Apirila euritsu, urtea kakatsu.

Kromoa, zinka, beruna… ikerketa batek metal astunen balio oso altuak neurtu ditu Bilboko auzoetan

San Inazio auzoan lau aldiz berun gehiago aurkitu dute eta Deustuko Erriberan ia lau aldiz zink gehiago. Auzotarrek CSIC erakundeari ikerketa agindu zioten eta azaroan publiko egindako Zer ari gara arnasten? txostenean aurreratu dituzte datuak. Saderrek hondakin arriskutsuak tratatzeko Zorrotzan duen plantarekin lotu dute kutsadura, Espainiako Estatuko handienetako bat, eta abenduaren 1ean manifestazioa deitu dute. Eusko Jaurlaritzak %38 hondakin gehiago tratatzeko baimena eman zion iaz enpresari.


2026ko azaroaren 25a
Sader enpresaren tratamendu planta, Zorrotzan, Bilbon.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Datu kezkagarriak agertzen ditu Sader-Profersa kanpora! plataformak argitaratu berri duen Zer ari gara arnasten? txostenak. Bilboko Zorrotza, San Inazio, Deustu, Deustuko Erribera eta Basurtuko auzotarrak biltzen ditu plataforma horrek, eta Zorrotzan Sader enpresak hondakin arriskutsuak tratatzeko duen planta ixteko borrokan ari da aspaldian. Abenduaren 1ean manifestazioa egingo dute Bilbon.

San Inazion, Espainiako Estatuko beste “hiri-inguru txarrenetan” baino lau aldiz berun gehiago neurtu dute, eta Deustuko Erriberan 3,7 aldiz zink gehiago. Aldea nabarmenagoa da laginak hartu dituzten hiriko beste eremuekin konparatuta

Saderren planta Espainiako Estatuko handienetako bat da, Bilboko hirigunearen erdian dago, Zorrotzan, eta bost ikastetxe ditu apenas 500 metrotara. 2025ean 79.593 tona hondakin arriskutsu tratatu zituzten bertan. Auzotarrek bi ikerketa egiteko agindu dituzte euren kabuz, bata airekoa eta bestea lurrekoa. Azkeneko hori CSICeko Pirinioetako Ekologia Institutuak egin du eta, besteak beste, kromoa, zinka, beruna eta antzeko metal astunen kopuru handiak atzeman dituzte lagunak hartu dituzten tokietan.

San Inazion, Espainiako Estatuko beste “hiri-inguru txarrenetan” baino lau aldiz berun gehiago neurtu dute, eta Deustuko Erriberan 3,7 aldiz zink gehiago. Aldea nabarmenagoa da laginak hartu dituzten hiriko beste eremuekin konparatuta: San Inaziok Bilbo Erdialdeak baino sei aldiz berun gehiago eta zazpi aldiz kromo gehiago jasotzen du.

Txostenean beste datu batzuk ere ematen dira. Esaterako, arreta jarri dute Saderren plantan tratatzen den kromo hexabalentean, biriketako minbizi-eragile zuzena baita. Zorrotzan material horren 2.000 tona tratatzeko baimena dute, nahiz eta iaz soilik 110 tratatu ziren; baina “arriskua garraioan, deskargan eta maneiuan dago”, diote.

Tratamendu plantaren inguruan ikastetxe ugari daude kilometro erdira, plataformak zabaldutako mapa honetan ikusten den moduan. Sader-Profersa kanpora

%38 hiri hondakin gehiagorako baimena

Plataformak aurreko urteetan Saderren plantan izandako zenbait irregulartasun azpimarratu ditu, tratatu beharreko hondakin kopuruekin zerikusia dutenak.

Ingurumen baimenaren arabera, enpresak 79.140 tona hondakin arriskutsu tratatu zitzakeen gehienez, baina 2022 eta 2023 urteetan kopuru hori gainditu zuen, Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik Eusko Legebiltzarrean emandako datuen arabera: 2022an 86.327 tona eta 2023an 80.117 tona. Ikuskaritzak 2024an instalazioak bisitatu zituenean ez zuen irregulartasunik ikusi, eta ez zion enpresari espedienterik ireki, azken honen arabera.

Baimendutako kopurua bi urtez jarraian gainditu eta gero, Eusko Jaurlaritzak 2025eko martxoan erabaki zuen Saderri muga hori %38 handitzea. Hala, enpresak 108.500 tona hondakin arriskutsu tratatzeko baimena du orain.

Baimendutako kopurua bi urtez jarraian gainditu eta gero, Eusko Jaurlaritzak 2025eko martxoan erabaki zuen Saderri muga hori %38 handitzea. Hala, enpresak 108.500 tona hondakin arriskutsu tratatzeko baimena du orain. Auzokideek salatu dute erabaki hori azterketarik egin gabe hartu duela Jaurlaritzak, eta ez dietela alegaziorik jartzeko aukerarik ere eman; EAEko Arartekoarengana  jo dute, hori dela-eta.

Azterketa epidemiologiko publiko baten falta, aire kutsadura neurtzen duten gaur egungo estazioek huts egiten dutela, kaian atzemandako amianto aztarnen aurrean erakundeek ezer ez egitea, Zubietako errauskailuaren lixibiatuak jasotzea… asko dira auzotarrek mahai gainean jarri dituzten kexak.

Plantaren eraikina egoera kaxkarrean dagoela ere salatu dute, berrogei urteren ondoren. Irudian, teilatu zatiak erorira. Sader-Profersa kanpora

Holding boteretsu bateko ate birakariak

Sader enpresa 1986an sortu zen, Agaleus holdingaren parte da eta Fernández sendiaren eskutan dago. Txostenean erakunde publikoetako karguen eta enpresa horien jabeen arteko loturak ere azaldu dituzte. 

Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko aholkulari eta Ihobeko presidente ohi Xabier Caño González abokatua, 2009tik Saderreko organoetan egon izan da eta iazko urtera arte Agaleuseko kontseilari delegatu zen. Angela Fernández Alonso, berriz, Agaleuseko kontseilari delegatua izateaz gain, CEBEKeko lehendakariordea eta industria kimikoko patronaleko burua da.

“Txosten honek ez du esaten inork deliturik egin duenik. Beste zerbait dio, egiaztagarria: Sader-i buruzko erabakiak (...) rolak gurutzatzen diren ingurune batean hartu direla, eta ia bat ere ez dela jendaurrean azaldu”

Agaleusi hondakinak tratatzeko beste planta bat irekitzeko baimena eman dio duela gutxi Jaurlaritzak, Zierbenan, Bilboko Portuan. 144.500 tona hartzeko gaitasuna izango luke beste planta horrek, eta Zorrotzako planta "ixtea” ekarriko luke, administrazioaren esanetan. Baina Sader-Profesa kanpora!-k ohartarazi du Zierbenako plantaren baimenak ez duela Zorrotzakoa ixtera behartzen: “Argitaratutako ebazpen batek ere ez du jarduera uzteko datarik finkatzen”.

Plataformaren txostenean zalantzan jartzen dira Bilboko Udalak, Jaurlaritzak zein Bizkaiko Aldundiak enpresarekin egin dituzten hitzarmenak eta hartu dituzten erabakiak, dela lurzorua erabiltzeko, baimenak emateko edo kutsadura neurtzeko: “Txosten honek ez du esaten inork deliturik egin duenik. Beste zerbait dio, egiaztagarria: Sader-i buruzko erabakiak arautzailearen, araututakoaren, bezeroaren eta sektoreko solaskidearen rolak gurutzatzen diren ingurune batean hartu direla, eta ia bat ere ez dela jendaurrean azaldu”, diote.

Abenduaren 1ean manifestazioa

Hurrengo asteartean, abenduak 1, manifestazioa antolatu du Sader-Profesa kanpora! plataformak, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Gran Vian duen egoitzatik hasi eta udaletxeraino, arratsaldeko 18:30ean, Leihoak ireki nahi ditugu lelopean.

Mobilizazioa Ekologistak Martxanek, Facua kontsumitzaileen defentsarako elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak babestu dute, besteak beste.

Duela 31.500 urteko haitzuloetako lehoi gazte baten eskeleto osoa aurkitu dute Mendaron
2026-11-04 | Urko Apaolaza Avila
2023an topatu zuen hezurdura Burumendi espeleologia taldeak, eta asteartean aurkeztu dute jendaurrean, Irungo (Gipuzkoa) Gordailuan. Aurkikuntzak lagunduko du historiaurreko halako animalia espezie handien garapena zein... (+)
Iturriozko Anttoni (1980)
2026-10-25 | Urko Apaolaza Avila
Kamino zatar batetik kotxea poliki gidatuta. Halaxe iritsi ziren Zeruko Argia-ko Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi Ataungo baserriraino, norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen... (+)
Lezoko intermodalak XV. mendeko bi baserri bota eta landa lurrak artifizializatuko dituela salatu du Eguzkik
2026-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Pasaiako portua eta AHT lotuko lituzkeen Lezoko (Gipuzkoa) plataforma logistiko edo terminal intermodalari buruzko informazio azterketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Gaintxurizketako... (+)
Datu zentroak: egia lurraldean bizi da
2026-09-22 | Urko Apaolaza Avila
Argentinan, herrialdearen egoeraz hitz egiten hasi orduko, izen bat agertu ohi da denen ahotan: Peter Thiel. Palantir AEBetako teknologia multinazionalaren milioiduna Casa Rosadara iritsi zen... (+)
gora