Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua ikaragarri gutxitu da, horrek dakartzan gaitzekin: lehen sektorearen egoera zaila, paisaiaren galera, suteetarako arriskua…”. Eneko Egiguren Gidari Artzain Eskola proiektuko arduraduna da. Sektorearen egoeraz eta etorkizunaz kezkatuta, duela hiruzpalau urte zerbait egin beharra zegoela erabaki zuten, eta artzain eskola martxan jartzeko lanean hasi ziren, besteak beste.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko irailaren 01a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erronkaribarreko batzordeburua zen garaian Egiguren, eta abeltzaintza komisioko lehendakariarekin batera hainbat artzain eskola bisitatzeari ekin zioten. “Katalunian izan ginen, Oñatiko Gomiztegiko eskolan, Aragoiko Sant Chuan de Planen… Pirinioetan artzain eskolak daude han-hemen, eta nola da posible Nafarroan ez existitzea?”, galdetzen zuten. Artzain eskolak ikustearekin batera, Erronkaribarreko abeltzainei bideratutako formazioa ere egin zuten 2023an, haien ezagupenak transmititzen irakasteko. “Eskualdeko zortzi artzainek eta abeltzainek eman zuten izena, eta formazioa jaso eta gero, Aragoiko La Estiva artzain eskolatik ikasleak jasotzen hasi ziren praktikak egiteko”, azaldu du.

2024an beste jauzi bat eman zuten: Artalde Elkartea sortu zuten Egigurenek eta formazioan parte hartu zuten zortzi abeltzainek, proiektuari entitate juridikoa emateko. “Azken urte eta erdi honetan, berriz, artzain eskola proiektua aurrera eramateko lantaldea osatu dugu: formazio ibilbidea lantzen ari gara, 800 orduko hezkuntza plana osatzen hainbat modulurekin eta balore finkoekin”, dio. Marengo Bordako Alba Ripodas artzain eta biologoa eta Jose Berrotz Ezkarotzeko albaitaria batu zaizkio hezkuntza plana osatzeko lantaldean.

Eredu estentsiboa eta agroekologikoa ardatz

Norabide argian ari dira lanean artzain eskolaren bultzatzaileak: abeltzaintza estentsiboaren eta agroekologiaren alde, inguruari lotua egonen den eredua bultzatu nahi dute. “Hemen beti egin den manejua landu nahi dugu, baina gaur egungo erreminta eta metodologiekin, arlo teknologikoari ere begiratuta”. Hainbat modulu landuko dituzte artzain eskolan: abeltzaintza, erreminta teknologikoak, alor psikologikoa, itxiturak, motozerra, soldadura… “Azkenean, hainbat funtziotako hezkuntza eskaintza izanen da, instalatu nahi duenak ezagupen anitzak beharko baititu”.

Erronkariko eskola zaharra berritu eta eskolako aularioa prest dute honezkero, eta helburua da 2026ko urrian lehen promozioarekin hastea. “Ea nola doan dena, denboraz nola iristen garen… azkenean, finantziazioaren alorrak asko baldintzatzen du proiektua”, adierazi du. Aurten, Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, baina etorkizunera begira finantziazio bide finkoak bilatzea ezinbestekoa izanen dela dio. Informazio guztia gidarieskola.com webgunean topa daiteke.

Bertako artoarekin egindako taloen janari postu mugikorra Basaburuan
2026-04-13 | Garazi Zabaleta
Zalgurdi forma du Kata Gartziak Jauntsaratsen (Nafarroa) ireki berri duen Jan Talo janari postu mugikorrak, eta izenak argi adierazten duen moduan, taloak dira protagonista. Hori... (+)
Marmelada eta kontserbak, Artiedako Arterra Bizimodu proiektuaren barruan
2026-03-30 | Garazi Zabaleta
Artiedako (Nafarroa) Arterra Bizimodu proiektu kolektiboko kide dira Ione Andia Celaya eta Lorena Mompel Sanchez, Gukalde Kontserbak egitasmoa abiatu dutenak. 2024ko udan hasi ziren kontserbak... (+)
Landareak, gorputza eta gogoa zaintzeko
2026-03-23 | Garazi Zabaleta
Ana Velez hernaniarraren (Gipuzkoa) proiektua da Akna Atelier, garai batean ‘Koloreztatu’ izeneko egitasmoaren segida dena, nolabait. “2017 inguruan hasi nintzen olio birtziklatuarekin xaboiak egiten, etxean”,... (+)
“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”
2026-03-16 | Garazi Zabaleta
Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta... (+)
Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
gora