Adierazi ezin diren gauzak atsegin ditut ahuakete baten dasta, gardenia baten usaina...

Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko irailaren 01a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Uztailaren 12an Itturbeko belardian ardi bat aurkitu nuen, hilda zegoen. Antzuen tropan beste bat falta zen.

Uztailaren 13an itzuli ginen. Falta zen ardiaren hezurrak eta azala ikusi genituen. Putreek janda.

Xoxo aharia izan zen kamioiak eraman zuen lehena. "Ederra aharia, ze pena!", esan zuen gidariak. Halaxe zen, ederra. Uztailak 14 zituen.

Biharamunean, kamioiak beste bi eraman zituen. Bi urtekoak.

Uztailaren 16an, hiru buru eraman zituen kamioiak. Hazarkumea eta beste bi ardi –batek bi urte zituen eta besteak urtebete–.

Uztailaren 20an hiru urteko ardia hilda aurkitu genuen etxe gaineko belardian. Ordubete geroago, putreek garbi utzi zuten.

Uztailaren 21ean bi urteko ardia eraman zuen kamioiak.

Uztailaren 10ean hasitako amesgaiztoak hamar ardi eraman ditu. Hau idazten ari naizela, bost ardi ditugu gaixo. Itxura batean, bik aurrera egingo dute. Gainontzekoek ez dute itxura onik, egia esan.

Neke izugarriak pisua du, bihotza zanpatzeraino. Nekeari beldurra, ezjakintasuna, tristura, etsipena, frustrazioa, porrota eta mina batzen zaizkio. Denen artean odolik gabe utzi dute artzainaren bihotza.

Uztailaren 17an etorri zen Ane, Biolurko albaitaria, artaldea txertatzera. Mingain urdinaren 8 serotipoaren kontrako txertoa jarri diegu. Badakigu 38 eta 42 egun bitarteko epea behar duela botikak erabateko babesa emateko, baina bitarte horretan, egunak pasa ahala, gaixotzekotan, sintomak arinagoak izango dira.

Nahiz eta odolusteak jarraitu, txertaketak arnasa eman digu.

Dirudienez, gaitzaren 3 serotipoa Iparraldetik eta Kantabriatik dator; 8a baino hilgarriagoa. Dagoen giroa egokia da eltxoarentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak horren kontrako borondatezko txertaketa kanpaina abiatu du. Bizitakoa bizita, txertatuko ditugu, ezin bihotza odolusten utzi... Txertaketa ahalik eta lasaien joateko, eta artaldea ezagutzen duenez, nahiko genuke Anek egitea. Ea Aldundiak zer erantzuten digun.

Baten batek galdetuko dio bere buruari zergatik ez ote genuen artaldea aurrez txertatuta. Hemen erantzuna: Gipuzkoako Foru Aldunditik derrigorrezko txertaketa urtarrilaren 15ean eskaini ziguten, gure erditze sasoi bete-betean, eta, abortu arriskuak zirela eta, esan genuen udaberri aldera etortzeko. Gainera, bektore lanak egiten dituen eltxoa zazpi gradu azpitik hiltzen da; beraz, arriskurik ez. Gerora, udaberria etorri zen, ordurako txertaketa borondatezkoa zen, eta kanpainaren zurrunbiloan ez ginen akordatu inora deitzearekin. Inork ez zigun deitu.

Zergatik kontatu hau guztia?

Ezer baino lehen, artzain bezala dugun erantzukizunagatik. Ez genuke nahi beste inork horrelakorik bizitzerik. Izan ere, orain arteko prozesuak sekulako higadura emozionala ekarri digu. Eta, noski, galera ekonomikoa ere bai.
Hau kontatzeko bigarren arrazoia zeu zara, irakurle, Bizi Baratzea orrialdetara gerturatzen zaren hori. Jakin baitakit gure artaldearen eta etxearen martxa jarraitzen duzula, eta senak eskatzen du gauzak aldrebestuta daudenean ere umiltasunez onartzea, zintzo.

Bada, horrelaxe, bihotz zanpatu hauek osasuna eta poza opa dizkizute.

Post scriptum: Uztailaren 31n hil zen azken ardia: 35344. Putreek jan zuten. Orotara, 11 animalia hil zitzaizkigun. Gaur, abuztuak 26 dituen honetan, GFAko albaitaria etorriko da 3. serotipoaren kontrako txertoa jartzera. Beldurra itzuli da etxera: zer ondorio izango ditu txertoak ernai dauden ardiengan? Beldurra baino latzagoa da, ordea, bihotz zanpatuak ponpatzen duen odol apurrarekin bizitzea. 

Kanpaina bukaerako ariketa
Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek... (+)
Ekotalibanak
Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren... (+)
Mallorca
Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen... (+)
San Ixidro
Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila,... (+)
Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
gora