Asteroko buletina
Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Barazki arteko tartea?
2024-10-29 20:50 | Jon Ormazabal Berasategi

Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-29 21:09

Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.

Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)

Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-19 14:31

Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz.

Gure eskolako ezpel seto bat harrak di-da batean akabatu zuelako beste landare bat sartu zuten (Euonymus japonicus Thunb?). Orain ere harren bat lanean dabilela iruditzen zait. Landareak bere kabuz aurrera egiteko aukerarik izango al du ala derrigorrez tratatu beharko litzateke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-17 20:22

Ezpelak badu bai har bat, arerio gogorra. Har horrek, ordea, ebonimusa ez du erasotuko. Argazkian ikusten den hori har batek egina izan daiteke, baina baita bareak edota barraskiloak, edo denek batera… Horrek ez du inola ere, ezpelaren harraren erasoaren tamaina hartuko. Egin dezakezun onena da lagundu: lehen urte pare batean ureztatu udan eta urtero ongarria eman.

Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:06

Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin.

Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-12 10:55

Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra.

Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 19:59

Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira.

Patataren inguruan lihoa jarrita nahikoa izango al da kakalardo marraduna uxatzeko?.
Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:59

Nire ustez ez. Onena alberjinia jartzea da, patataren familiakoa da eta hura nahiago izaten du. Alberjinian bilduta daudenean atera eta erre.

Aurten irasagarra ederki zetorren, fruitu dexenterekin eta azken asteko euriak eta gero hostoei gaitza sartu zaie, orban marroi ilunak... gorriña al da? Nola lagundu diezaioket?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:55

Gorrinak dira. Irasagarrondoak sentsibilitate handia du gaitz horiek dakartzaten onddoekiko eta udaberri hezeetan nonahi eta noiznahi agertzen dira. Gaitzekiko erresintentzia garatua duten barietateak erabiltzea eta kobrea oinarri duten produktuak erabiltzea gomendatzen da.

Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:53

Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere.

Kaixo Jakoba. Lagun baten tomateak horrela daude, eta ez dakigu zerk eragin duen. Ondorioz, ezta nola jarri erremedioa, baldin badago.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-09 19:25

Nire ustez txori edo hegaztiren batek jaten ditu; mokokadaren arrastoa ageri dela dirudi. Oiloak, zozoak, mikak, beleak… Beraiek ez inguratzeko zerbait jartzea komeni, onena eta errazena sarea.

Kaixo. Lursaik malkartsu bat dugu Bidanian garbitu berri duguna (400m2] eta sasiak berriro har ez dezan zuhaitz edo zuhaixkak landatu nahi genituzke. Malkarra izateaz gain 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:25

Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.

Kaixo. Lur zati malkartsu bat dugu bidanian eta sasiak har ez dezan garbitu eta zerbait lanfatu nahi genuke. Malkarra eta arkaitztsua da, 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-23 12:19

Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.

Negutegian tomate landarak dauzkagu. Horko tomate haziak balio du datorren urtean landatzeko? Edo kanpoko ortuko tomateen hazia bakarrik balio du?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 17:59

Negutegikoak kanpokoak bezalaxe balio du, berdin berdin. Tomate alea sortu bada loretik ernaldu dela esan nahi du eta haziak sortu. Hazi horiek ondo heltzea komeni da. Hazitarako jaso nahi dituzun aleak ondo heltzen utzi eta gero kanpokoen bide berdinetik haziak jaso.

Zer iruditzen zaizu piparrak eta tomatiak landatzia, zulotxoan berakatz zati txikiekin? Lagun baten trikimailua da baiña ez naiz fidatzen. Ez al dio kalte egongo berakatz txikituak piper eta tomate sustraieri?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-05 16:27

Inoiz ez dut entzun horrelakorik. Ea zer emaitza izaten duen. Asuna bai, asuna zuloan jartzen da gero usteldu ahala landareari gorrinari aurre egiten laguntzen diolako. Baratxuri ura gaitzari aurre egiteko landarea bustitzeko erabiltzen da. Buru bat txikitu eta litro bete uretan infusioa eginda; edo txikitu eta uretan 10 egunez eduki ondoren. Nire ustez sustraiei ez die kalterik egingo; agian jaleren bat uxatzeko mesedea bai. Gustura jakingo nuke zure lagun horren saioaren emaitzaren berri.

Kaixo Jagoba. Negutegian dauzkagun tomate batzuk azpitik belzten hasi zaizkigu. Hosto batzuk ere horitzen hasi dira. Gorrina edo zein gaitz dela iruditzen zaizu? Nola trata dezakegu? Orain arte osin urarekin ureztatu besterik ez ditugu egin. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-05 16:36

Ipurdi beltza esaten zaio gaitz horri. Gaitza baino gabezia bat adierazten du. Kaltzioa falta zaio landareari. Bi arrazoi izan daitezke: lurrean kaltzioa falta da eta beraz ongarriketan kontutan izan behar da emateko(karea, dolomita, errautsa…). Beste arrazoia uraren gorabeherak izan daitezke; lurrean kaltzioa badago baina tarte batzuetan ur eskasiagatik landareak ezin du behar adina hartu. Nire ustez ur falda tude; oasin ura oso ona da, baina negutegian ur asko behar du… Ureztatu gutxitan, baina oso sakon, ur asko emanez.

Gabon Jakin nahi nuke saltsa bordelesa eta kuprea fruitua dagoenean bota al leiken. Milesker aldez aurretik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 15:49

Bai bota daiteke. Gauza bakar bat izan behar duzu kontutan, salda bordelesa edo kobredun beste produkturen baten ontziaren etiketak garbi adieraziko dizu zein den segurtasun epea, hau da tratamendua egin eta bustitako landarearen edozein atal jan aretan errespetatu behar dena. 10 eguneko epea jartzen badu ezin duzu jan hamar egun igaro arte.

Kaixo Jakoba! Aurreko asteko eguraldiak eta bota zituen kazkabarrak gure tomate landareak jipoitu ditu (negutegirik ez dugu). Ondorioz, ditugun landare guztiei mildiu delako onddoak eraso die zurtoinean, hostoetan eta ale batzuetan. Hainbeste landare eta gehienak etxean hazitik ateratzen ditugunak dira, mimo guztiekin. Orain ordea, zer egin dezakegu? Nola gelditu onddoa? Nola lagundu landareei? Mantxa marroiak dituzten hosto eta landareak kentzea komeni da? Sekulako pena... Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 16:05

Toki askotan dagoenerako atzera bueltarik egoeran daude tomate sailak. Goiz antzera jarri eta udaberri amaiera petral honek harrapatu. Nik uste dut egokiena litzatekeela tratamendu gogor bati ekitea: salda bordelesa, asun ura, sufre ttantta bat eta itsasoko ura. Adibidez 15 litroko motxilakada prestatzeko 3-5 litro asun ura, litro bat itsasoko ura, sufre goilarakada txiki bat eta salda berak jartzen duen proportzioan. Salda bordelesa erabili beharrean kobrea beste forma batzuetan ere erabili daiteke, glukonatoa, adibidez; Glucosei eta beste izen batzuekin topatuko duzu. Hala ere landare batzuk oso jota eta gaitzak erabat harrapatuta baditu kentzea litzateke onena, besteak salbatze aldera… Hurrengorako gogoan izan tomateari txapela gustatzen zaio, makil puntatik makil puntara zabaldutako plastiko gardena, goia bakarrik estaltzen duena. Horrelako eguraldi kaskarretatik babesten du (txingor, euri jasa, udako ihintza handiak…) eta batere maite ez duen hezetasun handiena kentzen dio.

Zergaitik dekoz hainbeste lore siku? Ur larregi?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 16:32

Nire iritziz ur falta da hori. Tarteren batean izango zen egun bero bat eta ur falta edo ur gutxi. Hori ez gertatzeko loreontzi askoz ere handiago bat jarri edo ureztaketa zorrotz zaindu, egunero eman, alegia.

Azken eurite hauen ondoren tomate aleak lehertuta bezala dauzkat. Zergatik? Ur gehiegi agian? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 16:38

Ur gorabeherak eragiten du azala lehertzea. Ur gutxi, ur asko, aldaketa horrek fruitua handitzea dakar eta azalak nahikoa ematen ez badu lehertu egiten da. Lurpean patatari ere antzeko zerbait gertatzen zaio.

Egun on Jakoba, Ikastolako jolastokian arbola bat erori zaigu bart. Duela pare bat urte konponketa batzuk egin genituen eta sustraiak ukitu zizkioten nonbait, ziplo erori baita. Beste bat landatu behar dugu. Zein gomendatzen diguzu? Ikastola, Ondarroan dago eta Artibai erreka daukagu aldamenean. Nik neuk buruan ezkia daukat (egunen baten ezki loreak dituenean irakasleen artean banatzeko. Kar, kar, kar...) Esango diguzu... Eskerrik asko, Esti.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-07 20:13

Galdera oso zaila da. Baldintza guztiak ezagutu behar dira. Zer lur eremu du? Zer espazio izango hazteko? Zer nahi duzue: itzala, hosto iraunkorra, hosto erorkorra, koloreak aldatzen dituena, fruitua ematen duena? Zein garaierakoa behar du? Ezkia nahi duzula? Ba jarri horixe, baina ezkiak izugarrizko bueloa egiten du eta inausteko eskasa da, zur biguina duelako, moztuko baduzue ezta pentsatu ere, haurrentzako arriskua kentzeko. …

Kaixo jakoba, zalantza bat daukat, zure ilargiaren egutegia daukat eta zuk zeuk ere larunbatean landaberrin esan zenuen ekainak 19an sartzen garela ilberan....baina orain justu ilargia betetzen hasiko da, nik uste nuen ilgora eta ilbera zirela ilargia betetzen eta iluntzen den garaia baina badirudi ez dela horrela, azaltzerik bai hori mesedez? Azken 3ilargi gorakadan moztu dut asuna, ilargia betetzen ari zenean, ilgoran egin beharreko lanak bait dira baina itxuraz agian alderantziz nenbilen Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 10:00

Ilbehera eta Ilgora zikloa ilargiaren orbitak eratzen du. Egunetik egunera orbita hori gorago edo beherago gertatzen denaren arabera. Beste ziklo bat da ilargi betea eta ilargi berriaren artekoa; betetik berrira tartean txikitzen ikusten duguna eta ilargi berritik betera handitzen ikusten duguna. Handitzeari ilberri esaten zaio eta txikitzeari ilzahar. Ziklo horiek Ilargiaren Egutegian bertan, azken orrialdean azaltzen dira. Zabalago dator Ilargia eta Landareak agendan; urtero argitaratzen dugu eta bi zikloen berri ematen da.

Zerben hostoetan zuloak ateratzen hasi dira. Zergatik? Nola tratatu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:21

Zerbetan azaltzen den gaitz hori Cercospora da. Onddo batek eragiten du eta giro epel eta hezea denean agertzen da. Nahi baduzu tomatearen gorrinaren aurkako tratamendu bera egin: salda bordelesa eta asun ura. Gainontzean landareak berak gainditzen du, giroak laguntzen badu…

Kaixo.

     Iñaki naiz, eskola bateko atezaina. Iaz hasi nintzen lan berri honetan eta beste lan batzuen artean bertako lorategiaz arduratzen naiz. Aurreko kurtsoan ikusi nuen nola behin eta berriz mozten zuten bertako belar eta landareak, Harriduraz eta pena haundiz ikusten nuen ekintza hau, zeren niri ez zitzaidan iruditzen lorategiak horren beharrik zuenik. Bertan loratu berri ziren landareak zeuden. Ordutik aurrera arreta gehiago jarri dut gure herriko lorategietan eta konturatu naiz berdin egiten dutela bazter guztietan. Aurten ez da udaberririk egon gure herriko lorategietan, behin eta berriz mutilatu bait dute.

     Aurtengo kurtsoan gure eskolako lorategiko belar edo landarerik ez moztea eskatu nuen, eta bertan hazi dira landare ugari eta haien lore pilo bat. Haien artean erabat mutilatuta zeuden larroxak (iaz ez nituen ikusi ere egin). Xomorro eta txori gehiago inguratzen dira gure eskolara. Azken finean natura itzultzen ari da. 

     Ez daukat lorezaintzan inongo ikasketarik baina naturazalea naiz, eta hainbat ekintza egin izan ditut nire kabuz (natura imitatu nahian). Adibidez udazkeneko zuhaitzen hostoak biltzerakoan zakarretara bota beharrean, zuhaitzen inguruan pilatu ditut. Horren ondorioz bertan lehen lur soila zegoen lekuan, landareria sortzen hasi da. Baita perretxikoren bat ere.

     Ez dakit ondo ari naizen, ez dakit lorategiko belarra momenturen baten moztu behar dudan. Gidalibururen bat edo kurtsoren bat egin nahiko nuke. Gomendioren bat mesedez.

      Mila esker eta geroarte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-15 10:22

Kaixo Iñaki
Hasteko zorionak sen eta ekimen horiengatik.
Hemen duzu erantzuna:

Ez dut ezagutzen zuk duzun jakinmin hori asetuko duen ikastarotik gure inguruan. Agian garrantzitsuena zure senak esaten dizun horri jarraitzea da. Gaika topatuko duzu han eta hemen informazioa, baita www.bizibaratzea.eus webgunean ere. Orbelarekin zer egin, polinizatzaileak gehiago erakartzeko zein landare jarri, saila aberasteko sortzen duzuten hondakin organikoekin (hosto, jantokikoak eta abar) luarra nola egin, intsektuentzako hotela eraiki, eta abar. Ingurumen eskolek ere izaten duten eskaintza jakin zehatza: Uliakoak, Azpeitikoak, Noaingoak, Cristina-enea Fundazioa…

Eta badakizu, zalantzaren bat duzunean guri idatzi eta galdetu. Gure leloa hauxe da: dena dakienik ez da, baina denon artean dena dakigu.

Kaixo. Lau intxaurrondo eder ditugu, baina azkenengo 3 urteetan hostoak eta fruituak belztu egiten dira. Uzta ederrak izan arren. Honddoren bat omen da eta erremediorik ez dagoela. Auzokoak bereak bota egin ditu, eta geureekin ere berdin egiteko gomendatu. Erabaki zuzena da? Zer egin bestela?, pena haundia ematen digu hain arbola ederrak botatziak.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 10:44

Intxaurrondoarena izurrite bat da: Rhagoletis completa izena duen eulia. Kasualitatea, BIZI BARATZEAREN Telegrameko kanalean gaur hitz egiten dut horretaz, hauxe diot:

Rhagoletis completa eulia buruhauste galantak sortzen ari da gure intxaurrondoetan. Eulia uztailaren hasieratik atzera azaltzen da eta tranpak jartzen dira ba ote dabiltzan ikusteko.

Fruituen zokoten edo azal samurrean arrautzak jartzen ditu. Handik sortutako harrak azala zulatu eta barrutik jango du gaitzei atea irekiz eta fruitua zapuztuz.

Intxaurpeko lurra landu eta euli pupak azaleratuz hil eta Spinosad izeneko produktuarekin tratatu.

Oso izurrite txatxua da euli hori. Uztailean erasotzen du gogor eta fruituaren inguruko zokoten mamitsua jaten duen harra ekarriko duen arrautza jartzen du. Harrak zauritutako fruituan gaitza sartzen da eta erabat zapuztu. Horregatik alea zokotenari itsatsita geratzen da, zikina, belztuta eta barruko mamia osatu gabe. Pentsatzen da urte batzuen ondoren apalduko dela erasoa, baina uste hutsa da. Nik, hala ere oraingoz ez nituzke intxaurrondoak botako. Itxaron ea datozen urteetan zer atarramendu datorkien…

Atsaldeon Jakoba. Iratzea belagitik kentzeko noiz moztu behar da? Noiz da datarik onena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-13 19:18

Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte da. Lore eta fruitu egunak hauek: 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.

Egunon Jakoba !!!! Noiz aldatu behar dira ahuakate landareak ? Hiru landare dauzkat txertatuta bere tiestoan . Eskerrikasko . 💪💪💪

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-06-13 16:00

Oraintxe ez da garai txarra. Landatzerakoa kontutan izan: txertoa bistan utzi, lur azaletik gora geratu behar du. Uda partean maiz antzera ureztatu, eta ureztaketa sakonak eman, sustraiak luza daitezen. Bi lehenengo neguetan izotzetik babestu: simaur berria jarri azpian, enborra bendatu, eta txapela jarri.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora