Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gorputzeko ezkatak kolore berde bizikoak ditu; biziak eta deigarriak. Eta horiekin nahasten dira, sare bat osatuko balute bezala, orban beltzak, bizkar osoan zehar. Gizakiaren begietara gardatxoa gardatxo egiten duena, ordea, saihetsean aurkituko dugu. Bertan, lerrokatuta, biribil formako ozelo urdin ederrak ageri dira. Berde bizia, beltza eta urdina. Gardatxoa jantzi eleganteko muskerra denik ezin ukatuko dugu, beraz.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 242 mm isatsik gabe eta 754,5 mm isatsa barne, gehienez.
NON BIZI DA? Gune lehorretan. Eremu harritsuetan, landaretzarekin.
ZER JATEN DU? Ornodun txikiak batez ere, eta tamaina txikiko ugaztunak, narrastiak eta hegaztiak.
BABES MAILA: Interes bereziko izendatua EAEn.
Trajea, baina, txikitatik zaintzen du musker honek, eta gazteak direnean ere ez dira gutxiago izaten: ozelo urdinak eta zurixkak, eraztun beltzez inguratuak, gorputz osoan zehar dituzte sakabanatuta, eta gorputzaren kolorea uniformea izan ohi da, orban biribilak are eta nabarmenago dituela.
Gardatxoa bero zalea eta lehor zalea da. Horregatik, Euskal Herrian, eremu mediterraneoan aurkituko dugu, Araba eta Nafarroa hegoaldean, batez ere. Ipar Euskal Herrian ere, muga-mugan dute animalia hau. Izan ere, Landetako (Frantzia) kostaldean gardatxo populazioak aurkitu daitezke, dunen atzealdeko landaretza artean. Iberiar penintsulan oso zabaldua dagoen espezie hau, Frantziako kostalde atlantikoan eta mediterraneoan gora igotzen da pixka bat. Mediterraneoan, Italiara ere iritsi arte.
Gorputz berdeari esker, oharkabean igaroko da landaretza artean, baina harri edo arroka artean azaltzen denean, arreta deitu ohi du. Eta hori bera da musker honek maite duen bizitokia: harkaitzez eta landaretzaz osaturiko guneak ditu gustuko. Hala, harri handien azpian ezkutatu ohi da maiz, gaua igarotzeko edota bero handiko orduetan, atseden hartzeko. Tamaina txikiko landaretzaren artean ere aurkituko dugu, ordea. Berdea berdean ezkutatuko da, kontrarioen begietara.
Baina gardatxoak nabarmentzeko ezer badu, hori bere tamaina da. Euskal Herriko muskerrik handienaren domina ezin kenduko dio inork. Europakoa ere izan zen garai batean, baina azken urteetako ikerketa genetikoek Sierra Nevadako gardatxoa eta gure gardatxoa bi espezie direla erabaki dute, eta handienaren titulua Sierra Nevadan gelditu da. Europako zilarrezko dominarekin konformatu behar.
Euskal Herrian, alabaina, pozik egoteko motiboak baditugu gardatxoarekin. Izan ere, azken urteetan, ezagutzen ez zen populazio bat aurkitu da, Gipuzkoan, Araotzen (Oñati). Lurralde horretan aurkitu den lehen populazioa da, eta oraingoz, bakarra. Araotzeko kareharrizko horma lehorren artean eta Arabatik gertu, gardatxoak bere bizitokia aurkitu du, baina hori gutxi balitz, oso gune interesgarri bat ere azaldu da ikertzaileen begietara. Izan ere, Araotzeko pareta zaharretan Euskal Herriko hiru muskerrak bizi dira batera: musker berdea, Schreiber muskerra eta gardatxoa. Kontatu genuen argia.eus webgunean dagoen artikulu honetan: Hiru muskerren topaleku bakarra. Laborategi natural bikaina dago bertan, beraz, hiru espezieen beharrizanak aztertzeko eta zergatik ez, klima aldaketaren eraginak muskerren jarraipena eginez neurtzeko.
Adi egon beharko dugu, beraz, datozen urteetan gardatxoak hartzen duen bidearekin. Bere pausuak jarraituta, agian, klima aldaketaren norabidea ere ikusteko aukera izango baitugu...
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545