Astelehenero 8:00etan zure epostan
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen zaigu.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna/ Narrastia.
NEURRIA: 60-70 cm inguru.
NON BIZI DA? Eremu lehorretan, harri eta landaretza dagoenetan.
ZER JATEN DU? Ugaztun txikiak, batez ere.
BABES MAILA: Ez dago babestua.
Sugegorria baita fama hartu duena; sugegorria, gizartean txertatu den izena, beste guztiek memoria kolektibotik alde egin duten bitartean. Ez ditugu sugeak ezagutzen, baina beldurrak betiko ainguratu digu sugegorriaren izena; eta transmititu zaigu, belaunaldiz belaunaldi: “Kontuz sugegorriarekin, pozoia du eta!”.
Baina, nolakoa da sugegorria? Erantzun ohikoenetik has gaitezen: sugegorria, gorria da –nola ba! izenak berak esaten digu eta!–. Gorria, esan dezagun, bere zentzu zabalenean, noski. Arrea, nabarra, marroia… hainbat aldaeratan, baina kolore hori omen du. Eta esango digute, sugegorriak bizkarrean marra izaten duela, sigi-saga eta hiruki formako burua. Hala zabaldu da, eta hala jaso dugu gehienok. Ez dugu esango guztiz okerra denik, baina ezaugarri nabarmenenetan ez genituzke horiek aipatuko. Gorri koloredun eta sigi-saga egiten duen marradun sugeak gehiago ere badira, eta hiruki formako burua hainbatek jartzen dute, batez ere mehatxupean ikusten dutenean haien burua.
Sugegorria ondo bereizteko bi ezaugarri izan behar dira kontuan Euskal Herrian: bat, sugegorria da begi-ninia bertikala duen suge bakarra. Bi, sugegorriak gorputzeko eta buruko ezkatak tamaina berekoak ditu; gainontzekoek burukoak gorputzekoak baino nabarmen handiagoak dituzte.
Ezaugarri horiez gain, ordea, oso kontutan izan beharreko beste puntu bat ere bada. Sugegorri guztiak ez dira gorri kolorekoak; ez ale guztiak, behintzat. Euskal Herrian hiru sugegorri mota daude. Sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei), aspis sugegorria (Vipera aspis) eta lataste sugegorria (Vipera latastei). Eta sugegorri kantauriarra da, izatekotan, hiruretan gorriena. Beste biak, ordea, izan daitezke gorriak, baina hartu ditzakete kolore argiagoak ere: gris, arre, horixka edota krema koloreak.
Sugegorrien gorrian, sarri zurira jo dezakeena da, beraz, aspis sugegorria. Landaretza arteko gune harritsuak eta lehorrak ditu gustuko, eta harri argien artean ederki ezkutatuko du bere burua, zelatan, ugaztun txikiren bat noiz pasako. Izan ere, mikrougaztun jale amorratua da eta bere dietaren ehuneko oso altua osatzen dute horiek. Horretarako erabiltzen du bere pozoia: ehizatzeko. Eta oso behartua ikusiko balitz, baita bere burua defendatzeko ere.
Beste sugegorriak bezala, gorputz motzekoa da, baina sendoa. 60-70 cm inguruko luzera har dezake, eta kolorazio eta diseinu aldetik aniztasun handia duen espeziea da. Araba ia osoan topa dezakegu aspis sugegorria, eta Nafarroan, erdialdean. Pirinio aldera ere zabaltzen da, ordea, eta hor barneratuko da Iparraldeko lurretan. Pirinioetako mendi garaietan, 2.000 metrotik gora ere bizi daiteke. Ugaldu udaberrian egingo da, nahiz eta iraila-urrian ere izaten duen bigarren ugal garai txikirik.
Fosilek ez dute gezurrik esaten, ezta ikerketa genetikoek ere. Horiek ikertuta ondorioztatu da, esaterako, behe-erdi Pleistozenoan jada izan zirela aspis sugegorriak Iberiar penintsulan. Burgoseko Atapuercan azaldu den moduan. Ikerketa genetikoen arabera, aspisa eta latastea dira sugegorrietan zaharrenak. Ondoren sortuko zen seoanei sugegorria, eta bere gorritasunak itsutuko zuen pertsona eta jarriko zion izena: sugegorria!, beste sugerik ez ikusteraino!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545