Urri giroa, batean denbora ederra, bertzean uria denean.

Eta datorren mundu mailako protesta datu zentroen kontrakoa balitz?

AEBetan, Kenyan, Herbehereetan, Txilen, Espainiako Estatuan, Irlandan, Indian ala beste, datu zentroen kontrako borrokak antolatzen ari dira lurralde geroz eta gehiagotan. Interneteko datuak ikusezinak badira ere, horien gordelekuen eraginak ezin jasanak dira inguruko herritarrentzat, nagusiki ur eta energia kantitate alimalea suposatzen dutelako. Datorren Adimen Artifizialaren saltoa kontuan hartuta, gatazka gogortu eginen dela aurreikusi daiteke, Big tech edo Teknologiako erraldoiek (Google, Data, Amazon, Apple, Microsoft) etorkizun hurbilerako espazioan irudikatzen badituzte ere, gaur-gaurkoz gure Lur planetan ditugulako. 


2026ko irailaren 10a
Datu zentroen kontra, uda honetan egindako mobilizazio bat AEBetan. Argazkia: Statesman
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Atzeratuta eta pobre bihurtu nahi izatea, hori da AEBetako herritarrak datu zentroen aurka egiteko arrazoi bakarra". Donald Trumpen hitzak dira, uda honetan datu zentroen kontra loraturiko mugimenduari buruzkoak. Bere estilora, gutxietsita eta karikaturizatuta herrialde osora hedaturiko herritar frontea. Munduko 10.000 datu zentroetarik ia erdiak –4.767– AEBetan dira gaur egun, eta kalteak eguneroko ogi dituzte ingurukoek.

Uztailaren 18an izan zuten oihartzun handiko mobilizazioa: 50 estatuetatik 49tan izan ziren manifestazioak, 150 bat hitzordu orotara. Interneten kontsumorako ezinbestekoak diren zentro horien kontrako 600 bat kolektibo dira antolatuta AEBetan barna, eta urte hastapenetik 300 bat egitasmo ezeztatu, baldintzatu edota atzeratu dituzte. Orotara, 156.000 milioi dolarreko gastuak ondorioztaturik enpresei, Data Center Watch-en arabera. "David eta Goliaten arteko borroka dugu, lekuko komunitateek lortzen dute munduko enpresa aberatsenetako batzuk atzera botarazten", dio Michiganeko Unibertsitateko ikerle Ben Greenek The Harvard Gazette komunikabideari eskainitako elkarrizketan.

Datu zentroen kontrako mugimendua mundu mailakoa da, hain justu, mundu osoan daudelako datu zentroak. Argazkian, Indiako protesta bat. Argazkia: Praful Gangurde

Apirilean Maine Estatua izan zen moratoria bozkatu zuen lehena –2027ko udazkena arte–, ondotik etorri zen uztailaren 14an New Yorkekoa –urte bateko moratoria–, eta beste batzuk ere aukera horri begira daude. Virginia Estatuak, aldiz, beste bide bat ireki du: debekatu beharrean zergapetzea. Uztailaren 1az geroztik, Wh bakoitzeko 1,1 zentimo ordainarazten die datu zentroiei.

“David eta Goliaten arteko borroka dugu, lekuko komunitateek lortzen dute munduko enpresa aberatsenetako batzuk atzera botarazten”
Ben Green, ikerlea

Mugimendu eraginkorra dela erakusten digu Meta plataformaren (Facebook, Instagram, Whatsapp eta Oculus VR) jabe Mark Zuckerbergek abuztuaren 10ean agiri bat plazaratzeko beharra sentitu izanak. Adimen Artizialaz (AA) ari da: "Aurrerapen eraldatzaile ugari izan ditu jendarteak. Aldi oro jendea atzean geratuko denaren beldurra hor da. Alta, aldi oro gizateria oparotasun, osasun eta askatasun gehiagorekin atera da hortik. AArekin ere horrela izanen dela uste dugu, eta etorkizuneko oparotasun hori denon artean banatzekoa izanen da". AAren aldeko panfleto bat da, etorkizun justu, libre, sano eta, gaur-gaurkoz, erabat surrealista bat aurkezten diguna. Hots, ez ditu IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen aurreikuspenak eta gomendioak kontuan hartzen, ezta kontrako mugimenduaren kezkak eta aldarriak ere. 2025 urtean 145.000 milioi dolar inbertitu zituen Metak datu zentroetan, eta 2028rako 600.000 milioietara emendatzeko asmoa du. Bazterrak lasaiatu nahian, datu zentroak onartuko dituzten hiriei 1.000 milioi dolarreko dirutza bideratzeko konpromisoaren berri ere eman du.

Baina denak ez doaz zentzu horretara. Utah Estatuak AEBetako datu zentro handiena litzatekeena irekitzeko baimena eman zuen apirilean. 160 kilometro kuadro lituzke, bestela erranda, bi aldiz Manhattan auzoa. Egitasmoari buruzko ikerketa batek dio berotegi-efektua eragiten duten gasen estatu mailako emisioak %50 inguru handituko lituzkeela. Utahko Unibertsitateko fisika irakasle Rob Daviesen analisiari segi, hozteko beharko diren haizegailuek sei graduraino igoko lukete inguruko tenperatura.

Hain zuzen, sustatzaileek azaltzen ez digutena zera delako: bonba klimatikoak dira, trantsizio ekologikorako soluzio gisa aurkeztu arren, kalte ekologiko handia dakartenak. NBEk egindako ikerketa berri baten arabera, datu zentroek 448 terawatt orduko argindarra kontsumitu zuten 2025ean, eta herrialde bat osatuko balute, energia kontsumoari dagokionez munduko 11. postuan litzateke.

Ur eta energia kontsumoa

Omnegy kabinetearen Datu zentroak, Adimen Artifiziala eta energia kontsumoa txostenak dakartza zenbait datu esanguratsu: AAren erabilpen-saltoa dela eta, datu zentroen elektrizitate kontsumoa bikoiztu baino gehiago eginen da ondoko lau urteetan. 2024an, kontsumitzen zuten elektrizitatearen %58 inguru gasetik edo ikatzetik zetorren. Energia berriztagarriak garatu arren, eskaeraren emendioaren eraginez, proportzio hori hein berean geldituko dela aurreikusten da. Hortaz, berotegi-efektuko gasen emisioek gora eginen dute eta nekez lortuko dute numerikoaren sektoreak helburutzat harturiko karbono-neutraltasuna –2030erako Google, Apple eta Metak, eta 2040rako Amazonek–. Azken urteetako bilakaera zentzu horretara doalako: Googleren emisio totalak %82 hazi dira 2019tik 2026ra, taldeak 2030erako erdira jaisteko konpromisoa hartu arren. Amazonenak %58 igo dira epe berean.

"Energia berde" gisa sailkatuta, sustatzaileek nuklearrean ikusten dute aterabidea. Iazko abenduan elkartu ziren AIEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren egoitzan agintari politiko zenbait, teknologiaren sektoreko enpresa boteretsu batzuk eta industria nuklearraren sektoreko buruzagiak. Elkarlana berretsi zuten: 2050erako munduko ekoizpen nuklearra gutxienez hirukoizteko helburua babesteko konpromisoa hartu dute datu zentroen jabeek... Bistan da, Txernobylgo zentralaren istripuaren 40. urtemuga ez dute solasgaien artean ukan.

Txileko Quilicura eskualdeko Google enpresaren datu zentroa, 2015ean irekitakoa. Ordutik, hogei datu zentro baino gehiago onartu dira Santiagoko metropoli-eremuan. Idorte arazo larriak dituzte bertakoek, nagusiki gune horien ur kontsumoagatik. 

Makina horiek hozteko behar izaten duten ur kontsumoa ere bada problematikoa. NBEren aurtengo txosten baten arabera, 2025ean datu zentroek 4.500 milioi litro ur kontsumitu zituzten, hau da, Saharaz hegoaldeko Afrikako 600 milioi pertsona baino gehiagoren beharrak asetzeko heina.

Egileen arabera, datu zentroei bideratu ur gezaren kontsumoa urteko 4.200 eta 6.600 milioi metro kubiko artekoa izan daiteke 2027rako, eta 2030era begira, 9.000 milioi metro kubikora igo daiteke –Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi diren 1.300 milioi pertsonen urteko beharren parekoa–. Hots, bost urtez bikoiztu eginen da ur kontsumoa.

Mapa Data Center Map egiturarena da.
Protestak txoko anitzetan

Energiaren gisara, ur erreserba ez da mugagabea eta kontsumo desbideratze berri horrek galera suposatzen du inguruarentzat: idortea, eta hortik eguneroko zailtasunak bertakoentzat –ahaztu gabe ekosisteman eragindako desorekak–. Txiletik Herbehereetara, AEBetatik Irlandara zein Uruguaitik Frantziako Estatura edota Kenyara, datu zentroen kontrako mugimendua antolatzen ari da munduko txoko anitzetan.

Txile begiratu dezakegu, Latinoamerikako datu zentroen kokagune nagusia delako, 33 datu zentrorekin eta eraikitzekotan diren beste 34 eraikinekin. Azken urteetan Santiago probintziako Quilicura eskualdean kokatu dira hainbat, eta horien artean dago Google, zeinek egunean 4,3 milioi litro ur ponpatzeko baimena duen. Gune heze aberatsa izandako Quilicura erabat idortuta dago orain. Bizitzak aitzina egiteko inguru dorpea bilakaturik, migratu beharrean dira geroz eta herritar gehiago.

AAren saltoa dela eta, datu zentroen elektrizitate kontsumoa bikoiztu baino gehiago eginen da ondoko lau urteetan. NBEren aurtengo txosten baten arabera, 2030ri begira, urtean 9.000 milioi metro kubikoko ur kontsumoa eraginen  lukete datu zentroek

Gatazkaren oinarrian dagoen galdera politikoa eta etikoa dela dio Txileko Unibertsitateko klimatologo Pablo Sarricoleak: "Arazo etikoa bihurtzen da: lehentasuna ematen zaio enpresa teknologikoari edo pertsonek ura eskuratzeari?". Galdera horrek mundu osoarentzat balio du eta uda honetako beroteak eta laborarien ezinak kontuan harturik, europarrontzat ere bai. Alta, Frantziako presidente Emmanuel Macronek datu zentroen El Dorado bihurtu nahi du Frantzia eta udan zehar sektoreko boteretsuekin tratuak egin ditu: 75.000 milioi dolar bideratuko dizkio SoftBank multinazional japoniarrak, beste 8.500 milioi Brookfield enpresa kanadarrak...

Desazkundearen beharra

Emailak, Whatsapp mezuak, sare sozialetan pilaturiko argazkiak... horiek ere daude gune horietan metatuta. Hortaz, protesta horiek babestearekin batera, norberaren kontsumo numerikoari aldaketak ekarri beharko zaizkio, bai ala bai. Eta gehiegi gogoetatu gabe hartzen ari garen AAren bihurguneari buruz ere hausnartu beharko da. France Culture irratian Olivier Babeau ekonomilariak dioen bezala, sekulako iraultza dakarrelako modernitatearen izenean emandako aro berriak: "Jauzi teknologiko izugarriak izan dira giza historian, betidanik. Baina jauzi horiek askoz motelagoak izan ziren, eta ez hain sakonak. Gaur egun gertatzen ari dena berezia da, bere intentsitateagatik, sakontasunagatik eta izan litzakeen inpaktuengatik; zibilizazio-iraultza ez ezik, ziurrenik iraultza prometeotarra ere eraginen duen aurrerapen teknologikoko mugimendu batean gara". 

Urtero munduan 11.000 pertsona hiltzen dira pestizida intoxikazioagatik
Pesticide Action Network sareak eskaturik, pestizidei buruzko ikerketa plazaratu du irailaren 2 honetan Frontiers in Public Health aldizkari zientifikoak. Emendatuz doa produktu horien erabilpena: 3,8 milioi... (+)
Debekaturiko bi pestizida Parisek berriz legeztatu izana salatuko dute larunbatean Miarritzetik
Kasik bere osotasunean onartu du Laborantzako urgentziazko legea agorrilaren 14an Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Hori horrela, azetamiprida eta flupiradifurona pestizidak legeztatzearen alde egin du, nahiz eta... (+)
Itsasoko haize erroten makropoiektuek eguraldia bestelakotu dezaketela argitu du Helmholtz Hereon ikerketa zentroak
Ipar itsasoan zentratuta daukate beraien ikerketa, hain justu, hemendik eta 2050era offshore haize-erroten munduko parke handiena bihurtu nahi duelako Europar Batasunak. Itsas azpiko korronteetan eta lur azaleko... (+)
Poltsikoko smartphonean daukagu ebola izurritearen erroetariko bat
Esanguratsua da datua: Afrika erdialdeko deforestazioa ehuneko puntu batez igotzen den aldi oro ebola birusaren intzidentzia %20 eta %40 artean igotzen da. Alarma gorria piztua... (+)
Ipar Euskal Herriko oihanak jomugan dituen E-CHO proiektua “dekretu bidez inposatu nahia” salatu du CADE talde ekologistak
Uztailaren 6ko Aldizkari Ofizialean agertu da Frantziako Lehen ministroaren dekretua. E-CHO egitasmoa “interes nazional handiko” gisa sailkaturik, eraikitze-prozedura azeleratzearen alde egin du gobernuak. Ipar Euskal... (+)
gora