Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hiroshima eta Nagasaki (1945), Txernobyl (1986), Fukushima (2011)... hiri-izen horiek ahoskatu eta ingurune apokaliptiko bat heldu zaigu gogora. Bonba atomikoa jaurtikita edota istripu nuklear bat gertatuz geroz, kaosak hartzen dio lekua bizitzari, luzarorako; eta horren memoria bizia ditugu leku urrunetako hiri horiek. Hala eta guztiz ere, ez da sekula baztertu nahi izan nuklearra. Okerrena, badirudi azken garaietan bihurgune batean gaudela: energia nuklearraren alde egin dute apustua estatu boteretsuek zein GAFAM multzoak (Google, Amazon, Facebook, Apple ou Microsoft); eta defentsaren arloan ere, bonba atomikoaren mehatxua darabilte potentzia handiek. Abisua eman du SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak: gertaera nuklear baten “arrisku handia” dago. Massachusettseko Teknologia Institutuan ingurumen-historialaria den Kate Brown-i Terrestres komunikabide independenteak egindako elkarrizketa euskaratu dugu, nuklearraren prestigioa ulertzeko osagai interesgarriak dakarzkielako.
Arma nuklearra duten potentzien arteko gatazkak gogortuz doaz, arma atomikoak geroz eta toki gehiago harturik adierazpen ofizialetan. Argazkian, amerikarren GBU-57 bonba nuklearra. U.S. Air Force
15 urte pasa dira Fukushimako (Japonia) hondamendi nuklearretik eta 40 Txernobylgotik (SESB. Ukrainia). Ez dira ohikoak istripu nuklearrak, baina gertatu gertatzen dira eta gertatuz gero apokaliptikoa bihurtzen da errealitatea: inguru guztia erabat kiskalita eta luzaroan bizirik gabekoa; milaka hildako, beste milaka minez; eta denbora eta distantzia luzeetan zabalduriko erradioaktibitate kontrola gaitz bat herentzian, gerora ere, belaunaldiz belaunaldi, hildakoak eta eriak ondorioztatuko dituena.
1950. hamarkadan lehen zentral nuklearrak esperimentaturik, 1960. hamarkadan eraiki zituzten ezker-eskuin, nuklearraren kontrako mugimenduaren kezkak areagotuz. Berez, arma nuklearra zuten begi-bistan aktibista horiek, 1945eko agorrilaren 6 eta 9an Hiroshima eta Nagasaki gainera amerikarrek jaurtikitako bonbek etorkizun apokaliptiko bati bidea ireki ziotelako. 1986ko apirilaren 26ko Txernobylgo istripuak utzitako izugarrikeriak ikusirik, zentralen eraikuntzari frenoa jarri bazioten ere autoritateek, berriz eginen zuten horren aldeko apustua 2000ko hamarkadan.
Fusio nuklearraren garapenaren aroa ireki zen Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, nahiz eta bide suizida zenik inork ez zuen ukatzen. Estatuei dagokionez, AEBen bide bera segitu zuten bakar batzuek: SESBek 1949rako eraikiko zuen bere arma atomikoa, Erresuma Batuak 1952an, Frantziako Estatuak 1960an eta Txinak 1964an. Arriskuez jakitun eta Gerra Hotzaren testuinguruan, tendentzia hori mantsotu edota kontrolatu nahian, laster sortuko zituzten lehen egiturak: Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia 1957an; NPT Arma Nuklearren Ez Ugaritzeko Ituna 1968an; AEBen eta SESBaren arteko SALT Strategic Arms Limitation Talks [Armak mugatzeko hitzarmen estrategikoak] 1972 eta 1979an, baita SART Strategic Arms Reduction Treaty [Armak murrizteko itun estrategikoak] akordioak ere 1991tik aitzina. Bide beretik, Gerra Hotzaren biharamunean izenpetuko zituzten Entsegu Nuklearren Erabateko Debekuaren aldeko Hitzarmena (1996) eta Arma Nuklearren Debekurako Ituna (2017) –pisu sinbolikoa duen testua da azken hau, berez izenpetu duten estatuei bideratzen zaielako eta arma atomikoa duten estatuetarik bakar bat ere ez delako izenpetzaileen artean–. Itun horiei bizkarra erakutsi eta beraiena garatuko zuten Indiak (1974an lehen entsegua), Pakistanek (1998), Israelek (1960. hamarkada) eta Ipar Koreak (1980), bederatzitara pasaz arma nuklearra duten herrien kopuru ofiziala.
Arma atomikoen saiakerak berriz abiatu dituzte AEB-ek, Errusiak zein Txinak, hiru hamarkadetako geldialdiari bukaera emanda
Nazioarteko konpromiso horiez gain, nolazpaiteko printzipio batek bermatu izan du arma nuklearraren erabilpen-eza: disuasioaren teoria. Disuasioa ekintza bat eragoztean datza, zehazki, aurreikusten delako ekintza horrek ekarriko lituzkeen kostuak espero ziren onurak baino handiagoak liratekeela. Horrela heldu gara 2020ko hamarkada arte, bonba atomikoa ukan arren, erabiltzeak eraginen lukeena kontuan harturik, ez erabiltzea lehenetsita.
Baina izan energiaren sektorean zein armamenduarenean, badirudi bihurgune batean gaudela. Mundua aldatu da eta horrekin batera energia zein arma atomikoari bideratzen zaien lekua. Keinurik esanguratsuena izan daiteke, segur aski, Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketaren 81. urtemuga honetan, bere defentsa politika berrikusita lehen aldikoz nuklearra baimentzeko aukerari irekita dagoela Japoniako Gobernua. Inguruko mehatxuek –Txinak, Ipar Koreak eta Errusiak– arma atomikoa dutenez, berea nahi du Sanae Takaichi lehen ministroak, defenditzeko gisan. Beste behin, disuasio-doktrina bete-betean.
Gertaera nuklear baten “arrisku handiaz” ohartarazi berri du SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak. Bi ahulgune identifikaturik ditu nazioarteko zentro ospetsu horrek: arma nuklearren kontrolatzeko sistemak –batez ere nazioarteko akordioak– ahulduta edota deuseztatuta direla eta arma nuklearra duten potentzien arteko gatazkak gogortuz doazela, mehatxu atomikoek geroz eta toki gehiago harturik adierazpen ofizialetan. Hitzetatik harago, arma atomikoen saiakerak berriz abiatu dituzte AEBek, Errusiak zein Txinak, hiru hamarkadetako geldialdiari bukaera emanda. Ipar Korearen saiakerak ere ohikoak bihurtu dira azken urteetan.
Armamendu horretara bideraturiko inbertsioek ere argi uzten dute arma nuklearra baztertzeko postura iraganean dutela. Iaz 103.000 milioi euro inbertitu zituzten arma horien modernizaziora eta garapenera –%19ko emendioa 2024. urteari alderatuta–. AEBek beste zortzi estatuek bideraturikoaren heina bideratu zuten –69.200 milioi dolar, 2024an baino 12.400 milioi gehiago–, eta ondotik dator Txina, 13.500 milioi dolarreko inbertsioarekin. Azken horrek du garapen biziena: 2020an 250 bat ojiba izatetik aurten 600 bat izatera pasa da eta 1.000 espero ditu hemendik lau urterako. Bizkortasun horrek kezka puzten die bere arerio historikoei, eta beraiena are gehiago garatzeko argudio ezin hobea dute “Txinaren mehatxua”.
Hori nahikoa ez balitz, urrats bat aitzinago emanda dute azken aldietan, arma gero eta gehiago stocketatik atera eta jaurtiketa-euskarrietan instalatuta. Datu ofizialei segi, munduan 12.187 ojiba dira eta horietarik 9.745 lirateke erabilpenerako berehala prest.
Autoritate eta eragin guti dute beraz NPT Arma Nuklearren Ez Ugaritzeko Hitzarmenak edota Saiakera Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunak. Bost urtero berretsi ohi zuten NPT hitzarmenak ez zuen lortu adostasun globalik 2005ean, ezta 2015ean, 2022an eta 2026an ere. Erabat deuseztatuta da 2026ko maiatzaz geroztik. Bestela erranda, hilda da arma atomikoak txikitzeko helburua zuen ituna.
AEBen eta Errusiaren arteko New Start hitzarmena ere desagertu da aurtengo otsailean, 2023az geroztik ahul izanda gero. Bi aldeen arma nuklearren erabilpena murrizteko konpromisoz izenpetu zuten lehen aldikoz 1991. urtean (Start I), bigarrena 1993an izan zen (Start II), hirugarrena 1997an (Start III) eta azkenak, 2011n eta 2021ean (New Start). Hori horrela, lehen aldikoz historian ez dago gehiago neurri hertsagarririk munduko bi potentzia nuklear handienak zaintzeko. Baina adituek diotenez, aldaketa handiena zera da: alde bakoitzak bestearen armamendua begiztatzeko baimena bermatzen zuen hitzarmenak eta tentsioak baretzeko osagai garrantzitsua zuten hori. 2023an ez zuen ikuskaritzarik onartu Errusiak eta tentsioa gogortu zuen horrek. Hain zuzen, areriotzat daukazunak zer nolako armamendua duen ezin denean begiztatu, orduan areagotu egiten direlako beldurrak, interpretazioak, baita uste faltsuak ere... Bestearen xede atomikoa zein den ez denean argi, atomikoan oinarrituriko mehatxuak egin ditzake beste aldeak, beti ere disuasio-doktrinari segi. Eta horrela iritsi gara gaur egungo testuingurura. Alde bat zein bestea bonba atomikoaren mamua erabiltzen dabil, eta herritarrok ikusle gabiltza, behin eta berriz entzunda gero, kasik adierazpenari inportantzia kentzeraino. Alta, gertatuz gero kaosa litzateke. Iragana hor dugu, froga gisa.
“Disuasio nuklearra ez da gerra nuklearraren aurkako gotorleku bat: mehatxu existentzial baten betikotze instituzionalizatua da”
Desarmatze Nuklearraren
Aldeko Iniziatiba
“Disuasio nuklearra ez da gerra nuklearraren aurkako gotorleku bat: mehatxu existentzial baten betikotze instituzionalizatua da; eta nazioarteak kolektiboki erabaki du horri amaiera ematea; potentzia nuklearrek, berriz, baliabide ikaragarriak bideratzen dituzte horretara”, irakurri dezakegu Desarmatze Nuklearraren Aldeko Iniziatiba elkartearen abuztuko agiri batean. Mehatxuak areagotuz doazenez, ezin omen dira desarmatzearen bideari lotu, eta gainera, bonba atomikorik gabe diren zenbaitek beraiena lortzeko urratsak emanak dituzte –Japonia, Polonia, Hego Korea, Saudi Arabia, Alemania...–. Hots, paradoxikoa badirudi ere, disuasio-printzipioak dakar are gehiago armatzea. Eta nazioarteko hitzarmenak ahul edota deuseztatua diren honetan, bada paradoxa kezkagarria.
Orain artean balio izan duen “aterki nuklearrak” ere ez du gehiago funtzionatzen gaur egungo geopolitika korapilatsuan. Aterki nuklearrari segi, arma nuklearra duen estatu batek bermatzen zuen behar orduan estatu ez-nuklear aliatu bat defendatuko zuela –adibidez, AEBek NATOko kideak–. Baina aterki hori erdi-hautsita den honetan, geroz eta estatu gehiagok dute arma nuklear propioa nahi.
Energiaren sektorera salto egiteko trantsizio tristea da azken aldietan ikusten ari garen eraso berria: etsaiaren zentral nuklearrak jomugan hartzea. Ukrainako Zaporizhia zentrala bonbardatu eta militarki okupatu izana errusiarrek; apirilean Irango Bushehr hirian dagoen zentralari eraso egin izana AEBek; Iranek Israelgo Dimanoko zentralari eraso egiteko mehatxua zabaldu izana; Arabiar Emirerri Batuetako Barakahko zentralaren kontra izandako drone erasoa... Fenomeno berria da, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak abisua emana du: ondorio izugarriak izan ditzake.
Energiaren sektoreari dagokionez, zentzu berera doa joera. Erran bezala, 2000. urteetako gasaren zein petrolioaren prezioen gorakadei aurre egiteko ezinbestekotzat ikusi zen energia atomikoa. 2011ko martxoaren 11ko Fukushimako istripuak gutitzea ekarri bazuen ere, hein murritzagoan izan zen eta baretzeak ez zuen luze iraun: 2.725,91 twh 2010ean, 2.610,34 twh 2011n, 2.432,22 twh 2012an... eta berehala etenik gabe gorantza, 2025ean 2.685 twh izan arte.
Gaur egun, elektrizitaterako 417 erreaktore dira aktibo mundu mailan –beste 21 geldian, baina berriz abiarazi daitezkeenak– 33 herritan banaturik. Elektrizitatearen %10 dator iturri horretatik eta AEB –produkzioaren %29,3–, Txina –%16,4–, Frantziako Estatua –%12,1–, Errusia –%8,2– dira ekoizle nagusiak. Nuklearraren garapenaren boom berria bizi dugu azken urteetan: 77 zentral berri eraikitzen dabiltza eta 343 dira eraikitzeko bidean, Connaissancedesenergies webgunearen datuei segi.
2023ko azaroan sailkatu zuen energia berdeen artean nuklearra Europako Parlamentuak, nuklearraren aldeko lobbyen presiopean plegatu eta greenwashing politikan urrats bat gehiago emanez. Urte bereko abenduan, Dubain egindako Nazio Batuen Erakundearen klimari buruzko COP28 gailurrean hogei bat herrialdek hartu zuten energia nuklearraren ahalmena 2050erako hirukoizteko engaiamendua. Klima larrialdiari aurre egiteko bidean ezinbesteko energia dela diote aldekoek, dakartzan arriskuei arretarik bideratu gabe. Hain justu, 2050erako jarritako karbono neutraltasunaren helburua bete ahal izateko laguntza handia delako karbono isurketarik gabeko industrien zerrendan sartu izana nuklearra. 2050erako nuklearraren ekoizpena hirukoizteko helburua berretsi egin dute 38 estatuk martxoan iragandako Energia Nuklearrari buruzko Gailurrean. Horiek dira konprometitu diren herrialdeak: AEB, Arabiar Emirerri Batuak, Armenia, Belgika, Brasil, Bulgaria, Eslovakia, Eslovenia, Errumania, Erresuma Batua, Finlandia, Frantziako Estatua, Ghana, Hegoafrika, Hego Korea, Herbehereak, Hungaria, Italia, Jamaika, Japonia, Kanada, Kazakhstan, Kenya, Kosovo, Kroazia, Maroko, Moldavia, Mongolia, Nigeria, Polonia, Ruanda, Salvador, Senegal, Suedia, Txekiar Errepublika, Txina, Turkia, Ukraina.
2030erako aurreikusten dituzte mini-erreaktoreak, eta gaur egungo merkatua erabat bestelakotuko dutela diote adituek. Baina kasu: “mini-erreaktore” izateak ez du erran nahi “mini-erradioaktibitate”
Eta kontrako norabidean izanez gero, presioa ikaragarria da. Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari 2025eko apirilean, eta azkenean, uda honetan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Almarazeko (Caceres, Espainiako Estatua) zentral nuklearreko bi unitateak ustiatzeko baimena berritu du 2030eko ekainaren 8ra arte. Zentral zaharkituak izanda, 2035erako nuklearretik ateratzeko bidea marraztu zuen Madrilek 2020an, baina finean, badirudi ezin izan duela bete nahi hori. Belgikarentzat gauza bera: 2003an adostu zuen nuklearretik ateratzeko bide-orria, baina hortik bi hamarkadetara, iazko maiatzean, eman zioten bukaera norabide horri, erreaktoreak berriz abiarazteko edota erabilpena luzatzeko aukerari bidea irekita. Azkenik, Alemaniaren kasua ere esanguratsua da. Fukushimako istripuaren biharamunetan, Angela Merkelen gobernuak erabaki zuen nuklearretik ateratzea, baina badirudi han ere nuklearraren aldeko apustua egin behar izan dutela berriz ere.
“Garbia, egonkorra eta karbono-isurketarik gabekoa den energia baten beharra dugu, 24 orduren gain 24 orduz eta 7 egunen gain 7 egunez eskuragarri izanen duguna”. Hori dio Googleko koadro den Manuel Greisingerrek, eta nuklearra du begi-bistan. Ez da harrigarria, mugagabeko garapenean den Adimen Artifiziala (AA) bermatzeko bidean energia anitz beharko dutelako. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, datu zentroen elektrizitate kontsumoa hirukoiztuko da 2023tik 2030era.
Iazko abenduan bildu ziren Vienan AIEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren egoitzan agintari politiko zenbait, numerikoaren sektoreko enpresa boteretsu batzuk eta nuklearraren sektoreko buruzagiak, hain justu aztertzeko nola lagundu dezakeen nuklearrak AAren garapena, eta aldrebes, nola lagundu dezakeen AAk sektore nuklearra. Elkarlana martxan da: 2050erako munduko ekoizpen nuklearra gutxienez hirukoizteko helburua babesteko konpromisoa hartu dute datu zentroen jabe erraldoiek. Microsoftek, adibidez, 20 urteko argindarra erosteko kontratua sinatu du Constellation enpresarekin, eta, horri esker, Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Islandeko zentral nuklearreko lehen unitatea berrabiarazi dute. AEBetara joan gabe, Frantziako Estatuan berean begi-bistakoa da elkarlan hori: orain artean nuklearraren erreinu izandako lurraldea –28 zentral eta 57 erreaktore– datu zentroentzako El Dorado-a bihurtu nahi du Emmanuel Macron presidenteak, Versaillesen ekainean buruturiko nazioarteko enpresaburuen topaketan bilioiak bideratuta sektorera.
Erreaktore ttipiagoen ingeniaritzak –SMR Small modular reactor deituak– ere lekua hartzen ari du, kostu apalagoak dituelako eta ohiko zentralentzako hamar urteetako obrak baino lasterrago eginak liratekeelako. Bilioiak ditu horretara bideraturik GAFAM multzoak (Google, Amazon, Facebook, Apple ou Microsoft): Googlek Kairos Power start-up-arekin 2024an pasatako kontratua; urte berean Microsoftek Constellation Energyrekin hitzarmena izenpetu zuen... Gisa berean, gerraren ekonomiak ere ikusten dio interesa: AEBetako Lurreko Armadak 2.200 milioi dolar eman dizkie bost enpresari, AEBetako bost gune militar energiaz hornituko dituzten belaunaldi berriko hogei bat erreaktore nuklear eraikitzeko.
2030erako aurreikusten dituzte mini-erreaktore horiek, eta gaur egungo merkatua erabat bestelakotuko dutela diote adituek. Baina kasu: “mini-erreaktore” izateak ez du erran nahi “mini-erradioaktibitate”. Frantziako EDF enpresak garatu nahi duen Nuward erreaktoreak Fukushimako lehen erreaktorearen ahalmenaren %40 izanen luke. Hori horrela, SMR erreaktoreen biderkatzeak arriskuak ere biderkatuko lituzke. Arriskuak biderkatuko lituzke, baita zabor nuklearren kopurua ere –jakinda oraindik ere kudeaketa-soluziorik ez dela zabor horientzako, eta herrialde bakoitza ari dela bere zaborren metatzen, leku hetsi batzuetan–. Urtero, gutxi gorabehera, erradioaktibitate-maila apaleko eta ertaineko 200.000 metro kubo hondakin sortzen dira munduan, eta erradioaktibitate handiko 10.000 m3 inguru –konparatzeko, igerileku olinpiko batek 3.000 m3 inguruko bolumena du–.
Guztia batera jarririk, argi geratzen zaigu suarekin jolasten gabiltzala, eta gertakizun nuklear baten arriskua ez dela hutsala. Herri mugimendu antinuklearraren eta nazioarteko berme juridikoen behar handia du munduak. Nahitara edota nahigabean, zartatze atomiko bat gertatu daitekeelako edonoiz. Are gehiago aukerak biderkatzen direnean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545