Astelehenero 8:00etan zure epostan
Barroa parasitoari aurre egiteko tekniketan sakontzea izan da aurtengo jardunaldiaren helburu nagusia. EHUrekin lankidetzan antolatzen duten ekitaldian nazioarteko adituak eta bertako erlezain ugari elkartu dira.
Bertako erle beltza (2022)
Azaroaren 7an ‘Erleen hautespen eta genetika’ jardunaldia egin zuten Zaldibiako (Gipuzkoa) Goizane eraikinean. Erbel Erle Beltz Hazleen elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen duten jardunaldian, 50 erlezainek baino gehiagok parte hartu zuten. Antolatzaileek aipatu dute garai hauetan, gero eta zailagoa dela erlezain izatea: “Klima aldaketa, Asiako liztorra, barroa... erlezaintza ez dago batere ongi”. Horregatik uste dute beharrezkoa dela erlezainak elkartu eta jardunaldi hauekin egoerari aurre egiteko tresnak elkarbanatu eta trebatzen joatea.
Erbelen funtzioetako bat da bertako erle beltza selekzionatzen joatea egoera berri hauetara hobeto egokitzeko. Eta bide horretan EHUrekin elkarlanean ari dira. Izan ere, badituzte lauzpabost proiektu EHUrekin lankidetzan eta, hain zuzen, egin berri duten jardunaldian horien inguruan ere aritu dira. Bee Guards, UbeeO, edota Varroai programak dira, besteren artean, elkarrekin garatzen ari direnak. Europa mailan burutzen ari diren proiektuak dira aipatutakoak. Lehendabizikoak erlezaintzaren erresilientzia hobetzea bilatzen du, baita erleak eta beste polinizatzaileak babestea ere klima aldaketa, gaixotasun eta bestelako ingurugiro faktoreetatik. Beste bi proiektuak barroaren ingurukoak dira. Barroa erleen parasito den akaro txiki bat da, eta erlauntzetan barroasia izeneko gaixotasuna sortzen du, eta kalte handiak eragiten ditu taldearen biziraupenean.
Aurten barroa hizpide nagusi
Hain zuzen ere, barroari aurre egiteko tekniketan sakontzea izan da aurtengo jardunaldiaren helburu nagusia. Egoitz Galartza Erbeleko kideak aipatu duenez kezka handia dute erlezainek akaro honen inguruan, asko ahultzen dituelako erlauntzak. Jardunaldian teknika horietan sakondu dutela aipatu du; erleen artean nola garatu erresistentzia gehiago barroari aurre egiteko. Eta aurtengo ekitaldira Ralph Buechler ikerlari alemaniarra gonbidatu dute horretarako. Buechler-ek goi mailako bi hitzaldi eskaini zituen Goizanen: Hautespen metodo aproposak erlezain mota bakoitzarentzako eta Nola kontrolatu akaroak naturaren antzera. Galartzak aipatu duenez, “barroari aurre egiteko erresistentzia garatzen erleari nola lagundu diezaiokegun azaldu zigun adituak eta lorpen handia izan da guretzat maila honetako aditu batekin gure kezkak partekatzeko aukera izatea”.
50 bazkide inguru ari dira momentu hauetan Erbelen testuinguruan erle beltzaren aldeko lanean: “Badira erlezain txikiak, baita profesionalak ere”. Galartzak gaineratu duenez, guztien beharra dago polinizatzaile txiki horren biziraupenerako.
Ikusi Argiak Erbel elkarteari buruz 2023an argitaratutako erreportajea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545