Astelehenero 8:00etan zure epostan
Jone Bordatok (Hazparne, 1984) urrian eman zuen argitara Erroen Izerdia (Elkar) ipuin liburua eta ostegun honetan aurkeztuko du Azkaineko Bil Tokin, 19:00etan, Azokaroa kari. Ekainaren 6an egingo da Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 7. edizioa, eta horren harira egiten da Azokaroa maiatzean.
Filosofia ikasketak egin zituen Jone Bordatok, eta AEKn euskara eta lizeoan filosofia irakatsi izan ditu. Ekialdeko filosofiak eta ikuspegiek erakarrita, gaur egun, akupuntura eta Shiatsu teknikak baliatzen ditu pertsonak artatzeko, Hazparnen duen kabinetean. Mendizalea eta eskalatzailea ere bada eta ukitu hori sakon ageri da bere ipuinetan.
Urrian eman zen argitara liburua. Zer harrera izan du? Zer iritsi zaizu?
Nire lehen liburua da eta pozik eta gustura nago, asebetetze sentsazioarekin, proiektu hori bururaino eraman izanagatik. Orain arte jaso ditudan oharrak baikorrak izan dira eta jendeak esan dit ipuinek hunkitu izan dituztela.
Hiru ipuinek osatzen dute liburua. Lehena –Ana–, bikote baten banaketa du oinarrian, gai klasikoa. Hala ere, zuk emandako ukituen artean dira bizitza, heriotza, existentzialismoa, nihilismoa, porrota... eta azkenean garaipena eta oreka gailentzen dira. Zer adierazi nahi izan duzu?
Adierazi nahi izan dut pertsona baten zer barne ibilbide egon daitekeen separatze baten ondotik, berriz osatzeko eta norbere buruarekin berriz baketzeko eta konektatzeko.
Ba al du oinarri pertsonalik edo guztiz fikzioa da?
Gaztetan idatzitako ipuina da hori, gutxi gora-behera 26-27 urtetan idatzia, nik zenbait urte lehenago bizi izan nuen separatze baten ondoren. Ez da autobiografikoa, baina garai hartan gai horrek gertutik hunkitzen ninduen.
Bigarren ipuinean ere –Ibilaldia– jokoan dira bikote harremanak, bai maitasunari bai adiskidetasunari lotuta, mugak non diren... Baina oraingoan kolektibitateak, herriak, hizkuntzak... indar handia hartzen dute narrazioan. Hausnarketa sakona egiten da horiei buruz. Zer da bor-bor horretan?
Ipuin hori, ororen aitzinetik, nortasunari buruzko elkarrizketa bat da. Nola irudikatzen dugun gure burua, nola definitzen dugun gure nortasuna: nortasun kolektiboa, kulturala, sexualitatea... Batzuetan sinpleki trenkatu nahi diren gaiak galderen bidez berriz ere beren konplexutasunera eraman nahi izan ditut. Beharbada horregatik sortu dut bi pertsonaien arteko harreman konplexua, ea partekatzen dutena laguntasuna den, edo erakarpen fisikoa ere badagoen, maitasuna... Erakutsi nahi nuen erantzunak batzuetan anitz izan daitezkeela.
Hirugarrena desberdinagoa da. Familia harremanak dira oinarri, hor sortzen diren konplexutasuna, ezkutukoaren indarra, sekretuak...
Ipuin horretan bada familiako sekretu pisu bat, protagonistak bi ahizpa dira eta luzez elkarrengandik urrun egon ondoren berriz elkartzen dira. Orduan, bietarako batek esaten dio besteari familiako sekretu hori azaleratu nahi duela, eramateko pisu astunegia delako eta bere bidean aitzinatzeko sekretua argitaratzea beharrezkoa duelako.
Azken finean, hiru ipuinetan pertsonaiek bilatzen dute askapen bide bat, eta naiz eta askapen prozesu horiek desberdinak izan, zerbait traditu behar dute beren buruarekin leialagoak izateko. Hirugarren ipuinean familiarekiko leialtasuna traditu behar da, leialtasun horregatik, sekretu horrek belaunaldiz belaunaldi iraun duelako.
Mendiak garrantzia du zure ipuinetan. Besterik gabe hautatutako markoak dira, edo horrek garrantzia du zure bizitzan?
Mendiak garrantzi handia du ene bizitzan eta uste dut horregatik dela hain presente liburuan, aspaldidanik naiz mendizalea eta eskalatzailea. Pirinioetako aterpetxeetan ere askotan egon naiz sasoiko lanak egiten. Horrez gain, hiru ipuinetan pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte eta mendiak badu zentzu metaforiko bat horietan: mendian gora ari garela, mendiak tira egiten duela, gorantz goazela eta eguzkitik gertuago gaudela.
Hizkuntzari dagokionez, uste dut Hego Euskal Herriko euskaldunak ere aski erraz irakurri dezakeen liburua dela. Nahita egindako saioa da?
Idazteko momentuan ez dut horrelako gogoetarik izan, baina ikastolako ikaslea izanki, nire euskara euskara batutik aski hurbila da. Editoreekin batera egin ditugu aldaketa txiki batzuk hegoaldeko irakurlearentzat irakurterraza izan dadin, baina funtsean, hasierako idazketa eta bukaerakoak oso hurbilak dira.
Lehen bi ipuinak 2012an eta 2014an idatziak dira eta hirugarrena, aldiz, 2025ean. Bada tartea horien artean. Besterik baduzu buruan?
Lehen biak aspaldikoak dira, berriz moldatu ditut, baina oinarria hor nuen prest. Gogoa badut gehiago idazteko, baina oraingoz ez dut gairik eta proiekturik. Ikusiko dugu zer datorren.
Ostegun honetako Bordatorenaz gain, beheko afixan ikus daitezke Azokaroaren datozen asteetako emanaldiak:

EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545