Astelehenero 8:00etan zure epostan
Belar motz artean sumatu da mugimendua. Ez da jarraia, ez da bortitza. Sugandila bizierrulea mantso doa aurrera, isiltasunean. Oharkabean. Gorputz osoa sigi-saga mugituz, belar arteko mundua infinitua da tamaina txikiko sugandila batentzat, baina berak badaki non dagoen. Hori da bere habitata. Bere bizilekua.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 4,1-6,4 cm isatsik gabe.
NON BIZI DA? Belardi hezeetan eta lintzuretan.
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Espainiako Estatuan babestuta.
Sugandila bizierruleak belardi hezeak ditu gustuko. Gune putzutuak, edota iratzedi eta basoen ertzetako gune irekiak. Hezetasuna eta tenperatura baxuak onartzen dituen espeziea da. Txikia eta gogorra.
Baina sugandila bizierrulea, batez ere, lintzuretako lurzoru irregularrean mugituko da eroso. Belarrak eta putzu txikiek osatzen duten sare aldakorrean. Eta ez du zalantzarik egingo. Arriskua ikusiz gero, salto egingo du uretara. Plaxt!
Hasi zirkulu polar artikotik eta Iberiar penintsula iparralderaino zabaltzen den sugandila da. Lapurdin, Baxenafarroan zein Zuberoan; Gipuzkoa eta Bizkaia ia osoan topa daiteke, baita Nafarroa iparraldean eta Araba ipar-mendebaldean ere. Ezin esan, beraz, sugandila bizierrulea arrunta ez denik, baina… sekula ikusi ote duzun galdetuta… jakingo al zenuke erantzuten?
Izan ere, arestian esan bezala, sugandila bizierrulea oharkabean igaroko da zure bizitzan. 41 eta 64 milimetro arteko tamainakoa da, isatsa kontuan izan gabe. Arre kolorekoa izan ohi da heldutan, eta kumea denean, ilun samarra; kasu batzuetan, baita beltza ere. Muturra borobildua du, eta emeek batez ere, bizkarrean marra nabarmenak dituzte normalean, atzetik aurrera doazenak, ondo markatuak. Herritar arruntarentzat sugandila normal bat da. Baina nork esan du normaltasuna gauza txarra denik?
Izan ere, bere zuhurtziaren barruan, sugandila bizierruleak baditu sekretuak ere. Sabelaldea zuria izaten du batzuetan, puntu edo orban beltzekin pintatua. Baina… noizbehinka koloreari ere emango dio lekua bere bizitzan eta sabel hori edo laranja ederra ere izan dezake. Soilik hark nahi duenari erakusteko…
Bizierrulea abizena ere jarri zaio bere izenari, populazio batzuk hala direlako. Kumeak zuzenean izaten dituzte, arrautzetatik jaio gabe. Beste batzuk, ordea, arrautzetatik jaiotzen dira. Eboluzioaren sekretuak…
Asturiasen egindako ikerketa baten arabera, 57 ale ikertu ostean, 270 harrapakin identifikatu dira, sugandilaren jakiaren parte izango direnak. Horien herena, armiarmak. Gainontzekoak, ornogabe txikiak. Baina bera ere bada jaki beste askorentzat. Hainbat suge espezie eta hegazti saiatuko dira hura harrapatzen belar artean.
Sugandila bizierrulea otsailetik urrira arte ikusi ahal izango da eta 4ºC-tan aktibo egoteko gaitasuna du. Horri esker, ez ditu bero handiak beharko egunari ekiteko, eta Europan gora, lurralde hotzetan ere bizi ahal izango du, beste sugandilekin konpetentzian ibili behar gabe.
Udazken hasiera da Urumea bailaran (Gipuzkoa eta Nafarroa). Hezetasuna saturazio mailaraino dago igoa. Euri-langarra ari du eta tenperaturak ez dira oso beroak. Bailaran barrena noa, errekasto baten aldamenean, basoaren ertzeko bidetik. Narrasti guztiak ezkutatuta daude haien gordelekuetan. Aurrera noan heinean, alabaina, tamaina txikiko sugandilak ikusten ditut batean eta bestean, pistak eta belarrak osatzen duten ekotonoan. Sugandila bizierrulearen eguna da. Gaur ez du areriorik. Hezetasunean eta hotzean, berea da narrastien mundua. Bakoitza bere bidetik doa. Isiltasunean, baina ez oharkabean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545