Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)
Irteera bat egingo dugu herriko umeekin landare mota batzuk ezagutzeko ( apaintzeko loreak, barazkiak eta zuhaitz ezagunenak) eta interesgarria dela iruditzen zaigu honekin batera azaltzea nolako eragina izan ahal duen ilargiak landareak erein, landatu, fruituak batu efo makiletatarako adartak mozten ditugunean azaltzea. Horregatik jakin nahi genuke non bilatu ahal dugun honi buruzko eskema efo informazioa. Eskerrik asko.
Hor dituzu urtero argitaratzem ditugun "ILARGIAREN EGUTEGIA" eta ILARGIA ETA LANDAREAK AGENDA.
Topatzeko inolako arazorik bazenu idatzi ARGIAra, bizibaratzea@bizibaratzea.eus edota deitu 943371545
Kaixo! Gure babek roña hartu dute ta ez dituzte fruiturik ematen, loreak usteltzen dira eta. Alde batetik, nola ekidin roña lehenagotik? Eta bestalde, komeni da orain erabiltzea landare horiek ongarri bezela edo behin roña eukita obeto baratzetik kanpo botatzea? Mila esker!
Gorrina harrapatzeak adierazten dueña da hezetasuna gehiegizkoa dutela. Zergaitik den ondoen zeuk aztertuko duzu: lurra, aldaparik eza, itzala handiegia, iladak elkarren kontra, hurbilegi… Hori ekidin hurrengoan.
Baba zuztarrak ongarri bezala erabiltzeko inolako arazorik ez. Lurretik tiraka ez atera, moztu, horrela sustraiak eta bertan dituzten bakterio nitrofiloak, lurra aberasten dutenak bertan geratuko dira.
Maiatzean zein egun izengo dira onenak tomatea landatzeko? eta bainak, kalabazin, ibarrako piperrak eta gernikako piperrak ere maiatzean sartuz gero, ze egun izango ziren onenak? eskerrikasko
Landatzeko sasoi onena ilbehera da. Aurten maiatzak bi ilbehera izango ditu: apirilaren 25eko 13:00etatik maiatzaren 9ko 15:00 arte eta maiatzaren 22ko 21:00etatik ekainaren 5eko 23:00 arte. Ilbeheraren barruan fruitu egunak izango dituzu egokienak, galdetzen duzun landare multzo horri kendu nahi diogun mozkina fruitua baita. Fruitu egunal hauek izango dira: apirilaren 29 eta 30; maiatzaren 1, 9 (15:00 arte), 26, 27, 28; ekainaren 5.
Atsalde on Eskertuko nizuke esango bazeniake,ze egun diran egoki enak patata eitteko Bidanin. Milesker
Urtero bezala, etxeko tomatearen haziak erein ditugu baina aurtengoan hostoak "V" forman jarri dira, goruntz okertuta. Zergatik ote? Eskerrik asko
Orain dela 2 hilabete ipini nituen 2 aguakate eta bateri hostoak irten dizkio ete bezteari loreak direla ezan lei, normala da hori??
Bai normala da bai. Bere bizileku berrira etorri aurretik gertatutakoa ezagutu beharko genuke, baina argazkian ikusten diren horiak lore multzo dotoreak dira, bai.
Kaixo. Kipula gorria kanpoan landatzeko ezin da garain egokia?
Kipula urte guztirako kontserbatzeko asmoarekin landatu nahi baduzu sasoi onena joan da. martxoaren erdia aurretik egiten da. Hala ere oraindik saia zaitezke. hori bai ahal baduzu ilbeheran landatu. Hurrengo ilbehera hilaren 25ean 13:00etan hasten da.
Gorotza zabaldu ondotik, 15 bat egunetara, lurrean erreka zabaldu eta tipulak jartzerakoan kisu bizia bota daiteke?
Zuzenean landareen zainetara ez. Zuzenean sustraietara ez jarri kisu bizia erre egingo lituzke eta. Onena duzu kisua lurraren azalean arin arin nahasi eta handik egun pare batera egitea landaketa. Kisua ematea eta landaketa artean euri arin bat edo ureztaketa bat baldin balego hobeto.
Kaixo Jakoba, menditik hartutako gerezi hazitatik landareak atera nituen pasa den urtean, negua pasa dute eta hasi dira esnatzen. Landare pare batek hostoak ximel xamarrak zituela ikusi nituen eta azpi aldean bediratzerakoan, ez dakit arrautzak edo mamorroa ageri ziren. Argazkietan ez dakit antzemango diozun… zer dira , zein eragin dute eta zer egin lezaket hauekin akabatzeko. Landareak etxeko lurretan jartzeko asmotan gara. Eskerrikasko
Argazkian ikusten den hori mamorroa da, zorria. Gereziondoa asko gustatzen zaio eta batzuetan inurriek eramaten dituzte gero beraiek haien hondakinak aprobetxatzeko. Tratamentua erraza da. Hiru gai nahasita eman: xaboi potasikoa, Bacillus thuringiensis eta Neem. Hirurak nahasian da onena baina agian hasi xaboiarekin bakarrik. Ihinztagailu bat, 1-2 litro ur, prestatzeko goilarakada ttiki erdi bat nahikoa da. Eta horrekin ondo busti hostoak goi eta behe. Ahal baduzu hostoak dena ur hoprretan sartzea ere txarra ez. zortzi egunero busti. Garbitzen ez bada hiru horien nahasketa prestatu (bakoitzak bere dosia esango dizu)
Egun on Jakoba.
Limoiondo gazte bat daukat baratza ondoan eta argazkian ikusi dezakezun mantxa atera zaio hosto pare batean. Zer egin dezaket?
Nire iritziz hotzak kalte egin dio. Gaztea bada lehen urteetan babestu egin behar da: azpian simaur berria jarri hartzitzen ari den artean beroa eman diezaion, enbortxoa oihal gozoekin bildu, txapelaren lana egingo dion estalki bat jarri… Hotzak eta kazkabarrak ere jo dutela esango nuke, zulotxo horiek eta zulatzera iritsi gabe baina orbaintxo horizta horiek kazkabarrak jotakoaren seinale dira.
Kaixo Jakoba
Galdera 2 ditut:
1-2022 ko eta 2021eko uztetako tomate haziak ditut. Zein uztakoak aholkatzen didazu aurten ereitea?
2-Zein hile eta egun zehatz dira egokiak ereiteko tomate haziak?
Mika esker zure laguntzagatik
Toki naiz Lekeitiokoa
Nik biak ereingo nituzke. Aukera eskasak badituzu azken urtekoak. Biak eginda ikusi gero zein landare etortzen diren indar handiagoarekin eta haiek landatu.
Ereiteko sasoia, negutegian landatzeko urtarriletik maiatzaren erdira artekoa da, gero martxotik uztaila erdira arte landatzeko. Kanpoan landatzez gero martxoan erein eta maiatza eta ekainaren erdira arte landatu.
Datorren martxoko egun onenak 16 egun osoa, 17 goiza, 24 arratsaldea eta 25 goiza izango dira
Noiz da sasoia tomate hazia ereiteko?
Negutegirako edo berotegirako urtearen hasieratik maiatzaren erdira arte. Kapoan landatzeko bada, martxoa eta apirilean. Beti ilgoran eta ahal baduzu fruitu egunean. Adibidez martxoan ilgora 16tik 28ra da, eta 16 eta 17 goiza dira egun onenak; apirilean ilgora 12tik 25 eguerdira da, eta 12, 13 eta 21, azken horretan 11:00-17:00 artean ezik dira ewgun onenak. .
Kaixo:elorri beltza batzuk ditut fruitua ateratzeko.
Noiz komeni kimatzea??
Elorri beltza berez ez dago inausi beharrik fruitua eman dezan. Bi inausketa mota onar ditzake. Bata gaztetan forma emateko, enbor bakarra utzi eta handik sortzen diren adar gutxi batzuk hautatuz. Honi segika urtero kendu beharko dizkiozu enborrean sortzen zaizkion altsumak; berez zuhaixka izanik horiek erruz emateko joera baitu. Inausketa hau noiznahi egin, altsumak ikusi ahala kendu. Beste inausketa mota burua argitzekoa litzateke; basaranen bilketa errazteko batez ere. Elkar gurutzatzen diren adar arantzatsuak bakandu. Inausketa hau loraldiaren aurretik edo ondoren, juxtu hostoak ateratzen ari direnean, egin dezakezu, izerdia mugitzen ari denean.
Egunon
Nonahi ikusten ari naiz, baratzak galdetu eta Gero ostoz tapatuta uzten.
Baino nere zalantza da, ez al da hobea hotza lurrarentzat?
Orbela lur gainean hedatu eta hura erabat estaliz hotzetik babestu eta lurreko bizitzari eutsi egiten zaio; bitartean desegin ahala ongarria izango da. Ongarri berdea ereiten dugunean ere antzeko zerbait lortu nahi da, gero ebaki eta benetan ongarri bihurtu arte. Lurra soilduta egoten bada, hotza barreneraino sartuko da, ondorioz bertako mikroorganismo batzuk, onak eta kaltegarriak hilko dira. Baita ere hotzak lurra harrotu egingo du. Baina, azala agerian izanda, lurra erreko du eguzkiak, hotzak bezala eta euria egiten duenean lurreko jakiak mugitu eta alde egiteko arriskua dago. Beraz zeuk erabaki…
Noiz landatu beharko dut sustraia duen gorostia ?
Sustraiduna diozunean edo loreontzi batean dago edo lurretik aterako duzu sustrai eta guzti. Loreontzian bizi bada nahi duzunean landatu; beti erer izotzik ez den sasoian. Onena, hala ere, udaberriaren hasiera da. Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoia horixe da.
Gorostia lurrean bizi bada eta tokiz aldatu nahi baduzu, sustraiak ebakiko dizkiozu ateratzerakoan eta sufrituko du, beraz orduan bai nahitaez martxoa aldera landatu, ahal baduzu ilbeheran eta sustrai egunean. Datorren martxoan egun hauek izango dira: 5, 8, 9 eta 10
landatu daiteke eguzkilorea? nola? mila esker
Landatu baino egokiagoa da ereitea; hacia ereitea alegia. Loratu den eguzkiloreak gero haziak emando ditu. Lore bakoitzeko bana. Hazi horiek jaso, toki lehor ilun eta hotz batean eduki. Onena kanpoan, neguaren gorebeherak sentitu ditzaten, Gero Otsaila-martxoa aldera lurrean erein. Hazi ttikiak direnez oso lur gutxi behar du gainean, ia ezer ez. Toki gozo batean jarri eta lurrari lehortzen ez utzi. Maiz ureztatu behar da, baina lurra ito gabe, haziak ematen duen sustraitxo berria usteldu egingo litzateke era. Hortik sortzen den landarea ontzi handi batera edo lurrera birlandatusustraije guztiarekin eta ahalik eta lur gutxien galduaz.
Kaixo, noiz da baba landatzeko egunik egokiena baratzan? Eskerrik asko
Pentsatzen dut landatu esaten duzunean erein adierazi nahi duzula, eta baba diozunean baba handia edo udaberriko baba berdeaz, alea lehortu aurretik jaten den horretaz ariko zarela. Baba hori, ilarra bezala, ilgoran ereitea komeni da eta egun onenak fruitu egunak dira: gaur abenduaren 5 eta bihar 6 10:00ak aurretik. . Hala ere ilgora duzu 9 arte, bera barne. Hurrengo ilgora abenduaren 24tik 2023ko urtarrilaren 5 arte izango da; fruitu egunak abenduaren 31 18:00etatik urtarrilaren 1 12:00 arte, urtarrilaren 2 16:00 arte eta urtarrilaren 5 12:00-22:00 tartean.
Non eros ditzaket zure liburu guztiak?
www.bizibaratzea.eus webgunen sartu eta azoka atalean dituzu bertatik eskatzeko moduan; baita +34943361545 telefonoan ere. Etxera bidaliko dizkizute zuzenean. Liburudenda askotan ere eskuera dituzu. Beste era batera datorren astean Durangoko Azokan.
Bertoko artoa erein dut bi urtez eta kokoren batek atakatu du. Hautsa ikusten da artoan. Zer da? Zer egin daiteke?
Udaberrian loratzen dira urkiak. Apirila-maiatza aldera. Gero udan edo udazkenaren hasieran hedatuko dituzte haziak.
kaixo!! Harrak azaldu zaizkit brokoli artean...zeozer ba al da uxatu edo akatzeko ekologikoan?
eskerrikasko
Har handi horiek ikusten errazak dira. Brokoli sail izugarria ez baduzu bilatu, bildu eta akabatzea da errazena. Hostoan kosk non egin duen nabarmena da, zulo handia uzten baitu eta erraz topatuko dituzu harrak. Nahi baduzu hostoak eta buruaren azpiko aldea errautsez zikindu daitezke; gustuko izango ez dutenez beste nonbaitera alde egingo dute. Hala ere adi ibili, ez bai dira urrutira joango. Tratamenduetara jota intsektizida erabili dezakezu: xaboi potasikoa, Bacyllus thuringiensis eta Neem.
Noiz komeni da kimatzea geranio gitanilla? Ilbeheran egin beharreko lana dela ulertu dut, baina zein dira egun egokienak?
Huntza geranio edo geranio zintzilikaria udaberriari begira inausi behar da. Izerdi berria datorrenean. Luberritzen denean ihartutako adarrak, izotzak erretakoak eta luzeegi dauden adarrak moztu. Azken horiek bizirik badaude aldaxkak egin eta ugaltzeko erabili. Inausketa beti ilbeheran egin behar da eta ahal baduzu sustrai egunetan, Ilargiaren Egutegian topatuko dituzu horiek.
Kaixo, aurretik baratza zen baino 3 urtetan zehar sasipean egon da lur sail bat eta udaberrirako prestatu nahi degu. Sasiak kentzean lurra biluzik eta harrotuta geratu da. Ximaurra bota eta ongarri berdea landatzea komeni zaigu? Ze ongarri berde gomendatzen diguzu?
Nik simaurrik ez nuke emango. Laharpean egondako lurrak harroak eta aberatsak dira. Aberastasun horri eusteko eta lur azala ez zokortzeko ongarri berdea da egokiena. Nire ustez hemen lur gehienetan lan onena egiten duena oloa eta txirta nahasketa da. Oloa esaten den tokian garagarra edo zekale izan daiteke, baina oloak sustrai sakonenak luzatzen ditu. Txirtaren ordez pagotxa ere erein daiteke.
Azken aldian, soroa , menta eta anduraz betetzen hari zait eta ez dakit zein den hauek kentzeko momenturik egokiena.
Menda (Mentha spp.) eta andura (Sambucus ebulus), biak ala biak, lur gizen eta aberatzetan hazten dira. Nitrogeno asko dagoen lurretan. Hau da, animaliak edo haien simaurrak ugariak diren tokietan. Hasteko nitrogeno hori nola apaldu pentsatu behar da eta bitartean moztu eta moztu. Kentzeko momentu bakar bat ez dago. Onena litzateke sustrai eta guzti ateratzea, baina hala ere berritu egingo da. Nahi baduzu ateratzen jarraitu edo bestela moztu eta moztu. Mozketa beti ilgoran egitea komeni da, egiten zaion kaltea ahalik eta handiena izan dadin. Moztearen helburu nagusia sustraietako erreserbak akabatzea da. Hasi mozten udaberrian eta udan bakoitza azaldu ordurako.
Noiz izango da kiwiak biltzeko egunik onena?
Bildu eta jasotako kiwien iraupenean pentsatzen ari bazara, hobe duzu ilbeheran biltzea. 2022 honetan azaroan 12tik 25era izango da eta abenduan 10etik 23ra. Egunik onenak azaroan 19 eta 20 eta abenduan 16, 17 goiza, 18 eta 19 goiza izango dira.
Bila ibili ostean, ez dut topatu Aegopodium podagraria landarearentzako euskal izenik. Gazteleraz eta frantsesez baditu izenak. Euskarazkorik ezagutzen?
Ez dut euskarazko izenik ezagutzen. Nik frantsesari jarraiki Ahuntz-oina” esango nioke. Bera da izen zientifikoaren esanahi zuzenena, baita ere. Aegopodium horrek horixe dio ahuntzaren oina, hostoek harekin duten antzagatik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545