Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala.

Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean

Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak animalia ektotermoak dira eta beroa behar izaten dute haien gorputza martxan jartzeko. Hori egiteko, ordea, modu asko daude. Egunez eguzkia hartzea aukeretako bat baino ez da.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko uztailaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Hegoaldeko suge leuna Coronella girondica

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 60 cm gehienez.
NON BIZI DA? Leku egutera eta harritsuetan.
ZER JATEN DU? Sugandilazale amorratua da. 
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) tamaina txikiko sugea da, eta horrek baditu bere abantailak: ez du bero handirik behar gorputzeko tenperatura igotzeko. Horri, ordea, gehitzen dio beste ezaugarri bat: egutera zalea da, eta beraz, gune eguzkitsuetan egon ohi da.

Gorputz txikikoa, leku eguzkitsuak maite dituena eta… harrizale amorratua da. Landaretza gutxiko eremuetan, harri asko dagoen lekuan topatuko dugu maiz hegoaldeko suge leuna. Hala, ezaugarri horiek guztiak josita, sortzen du traje eder bat, beste sugeetatik bereiziko duena. Hegoaldeko suge leunak egunez hartzen du behar duen beroa, baina harrien behealdean ezkutatuta. Tigmotermoa da. Harria berotu egingo du eguzkiak, eta berak, azpian gordeta, bero hori jasoko du, harritik. Behin berotuta, gaua gerturatzen denean, ilunbistan, aterako da ezkutalekutik, eta orduan… jarriko da martxan. Suge ehiztaria ilunpean.

Kuriosoa da kontua: suge leunak egunez aktibo dauden harrapakinak jaten ditu. Sugandilazale amorratua da, baina jan ditzake musker txikiak edo ugaztunak ere. Guztiak egunez mugitzen diren animaliak. Gauez ehizatzen badu, nola jaten ditu eguneko animaliak?

Gorputz txikia eta mehea du hegoaldeko suge leunak. Marroixka edo gorrizta, gris antzekoa ere izan daitekeena batzuetan. Horrek lagunduko dio harri artean ezkutatzen, zirrikitu txikienetatik barrena ere sartzen eta hala, gauez animalia guztiak harri azpietan edo harkaitzetako edo hormetako zirrikituetan ezkutatuta daudenean, suge leunak bere arma erabiltzen du. Ilunpean aterako da ehizatzera eta hor harrapatuko ditu guztiak lo antzean, harrien babesean.

Hegoaldeko suge leunak badu lehengusu bat, hura ere Coronella generokoa: iparraldeko suge leuna. Antzekoak dira oso biak, baina ezkata batzuen formak edo kantitateak ezberdintzen ditu, baita sabelaldeak ere: hegoaldekoak xake taula baten itxurakoa du; iparraldekoak, beltza.

Muskerzalea da, bai, eta sugea txikia izanik, muskerrak ere tamaina txikikoak jango dituela pentsa daiteke… baina… usteak erdia ustel! Europa osoan hiru lekutan aurkitu izan dira hegoaldeko suge leunak musker helduak jaten, hiru horietatik bi, Euskal Herrian. Bata Amurrion, 2012an, eta bestea Goizuetan, 2020an. Ahoa zabal-zabal eginda, bera baino askoz lodiagoa den muskerra burutik harrapatuta eta irentsi nahian. Irudiak ikusgarriak dira (Zu hobeto jateko! hura dakarkigute gogora).

Ezkutuan ibili ohi denez, ez da oso ezaguna izan Euskal Herrian. Izenik ere ez zaio jarri aldaera ezberdinetan, eta nahastu izan da sugegorri gaztearekin. Hegoaldeko suge leuna, ordea, ez da pozoitsua, ezta arriskutsua ere. Gure biodibertsitatearen pieza txiki bat gehiago baino ez da ornodun berezi hau, besteak baino gehiago edo gutxiago balio ez duena, baina era berean, sare konplexu horren barruan bere garrantzia duena.

Hala, beste behin, agerian gelditzen da sugeak ezagutzeko eta hobeto ulertzeko beharra. Horrek ekarriko baitu errespetatzen dituen eta liluraz begiratuko dituen gizarte berri bat eraikitzea.

Euskal Herriko muskerrik handiena
2025-05-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Gorputzeko ezkatak kolore berde bizikoak ditu; biziak eta deigarriak. Eta horiekin nahasten dira, sare bat osatuko balute bezala, orban beltzak, bizkar osoan zehar. Gizakiaren begietara... (+)
Suge arrantzalea, errekan barrena
2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek... (+)
Gaueko kantari bakartia
2025-02-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek... (+)
Hotza maite duen igela
2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina... (+)
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”
2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe,... (+)
gora