Astelehenero 8:00etan zure epostan
Donostiako Victoria Eugenia antzokian astelehenean egindako galan, Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada Sarien XXI. edizioa ospatu du eta Iñake Irastortza aktore oriotarrak eraman du ohorezko saria, "interpretazioari bizitza oso bat eskaintzeagatik". Sektorearentzat lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko ere baliatu dute ekitaldia.
Iñake Irastortza, Ohorezko Besarkada jasotzeko unean.
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) beste behin banatu ditu euskal aktoreen lana aitortzen duten Besarkada Sariak, Donostiako Victoria Eugenia antzokian astelehenean egindako galan.
Iñake Irastorzak (Orio, Gipuzkoa, 1955) Ohorezko Besarkada saria jaso du, aktore gisa egindako bide oparoagatik eta "intepretazioari bizitza oso bat eskaintzeagatik". Irastorzak antzerkian hasi zuen ibilbidea, eta hamaika obratan aritu da aktore gisa; telebistan Goenkale telesailean egin zen ezagun, eta geroztik hainbat eta hainbat sail eta filmetan ere hartu du parte, Aupa Etxebeste! (2005), Kutsidazu bidea Ixabel (2006) 80 egunean (2010), eta Gaua (2025), batzuk aipatzearren. "Hunkitzen nau zuen besarkada goxo eta beroa jasotzeak, hartu zuek ere nirea bueltan", esan du saria jasotzean.
Irastorzak antzerkian hasi zuen ibilbidea, eta hamaika obratan aritu da aktore gisa: "Hunkitzen nau zuen besarakada goxo eta beroa jasotzeak, hartu zuek ere nirea bueltan"
Emozioz eta umorez beteriko ekitaldia izan da Victoria Eugeniakoa, Hodei Arrastoak eta Kepa Errastik zuzendu eta gidoitua. Inside Out (Atzekoz aurrera, 2015) filmeko emozioen paperean jarrita, hainbat aktorek castingetatik hasi eta grabazioetaraino izaten dituzten gorabeherak eta sindikatuaren zeregina nabarmendu dituzte.
Sariak EABren afiliatuen artean egindako bozketa bidez banatzen dira, antzerki, zinema eta fikzio seriatuaren kategorietan. Hala, fikzio seriatuan, Arnatz Puertas (Argi gorriak) eta Nagore Aranburu (Querer) saritu dituzte, zineman Patricia Lopez Arnaiz (Los domingos) eta Jose Ramon Soroiz (Maspalomas), eta antzerkian Ainara Gurrutxaga (Itzulera) eta Kepa Errasti (Desobedienteak 18/98). Bestetik, aktore berrien lana aitortzeko Errebelazio Sariak Nerea Sanz eta Omar Somaik jaso dituzte; sorpresaz eta pozez igo dira oholtzara biak ala biak.
Aurtengo edizioak hainbat berritasun ekarri ditu: kategoria bakoitzeko izendatu kopurua hirutik laura igaro da, eta telebista kategoria fikzio seriatua izatera pasa da. Gainera, hemendik aurrera Besarkada Sariak urteroko zita izango dira.
Sektoreko aldarrikapenei tokia
Aldarrikapenerako tartea ere izan da ekitaldian. EABeko idazkari nagusi Urko Olazabalek oholtzan hitza hartzean aktoreek kulturarekin eta gizartearekin duten konpromisoa nabarmendu du, eta kolektiboaren eskubideen defentsan lan egin beharra ere azpimarratu du.
Besteak beste, EABk beharrezko ikusten du ekoizpenetan lan-baldintzak duintzea, Artistaren Estatutua garatzen jarraitzea, adimen artifizialak ekarri dituen erronkei aurre hartzea, edo euskarazko sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545