Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txikia da putzua; putzu-zulo deitzeko modukoa. Baina bere txikitasunean badu garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hezegune txikiak edo mikrohezeguneak espezie askoren bizileku baitira, ugaltzeko toki, babesleku edo elikatzeko edota egarria asetzeko gune.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Anfibioa.
NEURRIA: 8,5 cm baino txikiagoa, isatsa barne.
NON BIZI DA? Hezeguneetan eta basoetan.
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Horregatik, mendiko pistetatik barrena bazoaz eta putzu txikirik aurkitzen baduzu edota ur-askaren bat topatzen baduzu, ez galdu aukera: gelditu eta behatu. Zorte pixka batekin, uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) aurkitzeko parada izango duzu, eta ondo begiratuta, zorte gehiagorekin, ur azpiko diskotekan barneratuko zara: uretan dantzan! Uretan dantzan!
Uhandre palmatuak ugaltzera putzuetara joaten baitira, eta nolabait erakarri beharreko lan horietan… arrak bere dohain guztiak jartzen ditu martxan. Ugal garaia izanik, gandor txiki bat garatuko du bizkarraldean, eta hari fin antzeko bat isatsaren puntan. Atzeko hanketako hatzak, bestalde, mintz mehe batez lotuko dira, ahate baten hanken gisara, oin palmatuak sortuz. Hortik izena: uhandre palmatua. Emeak ez ditu ez gandorra, ez haria ezta hanka palmatuak ere garatuko. Eta dantzatzeko ere… mugitu dadila arra, zer demonio!
Ur azpiko jolasa izaten da uhandre palmatuarena. Putzu barneko lurzoruan, arra emearengana gerturatzen da. Izan ere, uhandre palmatuetan arra izan ohi da dantzarako intentzioa eta mugimendua jartzen dituena. Emea begira ariko da. Arrak, emearen aldamenean jarri eta, isatsa bihurrituko du. Eta bat batean, astintzen ere hasiko da, abiada bizian, ur azpiko buztan dantza berezian. Eta ez du etsiko, gelditu eta hasi, gelditu eta jarrai. Uretan dantzan!
Uhandre palmatuak otsailean egiten du uretarako joera. Aurretik lehorreko fasean izaten da, azal lakarragoarekin, ezkutatuta. Ondoren, azala bera ere findu egingo zaio, eta putzura sartuko da, ugal garaiko gorputz aldaketekin. Otsaila dela garaia diogu, baina azken urteetan udazkenean ere ikusten hasiak gara uhandre palmatuak uretan. Datuak bildu beharrekoak dira, klima aldaketa joerak aldatzen ari ote den ikusteko ez ezik, baita frogatzeko ere.
Uhandre palmatua espezie nahiko arrunta da Euskal Herrian. Banaketa zabala du eta ez da oso zorrotza bizileku eskaeraren aldetik. Mota guztietako putzuetan aurkituko dugu eta askotan, dentsitate nahiko altuetan.
Kuriosoa da, ordea, Hernani (Gipuzkoa) aldean egindako izen-bilketetatik ateratako ondorioa. Izan ere, uhandre palmatua ezagutzea auzoka doala dirudi: hernaniar askorentzat uhandre palmatua “arrobiyua” da. Batez ere, benetako arrabioa (Salamandra salamandra) ez dagoen tokiko biztanleentzat. Alegia, herri berean izen bera bi animalientzat erabiltzen da, eta horrek nahasdurak ere ekarri ditu. Hernaniko Jauregi auzoan “emakumeak larri ibiltzen ziren, ikaratuta, arropa garbitzera joanda”, esan ziguten. Ur-askara joaten ziren gobara egitera emakumeak eta, bertan "arrobiyua" topatu: uhandre palmatua, alegia! Haiek, ordea, "arrobiyuak" pozoia zuela entzungo zuten non edo non, eta arrabio arruntaren fama txarra uhandreari pasa!
Kontuak kontu, anfibio txiki honek zaila izango du oharkabean igarotzen, zientzialariak ere begira baititu. Bere osasun maila aztertuta, eukaliptoek anfibioengan duten eragina aztertzen arituak dira, esaterako, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak. Eta kaltea eragiten diola ondorioztatu dute. Eukaliptoek askatzen dituzten substantziek hartzen baitute zuhaiztipeko putzua, eta bertan uhandrea egonez gero, ahuldu egiten omen du, bere ugal-ezaugarrietan ere eraginez. Uretan dantzan jarraitu beharko du uhandreak baina, arren trajea ez omen da hain ederra jada landaketa horien eraginpean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545