Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bilboko Udalak Profersa enpresaren itxierari data jarri dio eta sei hilabete barru amaituko du jarduera Zorrotzako ongarri kimikoen plantak. Aldiz, ondoan dagoen Sader enpresaren hondakin arriskutsuak tratatzeko plantak martxan jarraituko du oraingoz. Auzotarrek kutsadura maila kezkagarriak neurtu dituzte eta manifestaziora deitu dute abenduaren 1ean.
Bilboko auzotarren manifestazioa Sader eta Profersa enpresek dituzten planten aurka. Profersak itxiko du, baina Saderrek hor jarraituko du oraingoz.
Bilbon zenbait auzotako herritarrek manifestazio handi bat egin bezperetan sinatu du Bilboko Udalak akordioa Profersarekin, Zorrotzan duen ongarri kimikoen planta ixteko. Hala jakinarazi du udaleko Hirigintza zinegotzi Asier Abaunzak. Data ere jarri diote itxierari, sei hilabete barru, eta enpresak beste hamabi hilabete izango ditu eremua garbitzeko.
Akordioaren arabera, Profersaren jabe den Agaleus holdingak hiru milioi eurotik gora jasoko ditu kalte-ordain moduan eta Bilboko Udalak kopuru horren %60 jarriko du. Zorrotza Puntako lur horietan etxebizitzak egitea aurreikusi dute.
Auzotarrek urteak daramatzate protestak egiten eremu horretan Agaleusek dituen fabrikek eragiten dituzten arazo eta kutsaduragatik, eta Sader-Profersa kanpora! plataforma ere sortu dute.
Profersaren ongarri kimikoen plantaren ondoan, Sader enpresaren –hau ere Agaleus holdingarena– hondakin arriskutsuak tratatzeko planta dago, Espainiako Estatuko handienetakoa. Plataforma horrek berriki egindako txosten baten arabera –ARGIAn asteazken honetan eman dugu horren berri–, inguruko auzoetan metal astunen kutsadura maila oso altuak neurtu dira.
Baina, Saderren kasuan, udalak ez du hondakin arriskutsuen planta Zorrotzatik ateratzeko datarik eman. Agaleusek iaz baimena lortu zuen Zierbenan, Bilboko Portuko eremu batean, hondakin kopuru handiagoa tratatzeko beste planta bat eraikitzeko, eta 2031 urtera arteko epea dauka horretarako. Baina auzotarrak ez dira fio, horrek ez duelako holdinga behartzen Zorrotzako Saderren planta ixtera: "Argitaratutako ebazpen batek ere ez du jarduera uzteko datarik finkatzen”.
Abenduaren 1eko manifestazioak Ekologistak Martxanen, Facua kontsumitzaileen defentsarako elkartearen eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren babesa jaso du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545