Asteroko buletina
Urrillero ona, kosetxa ona

Zitriko uztak posible dira Euskal Herrian?

Etxe inguruan limoiondo edo laranjaondo bat izatea gauza estimatua da. Exotikoak zaizkigu Budaren eskuak eta cumbavak. Baina posible al da zitriko edo garrazki uzta handiagoak jasotzea Euskal Herrian? Nola lortu neguan ere bertako fruta jatea? Gipuzkoako Getaria herrian Garatemendi proiektu kolektiboan lanean ari diren Leire Ibarretxe eta Mirene Begiristain (Biolurreko kide ere badira) elkarrizketatu ditu Eli Pagolak Egonarria saioan.


2024ko otsailaren 08a

Hainbat kideren artean lantzen ari dira Garatemendi proiektua, eta lau arlo ditu: landare aromatikoak, erleak, basoa eta garrazki edo zitrikoak. Iaz landatu zituzten garrazkiak, eta fruta jasotzen zazpi-zortzi urte barru hastea aurreikusten dute: "Bakarrik hemendik biziko bagina, hainbat urtez eutsi beharko genioke fruituak ematen hasi arte, eta hori oso zaila da. Gu mixtoan ari garenez, marjina emarten digu itxaroteko eta esperimentatzeko", azaldu dute Egonarria saioan. Baina zergatik garrazkiak? "Euskal Herrian elikadura burujabetzari begira frutagintzan hutsune handia dugulako eta negu partean fruta jasotzeko aukerak ematen dituztelako". Gainera, Garatemendi proiektuko beste alorrekin nahasteko modua bilatzen ari dira, hau da, eztigintzan eta infusiotarako landareekin nahastuta erabili ahal izateko.

Laranjak, limoiak eta mandarinak landatu dituzte, baina gutiziei ere leku egin diete, fruta usaintsuagoak eta exotikoagoak sartuz: Budaren eskua, cumbava, caviarra... Garrazkiak edo zitrikoak lantzeak dituen berezitasunez mintzatu dira Eli Pagolak egin dien elkarrizketa honetan:

Zergatik ekoizten da hain fruta gutxi Euskal Herriko kantauri isurialdean?

Leire Ibarretxek azaldu duenez, "oso konplikatua da Euskal Herriko ipar isurialdean, kantauri isurialdean, fruta ekoiztea. Gainera, gaur egun dauzkagun balioak kontuan hartuta, prezio baxuko fruta izaten da, oso fruta homogeneo eta perfektua landu izan da eta kontsumitzaileak hori eskatzen du, barietate jakin batzuek… Aparte, orografia oso konplikatua da, sail berdinak ez daude eta ezin da hainbeste mekanizatu… Sektore oso konplikatua da eta hutsune bat dago. Profesionalki oso jende gutxi bizi da frutazaintzatik, ez bada sagardotegia daukalako edo txakoli munduaren bueltan, frutaren eraldaketak ematen dion balio erantsi horrek ahalbidetzen du ekonomikoki hori posible izatea".

Baina Mirene Begiristainek gogora ekarri ditu iraganetik iritsi zaizkigun arrastoak: "Tradizio handirik ez dago, nahiz eta kostaldean egon izan den garrazkiak izateko ohitura minimo bat, esaten da ontziak itsasora abiatu aurretik pasatzen zirela zitriko bila eta Hondarribitik Muskizeraino behintzat izaten zirela garrazkiak, nahiz eta txikiagoak ziren, garratzagoak... bitamina bilatzen zuten eskorbutoari aurre egiteko. Geroago ere estimatua izaten zen, adibidez gerra ostean laranjak Gabonetan jasotzea... Adibidez, Mutrikun badago auzo bat, Laranga izena duena. Horrelako erreferentzia batzuk baditugu eta kostaldeko etxe askotan ikusten da badagoela limoiondoren bat... oso ohikoa izaten da, baina ekoizpenari begira gutxiago".

Erreferente gutxi izan dituztela aitortu dute, eta horietan nagusia, Mutrikuko Ekoalboraz proiektua izan dela: "Hantxe dute zitriko sail bat, eta gozamena da: heldutasunera iritsi diren arbolak dira (20-25 urtekoak) eta frutaz beteta daude".

Ezkerretik hasita, Leire Ibarretxe eta Mirene Begiristain, Egonarria saioan elkarrizketan.
Nola izan pozik etxeko laranjaondoak eta limoiondoak

Ibarretxeren hitzetan, "zitrikoentzako faktore limitanteena hemen hotza da. Landatu ondorengo bi urteak gakoak dira, izozteak ez dituzte ondo jasaten, eta babesean ipintzea oso garrantzitsua da: pareta baten kontra edo babesean ipinita, normalki landareak aurrera joko du. Baina gero, ekoizpenean, izozte batek loraldia eta ekoizpena bertan behera laga dezake". Begiristainek jarraitu du zitrikoak pozik izateko zaindu beharreko beste faktoreak zerrendatzen: "Haizea ere ez dute gehiegi maite. Ur putzuak ez zaizkio gustatzen: ur asko behar dute, baina lur drainatuan. Saiatzen gara hotzaren faktorea zaintzen, urarena ere bai, baina gero badator haizea... beti dago zerbait".

Begiristainek aldagai hauez kanpo, gakoa izan daitekeen hauxe eman du: patroia edo mentua hautatzea, kantauri isurialdean aurrera egiteko egokiagoa izango dena. Garatemendi proiekturako landareak erosteko, Ekoalborazek eman zien erreferentziari kasu egin zioten, eta Iberiar penintsulako hegoaldera begira jarri beharrean, iparralderantz jo zuten: Frantziako estatuan, Mont-de-Marsan inguruan dagoen Dufau mintegira, alegia: "Mintegi horretan lantzen duten patroia ongi egokitzen da lur azidoagoetara, tenperatura baxuagoetara".

"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"
2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu... (+)
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer... (+)
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"
2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere... (+)
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta... (+)
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”
2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora