Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hiru egunez mugitu dira garraio publikoa hartuta hainbat eskualdetan barrena. Gaur egun garraio publikoan mugitzea oztopoz beteriko erronka dela salatu dute eta beharrezkoa ikusten dute herrialde hau garraio-azpiegiturekin egituratzea, baina ez A eta B puntuak lotzeko soilik; baizik eta pertsonak eta herriak elkarren artean lotzeko ere bai.
Hiru egunez mugitu dira garraio publikoan eskualde batetik bestera.
Geltokika izenarekin, egungo mugikortasun ereduaz gogoeta egin eta garraio publikoan dauden hobetzekoak aldarrikatzeko bira egin berri du Jauzi Ekosozialak. Hiru egunez Hego Euskal Herrian zehar mugitu dira garraio publikoan eta hainbat eskualdetako herritar eta kolektiboekin topaketak egin dituzte mugikortasuna hizpide hartuta. Bizkaian Bilbo eta Iurreta, Gipuzkoan Zumaia eta Donostia, eta Araban Altsasu eta Gasteiz izan dira zeharkatu dituzten hiriak eta herriak.
Hiru eguneko biran izandako esperientziak kolektiboko kideen ustea berretsi du. Azaldu dutenez, garraio publikoan mugitzea oztopoz beteriko erronka da oraindik ere: "Euskal Herriko hainbat eremutara egunerokotasunean garraio publikoan iristea zaila eta konplexua da gaur egun ere".
Garraio publikoa erabilita hainbat eskualde bisitatu dituzte eta tokian tokiko hamaika eragile eta norbanakorekin elkartu dira, gaiaren inguruan gogoeta egiteko. Guztiak ados azaldu dira mugikortasuna Hego Euskal Herriko eskualdeak sakon zeharkatzen dituen gaia dela aipatzerakoan.
Honako ezaugarriak aipatu dituzte ideia horren inguruan: autoarekiko menpekotasuna landa-eremuan; garraio publikoaren desmantelamendua – Urolako trenaren desagerpena azpiegitura eta zerbitzuen galeraren adibide gisa– ; autoan oinarritutako hirigintza eredua; eta egungo azpiegituretan desinbertsioa –Donostia eta Gasteiz arteko tren-linea erabat ahaztutako sarea horren erakusle –.
Mugimenduko kideek salatu dutenez, autoaren ereduaren alde egiten jarraitzen da, eta ez da guztiontzako eredua: "Oso garestia da eta kutsatu egiten du. Garraioa da oraindik ere isuri gehien sortzen dituen eta energia gehien kontsumitzen duen sektorea, gehiena jatorri fosilekoa". Eta egiten duten salaketa haratago doa. Izan ere, beraien ustetan euskal erakundeek bide-azpiegituretan modu konpultsiboan inbertitzen jarraitzen dute: "Autobia eta saihesbide berriak egiten dituzte, eskari induzituaren bidez ibilgailu pribatuari leku gehiagotara iristea errazten diotenak, garraio publikoko inbertsioa alde batera utzita".
Euskal Herrian automobilgintzak duen pisuaz ere hausnartu dute hiru eguneko bidaian. Pertsonekin eta ekosistemekin lurralde justuago baterako trantsizioa abiatzearen beharraz mintzo dira, beti ere gaur egun automobilgintzan lan egiten duten milaka langileerentzako prekarietatea suposatu gabe.
Bisitatu dituzten eskualdeetako eragileen eskutik, honako aldarrikapen zehatzak jaso dituzte:
- Urolako trena berreskuratzea (haran oso bat eta bertako komunitatea mugikortasun-azpiegitura baten inguruan egituratzen zituena).
- Sakanan tren soziala defendatzen duten kideek eskatzen duten inbertsioa, AHTaren planteamendutik harago.
- Donostian Kalapie elkarteak eginak dituen proposamenak, mugikortasun aktiboagoa bultzatzeko azpiegiturak aldarrikatuz.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545