajea garbitzeko xaboi potasikoarekin tratamendua egin, 3-4 alditan 8-10 eguneko tartearekin. Esango didazu zer gertatzen den udan.

Kaixo, urte batzuk badira pikondo pare bat moztu genituela ipurditik. Hala ere, urtero aldakaitz berriak ematen dituzte. Hauek kendu arren ez dugu lortzen zuhaitz hauekin akabatzea. Zer egin dezakegu hau lortzeko?? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-05 16:51

Aldakaitz berriak ematen baditu, horrek esan nahi du batetik edo bestetik sustrai horiek janaria hartzen dutela, ez lurreko izerdi gordina, hostoetatik bueltan datorren izerdi landua baizik. Hau da, aldakaitz edo altsumak edo dena delako kimuak bizi dira eta berriak emateko sustraiak elikatzen dituzte. Nire ustez aukera bakarra da aldakaitzak sortu ordurako, arra beteko altura hartu baino lehenago, hostotxo  pare bat dituztenean edo moztu, maiz-maiz moztu eta bukatuko da. Ez bukatzearena hortik dator, buelta emateko arnasa hartzeko tartea uzten diezutela. Puja txikiak ikusi ordurako moztu, ilgoran ahal bada, eta urte guztian, noiznahi.

Egun on, Jakoba: Maiatzaren lehenengo hamabostaldian landatu genituen piperrak. Ondorengo egunetan hotzak harrapatu zituen, eta harrezkero, kolore horixka dute. Badago ezer egiterik berdetu daitezen? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-05 16:41

Zalantzarik gabe eguraldia izango da arrazoi nagusia. Hala ere lasai hartu. Beroak badatoz eta piper berdeegia, luzeegia ez da komeni bestela asko luzatu eta lorea eta fruta geroago hasi. Hobe da indar gutxixeagorekin haztea, zabalagoa behetik. Nik uste dut orain buelta emango diola… argazkirik baduzu bidali eta jarraipena egin dezakegu.

Iepa Jagoba, bakizu nun erosi neikian Bacillus thurigensisa? Profesionaleri bakarrik saltzen dotzela esan dozte kooperatiban gaur... Internet bidez erosi bihako baneban, jakingo ziñun esaten zein dan erosi bihotena? Beste metodorenbat ezautzeozu aurre eitxeko tipula ta porru, eta azan tximeleta-arrari aurre eitxeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-01 11:15

Egia da Produktu fitosanitarioak erabiltzeko karneta dutenei soilik saltzen zaien horietakoa da Bacillus thuringiensisa. Onena karnet hori ateratzea zenuke. Asko ikasten da bertan…

Bestela internetetik erosteko aldaera edo barietate batzuk topatuko dituzu: israelensis, kurstaki, aizawai, tenebrionis, japonensis, san diego… Denek antzeko lana egiten dute eta garrantzitsuena da luzatuko den tratamendua bada (ezpelaren harra adibidez) onena aldaera desberdinak erabiltzea da, izurritea ohitu eta egokitu ez dadin.

Tipula eta porruaren harrari aurre egiteko oraingoz ezagutzen den era eraginkor bakarra sarea da. Begi oso txikia duen sarea 0’8 mm baino txikiagoa, hostoak ukitzen ez dueneko altueran eta buelta guztian lurreraino ondo itxita.

Azarenari sutautsa gainean botata ez omen zaio gustatzen, ezta garoa inguruan, gaiena eta azpian jarrita ere. Mota-belarra, tomatearen altsumak, intsusa hostoak, tabakoa eta xaboi potasikoa nahastuta busti maiz. Xaboia besteetako bakar batekin nahi baduzu. Gari irina eta Sodio bikarbonatoa, biak nahasi eta landareak hautseztatu.

Egun on. Etxean luharra egiteko 2 konpostagailu dauzkagu, bata iazkoa eta bestean orain ari gara. Kontua da ikaragarrizko eltxo txiki pila daukagula. Ontzia ireki eta zientoka eltxo txiki ateratzen dira bertatik. Hori normala da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-29 13:24

Eltxoei gustatzen zaie hezetasuna, nitrogenoa duen materiala (berdea) eta ingurune azidoa. Saiatu hondakinak sortu ahala luartokira botatzen. Hondakin gozoak badira, banana edo fruta azalak adibidez, pilan barrura sartu ez utzi azalean. Eta kartoi zatitxoekin nahasi, horrela nitrogeno maila jaitsiko da eta hezetasuna kontrolatu. Errautsa pixka bat nahasteak azidotasuna apalduko du. Pilaren gainean oihal lodi bat (alfonbra puska…) bustita jarri, sarbidea zailtzeko.

Egun on Jagoba, 2022ko udazkenean landatu genuen 2 urtetako melokotoneroa. Aurtengo udaberrian, lehenengoa izanik, ez genuen lorardirik ezta fruiturik espero, baina loran jarri zen. Ondoren ez zuen fruiturik izan eta ostroak kolorez eta formaz aldatzen hasi ziren, argazkian ikusten den bezala geratu arte. Interneten begira egon naiz eta monilia edo abolladura deritzona izan leikela suposatzen dot, baina ez naiz ausartzen erabakia hartzera eta okerreko tratamendua ematera. Eskertuko nizuke gomendatzea noiz eta zer egin dezakedan esango bazenit. Aurrez, mila esker. Edurne Orbea.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-01 11:31

Gaitza dauka: muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doanean begiak puzten hasten direnean tratamendu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Loreak bukatzen direnean tratamendua errepikatu, lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.

Kaixo Jakoba, albizia bat landatu genuen neguan, eta orain arte ondo hazten joan da. Aste honetan ordea orriak horitzen ari zaizkio, ikutuez gero erortzen direnak. Zergatik ote da? Euri nahiko egin du egunokaz, beraz ur faltarik ez du. Lurra apur bat harritsua da, Zer egin ahal diogu? Gero eta orri hori gehiago ditu eta arduratuta gaude. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-01 11:23

Argazkian oso ondo ikusten dut zuhaitza. Horitzen zri diren orriak besteen azpian daude, nik uste dut adaburuaren azpiko edota barruko aldekoak direla. Naturala da. Okerragoa ikusten dut zuhaitzari eusteko jarritako zurkaitzari lotzeko sistema. Estu estu dago eta izerdiaren gorabeherakoa zailtzen du. Ahalik eta azkarren askatu eta lasai eutsiko dion erara jarri. Kontuz horrekin

Zein da babatxikiak lehortzeko modurik egokiena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-28 09:43

Babarruna bezala lehortzen da. Leka ondo ihartuta dagoenean bildu eta erabat lehortzeko eguzkitan jarri egun pare batez. Gauez bildu eta jaso ihintzak busti ez ditzan. Gero lekan bertan jaso dezakezu eta nahi ahala aletu edo denak batera aletu eta aletan jaso. Gurgurioa izan dezakeenaren susmoa baduzu (aurreko urtetan izan delako, adibidez) aleak ontzi hermetiko batean sartu eta izozkailuan eduki 2-3 egunez. Gero atera eta ontzia beti itxita mantendu.

Noiz landatu behar dut babarrona?? Ilargiak ze ikusi badu?? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-27 11:47

Pentsatzen dut babarron hazia noiz erein jakin nahiko duzula, ez landatu… Ilgoran erein behar da eta ahal izanez gero fruitu egunean, bestela lore egunean. Orain ilbeheran gaude ekainaren 6 arte. Nahi izatera saio polit bat egin dezakezu: orain ilbeheran fruitu egunean erein batzuk (gaur edo bihar) edo lore egunean (ekainaren 2)eta beste batzuk ilgorako fruitu egunetan (ekainaren 6 goizean edo 14 arratsaldean) edo lore egunetan (ekainaren 9 eta 10). Segurura jotzeko ekainaren 6 goiza eta 14 arratsaldea.

Kaixo Jakoba: Etxean, basotik jasotako lizar landare bat dugu ontzi batean. Pixkat handitzea nahi genuen lurrean aldatu aurretik. Eta momentua iritxi dela uste dugu. Baina noiz izango litzateke urrengo data egokiena aldaketa egiteko? Mila esker! Lorea

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-26 19:51

Lizarrak hostoa galtzen du neguan, eta huraxe da landatzeko sasoi egokiena, abenduaren hasiera eta otsailaren amaiera artekoa. Loreontzian bizi bada aldatzerakoan ez du sustrairik galduko eta orain ere egin dezakezu, baina lehen urtean loreontzian bezalaxe zaintzeko aukera baldin badaukazu, matez ere ugari ureztatzea. Landatu behar duzun tokian ezin baduzu hori egin, hobe hurrengo neguari itxarotea.

Kaixo Jakoba, Pentsatzen dut nahiko berandu gabiltzala baratzea lurra landu gabe jartzeko, baina hauxe da suertatu zaigun aukera. Urteetan landu ez den larretxo batean baratza jartzeko ideia daukagu, zeinak bere kasa atera zaion belarra duen. Nola jakin nutriente nahikoa duen landareal jarri ahal izateko?. Gure asmoa belarra moztu, lurra eskuzko erramintekin pixka bat harrotu eta bertan landatzea da. Lur horri zerbait bota beharko genioke? Landatu aurretik edo landatu ondoren?. Eskerrik asko aldez aurretik!!!! :) Egun ona izan :)

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-24 16:38

Idea berri bat emango dizuet: belarra motz-motz moztu eta gainean kartoia zabaldu, zirrikiturik utzi gabeertzetan lurrari atxikitzeko alanbreak edo antzeko zerbait erabili. Kartoia busti-busti egin eta biguindu eta lurraren contra geratuko da. Kartoiaren gainean ondo ondutako luarra edota simaurra jarri, 8-10 zentimetro lodi. Horren gainean lan egin: erein, landatu… Kartoia piskanaka usteltzen joango da, baina belarrari hazten ez dio utziko, eta gaineko materia organikoan ederki etorriko dira barazkiak. Uda lehorra bada ureztaketa zaindu beharko da, lehen urtean.

Zergatik geriza erdibitu egiten da gorritze sasoian

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-24 17:06

Heldutasunera iristen ari den garaian alearen azala gero eta finagoa da. Tarte horretan ur estresa sortzen bada, hau da ur gutxi izan eta bapatean ur asko, alea azkarregi hazten da eta azala zartatu. Uraren emana kontrolatu behar da eta ur asko izaten den sasoietarako lurra erraz drainatu eta lehortzeko aukerak landu behar dira.

Akazia galtzeko noiz moztu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-18 21:57

Galtzea nahi bada izerditan dagoenean moztea da onena, kalte gehiena orduan egingo zaio. Era berean, kaltea areagotzeko, ilgoran eta lore edo fruitu egunean moztu. Ekainean egingo nuke nik. Ilgora 6tik 18ra izango da eta lore edo fruitu egunak 6, 9, 10, 14 eta 15.
 

Kaixo, Aurten plastikoa jarri dut baratzean (eta goteoko instalazioa) lehenengo aldiz. Barraskilo pilo bat izaten dugu, zoritxarrez. Behin albahaka landare bi jarri nituen eta osorik jan zizkidaten. Duela aste pare bat piperrak landatu nituen eta atzo bertara gerturatu nintzenean zulo batzuetan landarerik ez zegoela konturatu nintzen. Euri pilo bat egin duenez, suposatu dut barraskiloek jan dituztela. Orain plastikoa dudanez, ezin diet plastikozko botilarik jarri mini inbernadero/babesleku moduan. Bola urdinak eta arrautza azalak ere bota izan ditut, baina ez dira nahikoa, baratza handi samarra baita. Zer egin dezaket?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-19 18:28

Babeslekua jarri duzu bai, barraskiloena. Eta horiek gutxi balira, baita bareena ere. Hor egongo dira gustura asko plastikoaren itzalean eta lurraren hezetasunean. Biek jango zituzten zure piperrak. Ilundutakoan inguratu eta miatzea besterik ez duzu izango gertatzen ari denaz jabetzeko. Ikusitako bareak eta barraskiloak bildu eta hil edo beste bizilekuren batera eraman… Oso zaila izango duzu babestea, baina saiatu landaretxoak kabitzen diren botila estuak topatzen, gero plastikoaren zuloetan sartzeko. Plastikoaren zuloa irakitzeko ebaki bat egin eta gero handitutakoan kendu eta ebakia bildu.

Egunon, garoa edo iratzea galtzeko ekaineko zein egunetan moztea den egokiena jakin nahiko nuke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-18 17:14

Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte izango da. Lore eta fruitu egunak hauek: 6, 9, 10, 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.

kaixo bi gereziondoak moztu behar genituen etxeko paretaren obra egiterakoan ez dakit horregatik den ala ez, baina gaixo daude, ez dute fruiturik eman aspaldi, batek gainera adar handi bat hilda du. hemen bidaltzen dizkizut argazkiak. Eskertuko nizuke esango bazenidan zer egin sendatzeko mila esker Esther

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-24 17:08

Zerorrek esan duzu, obra egiterakoan moztutako adar handi horiek utzi dituzten zauriak ezin itxi eta bertatik sartu da barru-barruraino gaitza. Hezurdun fruitua ematen duten arbolak oso sentiberak dira, zauriak kontuz egin behar zaizkie, gainontzean hemengo hezetasunarekin zauritik onddoak sartzen dira. Nire iritziz arbola horiek etorkizun pattala dute. Adar handia iharra duen horrek behintzat… Adar iharrak kendu eta zer buelta ematen dioten ikusi. Gaitzari aurre egiteko gorrinaren aurkako tratamendua erabili: asun ura, salda bordelesa eta xaboi potasikoa. Euri giroa datorren bakoitzean aurrez tratatu.

Hiru urte daramat gardenia landara batekin, tiestuz aldatuz ta lur azidoa jarriz, ura be nahikotzu, beti eze. Horri gutxikin dabil, handitzerakoan, bejegitu ta galdu iten dauz, kimu berriak oparo, baina horriak handitzerakoan galdu. Kalean dago arratzaldeko eguzkitan bakarrik. Ze falta dau? Esk asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-15 12:37

Gardenia da nik ezagutzen dudan landare mokofinenetakoa. Euskal Herri hezean ez dut eder eta mardul urtetan bizi den bakar baten berririk. Lur azidoarena ongi, baina ongarriketa nahitaezkoa du. Urarena ere bai, beti euri ur epela, ez kanilako kaltziodun ura; baina garrantzitsuagoa da egun beroetan hezetasuna hostoetan izatea lurrean baino. Zaila da hori lortzea kanpoan bizi delarik, baina egun beroetan eguzkiak jotzen ez duen orduetan hostajea oparo ihinztatu. Arratsaldeko eguzkia da txarrena. Eguneko gogorrena da, egunaren bero guztiaren errematea. Hobe litzateke “ahulagoak” diren eguzki orduak izatea. Beirate baten atzean ageri da argazkian, kontuz horrekin, eguzkiak erraz erre ditzake hostoak. Arratsaldeko eguzkira begira badago, mendebaldera dagoela dio. Hortik beste arazo bat ere baletorke: haizearena. Haize nagusia mendebalekoa da, eta haize-pasan bizitzea ez du atsegin. Neguan 15ºCtik gora egon behar da.

Kaixo Jakoba, limoiondo bati kelatoa bota diot burdin falta konpontzeko. Zenbat egunetan egin beharko zen tratamendua? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-15 12:55

Kelatoa dosi oso txikietan erabili behar da, gainontzean emandakoaren zati handi bat alferrik galtzeko arriskua dago. Urtean zehar 3-5 emanalditan banatzen da. Limoiondoak ia urte osoko ziklo mugitua duela kontutan izanda egin banaketa. Bestetik, lur karetsua ez zaio komeni eta loreontzian bizi bada kanilako ura beharrean euri ura erabili ureztatzeko.

Orain ere galdezka gatoz. Zer da hau Jakoba? Eta Zer egin? Prunus persica da. Ez dakit argazkia atxikitzea lortu deten

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-13 18:35

Lepra da argazkiko muxikaren hostoetan ikusten dena. Taphrina deformans esaten zaion onddo batek eragiten du. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.

Kaixo Jakoba, Sagarrondo bateko enborraren beheko partearen azalean halako zuloak edo arrailak atera zaizkio. Badirudi janda dagoela. Ez dakit zer den eta pentsatu dut zuhaitza moztea datorren urtean beste bat landatzeko, nahiz eta loratan egon. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-09 22:11

Zulo edo arrail, nik esango nuke zauriak direla. Zauriak azala jan dion animaliaren batek edo inguruan lanean aritu den makinaren batek eginak izango dira. Hala ere zauriaren ertzetan orbaina indarrean egiten ari dela ikusten da. Nik uste dut urte pare batean ia erabat itxiko duela. Janaria eman eta gaitzak eta izurriteak zaindu eta etorriko da. Zauriak berriz ez gertatzea komeni…

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora