Astelehenero 8:00etan zure epostan
Pteropodo hitzaren etimologiari erreparatuta, antzinako grezieratik "pterón" (hegal) eta "poús" (oin) hitz bateratuek itsas-tximeleta garden eta lirdingatsua aurkezten digute. Guztion harridurarako, baina, “itsas-tximeleta biluzi” edo “itsas-aingeru” deiturikoa, izatez barraskiloa da, urpean hegan itsasoak zeharkatzen dituen gasteropodoa. Kolore laranja bereizgarria du gorputzeko bi muturretan: isatsean eta buruko garroetan. Duen gardentasun eta tamainagatik –heldutasunera 3 cm-rekin iritsiko baita, eta gehienez 8 cm izatera–, ez da erraza ikusten.
Pteropodoetan
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Itsas-tximeleta eta Pokemona.
TALDEA: Moluskua / Gasteropodoa.
NEURRIA: Normalean 1-3 cm, baina 8 cm izatera iritsi daiteke.
NON BIZI DA? Ur azaletik 500 metrotik gorako sakoneraraino. Nagusiki espezie polar eta subpolarra den arren, Ipar Atlantikoan, Bizkaiko Golkoan eta Mediterraneoan ere aurkitzen da.
ZER JATEN DU? Harrapari trebe espezializatua da. Helduek, Limacina generoko oskoldun tximeletak jaten dituzte. Bizitzako lehen asteetan fitoplanktonaz elikatzen dira, eta larba fasetik ateratzean aldatuko dute dieta, haragijale trebe bilakatuta.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Pteropodoetan bi talde bereizten dira: Gymnosomatak, barraskiloen oskol helikoidal txikia larba fasean galtzen duten itsas-tximeleta biluziak biltzen dituen taldea, eta Thecosomatak, barraskiloen oskol helikoidala mantentzen dutenenak. Biak ala biak pelagikoak, itsaso zabalean galduak, txikiak eta gardenak. Parapodo deituriko hegal garden lirdingatsuak astinduz, ur zutabean batera eta bestera ibili ohi dira, dantza liluragarrian. Ugariagoak dira Ozeano Artiko eta Ipar Atlantikoko ur hotzetan, baina ur epelagoetara ere heltzen dira. Hala, Bizkaiko Golkoan ere izan ohi ditugu eta, beraz, banaketa-eremu erraldoia duen espeziea da, duela 133 milioi urtetik (Kretazeo Goiztiarretik).
Animalia hau “hermafrodita protandrikoa” da: hasieran arra dena, ondoren eme bilakatuko da. Aldaketa hori noiz burutzen den ez dago argi, baina ugalketa bi indibiduoren arteko ernalketa gurutzatuarekin burutzen da. Horren ostean, eme modura funtzionatuko duen pteropodoak 30-40 arrautza itsatsirik dituzten 1-2 mm-ko tira lirdingatsuak askatuko ditu, ur-zutabean jitoan geratuko direnak. Eremu artikoan urtean belaunaldi bana osatzen dutela kalkulatu izan da; eremu epelagoetan, urtean bina.
Harrapari espezializatua da, dieta zehatz bezain bitxiarekin, izan ere, gertuko ahaide dituen itsas-tximeleta oskoldunak ditu gustuko. Buruan hiru aho-kono pare ditu; harrapakina atzematean, aukeran Limacina generoko itsas-tximeletak (hortik datorkio espeziearen izena, Clione limacina), kono horiek arpoiak bailiran jaurtiko ditu, mili-segundutako mugimendu azkarrean. Harrapakinaren oskol helikoidala gogor heldu eta bere errailari –kitinazko kako txikiz jositako laban zorrotza– begira jarritakoan, gorputza oskoletik atera eta osorik irensten du. Irenste-prozesua moluskuen taldeko azkarrenetakoa da. Prest legoke beraz, sanprudentziotarako, harrapakinen tamainarengatik ez balitz. Izan ere, irensten dituen Limacinak bere gorputzaren tamainakoak izan ohi dira; bera hazi ahala, bere gisako harrapakinak aukeratuko ditu, eta txikiagoak saihestu. Halako espezializazio mailak ez dio harrapakinak topatzea errazten; hala, urtebete pasa dezake itsasoan hegan, elikatu gabe.
Itsas-tximeleta biluziak ez dira gurean bezain ezezagunak sortaldeko japoniar kulturan. Horren erakusle Pokemon unibertsoa bera dugu: bertan bi izaki, Manaphy eta Phione, itsas-tximeleta biluziak dira, hain zuzen ere gurean dugun animalia honetan oinarrituta! Hona hemen, beraz, gure euskal pokemona. Naturak ezkutatzen duen harribitxi bat, igeriketarako hegal eta oinez hornitua; gure tamainakoa balitz, itsasoko faunaren pertzepzioa aldatzeko gai litzatekeena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545