Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bada zerbait zientzialari oro pozten duena: buruan dituen galderen erantzunak aurkitzea.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Anfibioa.
NEURRIA: 3,5-5,5 cm.
NON BIZI DA? Pirinio hegoaldeko errekastoetan.
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Mundu mailan “arriskuan” izendatua.
Erantzun batzuk denbora gutxian etortzen dira. Beste batzuek urteak behar dituzte ikerketak egin eta emaitzak jasotzeko. Badira beste batzuk, ordea, erantzunik gabe jarraitzen dutenak eta jarraituko dutenak denbora luzez. Galdera horiei esker, eta horien atzetik, jarraitzen du zientziaren gurpilak aurrera egiten. Eta hala, bizitzak gordetzen dituen misterioak azaleratzen goazen heinean, hasten dira galdera berriak sortzen, akaberarik gabeko galdera ikur infinitu ederrez osatua baitago gure ingurua.
Galdera ikur horietako batek anfibio eta narrastietan adituak diren herpetologoen burua astintzen zuen duela 50 urte. Iberiar penintsulan hiru baso-igel espezie ezagutzen ziren orduan; baina Pirinioetako erreketan bizi ziren baso-igelekin ezin asmatu zebiltzan. Ezberdinak ziren gorputzaren ezaugarrietan, baina, Pirinioetan bizita, bertako baldintzetara moldatzearen ondorio izan zitezkeen horiek. Beraz, Pirinioetan bizi ziren baso-igelak zein espezietakoak ziren?
Baso-igel gorriak eta baso-igel jauzkariak ur-putzuak dituzte gustuko, eta aurrenekoa Pirinioetan bazegoela nahiko argi zegoen. Iberiar penintsulan, ordea, bada beste espezie bat, baso-igel iberiarra, ur-putzu geldoetan baino, erreketan egiten duena bizia. Pirinioetako erreka batzuetan ere, baso-igel txikiak ikusten zituztela eta, erantzunak nahiko sinplea ematen zuen: Pirinioetako erreketako baso-igelek baso-igel iberiarrak behar zuten izan. Usteak, ordea, erdia ustel.
1990ean, Jordi Serra-Cobo ikertzaileak Ordesa eta Monte Perdidoko Parke Nazionalean ikerketa bat jarri zuen martxan, eta bertan, baso-igel berezi bat aurkitu zuen. Erreketako baso-igel bat. Hiru urtetako ikerketaren ostean, herpetologiaren munduak berri pozgarria jaso zuen. Serra-Cobok aurkiturikoa espezie berri bat zen: baso-igel piriniotarra (Rana pyrenaica). Beste ornodun bat zientziarako, noiz eta XXI. mendea ate joka zegoela!
Huescan egindako aurkikuntzaren ostean, martxan jarri ziren ikertzaileak. Hurrengo urtean, jada, Nafarroan aurkitu zen igela. Euskal Herriak beste ornodun espezie bat zuen, beraz. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute Iratiko oihanean eta Erronkariko bailaran dagoela. Baita Ebrora urak isurtzen dituzten Euskal Herri iparraldeko bailara batzuetan ere.
Baso-igel piriniotarra harribitxi bat da Pirinioetako erreketan. Izan ere, bere banaketa 2.000 km2 eskasekoa baino ez da mundu osoan, eta dagoen eremuan, erreka batzuetan baino ez da aurkitu. Pirinio hegoaldeko erreka harritsuak ditu gustuko, ondo oxigenatuak, ur-lasterrak eta putzuak nahasten direnak. Otsaila amaieratik urri-azarora bitartean egongo da aktibo espeziea, lekuaren klimatologiaren arabera. Ugal garaia, otsaila eta maiatza artean izango da eta arrautzak errekako harriei itsatsiak jarriko dituzte, ur-putzuetan. Bere txikitasunean, bizirauteko erronkak ez dira txikiak, eta aurre egin beharko die mendiko erreken ur gorabeherei, harrien mugimendu eta erorketa ohikoei eta negu gogorrei. Horretarako, ikusi da eboluzioan zehar hainbat estrategia garatu dituela.
Arestian esan bezala, ordea, baso-igel piriniotarra ezagutu izanak, galdera gehiago ere sortu ditu. Bere jarrera, biologiaren hainbat aspektu eta dieta ere ez dira ezagunak eta ikerketa gehiagoren beharra dago galdera horiei erantzuna emateko.
Ikerketa genetikoek adierazi dutenaren arabera, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko populazioak eta ekialderago aurkitzen direnak genetikoki ondo bereizten dira, eta bien arteko konexiorik apenas dagoela edo ez dagoela erakutsi dute. Baso-igel piriniotarrak dituen mehatxuak asko dira. Klima aldaketa, habitat suntsiketa, gaixotasun berriak… txikitasunean ezkutatuta mendeak igaro dituen igel honek bere handitasuna atera beharko du gizakiak ekarri dizkion arriskuei aurre egiteko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545