Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Aurten gurean sagarretan bai urtea izaki, sagardoaren etorrerarako prestaketa lanetara emanak gaude oraintxe. Aurretik joan dira tomatea pototan sartzea, atunak ontziratzea eta urte pare baterako behinik izango den su egur pilak eraikitzea. Aurtengo egurra, Aralar aldetik jaitsitako pago adaki ederrak (Fagus sylvatica).
Hori baino lehen, gure eskuetara hurbildu aurretik makina bat lohadar eta muturrek ukituko zuten pago horien azala, egurrazala. Esku, hanka, atzapar, erpe, minzdun, karraskari hortz zorrotz, ardien eta behorren aurreko hortz erskon, hegaztien moko fin, piko eta mosko birabarkin. Aberedi aberatsa du Aralarrek guk erreko dugun pagoaren pagatzari esker. Zenbat animaliak muturraren mutur-mintz hezearekin usaindu eta miatu ote dute enborraren azal zurizta, jakina, buskan? Zenbat basakatuk zorroztu ote dituzte aisialditxoren batean azazkalak, esku ezkerrekoak eta eskuinekoak, goitik behera ra-ra, arrast-arrast azalaren azala ebakiz? Zenbat azkonar arrek egin ote diote pixa erreka pagoaren enborraren motzondoari, aurrekoen errekaren usaina ezabatu eta berearen hormonak gailenduz kasu zipitzik ere egiten ez dion eme hori erakartzeko itxaropen etengabe zapuztua behingoz irauli asmo nekaezinean? Zenbat basurdaldek inguratu ote dute enborra, elkarri txanda eman ezinik, uxartuz lurrazala, larruazala egurrazalarekin marruskatuz, lepaatzean eta isats gainean pilatutako akainak kentze aldera, eta bide batez azkura arintzeko lokatz putzuan itsatsitako basarekin enborra marraztu eta familiaren kastaren bafa aski ezaguna erantsiz?
Bizitza lotu eta aberatseko egurrazal horren gainazalean ere ez da falta jostagarririk. Adarrak hautsi eta ondo sendatu gabeko zaurietan usteldurak sortzen dituzte onddoek eta hor etorriko dira txori eta muxarrak, habi gozoak eginez. Intsektuen ihauteria ere etengabekoa da, tamaina, mota eta itxura guztietakoa: inurri, zorri, tximeleta, sits, kotxinila, kakalardo, pipi, euli, eltxo, amona mantangorri, liztor, erlastar, marisorgin, sorgin-orratz eta abar. Motzondoaren beheko barrenean, eguzki errainuetatik ihesi uhandre, apo eta igelak, arbolaren hezetasuna zaintzen. Inguru hezetik eta lurpetik datorkio zuhaitzaren herri oso horri ura. Pagoari lurreko lagunek eskua luzatuko diote ur horren bereganatzeko. Zizare eta antzeko makroorganismoen tartean mikroorganismoak dira lagunkoienak, batez ere onddoak. Egin dezagun kontu: soilik pagoak berak eguneroko bizimoduari eusteko 400 litro ur behar ditu. Egunero! Ur hori bilatu, topatu, sustraietan ipurdira ekarri eta azken hostoraino ponpatu. Egunero! Makina galanta da. Makina baina bizia, bizitzaren oinarri eta euskarri; bizitzaren doinuaren dantzaren kaosaren eman-hartuaren amodioaren lurrinaren zorabioaren eroaldiaren ardatza. Bizitzaren heriotzaren trenkatzea eta txikertzea.
Gero etorri zen mendi ingeniaria eta panaldu zuen pagadia. Berak panalaren ebakia sentitu zuen eta dardaizo ezezagun batek bere kizkin guztietako kirioak piztu zituen; bizilagun guztiek sumatu zuten eta une batez den-denak karranpa orokor batek jota bezala paralizatu ziren, sorgor. Abuztuaren ilgorarekin motozerraren epaia, garabidun kamiona eta gure etxea ezagutzea di-da batean etorri ziren. Gurean lehenengo trontzatu, gero pitzatu eta atzetik txukun-txukun pilatu genuen.
Guri azala berotuko digu neguan, baina barrenak?
OHARRA: Pago bakar baten fotosintesia izeneko datuak Herbeheretako PPH elkartearenak dira, hango Van den Berk mintegiak 2008an argitaratutakoak: 100 urte, 20 metro garai eta 12 zabal den pago batek 600.000 hosto ditu, 1.200 m2-ko azalerarekin. Egunero 400 litro ur eta 18 kg CO2 hartu eta hamar lagunek behar duten oxigenoa eta berak jateko 12 kg azukre sortzen ditu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545