Astelehenero 8:00etan zure epostan
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.
"Itzalaldiaren aurkako dekretua" izendatu dute sustatzaileek eta sare elektrikoa indartzea energia trantsizioa egiteko beharrezko zela, autokontsumoa ere sustatzen zuela eta gizartean aldekotasun handia zuela nabarmendu dute: hasi oligopolioa osatzen duten enpresa elektriko erraldoietatik, industriatik pasa (industriaren argindarraren fakturan murrizketak aurreikusten zituen dekretuak) eta erakunde ekologista handietara (Greenpeace, adibidez). Alde bozkatu dute PSOE, Sumar, ERC, EAJ, EH Bildu, Compromís eta Coalición Canariak.
Ezezkoa bozkatu dutenak Podemos, PP, Vox, Junts, BNG eta Chunta Aragonesista izan dira. Podemosek salatu du Gobernuak "oligopolioa babesten duela", apirilaren 28ko itzalaldia eragin zuten enpresen izenak ezkutatzen jarraitzen duela eta dekretuak ez diela enpresa horiei izan zuten arduragatik inolako zigorrik ezartzen eta ez diela etorkizunean berriz itzalaldirik gertatu ez dadin inolako ardurarik ezartzen. Gainerako alderdietan, legearen aurkakotasuna baino Gobernua estutzeko nahia gailendu ote den zalantzan jarri du prentsak. Oligopolioak eta industriak dekretuaren alde bozkatzeko presio handia egin dutela ahobilorik gabe aitortzen da (alderdi guztiei gutuna ere bidali zieten elektrikek) eta PPk horregatik iragarri duela, ezezkoa emateaz batera, bere proposamena aurkeztuko duela. Eldiario.es-en kronika honetan irakur daiteke alderdi bakoitzaren jarreraz.
Pedro Sanchez presidenteak iragarri du jarraituko duela dekretu bat onartzeko ekinean. Aurreko dekretuarekin (9/2924) berdin gertatu zela eta Gobernuak dekretu horretako neurriak martxan jartzeko bideak bilatu dituela irakur daiteke energiasrenovables webguneko artikulu honetan.
Espainiako Makroberriztagarriak Ez plataformak adierazi du 7/2025 dekretuak itzalaldia saihestetik "ezer ez" eta oligopolioa erreskatatzetik "asko" zuela (El País egunkariak berak "oxigeno baloi" gisa izendatua) eta "beste behin, herritarren poltsikoetatik" ordainduko zela. "Galiziako kideengatik pozten gara" dio plataformak, izan ere Galiziako Auzitegi Nagusiak ia 70 makroproiektu eoliko ditu kautelaz geldiaraziak, "ingurumenari eragin larria" egiteko arriskua dutela argudiatuta. Auzi honetaz bere epaia emango du Europako Auzitegiak abuztuaren 1ean.
Denbora faktore gakoa da makroberriztagarriak egiteko edo geldiarazteko disputan. Diputatuen Kongresuak atzera bota berri duen dekretuak denbora makroberriztagarrien alde jartzeko neurriak zituen: besteak beste, epaileek edo administrazioak kautelaz geldiarazitako proiektu horiei "izoztu" egiten zien proiektua eraikitzeko baimena lortzeko zuten epea. (Hemen irakur daitezke dekretuaren hainbat gako).
Makroberriztagarriak Ez plataformak nabarmendu du Galizian daudela egun baimenak lortzeko epea agortzear duten proiekturik gehienak eta hori dela "bertako kideek borondatez eta lan handiz 60 proiektu eoliko baino gehiago judizializatzeko egin duten ekinaren ondorioa". Gainerako lurraldeetan alegazioak eta errekurtsoak jartzen ari diren taldeei ere dekretu honek "lehenago edo geroago" eragingo ziela azaldu dute.
Denbora faktore garrantzitsua da, berriztagarriena burbuila bat dela uste dutenentzat, burbuilak, lehenago edo beranduago, lehertu egiten baitira. Denborak esango du burbuila bat zen edo ez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545