Zure hiri-baratzea sortzea, lorategietan barazkiak jartzea bezain erraza da.

Otsoa, basurdea eta txerri izurritea

Kataluniara begira da Espainiako Estatuko lurralde ugari, eta horien artean oso adi dira Aragoi eta Hego Euskal Herria ere. Basurde eta txerrientzat oso kutsakorra eta larria den txerri izurritea barreiatu da Kataluniako Collserolako basoan. Eta basurdeak izugarri ugaldu dira, besteak beste ez dutelako ia harrapakaririk, nagusiki otsoa.


2025eko abenduaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Espainiako Estatua Europako liderra da txerrikien ekoizpenean eta esportazioan, eta ehun herrialdera baino gehiago saltzen ditu txerritik eratorritako produktuak. Sektorearen garrantzi ekonomikoa ez da txantxetakoa: 2024an 8.800 milioi euroko salmentak izan ziren. Hego Euskal Herrian 1.200 bat etxalde daude, horietatik %60 inguru Nafarroan. Aragoi eta Katalunia dira, ordea, txapeldunak ekoizpen horretan, hurrenez hurren 4.000 eta 5.000 etxalde dituzte.

Milaka basurde eta otsorik ez

Datu horiekin hobeto uler liteke Bartzelonako Collserolako basoetako basurdeen txerri izurriteak txerri ekoizleen eta han-hemengo agintarien artean eragindako izua. Biologoen esanetan, halako izurriteen arrazoiak animalien hazkuntza prozesu modernoetan eta espazio naturaletan gizakiak izandako esku-hartzean bilatu behar dira; horien ondorio da, besteak beste, basurdeen ugaltze neurrigabea.

Hainbat arrazoi daude basurdearen azken hamarkadetako ugaltze izugarriaren atzean, eta horien artean garrantzitsuenetakoa otsorik eza da; animalia hori da basurdearen harrapakari garrantzitsuena eta ia bakarra. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurtengo ekainean zabaldutako datuen arabera, 2021-2024an egindako erroldan, 333 bat otso talde erregistratu ziren Iberiar Penintsulan, guztira 500 otso baino gutxixeago, gehienak ipar-mendebaldean edo iparraldean.

Ehiza ez da aski

Etsai naturalik ez duenez, basurdea izugarri ugaldu da penintsula guztian, eta horrek, lehenago edo geroago txerri izurritea hedatzeko aukerak biderkatzen ditu; are eta gehiago basurde kopuru handienak dituzten Aragoin eta Katalunian.

Ehizarekin egin nahi izan zaio aurre arazoari, eta ehiza bidez akabatutako basurde kopurua izugarri hazi bada ere, ez da lortu haren hazkundea geldiaraztea. Urtero egiten den ehiza erroldaren arabera, 2005ean 143.000 basurde ehizatu ziren estatuan eta 2022an 450.000. Oraingoz behintzat, ez da modurik egon basurde populazioari eusteko, eta berdintsu gertatzen ari da otsoak harrapatzen dituen beste animali basatien ugaltze handiarekin, esaterako oreina edo orkatza.

Eta gizakiak emandako bazka

Predatzaile naturalik ez izateak basurdearen ugaltzea dakar biologoen arabera, baina ez da haren hazkundearen arrazoi bakarra: gizakiak emandako bazka eta klima aldaketa ere eragile garrantzitsuak dira. Bazkari dagokionez, bi iturri garrantzitsu ditu basurdeak: batetik, gizakiak ekoitzitako zaborra, eta bestetik, zerealaren ekoizpenaren handitzea, bereziki artoarena. Ureztatzearekin erraldoi egin diren arto sailek babes eta elikagai oparoa eskaintzen diote animalia honi.

Basurdeen ugaltzeari beste bi faktore garrantzitsu gehitu behar zaizkio, adituen arabera. Lehenik, klima aldaketa: negu gero eta epelagoek errazten dute gero eta kume gehiago bizirik ateratzea kumaldietatik; bestetik, landa guneen husteak ere errazten du animalia lasai ibiltzea gero eta espazio zabalagoetan.

Otsoari begira

Biologo askoren esanetan, klima aldaketa, zerealen uztak edota landa eremuen despopulazioa ez dira asko aldatuko epe motzera edo ertainera. Horregatik, ungulatu –apatxak dituen animalia–basatien hazkunde handia kontrolatzeko gero eta garrantzi handiagoa ematen diote otsoari. Ikuspegi horretatik, otsoa ei da txerri izurritearen egiazko txerto naturala. Otsoak gaixo dauden animaliak harrapatzen ditu lehenik, eta horrekin, haien gaixotasunen hedatzea mugatzen du.

Katalunian eta Aragoin ez dago otso talderik, Italia aldetik datorren otso bakartiren batzuk besterik ez dira ikusi azken urteetan. Horietakoa ei da Euskal Herriko ekialdean, Larhun aldean, aurtengo martxoan ikusi ei den otsoa. Euskal Herriaren mendebaldean, ostera, Kantabria eta Burgoseko mugan otso taldeak ohikoak dira.

Biologoen esanetan, aukeretakoa da uneren batean mendebaldeko eta ekialdeko otsoak elkarren artean gurutzatzea, aukera ematen bazaie bederen. Baina, jakina, otsoaren ugaltzeak eztabaia handia dakar gizartean, otsoak estentsiboan ari diren abere taldeei eraso egiten dielako, eta horrek kalte ekonomikoez gain, egungo artzainen bizimoduan ondorio oso kaltegarriak dituelako. Basurde kopuru gero eta handiagoek eta txerri izurritearekiko beldurrak, otsoaren eztabaida enegarrenez jarri du mahaiaren gainean.

Aire kalitatearen neurketa EAEn ez da EBk agintzen duen moduan egiten, Ekologistak Martxanek salatu duenez
Europako Ingurumen Agentziak parametro batzuk erabiltzen ditu Europar Batasuneko lurraldean airearen kalitatea neurtzeko eta 2019tik estatu guztiek horixe bera erabili beharko lukete, baina Ekologistak Martxan... (+)
Artousteko eski estazioan atzera bota dute plastikozko eski pista
Urtarrilaren hasieran hartu du erabakia estazioak, bertako arduradunek azaldu dutenez, plastikozko pista zapaltzeko makina erosi behar zutela ohartu zirenean. Pirinioetako Ossau bailara ezaguneko Laruns hiriko... (+)
Zizur Nagusiko hiru eskola publikoentzat jantoki publiko bateratua eraikiko da
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak jantoki berri baterako lizitazioari ekin dio Zizur Nagusian (Nafarroa), herriko hiru eskola publikoentzat eskola jantoki bat eraikitzeko. Eskola horietan 1.329 ikasle ari... (+)
COP30eko azken zirriborroan ez dira aipatu ere egiten energia fosilak
Klima aldaketan CO2 isuriak giltzarri dira, eta horregatik behin eta berriro egiten dira planak horiek murrizteko. Bada, COP30eko azken zirriborroan, ez zaie aipamenik egiten isuri... (+)
Nafarroako Legebiltzarrak urtebeteko moratoria onartu du biometanizazio proiektuetan
UPN, PSN eta PPNk sostengatu dute proposamena, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek aurka egin dute, ez moratoriaren aurka daudelako, horiek hasieran bi... (+)
gora