Eztago ilargia beti bere betean

Lakabe, Ametxe, Aginaga Biziberritzen, Aleka, Errigora eta Etartie proiektuak ezagutu nahi?

Maiatzaren 16an III. Udaberriko Festa izango da Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan. Goizean, bi mahai-inguru izango dira. Lehenean, ekoizpen proiektu kolektiboek hartuko dute hitza: Aleka, Errigora ta Etartie. Bigarren mahai-inguruan, amets kolektibo izatetik praktikara pasatu diren esperientziak arituko dira hizketan: Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen. Mahai-inguru horien ostean herri bazkaria egingo dute eta arratsaldean hainbat kultur ekitaldi izango dira.


2026ko maiatzaren 13a
Iazko Udaberriko Festako mahai-inguru bat.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ametsek lurra hartzen dutenean du izenburu Amillubiren III. Udaberriko Festari hasiera emango dion mahai-inguruak. 10:00etan hasiko da, eta Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen proiektuetako kideak arituko dira elkarrizketan. Laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea da Amillubi proiektuko sustatzailea, eta bertako kideek azaldu dutenez, Amilibia baserria eta bere lurrak kolektiboki erosteko azken txanpan daude (hemen egin daiteke ekarpena), eta aldi berean, etorkizunean egoitza eta lur horietan zer proiektu martxan jarriko dituzten hausnartzen ari dira, Utopiak eraikitzen izena jarri dioten prozesu kolektiboaren bidez. Goizeko mahai inguru hau gogoetarako baliagarri izango zaiela diote Amillubiko kideek: "Hiru esperientzia hauek, guretik desberdinak izan arren, badute ezaugarri komun bat: pertsona talde txiki baten amets gisa sortu ziren, eta gaur egun ibilbide oparoa egina dute. Haien esperientzietatik ikasi nahi dugu, bai asmatu dutenetik, bai bidean izandako erronketatik".

Ekoizpen kolektiboen esperientziak

Bigarren mahai-inguruak Lur bizia, herri bizia du izenburu eta 12:00etan hasiko da. Ekoizpenean zentratuko da, baina kolektiboan egiten duten proiektuetan. Horrelakoak dira mahai-inguru horretan bere esperientzia kontatuko duten Aleka, Errigora eta Etartie. Amillubiko kideek azaldu dutenez, mahai-inguru horrek ere badu lotura Amillubiren etorkizunari buruz egiten ari diren hausnarketarekin: "Interesgarria da agroekologiari lotutako ekoizpen proiektu kolektiboek zer nolako aukerak, erronkak eta heldulekuak dituzten aztertzea. Besteak beste, elikadura burujabetza, auzolana eta ekoizpen eta kontsumo eredu alternatiboak mahai gainean jarrita".

Bazkaria eta arratsalde kulturala

Bertako produktuz osatutako bazkaria 14:30ean hasiko da, eta txartelak aurrez erosi behar dira (10 euroan helduena eta 7 euroan umeena, hemen dago aukera).

Bazkalostean kultur ekitaldi oparoa antolatu dute: PObrESIAK hitz esanen emanaldiarekin piztuko du bazkalostea Aimar Uribesalgok.

Jarraian, Eli eta Manex Pagolak bertsoak eta musika elektronikoa uztartuta belarriratuko dizkiete entzuleei.

Babarrunba taldeak askatuko ditu gerriak, euskal kanta herrikoiak runba doinuan eskainita.

Amaitzeko, Ainhoa eta Gorane DJen Txantona Garrote emanaldiak jarriko dio ginga egunari: Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika saioa da, Urolan XVIII. mendean herritarrek elikagaien eta lurren inguruan egin zuten borroka gogora ekarriko duena.

Hemen dituzue egunari buruzko xehetasun eta ohar praktiko guztiak: aparkalekua, mugikortasun beharretarako kontaktua eta abar.

Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
Zuhaitz eta arbolek gure kulturan duten itzalaz gozatzeko goiz-pasa berezia Gasteizen larunbatean
2026-06-09 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du ARGIAk larunbata honetarako. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan paseoa egingo dugu, liburuaren egile Jakoba Errekondo,... (+)
Makroeolikoaz Villabonako Udalak egindako adierazpenekiko kritiko agertu da Amasamendi Bizirik taldea
2026-06-08 | Estitxu Eizagirre
Villabonako Udalak maiatza bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostena oinarri hartuta, Amasamendin Premier Group enpresak egin nahi duen makroproiektu eolikoak "marra gorriak" urratzen... (+)
“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
gora