Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)
Egunon, galdera bat Jakobarentzako, mila esker: aurtengo lorekin zer egin? Baratzan nik loreak zaintzen ditut, jakin nahi nuen zer egin beharko nukeen aurtengo lorekin: kosmos, calendula, alheli, margaritak. Moztu, kendu? Eta beste galderatxo bat: orain ze lore jarri ditzaket? Beti hazitik hasten naiz, mila esker.
Garbiñe
Aipatzen duzun lore bakoitzak bere bidea du: kosmosa (Cosmos bipinnatus, seguruenera) urteko landarea da. Urtero berritu behar duzu, alegia. Ilena edo baltsamu-belarra (Calendula officinalis) botatzen dituen hazietatik bera berritzen da. Gazteleraz alhelia dena euskaraz ahuntz-praka edo julufraia da (Cheiranthus spp), jeneralean bi urte bizi ohi da, baina gehiago ere iraun dezake. Hau ere hazitik ugaltzeko oso erraza da. Margarita deitzen duzun hori zein izan daitekeen ez dakit. Gehiago zehaztu beharko duzu...
Orain negu-udaberrirako lorean jartzeko sasoia da; batzuk aipatzeagatik saiatu udaberrian lorea emango duten erraboilekin, adibidez: idi-bihotza edo tulipa (Tulipa spp), hiazintoa (Hyacinthus spp), lilipa edo nartzisoa (Narcissus spp), irisa (Iris spp), fresia (Freesia spp), azpelarra (Crocus spp)...
Tulipanak edo idi-bihotzak (Tulipa spp) freskura maite dute. Urteko parte bero eta lehorra, uda eta udazkena lo igarotzen dute. Lurpeko erraboila udazkenaren erditik aurrera esnatuko da. Erraboilan pilatutako erreserben bizkar emango du Lorea. Ondoren lorea zimelduta hostoak luzatuko ditu eta berriro erraboila erreserbez osatu. Berriro uda lo pasa eta hurrengo udazkenean esnai.
Tamainan egin duzu galdera, Maria Paz, oraintxe da erraboilak landatzeko sasoia.
Urtetik urtera gordetzeko, lurrean bertan utzi edo behin hostaia zimeltzen denean, uda hasieran, lurpetik atera eta ondo lehortu ondoren ontzi batean jaso, toki fresko, ilun eta lehor batean.
Indaba edo babarrun haziak (Phaseolus vulgaris) hazi guztiek bezala berritu egin behar dira. Urtea joan eta urtea etorri etxekoen artean soilik gurutatu badaitezke, pixkanaka ahultzen joango da. Ez da normala, hala ere, urte batean erabat zapuztea… Beste arazoren bat izan ote daitekeenaren susmoa hartzen diot.
Horrenbestez, urtero ez, baina biz edo hiruz behin kanpotik ekarri hazia eta bostetik edo lautik bateko proportzioan nahastu etxekoari. Landareen ezaugarriak nahastu egingo dira eta indartu. Gure amona Joxepa zenak zioen beti “urak ekarritako” hazia gehitzeko. Gorago ohitutako hazia zailduagoa dago, baldintza okerragoetara jarria; eta hobeagoetara, behera eramanez gero errazago emango du.
Nikotina da tratamenturako erabiliko duguna. Beraz, aipatzen dituzun horietako edozein egokia da, zigarro, puru edo belar. Gaur egun hain hedatua den “liatzeko” tabakoarekin egitea oso erraza da. Hau da nire ustez eraginkorrena den formula, “Bizi Baratzea” liburuan azaltzen dudana:
Tabakoa eta xaboia,
intsekuen aurkako nahasketa on bat.
Mastekatzekoa, adibidez, 100 gramo tabako. Litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta tabakoa sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta 10 litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu.
Hona hemen, erraz askoa, intsektu egoskorrena ere aurre egin eta gailentzeko intsektizida naturala. Euli, har, beldar, arkakuso, zorri, zimitz, kotxinilla... argi ibili! Deskuidoan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko, erantsi beste 20 litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu.
Nikotinak intsektu guztiak erasotzen ditu, baina batez ere harrak, azal ahulena dutenak. Beraz mantangorrien harrak tratamentuak egin ondoren zabaltzea hobe litzateke.
Kaixo Jakoba!
Zumarragan dudan baratzean ahabia eta masusta gorria sartzekotan nabil eta hauek noiz aldatzeko garairik egokiena noiz den jakin nahiko nuke. Negu aldean entzun dut baina noiz komeni den?
Ahabia (Vaccinium myrtillus) eta masusta gorria. Pentsatzen dut masusta gorria mugurdiari (Rubus idaeus) deituko diozula. Masusta izenarekin ikaragarrizko zikulusaltsa sortu dugu, eta ez dakigu oso ondo zein fruituz ari garen laharrarena (Rubus fruticosus), marugatzearena (Morus spp) edo mugurdia.
Ahabiak eta masusta gorriak, biek hostaia galtzen dute neguan. Horixe duzu aldaketa egiteko sasoi onena. Udazkenaren amaiera eta neguaren hasiera. Ahal izanez gero ilbeherako eguna aukeratu. Garrantzitsuena izotz beldurrik ez den egunen batean egitea da. Aldaketa egindakoan sustraiak harrotutako lur artean geratuko dira eta izotz gogor samarra eginez gero barruraino sartu eta sustraiak kaltetzeko arriskua dago. Aldaketa egiterakoan landarearen inguruko lurra ondo zanpatu, beti ere.
Kaixo Jakoba. Zuhaitzak aldatzeko sasoia dela irakurri berri dizut; nire limoiondoa lekuz aldatzeko ere garai ona al da? Ontzi handi xamar batean daukat, baina haizeak etengabe botatzen zuela-eta, Gabonez geroztik paretaren kontra daukat estu-estu. Ez dut lurrik baina eskatuko nuke lur pusketa bat hura landatzeko. Zer iruditzen zaizu?
Kaixo Ana. Zuhaitzak eta fruitu-arbolak aldatzeko sasoian gaude, bai. Negu partean hostoak galdu eta soiltzen direnak, aurten dugun eguraldia dela-eta, egokiena otsail amaierako ilbeheran egitea litzakete, otsailaren 18tik martxoaren 3ra.
Aldiz, negu partean hostajeari eutsi eta jantzita jarraitzen dutenak, zure limoiondoaren gisan, udaberri aldera aldatzen dira. Aurten apirileko ilbeheran egitea gomendatzen dizut, 13tik 26ra bitartean.
Limoi on!
Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko!
Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza (Quercus robur), nahiz pagoa (Fagus sylvatica), nahiz urkia (Betula pubescens) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra.
Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da.
Kaixo Jakoba. Posible al da golden sagar zuhaitzetan eta irasagarrondoetan dauden sagarrak eta irasagarrak ez usteltzeko zerbait egitea euli zurien kontra? Mila esker.
Kaixo Joselu. Nire ustez euli txuriak ez du zerikusirik fruituak usteltzearekin. Eulitxo horrek hostoetan egiten du kaltea: eztena sartzen du eta izerdia zurrupatu. Era berean hondakin gozo bat uzten du, gero onddo beltz batek erasoko diona. Eraso horren ondorioz dena beltz agertuko da eta hostoak ezin izango du bere lana taxuz bete, hau da, argiaren energia erabiliz landarea hornitzeko jakiak sortzea. Geruza beltz hori fruituetan ere azaldu daiteke, baina ez da usteldura izango. Agian, usteldura baten gainean euli txuriak ikusi dituzu, baina usteldura beste zerbaitek sortua izango da. Beraz bi gauza dira usteltzea eta eulitxoa. Ea bada usteldura horiek zerk sortzen dituen asmatzeko gai garen. Argazkiren bat edo bestelako informazio gehiago bidaltzerik bai?
Kaixo! Badira bi hilabete ziento bat porru sartu genuela gure baratze kaxkarrean; hainbat aholku irakurri eta hainbat laguntza jaso arren, porruak landatu genituen bezain ziztrin daude. Belar txar batzuk dituzte inguruan (gaztelaniaz aros izenekoak), eta ezinean. Argazkietan garbi ikus dezakezu… Zer egin dezakegu? Saiatu gara belar horiek kentzen baina ezin dira sustraitik atera! Eta gainera zure liburuan uzteko diozunez… Laguntzerik bai?
Kaixo Olga. Arrazoi osoa duzu, argazkiko porruek itxura ziztrina dute.
Nik egoera horren jatorria izan daitekeen arrazoi aukera esango dizut, eta irtenbidea zerorren esku dago. Zuk aipatzen dituzun landare “belar” hori ilarrondokoa da (Arum maculatum) baina sapelarra ere ageri da (Stellaria media) eta azenario batzuk ere tartean badirela esango nuke (Daucus carota). Eta bai, porruari belar artea gustatzen zaio, hezetasun zalea baita. Garrantzitsuena lur fresko eta sakona izatea da, eta erruz simaurtua; simaur edo luar zaharrarekin. Argazkian ikusten dudanez lurra hala-moduzkoa da. Ilarrondokoa agertzeak ere lurra sakonean ez dela prestatu adierazten du. Eta amaitzeko, hilabete pare bat izateko, gorabeherak gorabehera, ez daude hain txarto... Hurrengoan, ahal baduzu, ekainaren amaiera edo uztailaren hasieran aldatu.
Kaixo Jakoba. Errenterian dugun baserriko lursailean menda-belar ugari ateratzen da. Eremu horretan dauden menda-belar eta osinak gutxitzeko zer egin dezakegun jakitea gustatuko litzaiguke. Informazio edo aholkurik baduzu guretzat?
Kaixo Javier. Menda-belarra aipatzen duzunean menda zuria edo astamenda deitzen denaz ari zarela iruditzen zait, hau da, Mentha suaveolens. Bai menda hori bai asuna (Urtica dioica) etxekoak ditugu. Gure aldamenean bizitzera ohituta daude. Biei nitrogeno asko eta hezetasun handia duten lurrak gustatzen zaizkie. Nitrogenoa geuk ematen diegu: simaur, luar, kaka eta oro har usteltzen ari den edozein hondakin organiko.
Beraz bi landare horiei aurre egiteko lurra aldatu beharko genuke. Lan zaila. Errazagoa da moztuz saiatzea. Biek ala biek lurpean sustrai lodietan jasotzen dituzte erreserbak. Maiz moztuz, hilean bitan eta ahal izanez gero ilgoran, erreserba horiek agortzea lor daiteke, eta agur menda, agur asun...
Kaixo Jakoba. Etxe pareko lizarrak nahi baino gehiago ari dira hazten goraka eta mozteko garai ona zein den jakin nahi nuke. Eskerrik asko.
Kaixo Beñat. Lizarra mozteko sasoi onena udaberria da. Izerdi berria indarrean dakar eta zuk egingo dizkiozun zauri horiek di-da batean orbaindu eta itxiko ditu. Horretarako sasoiaz gain zauriak edo ebakiak ondo egitea ere garrantzitsua da. Nik otsaileko ilbeheran edo martxokoan egingo nuke lan hori. Beste aukerarik ez baduzu eta garai horretan ezin baduzu egin, apirileko edo maiatzeko ilbeheran egin.
Kaixo. Orain hiru urte argazkietako limoiondoa oparitu zidaten. Ontzia erosi eta hiru lekutatik ekarritako lurrez bete nuen. Han sartu nuen landarea. Oso ongi hazi da, indarrez. Baina fruitua ematean arazoak ditu.
Azken bi urteetan, loreak ekarri ditu eta itxuraz ongi hartu ere. Baina, limoiak oso handi egin baino lehen, ilun kolorea hartzen dute, eta azkenean lurrera erortzen dira. Ez dut uste zorri arazorik denik, tratatu izan baitut horren kontra. Beste zerbait izan behar du. Erremediorik badu?
Ongi izan.
Kaixo Juan Jose. Landarea indarrean dagoela ikusten da. Bera bizi eta puja politak emateko gai da. Bina lorea ernaldu eta fruitua ezin ekarri. Arrazoia jatena falta dela esango nuke. Horri erantsi hosto batzuen itxura. Argazkiren batean argi ikusten da: hostoaren ertzean berdamena galdu gabe du, baina barru aldean, hostoaren bihotzeko zainen aldean marra horiztak ageri dira. Horrek nitrogeno eskasia adierazten du. Erremedioa ez da zaila: ontzi handiagoan aldatu, ahal duzun handienean. Lur aberatsa jarri: baratzeko lur beltza, hondarra eta simaur zaharra heren bana. Gero, udaberritik udazkenera, hilean behin, oihal batean ardi-simaurra edo luarra bildu eta urez betetako ontzi batean sartu. Ura belzten denean horrekin ureztatu. Bukatzeko, ontziari platerik ez jarri azpian, soberan den urak erraz alde egin dezala. Hemendik pare bat urtera argazki berriak ikusiko ditugu...
Kaixo Jakoba! Aurten sagar urtea dugu gurean, sagar urtea dugunez! Sagarrondoak lepo beteta dauzkagu. Hori dela eta, sagardoa egiteko sagar biltzea noiz komeni da egitea? Ba al da horretarako garai egokirik, lortu nahi dugun sagardoari begira? Jakina, dagoeneko, lurrera erorita ere badago sagar mordoa, horiekin zer egin? Lehenbailehen bildu, dolarera bota eta sagardoa egiten hasi?
Kaixo Inazio. Aurten bada, bai sagarra. Ez denean, baina denean bada, asko da. Kontuz sagar kargarekin adarrak hautsi gabe: hagaiak eta txardango kirten luzeak jarri makulu lanetan.
Bilketarako heldutasuna da kakoa. Garai batean, gure amona Joxeparen sagardotegian, sagarra erori ahala biltzen zen. Sagastian ez zen, sekula, hagarik dantzatzen. Sagarrondoa ez zen moiltzen, hagaka jo eta sagarrak eraitsi edo jaisten. Garai hartan, hamabost egunero pasatzen ziren sagastitik eta lurrean zena jaso. Heldutasuna, bere lurrun eta zapore gorenak, lurrera erori denean ditu. Horrek bai sagardoa!
Gaur egun, heldugabe, berde eta gordin sagarrondoa moildu eta dolarera! Bildualdi bakarrean sagasti osoa jasoa. Eta, porru-hazi ederrak! Halakoa izango da sagardoa. Gaur bertan lagun batek esan dit, sagardogileak sagarra juxtu heltzen hasten ari denean moildu eta eramateko. Sagardo argia eta freskoa egin nahi omen duela. Arina eta nahi den guztia egingo du sagardoa, baina sagar gustua ez dio berehalakoan harrapatuko.
Bi mutur horien artean erabaki beharko da sagarra noiz bildu.
Dagoenerako lurrean dagoen sagarra, sagar txoroa da: gaitzak jotakoa, harjoa duena... Horrekin zizarra egiten zen lehen. Dolarean jo eta muztioa hartzitzen ari zen artean, alkohol pixka bat zuenean edan. Sagardo berriaren irrikia asetzeko, sasoiko lehen gaztainekin eta sardina zaharrekin batera.
Nahi izatera, sagar txoro horiekin muztioa egin eta pasteurizatuta jaso daiteke. Baita dultzea, konfitura edo marmelada eginda ere.
Kaixo Jakoba, zer gertatzen zaie gure azaloreei? Baratzean hasi berriak gara eta alferrik galduz gero nahigabe ederra hartuko genuke. Eskerrik asko.
Kaixo Jakoba! ARGIAko azken aldizkarietan agertutako sendabelarren gainean galdetu nahi dizut. Badakit tokian tokiko espresioak daudela eta belar ezberdinek izen bera eraman dezaketela, baina neuk ezagutzen dudan txitxare belarra latinezko Tanacetum parthenium izango litzateke, eta zuk aldizkariaren 2.318. zenbakiko argazkian Artemisa vulgaris (belar mina) izenarekin azaltzen duzuna bera da.
Ez dakit Matricaria parthenium eta Tanacetum Parthenium berdinak diren eta zenbait lekutan Artemisa abrotanum ere txitxare belar bezala ere ikusi dut. Nahaste izugarria dut familia horrekin. Argitzea bai ote?
Kaixo Pili. Egia da, izenak eta izanak nahasten ditugu. Txitxare-belar edo zizare-belar izena landare askorena da. Aipatzen duzun argazkikoa Artemisia vulgaris da, ez Tanacetum parthenium. Artemisiak lore grisaxkak ematen ditu, Tanacetumak, aldiz, larranbiloa edo kamamilaren antzekoak.
Compostae edo lore elkartu edo konposatuak dituzten landareen familia hori ikaragarria da. Elkarrengandik bereizi eta bere sendagaitasuna ezagutzen hasteko nik dakidan bide motzena Pio Font i Quer maisuaren Plantas medicinales, El Dioscórides renovado liburua da.
Kaixo Jakoba! Etxerako ekoizten duen baserritar txikia naiz, eta kalitatea ikaragarri estimatzen dudanez, saiatzen naiz dena ekologikoan egiten, Oraindik denbora gutxi daramat eta zalantza askorekin egiten dut topo. Horiekin lotuta, hiru galdera egingo dizkizut:
Bi urte inguruko sagar landareak ditut aurrez pinudia izandako tokian sartuta. Lurra nekatu samar dagoela deritzot, ez baitira asko hazten. Satsik ez dudanez, zein mineral klase bota niezaioke?
Adarrak kimatzea txarra dela aditua dizut; hala ere, adarrak okertzea komenigarria da?
Gaixoa sartuta daukan gaztaina landareak hesoletarako iraupen aldetik gorabeherarik badu?
Kaixo Xabier. Pinudiak lurra erabat azidotuta uzten du eta horri buelta eman behar zaiola iruditzen zait. Horretarako satsa baino hobea da karea: pHa bere onera ekarriko du eta lurrean bertan kateatuta dauden elikagaiak askatuko dira.
Ahal izanez gero sagarrondoei adarrik ez kimatu. Okertzea naturala da, eta fruta emateko teknika egokia.
Gaitzak jotako gaztainondoaren egurrak ez du zertan makalagoa izan behar hesoletarako. Zuhaitza eraitsitakoan materiala zein egoeratan dagoen ikusiko duzu. Iruditua –ihartu, bigundu, harrotu eta beratu antzekoa– edo alferrik galdutako zatiren bat badu gupidarik gabe kendu.
Kaixo Jakoba. Mandarinondoa erosi genuen aurrekoan, Elgoibarretik Azkarate bidean eguteran daukagun lursailean (itsasmailatik 400 metrora) landatzeko asmotan. Entzuna dizugunez, fruitu-arbolak ilbeheran landatu behar dira. Zer aholku emango zeniguke? Lekua egokia al da mandarinondoarentzat?
Aupa Aitziber. Ezagutzen ditut Elgoibar inguru horretan laranja, limoi eta mandarina eder askoak ematen dituzten arbolak. Lagun batzuen etxekoak dastatu berriak ditut.
Landarea bere ontzian erosiko zenuten, noski. Bada, mandarinondoak bezala neguan hostajeari eusten dioten landareak aldatzeko sasoia laster da, martxoa aldeko ilbeheran.
Aholku parea: toki ahal den egutera, epel eta babestuenean aldatu, eta neguan babestu. Hegoaldera begira dagoen horma baten kontra litzateke egokiena. Hormak beroari eusten dio eta babesen bat jartzerakoan errazagoa da. Estalkiren bat jarriz gero landarearen gainera ez bota, egitura batekin landaretik gora eutsi eta beti enborra oihal lodiz bildu, hotzak landarea erretzen badu ere enborrari bizirik eutsi eta hortik berritu dadin.
Kaixo Jakoba. Zure artikulu bateko fotoa ikusita, behin, Dublinetik pasieran nenbilela, egin nuen beste batez oroitu nintzen, eta horra fotoa! Badut gainera galdera bat: etxeko balkoian cissus bat jarri nuen horman gora ondo igotzeko moduan. Geroago loreontzi berean jazmina jarri nuen txirikordaturik, bestearekin batera gora joan zedin; eta ondo hazi ziren, baina jazmina ximeltzen eta igartzen hasi zitzaidan eta orain cissusa bera ere bai. Zer izan liteke, kokoren bat, orientazio txarra?
Kaixo Jon, eta eskerrik asko argazkiko asmo dotorea guregana-tzeagatik. Zure balkoikoari buruz, orientazioa kaxkarra balitz hasiera beretik azalduko litzateke arazoa. Kokoren bat izanez gero beste sintomaren bat ere bai agertuko: lizun, arrautza, har, beldar... Bi landare igokari horien gaitza loreontzia bera izan daitekeela iruditzen zait. Cissusa bezala jazmina, biak aseezinak dira. Etengabe puja berriak luzatu eta hazi egin behar dira, bestela akabo. Eta loreontzia muga da, elikagai mugatuak ditu. Bi landare elkarren ondoan egoteak egoera txartu besterik ez du egiten. Elkar akabatu arteko onik ez dute izango. Ahal izanez gero bakoitza loreontzi banatan jarri. Eta elikadura zaindu: urtero ahal den neurrian luberria eman, axalekoa behinik berritu eta simaurrez ongarritu. Era berean, neguan ez beste, ureztatzen duzunero urari ongarri kimiko dosi txiki bat gehitu, berdetarakoa, hostajea indartzeko likidoa, onena. Hori egiten baduzu ondo ezkonduko direla iruditzen zait. Noiznahi gose punttua pizten zaizunean, lore-ontziko bikotearekin gogoratu... Eta jaten eman.
Arratsalde on, Jakoba. Lehenik eta behin, eskerrik asko Argian astero egiten duzun ekarpenarengatik. A ze nolako euskara darabilzun! Eta zenbat ikasten dudan! Gure ingurumen “berdea” beste begi batzuekin ikusten dut irakurtzen zaitudanetik. Eta eremu horretan gure nortasunari atxikitzeko bidea egin ere... Kontua zera da: udarako baratze txiki bat atontzen dugu etxean; larunbat batez tomateak landatu, eta astelehen arratserako horitu edo zurituak zeuzkaten gehienek hostoak. Tomateak eman zizkidan baserritarrari gauza bera gertatu zaio sorta bereko aleekin, piper eta letxugekin ez ordea. Zer ote? Ureztatze sistema automatikoa jarri dugu aurten. Goizeko eta arratseko zazpietan oren erdi ureztatzen du hodi zilotuak. Simaurrarekin –behi gorotzez eta iratzez osatua– ongarritu genuen lurra aste bat lehenago. Eta “belar txar” direlakoak atera ez daitezen oihal sendo batekin estali lurra. Gorrinarentzat goiztxo eta agudotxo, ez? Zer egin?
Kaixo Garazi, galdera interesgarria. Gorrina ez da, ezta gaitz edo izurriterik ere. Nire ustez arazo fisiologiko bat da argazkian ageri dena. Landareari ez dio ezerk eraso, aldiz irauteko eta bizitzeko arazoak ditu. Nik uste, arazoaren jatorria bi hauetakoren bat edo bien batura da: ur gehiegia edota simaur berria eta behar bezala ondu gabea izatea. Ea zer deritzozun, esango didazu. Ongi izan.
Bi urtez ibili naiz intxaur beltzaren –juglans nigra– hazietatik –intxaurretatik– zuhaitz berriak sortu nahirik, baina bat bera ere ez zait atera. Azalduko dizuet zein bide segitu dudan: intxaurra irail edo urri aldean, heldua dagoenean alegia, zuhaitzetik jaso. Azaroan lurpean sartu, bost bat zentimetroko sakoneran, eta gero noizbehinka ureztatu, haziak hezetasun egokia izan dezan. Bide berbera erabili dut bertako intxaurrondoaren haziekin –juglans regia– eta arrakasta erabatekoa izan dut. Entzuna daukat intxaur beltzaren haziak zailak direla ernetzeko. Ea argibideren bat ematen didazuen. Mila esker.
Iepa Xabier. Geruzatze teknikarekin egin ezak saioa. Urak alde egiteko moduko zuloak dituen ontzia (zurezkoa onena) eta erreka-hondarra eta lur beltza nahasketa (10-2 proportzioa) behar dituk. Ontzian hondarra, intxaurrak, hondarra, intxaurrak... geruzaka jarri, bukatzeko hondarra jarri lodi. Ontzia kanpoan eduki, toki fresko edo hotz batean; ito gabe baina hondarrari beti heze eutsi. Intxaurrak jango lituzketen animalietatik babestu, sare batekin edo dena delakoarekin.
Teknika honen oinarria haziak ez lehortu, eta pixkanaka udaberrian ernatzen lagunduko dion hezetasuna barneratzea da. Ernatzean adi ibili, azaldu ordurako muintegira edo baratzera pasa, bestela baten eta bestearen sustrai eta enbortxoak nahaspilatuko dira.
Esango diguk...
Kaixo Jakoba. Aurren-aurrena, zorionak eta eskerrik asko egiten duzun lanagatik eta ematen duzun informazioagatik. Konposta nola egin litekeen jakin nahi nuke. Guk baserrian jan-hondarrak plastikozko ontzi batean botatzen ditugu, baina mindu egiten zaizkigu. Zerekin, non eta nola egin liteke konposta?
Iepa lagun. Konposta, lur-ustela edo luarra hondakin organikoak hartzituz lortzen da. Hartzidura hori oxigenoa hartuz egin behar da. Ontzi itxi batean, horixe, airerik hartu ezinik oxigeno faltan itota, hartzitu beharrean mindu egiten da. Luarra edozein tokitan egin daiteke, hondakin organikoak (hostoak, belarrak, sukaldeko kondarrak...) metatu, tarteka-tarteka lur pixka bat edo aurreko eginaldiko luarra jarriz. Metro bete baino gehiago ez pilatu. Hezetasuna behar du baina euri batean edukitzea ez da komeni; nahi izatera estali, baina ito gabe. Hilean behin jiratu pila, aireberritzeko, eta behin sei bat hilabetetik aurrera erabiltzeko moduan egongo da, erraz igarriko diozu. Egokiena metatx2o horiek egiteko toki apropos bat eraikitzea da. Lur gainean, metro koadro bateko azalera eta 80 zentimetro garaiera duten hiru kaiola sailean, alde batetik erraz kendu eta jartzeko moduko oholez itxiak: bat betetzen, bestea hartzitzen eta hirugarrenetik luarra atera eta erabiltzen.
Kaixo. Gaztelaniazko flor de pascua (zelan da euskaraz?) bat daukat. Hasieran zeuzkan hosto gorriak jausi zitzaizkion eta orain ez dira berriz ateratzen. Zer egin beharko litzateke ateratzeko?
Kaixo Nerea. Euphorbia pulcherrima Pazko lorea deitu izan dugu eta poinsetia izenez ere topatuko duzu.
Aipatzen dituzun hosto gorri horiek ez dira benetako hostoak. Brakteak dira, adarraren punttaren punttako loreak inguratzen dituztenak. Loreen bueltan daude, haiek babestu eta intsektuak erakartzeko. Euphorbia genero honetako landareen loreak ttiki-ttikiak dira, baina “hosto” gorri horiekin ikusgarri asko bihurtzen dira. Beraz, hosto gorriak landarea loratzera doanean soilik agertuko dira. Sekulakoa bada ere, ez da betiko jantzi.
Landarea berdetan euste soila nahikoa lan izan ohi da. Toki argitsu eta epela behar du. Ura tamainan eman, hostoak ez busti eta lurra lehortu arte ur berririk ez eman.
Berez udaberrian loratzen da, negua amaitzean. Horixe da kakoa, negua pasatzea. Pazko loreak neguko egun motzak zenbatzen ditu. Argi gutxiko 80 eta 100 egun artean igaro ondoren loretara joko du eta “hosto” gorriak ireki. Naturalki martxo aldera egiten du, baina muintegietan loraldia eragin egiten zaio. Abuztuaren amaiera aldera eguzki orduak kentzen zaizkio, ilunpetan sartuz, horrela landareak negua iritsia dela usteko du eta urte amaiera alderako loratu. Eguberrietako txoroaldian eta euroaldian merkaturatzeko pronto.
Ixil asko Jakoba. Landareekin soinutan egoteko jardueran nauzu. Enborrak eta adarrak astindu, hostoak zapaldu edota esku artean kraska karrakatu, belarriondoak petaloz ferekatu... Bai eta haizea eta zuhaitzen arteko esamesa amaigabe eta entziklopedikoa irakurri: zuhaize. Batzuek musika paratzen omen diote zenbait landareri, emankorrago haziko direlakoan. Iruditzen zait landareak ere aspalditik hasi zaizkigula haien musikarekin gu entretenitzen eta bideratzen. Landareekin egiten dugun larru edo azal jotze horretan, noraino ahal du landareak? Arbola koxkorra astintzea edota etxeko salako landare exotikoari hostoak igurztea edo abarrak tolestea... Maite al dute haiek, landareek? Guk bezain beste?
Kaixo Jakoba, 2.214 zenbakiko Erlikiaz erlikia artikuluan Lycium europeaum landarearen euskal izena hesilaharra dela diozu. Beste toki askotan, ordea, hesilaharra deitzen diote Rhamnus cathartica-ri, hau da, gaztelaniaz espino cerval deritzonari. Bi landareek izen bera ote dute? Hemen, Gipuzkoan, ba al dago Lycium-ik?
Kaixo. Argituko zenidake nola lortu haginaren landarea haziak erabiliz? Hozkailuan gordeta dauzkat eta zenbaitetan ahalegindu naiz baina alferrik. Mila esker.
Iepa, Maite. Haginak (Taxus baccata) berezitasun ugari du: pozoitsua da, dioikoa –ale batzuk arrak eta besteak emeak–, milaka urte bizi da... Euskaldunontzat zuhaitz mitikoa da eta Gipuzkoako ikurra da. Aparteko zuhaitz egiten dutenen arteko beste ezaugarri bat hazien zuntzen gogortasuna da. Honek ernatzea zailtzen dio, baina baita irauteko babesa eman ere.
Haginaren hazi gogorra biltzen duen fruitu gorri likatsua landare guztiko zati jangarri bakarra da. Bestelako dena pozoitsua da: hostoa, azala, egurra, baita hazia bera ere. Fruitu jangarria gozoa da, oso gozoa. Honela animaliok eta batik bat hegaztiek jan eta barruko hazia gero oso osorik zirinetan bilduta sakabanatuko dute.
Hegaztiaren digestioak on egingo dio haziari: zuntz zakarrak erroetan urratu eta urdaileko azidoetan beratuko dira. Urradurak eta beratzeak ernatzeko behar duen ura hartzea erraztuko dute. Hori gutxi balitz, zirinetan bilduta botako du hazia, beste inork jateko tentazioak uxatzeko eta ernatzen denerako ongarri dosia eskuera duela.
Naturala den bide honen antzekoa, ahal den antzekoena egiten saiatu behar zara. Hotzarena garrantzitsua da, bestela negua igaro gabe dagoela uste eta udaberrian ez da ernatuko.
Hona nire proposamena: udazkenean hazia bildutakoan, fruitu likatsua kendu eta hondarretan sartu. Hondarrez betetako ontzi hau kanpoan eduki lorontzi baten gisara, euriak bustitzen duen tokian, ahal bada, bestela tarteka ureztatu. Neguaren amaieran hazien erdiak atera, hondarrarekin nahasian eskuetan igurtzi eta egun pare batez ur epeletan beratzen eduki. Lur gozotan erein eta maiz ureztatu. Hazien beste erdia urtebetez hondarretan mantendu, lorontzia bailitzan ureztatuz. Beste erdiarekin egindako bera hurrengo udaberrian egin. Denetatik erdiak ernatzen badira kraxkitinka eta irrintzika hasi...
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545