San Mark, arthorik baduk, lurrerat emak.

Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna

Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko berealdiko uzta gaindituko dela.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko martxoaren 09a
Astalikardua (Silybum marianum).
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nafarroan laboreenak dira nekazaritza estentsiboko lursail nagusiak. Hego muturreko Nafarroa lehorrean, azienda gizentzeko eta garagardoa egiteko garagarra lantzen da (Hordeum distichon), sail horien %60; iparralderagoko sailetan, ogitarako gari arrunta (Triticum aestivum), %32; gainontzekoa oloa (Avena sativa), ilarra (Pisum sativum), ekilorea (Helianthus annuus), koltza (Brassica napus var. oleifera), txirta (Vicia sativa) eta zuhain baba (Vicia fava) dira.

Ogia, okela eta garagardoa dira amaigabeko lur zelai horien mozkinak. Baina ez bakarrak. Garai batean, labore sailetan mitxoleta gorri ikusgarria (Papaver rhoeas) eta bestelako loreak nahasita ikusten baziren ere, orain oso zaila da laborea bera ez den landarerik tartean antzematea. Haziak ondo bereizteak, beste landareenik gabe, eta herbizida gupidarik gabe dantzatzeak ekarri dute labore basamortu berde-berde eta gero hori-urre huts aratzak izatea. Zenbaitentzat, artelan begiragarri bat dira: berde bakar bat mugarritik mugarrirako soro poligonal irregularretan. Bukaeraren hasiera dira, bioaniztasun urrienaren azalpen garbia. Bioaniztasuna ez, biobakuntasuna, edo biosinpletasuna, edo biourritasuna, edo bioeza.

Garitzak eta bestelako laboretzak aniztasun polita zuten, bai. Eta sorotzar horiek lantzerakoan ez zen ale soila izaten buruan. Uzta biltzerakoan lastoa ahalik eta osoena eta garbiena mozten zen. Lastoa mozkin garrantzitsua zen: lastola edo lastetxea eraikitzeko, lotarako lastaira edo lasta-zorroa egiteko, lastargi edo lasto-zuzien argia izateko, lasta-saskiak josteko eta abar. Lastoa moztean, soroan geratzen zen uztondoa, galtzondoa, galtzuondoa, galondoa edo galtzua, gero artalde eta ahuntz-sailtxoen ahogozagarri eta negugozagarri izango zena. Larrainean lastoa bera eta alea bereizterakoan geratzen zen ahotz, lasto xehe edo auka, erregai bikaina ziren artisautza lan jakin batzuetan, adibidez. Eta alea ehotzerakoan sortuko diren zahia, gari mintza eta galahotza jaki ederrak dira aziendarentzat, baita gure ogia belztu eta integrala edo irin osokoa delakoan saltzeko ere.

Gariarekin batera, baina, bizi ohi dira beste landare batzuk ere; bat aipatzekotan, basatxintxila, xinglia, apo-ilarra edo aramu-belarra esaten zaiona (Vicia lutea). Txirtaren genero berekoa da, lekaduna denez lurra aberasten duena eta aziendarentzat jaki paregabea, alpapa (Medicago sativa) edo pagotxaren parekoa (Trifolium incarnatum). Labore sailetan tartean sortzen zen, eta gero lastoarekin batera geratzen; lasto hura bai jaki nahasketa bikaina, eta, garai batean ukuiluetan egiten zen eran, orain puri-puri dagoen arbiburu txikituarekin nahasita emanez gero, gutizia behi mokofinenarentzat. Hau idaztean, sudur-mintzaren puntan dut umetan nahasketa hori prestatzen genueneko usaina, ummm.

Horixe bera, hortzak izerditan jartzeko modukoa da garitza bazterretan sortzen den astalikardu, astakardu edo astakarloa (Silybum marianum). Kardu handia da, eta hosto berde-urdinetan duen armiarma sare marrazki zuriak nabarmena egiten du. Bilatu eta topatutakoan, eskularru gogorrekin heldu hostoari eta ertzak kenduta egin kosk orri-mamiari. Esango didazu. Cynara cardunculus, Nafarroako hego muturreko baratzeetan lantzen den kardu arruntaren inbidiarik ez du.

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora