Maiatz luze, artoaren leze.

Amasamendi Bizirik taldeak herritarren 4.200 alegazio aurkeztu ditu, makroproiektu eolikoaren aurka

Amasamendi Bizirik taldeak herritarren 4.200 alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzan, Amasamendiko (Amasa-Villabona, Gipuzkoa) makroproiektu eolikoaren aurka. Lorpen hori autoantolakuntzari esker eta hilabeteetan egin duten lan "etengabeari" esker izan dela nabarmendu dute. Udalari oroitarazi diote badituela "hirigintza-mailako lanabes eskudunak", eta eskatu diote "erdibideko diskurtsoen atzean" ez ezkutatzeko eta "makroproiektua erabat gelditzeko".


2026ko azaroaren 26a
Amasamendi Bizirik taldea Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako egoitzan, azaroaren 24an, herritarren 4.200 sinadurak aurkezten.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Premier ESPF Renovables enpresak "Hernani I eta II" proiektua jarri nahi du Amasamendin. Horren baitan, 200 metroko bi aerosorgailu, bide-zabaltzeak eta goi-tentsioko linea eraiki nahi ditu. Amasamendi Bizirik taldeak oroitarazi du egitasmoak biodibertsitatean –bereziki babestutako hegazti eta saguzarrengan– zein ingurunean eragingo lituzkeen kalte "onartezinak" agerian geratu direla azterketa tekniko zein juridikoetan. Horretaz informatzen aritu dira taldekideak plazaz plaza Amasa-Villabonan, Urnietan, Andoainen, Hernanin nahiz inguruko herrietan. "Herritarrek hasieratik adierazi dute proiektu honekiko kontrakotasun borobila", taldekoen hitzetan, eta horren lekuko dira azaroaren 24n Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako ordezkaritzan aurkeztu dituzten 4.200 alegazioak.

Udalari eskabidea eta txosten juridikoa

Amasamendi Bizirik taldeak eskabide formal bat eta txosten juridikoa igorri dizkio Amasa-Villabonako Udalari, "koherentziaz jokatzea eta dituen eskumen guztiak baliatzea" eskatuz. Taldeak adierazi du proiektua "zuzenbidearen aurkakoa" dela," ez baitago aurreikusita Tolosaldeko Lurraldearen Plan Partzialean (LPP) ezta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (LPS) ere eta, beraz, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako aurreikuspenen aurkakoa da".

Ohartarazi du "legez kanpokoa" litzatekeela Villabonako Udalak parke eoliko bat eraikitzea aurreikusten duen Plan Berezi bat onartzea, LPPan aurreikusita ez dagoelako. Izan ere, taldeak oroitarazi duenez, "LPPak ez baditu jasotzen instalazio eolikoak ezartzeko beharrezkoak diren lurzoru-erresebak, Plan Bereziek ezin dute halakorik egin".

Era berean, oroitarazi du udalak eskumenak dituela gai honetan: "Udalak baditu bide juridiko eta hirigintza-mailako lanabes eskudunak eta horregatik, exijitzen diogu herritarren aurrean garbi jokatu eta dituen eskumen guztiak behingoz modu irmoan baliatu ditzala Amasamendiko makroproiektua erabat gelditzeko". Zehazki aipatu dute Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 11. artikulua, zeinaren arabera toki-erakundeek prozeduran parte hartu eta proiektuarekin ados dauden ala ez adierazi behar duten: "Une honetan uste dugu udalak aurka egin beharko lukeela, lurralde-antolamenduari eta haren araubide juridikoari buruz egiten diren kontsiderazioetan oinarrituta".

Udalari gardentasuna eskatu diote, zehazki, "proiektuaren bideragarritasunari buruz dauden txosten juridiko eta tekniko guztiak herritarren eskura jartzeko". Taldearen ustez, momentuak jarrera politiko "argia" eta konpromisoa eskatzen ditu: "Orain arte, udalak ez du garbi adierazi zeintzuk diren proiektu suntsitzaile hau gelditzeko dituen eskumen propioak, eta anbiguotasunez jokatu du. Ezin da gehiago erdibideko diskurtsoen atzean ezkutatu".

"Antolatzen, saretzen eta lurraren defentsan borrokan jarraituko dugu"

Amasamendi Bizirik taldeak Jaurlaritzan milaka alegazio aurkeztu izana ospatu du, baina iragarri du borrokan eta mobilizazioan jarraituko duela "proiektua behin-betiko gelditu arte".

Azpimarratu dute mehatxua ez dela hor amaitzen, eta gogora ekarri dute azaroaren 5ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) beste proiektu bat argitaratu zela, Zizurkil, Aia eta Usurbilgo lurretan bi aerosorgailu jartzea aurreikusten duena. "Horrek erakusten du berriro ere finantza-funtsek eta multinazionalek gure mendiak industrializatzeko eta trantsizio energetiko faltsuaren izenean etekin pribatuak handitzeko asmoa dutela". Natura eta ingurunea suntsitzea ez dutela onartuko berretsi dute, "ez Amasamendin, ez inon".

Gipuzkoako Ezkeltzu mendian bi haize errota jartzeko baimena eskatu diote Jaurlaritzari, bertan behera geratu zen proiektuaren eremu berean
2026-11-05 | Estitxu Eizagirre
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udalerriei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak "Aitz eta Andatz" izena jarri dion makroproiektuak. Bi haize errota jartzea da haren asmoa,... (+)
Urari buruzko mahai-inguruak, azoka, abereen eta etxaldeko lanen erakusketa... larunbatean Miarritzen
2026-11-02 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 21. aldiz antolatu du Lurrama, bertako laborantza herrikoiaren festa. Ura du aurtengo gaia eta Frantziako Ardèche da eskualde gonbidatua. Miarritzeko Irati gelan... (+)
Bertako arto barietateei buruzko jardunaldia Donostian
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango... (+)
EH Biziriken hitzaldi bira, "EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzeko
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute... (+)
Ongi-etorri, mantangorri
2026-10-19 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz... (+)
gora