Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zaldibiako Goizane eraldaketa-gunean irekiko du ildo berria. Goierriko lehen sektoreko ekoizleen arteko lankidetzatik sortutako elkartea da Uztaola, eta helburuen artean ditu ekoizleentzako merkaturatze aukera berriak sortzea eta Goizaneko jarduera urte osora zabaltzea.
Guztira, zazpi produktu ekoizteko aukera abiatu dute Goizanen.
Urrian Ordizian (Gipuzkoa) ospatu zen Goierriko Hamabostaldi Ekologikoan aurkeztu zituen Uztaolak esku artean dituen proiektu berriak. Izan ere, produktu eraldatuen sorta berria martxan jartzen ari dira Zaldibian kokatuta dagoen Goizane eraldaketa-gunean. Sagar konpota, sagar gozoa, fruitu gorrien marmelada, kalabaza eta sagar chutneya, tomate saltsa, pistoa eta kalabaza purea egiteko aukera izango dute hemendik aurrera Uztaolako bazkide ekoizleek Zaldibiako Goizane eraldaketa-gunean.
Mirian Arrizabalaga baratzezain eta Uztaolako kidearen hitzetan, produktu horiek ekoizleen lehengaiei irteera berriak emateko aukera eskaintzen dute: "Soberakinak dauden garaietarako, edota ekoizpen garai zehatzetako bolumenak hobeto aprobetxatzeko, etxeko produktua eraldatzeko aukera ematen dio ekoizleari. Produktu horiek baldintza egokietan eraldatzeko aukera izango lukete Goizanen". Negu amaiera baratzezainentzako garai zaila izaten dela aipatu du, eta eskaintza osatzeko urte osoan jaten ditugun produktuak daudela lerro berri honen barruan. Ander del Rio ere baratzezaina eta Uztaolako kidea da, eta bera ere buru-belarri aritu da proiektu honen egikaritzean. Arrizabalagaren ildotik, Del Riok ere uste du ekoizleei produktua dibertsifikatzeko aukera eskaintzen diela proiektuak, irekitzen diela merkatu bat zeinean gaur egun eskaera badagoen.
Uztaolaren komunitate izaera
Del Riok balioan jarri du Uztaola elkartearen izaera kolektiboa: "Baserritarren elkarte bat da Uztaola. Badira ekoizle profesionalak, baina Goizaneko instalazioak auto-kontsumorako erabiltzen dituztenak ere badaude elkartean". Gisa honetako proiektuek ekoizleei abantailak eskaintzen dizkiela uste du Del Riok: "Batetik, eraldaketarako egin beharreko inbertsio handiak saihesten dira eta, bestetik burokraziaren pisua aritzen zaio baserritarrari, batez ere Osasun Sailaren betekizunei dagokionez". Hasierako urte haietan, ekoizleen saretze lanean, batik bat, Biolur elkartearen laguntza ere jaso zutela aipatu du Arrizabalagak eta Biziola kooperatibak ere bere sorreratik lagundu diela azpimarratu nahi izan du.
Momentu honetan Uztaolako batzordea berregituratzeko prozesu betean daudela aipatu du baratzezainak. Izan ere, orain arte ekoizleek soilik osatu dute Uztaolako batzordea, eta aitortu du denboraz larri ibiltzen direla elkarteak eskatzen dituen gestio guztiak egiteko. "Eraldaketa-gunean urte guztiko erabilpena bermatzea lortu nahiko genuke, eta proiektuak sendo irautea urteetan zehar", gaineratu du. Orain lortu duten diru-laguntzak aukera eman die lanardi partzialean bederen langile bat kontratatzeko.
Barnetik elikatzen
Produktu berriaren garapena Barnetik Elikatzen lankidetza-ekimenaren txapelpean gauzatu da, eta honako helburua du proiektu globalago honek: Goierriko lehen sektorea indartzea eta tokiko elikadura-sistema sendotzea, ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea eskualde ikuspegitik uztartuz. Egitasmoan parte hartzen ari dira Biziola, Goieki, Uggasa, eta Goimen Landa Garapen elkartea. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elikadura Misioaren finantzaketa jaso du proiektuak.
Goizane eraldaketa-gunea biziberritzen
Badira urteak ekoizle talde bat Goizane eraldaketa-guneari bizitza emateko lanean ari dela. Mirian Arrizabalaga Uztaolako kide eta ekoizlearen hitzetan, urte askoan aritu dira Goizanen produktu gehiago eraldatzeko aukerak ireki nahian. Hain zuzen, 2018an sortu zen Uztaola elkartea Goierrin, baserriko lehengaiak eraldatzeko helburuarekin. Kontatu duenez, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak Goizane eraikinaren beheko plantan hiru eraldaketa-gune sortzea bultzatu zuen; alde batetik, Erlezain elkarteak kudeatzen duen lerroa, bestetik, esne-lerroa, eta hirugarrenik, barazki eta fruituena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berriak proiektuarekiko erakutsi zuen "babes falta" zela medio, eraikinaren aktibazioa erdizka gelditu zela aipatu du Arrizabalagak, baina horrek ez zuen galarazi proiektua bere osotasunean etetea: "Zuku-lerroa jada erabiltzeko moduan zegoen aldaketa urte horretan eta bailarako ekoizle batzuek bultzatuta, sagar zuku-lerroa martxan jartzea lortu zen". Harrezkero, urte askoan egin dute sagar kanpaina zukua egiteko, edota zenbaitek muztioa etxera eramaten dute, ondoren sagardoa egiteko.
Arrizabalagak aipatu du urte askoan egon direla saiatzen beste produktu batzuk ere eraldatzeko aukerak irekitzen: "Ikusten genuen instalazioek bazituztela aukerak sagarraz aparte barazkiekin edo bestelako fruituekin elaborazioak egiteko". Del Riok ere ildo beretik hitz egin du: "Bere garaian aldundiak erosi zuen makineria eraldaketa-gunerako, baina gobernuan gertatu zen aldaketa politikoa tarteko, urte guzti hauetan makina asko geldirik egon dira". Orain jaso duten finantzazioari esker, makineria egokitzen aritu dira eta eraldatutako zazpi elikagai berri ekoizteko aukera martxan jarri dute, Elkolab eta Leartikerren laguntzarekin.
Ekoizle berriei irekita
Negu partean, baratzean lan egiteko baldintzak mugatuagoak diren sasoian, Uztaolako batzordea berregituratzeko lanetan murgilduko direla aipatu dute Del Riok eta Arrizabalagak: "Inguruko ekoizleei zabaldu genien inkestako erantzunak bildu, eta horren arabera proiektua koordinatzen joatea da asmoa. Era berean, bazkide berriei ateak irekitzen joatea nahiko genuke". Euskal Herri osoko ekoizleentzako zabalik daudela gaineratu dute: "Goierri aldeko ekoizle dezente daude, baina beste eskualdeetatik ere badatoz. Baita Bizkaia edota Arabatik ere".
Interesatuek uztaola@gmail.com helbidera idatzi dezakete, edota Biziolara edo Goimen landa garapen elkartera deitu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545