Asteroko buletina
Ez dago bi baratze berdinik. Baratze batean ez dago bi egun berdinik

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Hazien erein aurreko bedeinkazioak
2024-06-26 16:01 | Aitor

Seguran Santa engrazi egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da edo bakoitzetik banaka batzuk eramanda nahikoa izan ohi den jakin nahiko nuke. Mila esker.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-01 11:42

Inolako zalantzarik gabe denak eraman. Hazi bakoitza bat eta bakarra da. Aita baten eta ama baten arteko hibridazio edo nahasketaren ondorioa. Ez da inoiz bere kopiarik sortuko. Kopiak edo klonak sortzeko era bakarra hibridazio kontrolatua da. “F1 hibridoa” ikusiko zenuen noizpait, agian, hazi poltsatxoren batean… Hori da landare berdinak sortuko dituzten hazi berdinak egiteko era bakarra. Ohiko haziak, aldiz jeneralean ezezaguna den aita eta hazia daraman fruitua emango duen amaren eman-hartu eta nahasketa sexualetik datoz. Agian ezaguna egiten zaizu aita ezezagunarena eta ama ezagunarena; bedeinkazio bila elizatik elizara bazabiltza are eta ezagunagoa.

 

Beraz hazi bakoitza bat eta bakarra izaki, bat bakoitz horrek hartzen duen bedeinkazioak zereraginik ez du izango beste hazietan. Bedeinkazioa bedeinkazioa da, ez da, Beñat Sarasola Santamaria poetak dioen bezala, xaguxarraren eguerdiko doministikua. Bedeinkatua izango da mirakulurako bidea zedarritzen duen uraren ttanttak busti duena. Bedeinkazioaren grazia hartzen duena hazia denez, eta hazi guztiek bezala landarea sortzeko bidean lehen lana sustraiak sortu eta lurra ahalik eta indartsuen jo jo eta zulatzea duenez helburu, ur ttantta horrek ernetzeko asmoa piztuko dio, haziaren baitan lo dagoen landare berriaren muina esnatuko da, urak zelula berriak sortu eta zaina indarrean zut jartzen du, eta ur hori bedeinkatua bada zutitze eta tentetze hori are eta bulardetsuagoa, gogorragoa, balenkiagoa, berdekiagoa, bihoztunagoa, indartsuagoa, harditagoa, kementsuagoa, dulabreagoa, sutsuagoa, errimegoa, mutiriagoa, gotorragoa, azkarragoa, azarriagoa, irmoagoa, fierrago, zimelagoa, bortitzagoa, suharragoa, errutsuagoa, kuraiosagoa, gotorragoa, kaliputsuagoa, irmoagoa, fetxoagoa, sendoagoa, pijoagoa, tinkoagoa, bipilagoa, kartsuagoa, fermuagoa, goriagoa, tenkorragoa, zozkotsuagoa, adoretsuagoa, finean zinki eta finki erskonagoa izango da, dudipe.

 

Etzazula deabru txerrenenaren izenean hazi bakar bat bera ere bedeinka gabe utzi. Hazi horretatik letorkeen landarea erruki dut: soro osoa asaldatu, senetik atera, oldartu, matxinatu, mutinatu eta ernegatuko duen artaldeko ardi beltza, amak sekula miaztu gabeko sasiardia, behikundeko adar bakarra, betizu begi-oker ezkela, herriko zakil-handi erreena, oilar ezproi kamuts gandor gabea, txerri-jende arteko masto errena izango da. Sorojorran aritu behar duen jorratzailearen jorraiak laister berarena egingo duena. Garbizaleari ere garbitze lana aurreratuko zaio, zaizu, hazi hori behar bezala bedeinkatua izan izan balitz.

 

Etzazula, sekula jo eta jokatu gabe berrogei azkazaldun bihurtu zenaren izenean, hazi bat bera ere Santa Engraziko ur mirarigile horretan blaitu gabe uztearen sakre madarikazioa egin. Une horretatik atzera bizi ezin eta iraungo duzun eguna bai eta hurrengoan ere bai, Bitoriano Gandiaga Artetxe fraide poeta zenak zioen bezala zure arima, bere aldiz, ernegu bizitzea nahi ez baduzu.

 

P.S. Erreguzazu, arren, inongo zopajale segurarrek ez dezatela hau irakurri; sekula sekulorum iraungo lukeen “hazien zalantzatia” edo ezizen aise maltzurragoren batekin bedeinka ez zaitzaten.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora