Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Uribarri Jauregiko akanpadan iraganeko borrokak eta egungo nazioartekoak uztartu zituzten

Maiatzaren 16tik 18ra EH Bizirik sareak deituta kanpaldia egin berri dute Uribarri Jauregin. Hainbat ekintza, hitzaldi eta tailer egin zituzten bertan. Besteak beste, Lemoizko zentral nuklearraren, Pasaiako superportuaren eta Olaztiko erraustegiaren aurkako borroketan ibilitako kideen testigantzak jaso zituzten, baita Kolonbia, Salvador, Honduras eta Palestinako kideenak ere. Parte hartu zutenek bidalitako informazioarekin osatutako kronika da hau.


2025eko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Maiatzaren 16an hasi zuten kanpaldia eta hegaztiei jaten emateko gunera bisita egin zuten. Bertan izan zirenek kontatu dutenez, sai arre pila ikusteaz gain, sai zuria eta miru gorria ikusteko aukera izan zuten. Bertan ugatza ibiltzen dela badakiten arren, bisita hartan ez zuten ikusi. Partaideen hitzetan, "horrek agerian uzten du natur kontserbazioari begira zer nolako astakeria den horrelako balio natural handiko eremu batean makro mailako poligono eolikoa ezartzea, jakina baita instalazio hauek hegaztien heriotzaren arrazoi garrantzitsu bilakatu direla. Seo Birdlifek argitaratu zuen txostenaren arabera, Espainiako Estatuan urtean 6 eta 18 milioi hegazti artean hiltzen dituzte eolikoek, astakeria bat".

Batzuek hegazti harrapariekin gozatzen zuten bitartean, adin guztietako neska-mutilez osatutako talde bat Gasteiztik kanpalekuraino txirringaz hurbildu zen, ohiko trenaren bide berdea zeharkatuta.

Guztien artean kanpin-dendak jarri zituzten eta talde batek afari "ezin hobea" prestatu zuen: barazki salda eta txokolate beroa.

 EH Bizirik
Larunbata: aurreko borroketatik eta egungo nazioartekoetatik ikasten

Larunbaterako prestatu zituzten ekitaldi gehien, eta parte hartze handieneko eguna izan zen. Gosaldu ondoren, bertaratu zirenek elkar ezagutzeko dinamika batekin eman zioten hasiera goizeko saioari: "Lurraldea defendatzeko zergatiak azaldu eta ingurukoenak ezagutzeko aukera izan genuen". 

Ondoren, aurreko borroka garrantzitsu batzuen errepasoa egin zuten, eta testigantzak ematera bertaratu ziren Lemoizko zentral nuklearraren, Pasaiako superportuaren eta Olaztiko erraustegiaren aurkako borroketan ibilitako kideak. Partaideek horrela laburtu dute hitzaldietan jaso zuten mezua: "Hiru borroka hauek intentsitate handikoak izan ziren, babes sozial handikoak, eta hiru proiektuak gelditzea lortu zuten. Ondorio garrantzitsu asko atera ziren, baina bi elementu hauek nabarmendu ziren. Eredu kapitalista gainditu ezean proiektu hauek behin eta berriz etorriko dira bueltan, horren adibide da gaur egun energia nuklearrari eman nahi zaion bultzada edo Olaztin berriro erraustegia martxan jartzeko jaso duten baimena. Gainera, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia azpimarratu zen, hau da, egindako borroken esperientzia gaur egun lurraren defentsan lanean ari direnei transmititzearen beharra".

Kanpaldiko kideek karpa handiaren pean partekatu zituzten otorduak. EH Bizirik

Arratsaldean hainbat erresistentzia formen inguruan hausnartu eta horietako zenbait praktikan nola jarri ikasi zuten.

Eguneko azken mahai inguruan Kolonbia, Salvador, Honduras eta Palestinako kideak izan zituzten hizlari: "Herrialde bakoitzean lurraren defentsak zer esan nahi duen azaldu ziguten, borrokaren garrantzia azpimarratu zuten, eta egungo eredu ekonomikoa gainditzeko urgentzia jarri zuten mahai gainean", azaldu dute partaideek. Nabarmendu dutenez, "bakoitzak bere eremuan borroka aurrera eramateari garrantzi handia eman zioten, errealitate ezberdinak direla iruditu arren, mundu globalizatuan dena loturik baitago. Ipar hemisferioko enpresari handiak ari dira hego hemisferioan suntsiketa handienak eragiten (ekologikoak, sozialak zein pertsonalak) eta beraien testigantzarekin ekarri zizkiguten, bizipen oso gogorrak benetan".

Afalostean, gaua girotu zuten Aramaioko emakumeen taldeak eskainitako Kantaldi Ekofeministak eta Kojío Kon Pinsas musikariek.

 EH Bizirik
Igandea: mendi martxa eta lege-arloko borroken formazioa

Igande goizean partaideek bi aukera izan zituzten: mendi martxa eta arlo juridikoa lantzeko hitzaldi-tailerra.

Mendiko irteeran parte hartu zutenek kontatu dutenez, "ibilaldiak aukera eman zigun inguruak duen natur balio handiaz gozatzeko: pagoz osaturiko basoetan zehar egin genuen ibilbidearen zatirik handiena eta, egia esan, eskertzen zen zuhaitzen itzala. Beste behin, eremu natural horretan egiten ari den suntsiketa (Laminoriako harrobia) eta egin nahi direnak (eolikoak, fotovoltaikoak eta AHT) ulergaitzak dira natur kontserbazioaren ikuspuntutik, ezinbesteko afera egungo krisi ekologikoan". 

Hitzaldi-tailerrean lehenik Raoul Servertek hartu zuen hitza. Bertan parte hartu zutenen hitzetan, "Raoulek egungo testuinguruaren analisia egin zuen, eta aurreko zein gaur egungo makro mailako berriztagarrien zabalpen masiboaren zentzugabekeria salatzen amaitu zuen bere hitzartzea". Ondoren, Sustrai Erakuntzako kideek lege-arloan aurrera eraman dituzten borroken indargune eta ahulguneak zein izan diren azaldu zuten. Horrez gain, lurraren suntsiketari aurre egiteko borrokan lege-prozedura zein den azaldu zuten. Hitzaldi-tailerraren amaiera entzuleen eta hizlarien arteko tertulia bihurtu zen.

Elkarrekin bazkalduz eman zioten amaiera EH Biziriken lehenengo kanpaldiari, guztien artean herria "utzi ziguten egoera berean uzteko lanak" egin ostean.

"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"
2025-12-01 | Estitxu Eizagirre
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi... (+)
Azaroaren 29an Biriatun fruta arbolen ekitaldi berezia
2025-11-28 | Estitxu Eizagirre
Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen... (+)
Laborantza eta Iparraldea, aurtengo saridunetan nabarmenduak
2025-11-27 | Estitxu Eizagirre
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako... (+)
Utzi izaten, utzi pasatzen
2025-11-23 | Estitxu Eizagirre
Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko... (+)
Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metrora egin nahi duten Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte
2025-11-11 | Estitxu Eizagirre
Sos Sollube herri-plataformak Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako 3.000 herri alegaziotik gora aurkeztu ditu azaroaren 10ean Bilbon, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean. Grupo Arena enpresak... (+)
gora