Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hilabete pasa da Jardun Koordinadorako bi militanteak atxilotu zituztenetik. Beren berri eman dute atxilotuen senideek, abokatuak eta Askek.Espetxeratuei lehen egunetik emandako tratua zein Aske eta Jardun antolakundeen aurkako kriminalizazioa salatu dituzte.
ASKEren prentsaurrekoa, astearte goiz honetan Bilbon.
Urriaren 17an Irungo Ertzaintza etxera joan, eta bertan atxilotu zituzten Aratz Bilbao eta Malen Grunigi. Hori baino aste batzuk lehenago Eskoriatzan (Gipuzkoa) identifikatu zituen Ertzaintzak, eta ikerketa ireki zuten "material oso sentikorra zeramatelako". Irunetik Espainiako Auzitegi Nazionalera igorri zituzten bi gazteak, eta terrorismo delituak egotzita, Madrilen espetxeratu zituzten. Jardun Koordinadorak bere militanteen kontrako "muntai poliziala" salatu eta manifestazioa egin zuen Bilbon urriak 31an. Hilabete igaro da geroztik, eta egoeraren berri eman du errepresioaren kontrako Aske antolakundeak.
Aratz Bilbaoren ama mintzatu da lehenik, eta bi militanteek jasan duten tratu txarra salatu du: "Irunen lau egunez egon dira zeldan, eta argia eta aire kondizionatua beti pizturik utzi dizkiete poliziek". Madrilera bidaia baldintza txarretan iragan zela ere zehaztu du senideak, eta eskumuturretako minak ukan zituztela biek. Baina hori ukandako "tratu txarren hasiera" baizik ez zela gehitu du, eta salatu du senideak Madrilera hurbildu zirenean, adibidez, atxilotuentzat eramandako jantziak ez zituztela sartzen utzi. Salatu du ere atxilotuen egoeraren inguruan "deus" ez zietela esan, eta espetxeratuak zeuden kartzelei buruz gezurra erran zietela, Soto del Real eta Alcalan zirela erranez. Bi atxilotuak Estremerako kartzelan zirela jakin zuten berantago.
Orduz geroztik espetxean daude Grunigi eta Bilbao, "FIES" erregimenpean ("arrisku bereziko" presoen zaintzeko erabiltzen den tresna). Grunigiren kasuan, "onarpen moduluan" sartu zuten, Estremerako kartzelan emakumeentzako modulurik ez dagoelako. Horrek bere "eskubideen ukapen sistemikoa" ekarri duela salatu du Bilbaoren amak, adibidez patio denboretan: "Lau oreneko patio denborak dituzte normalean, eta gehienetan 30 minutu uzten dizkiote bakarrik". Hori dela eta, egunean "23 ordu eta 30 minuta zeldan bakarrik" pasatzen dituela ohartarazi du. Joan den astean poliziek bere zelda "hankaz gora" utzi ziotela ere salatu du, eta Malenen amari hiru hilabeteko bisita-debekua ezarri diotela, bisita batean paper bat eta boligrafo bat atera zituelako, alabak presondegirako galdegin gauzak "ez ahazteko".
Bilbaoren kasua "berdintsua" dela gaineratu du bere amak. "Berina hautsia duen zelda batean dago, haizea eta batzuetan euria ere sartzen uzten dituena", azaldu du. Patioaren egoera txarra dela eta, askotan ez dela ateratzen azaldu du, eta ateratzen den batzuetan denbora "laburtzen diotela" berari ere. Gainera, bere miopia zaintzeko betaurrekoak eta lentillak sartzea ez diotela baimendu deitoratu du, horretarako mediku agiria behar dela argudiatuta. Gisa berean, gehitu du bere buruko minen sendatzeko sendagailuak ere ez dizkiotela sartzen uzten. Bilbaoren amaren arabera, "telebista, irrati eta ordulari bat galdegin zituen", eta horiek ere ukatu dizkiote. Bukatzeko, salatu du bi atxilotuek iragan astean jaso zituztela espetxeratu zituztenetik jasotako eskutitz guziak.
Onartuak zaizkien bisita bakarrak familiarenak direla esplikatu du, eta Poliziak bisita guziak "grabatzen" dituela. Bisitetara ezin dute ordularirik eraman, eta agenteek "nahi duten maneran laburtzen" dituztela gehitu du. Bukatzeko, "dispertsioaren" gaia ere aipatu du Aratzen amak, bi presoak 40 minutaz ikusteko 1.000 kilometro egin behar dituztelako, horrek dakarzkien "karga mental eta arrisku fisikoarekin". Bi familiek jada 5.734 kilometro egin dituztela erran du.
Atxilotuen abokatu Aratz Estonba mintzatu da ondotik, eta egoera "oso larria" dela adierazi du. "Euskal Herrian doktrina antiterrorista indarrean dagoela erakusten digu eta juridikoki horrek eskubide urraketa bat suposatzen du". Horren injustizia ere salatu du, Nucleo Nacionalen inguruan hartu diren erabakiekin alderatuta: "Armak zituztela, asmo jakin batzuk zituztela eta nola kalean dauden, ez dituela Audientzia Nazionalak ikertzen".
Atxilotze arrazoiak osoki "jardun politikoarengatik" direla erran du, eta Aratzek zeukan poliziei buruzko informazioa, infiltrazioei buruzkoa zela. Gainera, akusazioetan sartu zituzten "arma zuloen kokaguneak" oraindik ez direla agertu ohartarazi du, eta Jardunek antolaturiko protesta ugariak ere ez direla sekula "biolentoak" izan: "Izan tourraren kontra egindako dinamikak, izan Palestinaren alde egindako dinamikak, izan Urriaren 12an Gasteizen Falangeari aurre egiten, izan preso politikoei elkartasuna ematen". Presoekiko elkartasuna aipatzean, 2023an Zaballan (Araba) egindako martxari egin dio erreferentzia: "Nola da posible arau hauste administratibo bat bat-batean Audientzia Nazionalaren eskutan ekintza biolento bihurtzea eta ekintza terrorista bihurtzea? Are gehiago, Gasteizeko bi epaitegik ia 40 espediente absolbitu dituenean manifestazio eskubidea aldarrikatuz".
Grunigiri autobus baten pintaketak ere egozten dio auzitegiak, eta kasu hori "Donostiako Instrukzioko bosgarren epaitegiak largetsi" zuela azaldudu Estonbak. "Nola da posible hori izatea ekintza biolentoa?", adierazi du, ikerketan "argi uneak" baino "iluntasun" gehiago daudelaziurtatuta. Abokatuek jasaten duten kriminalizatze kanpaina ere gaitzetsi du.
Bukatzeko, ikerketarenn bitxikeria bat ere aipatu du Estonbak, El Mundo-k argitaratu zituen atxilotuen argazkien harira. "Eskoriatzako kontrol horretan Maleni, Aratzi eta berarekin zegoen kide irlandarrari argazkiak atera zizkien polizia batek, Bingen Zupiriak esan zuen ez zituztela atxilotu deliturik ez zegoelako: beraz, nola da posible argazki horiek ateratzea eta espediente judizialean ez agertzea?", galdetu du. Galdera horiei erantzuna aurkitzeko salaketa bat jarriko dutela erran du.
Askeko bozeramaileak kasua ez dela "isolatua" esplikatu du, eta ez dela "ausazkoa" Grunigi eta Bilbao errepide kontrol batean geratzea, "ezta Espainiako Audientzia Nazionaleko epaileak behin-behineko espetxealdian sartzea ere". Atxiloketen ondoren Jardunek pairatutako "kriminalizazioak" helburu bakarra zuela erran du, "Independentzia eta sozialisimoaren aldeko borrokan murgilduta dagoen oro kriminalizatu, eta Euskal Herri Langilearen diziplinamendua bermatzea".
"Dispertsioaren amaiera eta presorik gabeko Euskal Herri bat saltzen" ari direnen aitzinean, adierazi dute Espainiako eta Frantziako estatuek "inolako gupidarik gabe kolpatzen" dutela mugimendu iraultzailea. "Euskal Herria bi estatuen atzaparretan harrapatuta dagoen bitartean" dispertsioak iraunen duela baieztatu du Askek. Eragile eta pertsona oro deitu dute "militantziaren kriminalizazioaren aurka mobilizatzera", eta datozen egunetan antolatuko dituzten ekimen ugarietan parte hartzera.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545