Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ze harrokeria klase da Pirinio Atlantikoetako prefetarena? Ministroen Kontseilutik –hau da, Parisetik– Frantziako presidenteak prefet izendaturikoa gutartean dugu, beretik eta berearen alde. Napoleon Bonapartek sortu zuen 1800an funtzio hori eta geroztik badatoz eta badoaz, presidentearen manuei leial eta fidel, Euskal Herrian funtzio hori hartzeak karreran gora egiteko puntuak ematen dituela jakinik –gaur egungo Barne ministro Laurent Nuñez Baionako suprefeta izandakoa da–. Frantziako Gobernuaren ordezkari sutsu, aniztasuna "separatismoari" lotzen duten horietarikoak ditugu azkenik etorriak, guztiak frantses eta frantsesez nahi gaituztenak. Heldu bezain laster auzitara eraman ditu euskararen aldeko deliberoak hartu dituzten herriko etxe zenbait. Hautetsiekin hartu-emanetan jarri gabe, gutun hotz baten bidez ohartarazi die euskara herriko hizkuntza dutela dioen adierazpen ofizial hori ez dutela legala. Gutun hotz baten bidez ohartarazi die beste batzuei, euskaraz errandakoa frantsesera itzultzea ere legearen kontra doala, frantses errepublikan frantsesa delakoan instituzioetan adierazteko mintzaira bakarra. Beste bati ere galdetu dio euskara hutsean zituen herriko seinaleak kentzea. Jakobino bat, pür-pürra.
Baina harrokeria dosi bat gehiago behar da, etorri, guziaz mesfidatu –bistan denez, ezezagutzatik izan daitekeela aitortzeko umiltasunik gabe–, guzia auzitara eraman, eta auzitegira ez agertzeko! Nafarroa Behereko Aiherra, Baigorri, Bidarrai, Irulegi, Izpura eta Lapurdiko Hiriburu, Senpere eta Uztaritzeko auzapezak egon ziren Paueko Auzitegi Administratiboan azaroaren 4an, baina parean ez zuten prefeturaren ordezkaririk ukan. Gauza bera azaroaren 12an: Baionako eta Sarako (Lapurdi) auzapezak Bordeleko Dei Auzitegian ziren, baina ez zuten nehor parean, ez prefetarik ezta prefetaren ordezkaririk ere. Erantzunik gabe gelditu da Jean-René Etxegarai Baionako auzapezak luzatu galdera: "Zeren beldur da Estatua?". Bada hor goi mailaren ordezkariaren partetik goi mailako harrokeria.
Parean, pedagogia eta pazientzia handiz dabiltza Ipar Euskal Herriko hautetsiak, beste behin elkarrekin eta aho batez mintzo. Hitzordua galdetu diote prefetari. 92 auzapez dira orotara, hots, alkateen %58 baino gehiago, eta ondoan dituzte Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta tokiko parlamentarien gehiengoa. UNESCOk euskara "hizkuntza zaurgarrien" artean sailkatu duela ohartarazten diote eta azken inkesta soziolinguistikoaren datu kezkagarrien berri ere ematen diote, azalpenak parez pare partekatzeko gomita luzatuz gainera. Onartuko al die gomita? "Debate bat sortzeko bi izan behar gara, baina Estatuaren ordezkaria falta zen... zinez domaia da", zioen auzitegitik Baionako hizkuntza politikarako hautetsiak. Goi mailako harrokeria horri behetik erantzunen zaio: azaroaren 21ean Baionako karrikak hartuz.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545