Astelehenero 8:00etan zure epostan
'Badok ataria' oinarritzat hartu, eta euskal artistekin lankidetzan sortu du plataforma. Abenduaren 5etik aitzina izanen da kitorik eskuragarri.
RTZ kolektiboaren kontzertua, Hendaian (Lapurdi).
Helburua euskal musika guzia bilduko duen plataforma bat sortzea izan da, eta proiektu soila zena, errealitate bilakatu da azkenean. Musika Berria izena ukanen du plataformak, eta Berria-k zehaztu du euskal gizarteari eskura jarritako "baliabide" bat izanen dela. Hedabideak "euskal kulturarekin duen konpromisoa berretsi eta sakondu" nahi du horrela, euskal musika guzia entzunarazi eta babesteko aukera sortuz erabiltzaileei. Plataformaren sortzaileek azaldu dute: "Euskal musika inoizko garairik oparoenean da, baina eskasago gabiltza hura ikusgai eta entzungai jartzeko orduan".
Berria-k jada modu horretako proiektu bat sortu zuen 2009an, Badok deitutakoa. Hala, euskal musika guztia bildu eta ezagutarazteko asmoa ez dute oraingoa, baina proiektu hartatik eman diren aurrerapen teknologikoak baliatu nahirik, plataforma "berriago" eta "eraginkorrago" bat sortu nahi izan dute. Proiektu berrian musikariek eta artistek duten rola azpimarratu dute: taldeek modu autonomoan kudeatu ahal izango dute euren edukia, hala nola kantuak, argazkiak, bideoak, edota kontzertuei lotutako informazioa. Hala ere, taldeek igotako informazioa editatuko du Berria-k, eta Gorka Erostarbe kazetariak azaldu duenez, "horrek erraztasuna ekarriko du, gertuagoko harremanak izan daitezen bai gurekin eta bai entzulearekin, eta harreman horiek susta daitezen".
Eneritz Dueso (Eneritz Furyak artista izena) proiektuaren koordinazio lanetan aritu da, eta ideiaren garrantzia azpimarratu du: "Oihartzun pixka bat lortzeko moduak asko dibertsifikatu dira, eta entzuleengana ez da iristen, inondik inora ere, euskal musikaren irudi osatu bat. Areago, euskal musika genero gisa agertzen da plataforma askotan". Helburua beraz, euskal artisten arteko "joste" lana egitea da, baina baita sare horretako "ertzen" ezagutaraztea ere. Ezagunak zaizkigun plataformetako ezaugarri hori saihestu nahi du Musika Berria-k: "Ahots horiek ez dira orain bezain barreiatuta egongo, eta mugimendua barnetik elikatuko du plataformak". Hala, "gustuko musikari batek beste bat deskubritzeko bidea" eman dezakeela zehaztu du Duesok, "agian ez era kontzientean, baina elkarri laguntzeko modu batean".
Aplikazioa izanen da proiektuaren ekarpen nagusia, baina Pello Urzelai Berria-ko IKT arduradunak erran duen bezala, "streaming zerbitzu propioa izango du, eta hori da jauzi teknologikoaren parterik inportanteenetako bat". Horri loturik, zehaztu du tresnak bere zerbitzari azpiegitura izango duela, Euskal Herrian kokatuta "eta ez multinazional baten hodeian". Musika entzuteaz gain, hari buruzko artikuluak irakurtzeko aukera izango dute erabiltzaileek, kazetariekin lankidetza indartu nahi dutelako proiektuaren zuzendariek. Gainera, berrikuntza gisa, soilik "euskara hutsean" diren kantuak izanen dira entzungai plataforman.
Kanpoko iritzi ugari jaso dituzte proiektua bultzatzerakoan, diskoetxeak, musikariak, managerrak, adituak eta zaleak konsultatu dituztelako. Bada, hasi dira artistak beren edukiak plataformara igotzen, eta guti falta da publiko zabalak ere goza dezan. Proiektuaren aurkezpena Durangoko Azokan egitekoa dute abenduaren 5ean, eta horretarako egitarau berezia osatu dute, kontzertu, diskoen azalen gaineko tailer, eta mahai inguruz osatua.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545