Astelehenero 8:00etan zure epostan
Oraindik ez da proiektu zehatza publiko egin, baina ezaguna da CAFek eta Olaberriako (Gipuzkoa) Arcelor Mitalek biometazazio-planta bat eraikitzeko proiektua aurkeztu diotela Olaberriako Udalari. Delfos enpresarekin ari dira lantzen proiektua. Dauden datuak ikusita, Espainiako Estatuko handienetakoa izan daiteke.
Biometanizazio-planta bat.
Iragan abenduan El Diario Vasco-k argitaratu zuenaren arabera, enpresa horiek modu horretan urrats esanguratsua emango lukete beren deskarbonizazio prozesuetan, eta gaur egun kontsumitzen duten energiaren kopuru bat instalazio horren bidez aseko lukete. Espainiako Estatuko biometanizazio-planta handiena izan litekeela zioen albisteak. Europar Batasuneko araudiek bultzatuta, enpresek urratsak eman behar dituzte deskarbonizazio prozesuan.
Proiektua aztertzeko mahai teknikoa osatzen ari da eta Goieki Goierriko garapen agentzia eta Gipuzkoako Diputazioa ere gaiaren gainean daude. Herritarren aldetik ARGIAk jaso duenez, Olaberriko Udalak ez du proiektuaren berri zabaldu eta hari buruzko lehen informazioak otsailean jaso zituzten Olaberriko EH Bilduk emandako bi hitzalditan. Oraindik proiektu zehatzik ezagutzen ez bada ere, dagoen informazioaren arabera biometanizazio-plantak urtean 400.000 tona hondakin tratatzeko gaitasuna izango luke, horrekin 200 GBh energia sortzeko. CAFek 2030erako %55 isurpen gutxiago egingo lituzke horrela, eta Arcelorrek %25 gutxiago.
Martxoaren 26an, Sustrai Erakuntza Nafarroako ingurumen elkarteak biometanizazioari buruzko hitzaldia eman zuen herrian, eta galdera-iruzkinen txandan bertan ziren abeltzainek azaldu zutenez, Gipuzkoa osoan 7.000 bat behi daude, Valle de Odieta enpresak Caparroson (Nafarroa) dituenak, gutxi gorabehera. Behi kopuru horrek gehien jota 200.000 tona hondakin eman lezake urteko, han aipatu zenez. Antza denez, bi enpresek Kaiku esne ekoizlearekin hitz egin dute eta hark urteko 150.000 tona minda eskaintzeko ahalmena izango luke. Minda horiek eta bestelako hondakin organikoak garraiatzeko –hirietakoak, araztegietakoak...– egunero 75 bat kamioien mugimendua legokeela kalkulatu dute. Horri gehitu beharko litzaioke digestato peletizatua –urtean 105.000 tona inguru– berriz baserrietara eramateko beharko liratekeenak.
Instalazioak Olaberriko igerilekuen jarraian Arcelorrek duen lursailean eraikiko lirateke, hiru hektarea hartuko lituzke eta dozenaka milioi euroko inbertsioa suposatuko luke. Proiektuaren zehaztasunak hobeto ezagutu behar behar direla aitortzen dute herritarrek, baina orain arte zabaldu denak kezka sortu du herrian.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545