Uzta, eraintzaren saria.

Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak: satitsuak.


2025eko irailaren 01a
Satitsu txikiarena (Sorex minutus)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Satitsua Sorex generoa

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Sorex generoa.
NEURRIA: 5-10 cm arteko luzera eta 3-18 g arteko pisua.
NON BIZI DA? Hosto erorkorreko basoetan, baita soro, larre eta putzuen mugetan ere.
ZER JATEN DU? Batez ere intsektuak, intsektuen larbak, lur-zizareak, barraskiloak eta beste ornogabe batzuk. 
BIHOTZ BIZKORRA: Satitsu baten bihotzak 800 eta 1.000 aldiz taupa egiten du minutuko, bere metabolismo bizkorraren adierazle. 
BABES MAILA: “Kezka txikiko” katalogatua.

 

Satitsuak animalia talde bat dira, xaguen antzekoak baina satorrekin ahaidetuak. Mutur luzeko ugaztun txikiak dira, eta ez dira zailak ikusten belar edo orbel artean ihesi. Hainbat satitsu espezie ditugu Euskal Herrian, eta bi taldetan banatzen dira: hortz zuriko satitsuak (Crocidura generokoak) eta hortz gorriko satitsuak (Sorex eta Neomys generokoak).

2024. urtean argitaratutako ikerketa batek satitsu buztankarratuaren (Sorex araneus) bizi zikloa ikertu zuen. Satitsu hori ez da ohikoa Euskal Herrian, Pirinioen ekialdean bizi da gehienbat, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Baina ikerketa horretan lortu zituzten emaitzak ikusgarriak izan ziren, eta batek daki gure lurraldean aurki daitezkeen genero bereko beste satitsu batzuen kasua, satitsu txikiarena (Sorex minutus) edo Millet satitsuarena (Sorex coronatus), antzekoa izango den.

Satitsu buztankarratuaren bizi-itxaropena 18 hilabetekoa da, gutxi gorabehera. Uda aldera jaiotzen da, eta hurrengo urteko udazken edo negura arte bizi da. Tartean, negua du biziraupen erronka. Halako ugaztun txikiek (5-10 cm arteko gorputza dute) zailtasunak izaten dituzte hilabete hotzetan aurrera egiteko. Beste ugaztun batzuek migratu egiten dute eremu epelagoetara, edo hibernatu beste hainbatek.

Satitsu buztankarratuak, ordea, beste estrategia bat du; bere burmuina, buruhezurra, eta organo gehienak txikiagotzen ditu negua pasatzeko. Eta hurrengo udaberrian berriro berregiten du dena.

Satitsu guztiek, oro har, beharrizan energetiko oso handiak dituzte. Horiek asetzeko, egun guztia jaten pasatzen dute, eta egun bakar batean bere pisuaren %80-90 jan dezakete. Neguko hilabeteetan, ordea, ez dute eskuragarri behar duten elikagai guztia, baina ez dute denbora galtzerik migratzen edo hibernatzen; urte bakar bat biziko dira eta. Horren ordez, gastu energetiko handia duten ehun eta organoak murrizten dituzte, burmuina kasu (masaren %26 murriztu dezakete). Estrategia horrekin, aktibo mantendu daitezke urte osoan zehar.

Satitsu buztankarratua izan da protagonista aipatutako ikerketan eta oraingoz, negua pasatzeko estrategia hau satitsu espezie horretan soilik ikertu da. Baina esan bezala, genero bereko beste satitsuek bizi-ziklo antzekoak dituzte, eta negu gorrian bizirautea lortu behar dute. Horrela funtzionatzen du zientziak, eta galdera baten erantzuna lortzeak beste hamaika sortzen ditu beti.

Basoko gordelekutik, Londresko elektrizista lanetara
2026-03-02 | Irati Diez Virto
Ipurditik kiratsa ateratzeko gai den animaliarik ezagutzen ote dugun galdetuko baligute, agian burutik lehena pasako litzaigukeen animalia mofeta izango litzateke. Alor askotan pasa zaigu azken... (+)
Baso zahar ilunetan, bi begi handi eta distiratsu zelatan...
2026-01-19 | Irati Diez Virto
"Entzun, entzun nire dolu kantua, azken muxarraren testamentua”, zihoen Joxerra Garziak idatzitako eta Ganbara musika taldeak abestutako kantak. 1995ean amaitu ziren Leitzarango autobia eraikitzeko lanak,... (+)
Ozeanoetako abeslaria
2025-11-30 | Irati Diez Virto
Xibarta bat lau metro inguruko gorputzarekin jaiotzen da, eta 700 bat kiloko pisuarekin. Egunero bere amari 400 litro esne ateratzen dizkio, sei hilabetez. Hain da... (+)
Sagu txiki, sagu maite, zulotxoan gorde zaitez...
2025-10-20 | Irati Diez Virto
Basatia zera da, Euskaltzaindiaren arabera: “Hezi, landu edo zaindu gabea; animaliez mintzatuz, gizakiak etxekotu edo hezi ez duena”. Definizio horretatik at geratzen dira, beraz, zalantzarik... (+)
Askari izena duen haragijale txikia
2025-06-23 | Irati Diez Virto
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia... (+)
gora