Egurra diamantea baino arraroagoa da

Biometanizazioaren olatuak azpian har dezake Nafarroa

Lehenago fotovoltaikoaren eta eolikoaren eztandak izan ziren moduan, orain biometanizazio planten txanda da Nafarroan, gehienak ekimen pribatutik bideratuak. Berez, berriztagarria da biogasa sortzeko prozesua, baina gaizki bideratzen bada, arrisku handiak ere baditu. Nafarroan herritarren oposizio handia sortu da proiektuekiko. Olatu berri horren gorabeherak azaltzen dira ondorengo lerroetan.


2026ko apirilaren 15a
Arroizko (Nafarroa) Stop biogas plataformak herrian duten biometanizazio proiektuaren aurkako 4.252 gorako helegite jarri zituen martxoan.Sustrai Erakuntza
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arroizko (Nafarroa) Stop biogas plataformako kideak pozarren dira. Martxoaren amaieran, herrian eraiki nahi duten biometanizazio-plantaren aurkako 4.260 gorako helegite aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuan, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritzak AGR Biogas SLri emandako ingurumeneko baimen bateratua atzera botatzea eskatzeko. Herriak mila biztanle pasatxo ditu eta bertan bildu dituzte 600dik gora sinadura; gainerakoak, Estellerriko eta inguruetako beste herrietan bildu dituzte. Biometanizazio-plantak urtean 140.000 tona hondakin organiko tratatzeko ahalmena izango luke. Teorian, nagusiki abeltzaintzatik datozen sats eta minda erabiliko lirateke, baina, planta handi gehienak bezala, bestelako hondakin organikoak ere baliatuko lituzke.

Ez dira Arroizko herritarrak kezkatuta dauden bakarrak, Sesman, Vianan eta Los Arcosen antzeko egoeran bizi dira. Horietan ere hiru biometanizazio-planta handi jarri nahi dituzte beste hiru enpresek. Batetik bestera, 20-40 kilometroko distantziak dituzten herrietan 558.000 mila tona hondakin tratatzeko ahalmena izango duten lau planta eraiki nahi dituzte. Nondik aterako dute horrenbeste simaur eta minda? Batetik, eskualdeak ez du horrenbeste sortzen; eta, bestetik, ez du behar adina lursailik prozesuaren amaieran sortuko den digestatoa –biometanizaziotik sortzen den hondakina, ohikoan likidoa– barreiatzeko.

Plataformakoen iritzian hondakin gehiegi tratatu nahi dira herriok dituzten beharretarako. Nahiago lukete abeltzaintza ustiaketei zuzenki lotutako askoz planta txikiagoak eraikitzea; horrela, euren hondakinak bertan tratatuko lituzkete, gero digestatoa euren lurretan banatzeko eta, aldi berean, lortutako elektrizitatearekin eta beroarekin instalazioen energia beharrak asetzeko.

Stop biometanizazioa plataformen esanetan, honek guztiak makroetxaldeen eredua industriala sustatzen du abeltzaintzan

Arroizko Udala (PSN) hasiera batean proiektuaren alde agertu zen, baina hari buruzko ezagutza handitu ahala aurka jarri da. Udala aurka eta herritarren gehiengo handia ere aurka, baina Ingurumen Kontseilaritzaren baimena lortu du proiektuak. Tania Osés proiektuaren aurkako plataformako kidea da eta pozarren dago jarritako helegiteekin, baina kezkatuta ere bai: “Udaletxean duela bi urte ari dira gaiarekin bueltaka eta guk joan den urrian izan genuen proiektuaren berri. Urtarrilean Jose Mari Aierdi kontseilariarekin (Geroa Bai) eta Ana Bretaña de la Torre Ingurumen zuzendari nagusiarekin bildu ginen eta argudioak emanez gero, proiektua gelditzeko jarrera zutela adierazi ziguten. Bistan da orain arte ez dela horrela izan”. Udala ere proiektuaren aurka agertu da, baina Osés kexu da: “Ez digute inongo sostengurik adierazi, eta herria oso banatuta dago. Espero dugu Aste Santu ostean Nafarroako Gobernuak erantzungo digula. Proiektua lotsagarria da: 140.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena du plantak, eta gure kalkuluen arabera hemen abeltzaintzatik 12.000 tona hondakin sortu daitezke”.

Nafarroan bi biometanizazio-planta publiko eta lau pribatu dira lanean gaur egun; beste hamahiru proiektu dira, bi publikoak eta beste 11 pribatuak. Sustrai Erakuntza ingurumen fundazioaren esanetan, honek guztiak ez du ez hanka ez buru: batetik, kopuruak Nafarroan abeltzaintzaren hondakinak tratatzeko dauden beharretatik oso gora daude; bestetik, ez dago horrenbeste hondakin banatzeko lur sailik Nafarroan; eta, azkenik, honek guztiak makroetxaldeen eredua industriala sustatzen du abeltzaintzan. Espainiako Estatuan ere biometanizazio eztanda berdintsua bizi dute, edota handiagoa oraindik.

Cabanillasen (Nafarroa) E-cogeneración Cabanillas enpresak eraikitako biometanizazio-planta.
(Argazkia: Naturgy)

Europa biogasaren akuilu
Izatez, biometanizazioa teknologia zaharra da eta sektorean Frantzia eta Alemania dira liderrak Europan; hala ere, energia berriztagarrien bultzada medio, joan den hamarkadan hazkunde berezia ezagutu zen kontinentean, eta hamarraldi honetan lasterketa biziki areagotu da. Europar Batasuna, eta bereziki Alemania, aspalditik zeuden kezkatuta Errusiarekiko zuten gas menpekotasunaz, eta Errusiaren Ukrainako inbasioak kezka hori larritasun bilakatu du. 

Horrez gain, energia fotovoltaikoa eta eolikoa dagoeneko ez dira horren errentagarriak enpresa handientzat. Batetik, berriztagarriek, bereziki fotovoltaikoak, une zehatzetan asko ekoizten dute, batzuetan elektrizitate eskaera gainditzeko adina ere bai; horrek salmenta prezioak hondoratzen ditu. Bestetik, eta nagusiki desindustrializazioa dela eta, elektrizitate kontsumoak ez dio hazkunde ekonomikoari erantzuten eta egonkortuta edota atzeraldian dago.

Berriztagarriek gero eta ehuneko handiagoa dute energia guztiaren kontsumoan, baina pareta batekin ere topo egiten ari dira, gutxienez Mendebaldean: energia fosilak erabiltzen dituzten industria eta ekonomiaren sektore handiak ordezkatzeko ezintasuna. 2025eko irailean, esaterako, El Mundo-k halako titulua zekarren energiari buruzko orrialdeetan: Iberdrolak eta Endesak berriztagarrien mundu mailako geldotzea baietsi dute: ‘Kontuak ez dira ateratzen’. Bi erraldoiek iragarri zutenez, datozen urteei begira berriztagarrietan egindako inbertsioak askoz urriagoak izango dira: “Esparru horietan inbertsio handienak eginak ditugu jada”.

Egoera hori dela eta, azken urteetan enpresa handiek begiak biometanizazioan eta hidrogenoan jarri dituzte. Eta hidrogenoaren teknologiak oraindik dituen zailtasunak ikusita, biogasak lehentasuna hartu du. Oraindik txikia da molde horretan sortzen den gasa, baina 2022ko REPowerEU planaren arabera, 2030erako EBk bere biometano ekoizpena zortzi aldiz handitu nahi du: 4,2 BCMtik (4,2 milioi m3 gas) 35 BCMra. Sustrai Erakuntzaren datuak dira, baina elkarteak dioenez, Europako mugimendu ekologistek gehiegizkotzat jo dituzte datuok. Europar Batzordeak egindako kalkulu berrien arabera, 2030erako 24 BCM produzitu ahalko lirateke modu jasangarrian.

Sedigas Espainiako Gas Elkartearen arabera, 2025ean 0,418 Twh biogas sortu zen. Elkartearen aburuz, estatuko potentziala 100 Twh-koa litzateke, eta 2030erako finkatutako helburuak betetzeko 2.326 biometanizazio-planta eraiki beharko lirateke

 

Bultzada horrek guztiak izan du oihartzunik Espainiako Estatuan eta Nafarroan. 2024an Espainiako Gobernuak finkatutako Energiaren eta Klimaren Plan Integratuaren arabera, estatuan 20 Twh biogas ekoitzi nahi du 2030erako. Erronkaren tamaina ikusteko, gaur egun, Sedigas Espainiako Gas Elkartearen arabera, 2025ean 0,418 Twh biogas sortu zen. Elkartearen aburuz, estatuko potentziala 100 Twh-koa litzateke, eta 2030erako finkatutako helburuak betetzeko 2.326 biometanizazio-planta eraiki beharko lirateke. 2022an Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 150 milioi euro bideratu zituen sektorera, eta horietatik 4,6 milioi iritsi ziren Nafarroara, sei enpresaren proiektuak bultzatzeko.

Biometanizazio prozesua
Berez, biometanizazioa energia berriztagarria sortzeko prozesu eraginkorra eta jasangarria da, baina gaur egun toki ugaritan egikaritzen ari den moldean, instalazio asko dirua irabazteko diseinatuta daude eta sortzen dituzten kutsadura arazoak bigarren mailakotzat hartzen dira, larriak diren arren. Honakoak dira biogasa sortzeko prozesuaren bost etapa nagusiak (ondoko marrazkian ikus daitezke):

Bat, lehengaiak. Lehengaiak biltegi-putzuetan biltzen dira, gero hortik digestorera iragateko. Ohikoan abeltzaintza eta nekazaritzako hondakinak erabiltzen dira, satsa eta minda batez ere. Hala ere, elikagai industriaren hondakinak, hiri-hondakin organikoa edota araztegietakoa ere erabili daitezke. Eskuarki, nahiko hondakin likidoa da, baina batzuetan solidoagoa ere ateratzen da eta orduan ura gehitu behar izaten zaio. Hondakin mota denak putzuan nahasten dira eta hortik elikatzen da digestorea.

Bi, biometanizazioa. Hau digestorean egiten da. Biltegi handi bat da, non gutxi gorabehera hondakin guztiak hilabete bat izaten diren. Digestorea, ordea, ez da inoiz husten, eta hondakinak etengabe sartzen dira eta bukaerako produktua etengabe ateratzen da. Batzuetan 20 eguneko zikloak ere erabiltzen dira, horrela hondakin gehiago tratatzeko –horren arabera kobratzen dute plantek–, baina hala biogas gutxiago sortzen da.

Hiru, biogasaren sorrera. Digestoreek bi zatitan banatutako kupula bat dute; zati horietako bakoitza olanezkoa da eta aire kamara batek isolatzen ditu bata bestetik. Digestorean dagoen hondakin masa horretatik sortzen da biogasa. Masa hori tenperatura ertainean edo handian dago eta batzuetan berotu behar izaten da, ohikoan digestorearen paretetan diren galdaren bidez. Oro har, galdara horiek digestoreak berak sortutako biogasa erabiltzen dute.

Lau, biogasa. Biogasaren bidez elektrizitatea eta beroa sortzen da, eta horiek, ondoren, saldu egiten dira, edo biometanizazio-plantak berak edo ondoan eraikitako etxaldeek edo bestelako industriek erabiltzen dituzte beren ekoizpen prozesuetan. Edozein kasutan, azken urteetan biometanoaren kalitatea igotzen ari da eta orduan ohiko gas sarean txertatzen da. Horregatik, gero eta gehiago gas hoditerietatik gertu egin nahi dituzte instalazioak. Biogasaren kalitatea hobetzeko digestoretik sortzen den biogasari CO2 kantitate zehatz bat kentzen zaio, horretarako propio sortu den teknologiarekin. Sustrai Erakuntzak salatu duenez, alabaina, Nafarroako jardunean diren plantek ez dute teknologia hori jarrita, eta CO2a kentzen dute airean erreta, eta beraz, kutsadura prozesu bat eragiten da. Enpresek CO2 hori neutrotzat jotzen dute, lehen landareek xurgatutakoa delako, baina aditu ugariren arabera, ez da kontuan hartzen landare horiek hazteko erabili diren ongarriak, eta horiek petroliotik eskuratu dira nagusiki. 

Bost, digestatoa. Hori da azkenean gelditzen den hondakina, sartutako hondakinen tamainakoa edo pixka bat handiagoa izan litekeena, prozesuan gehitzen zaion uragatik. Digestatoaren gehiengoa likidoa da –%80 inguru– eta zati bat solidoa. Zati likidoaren kudeaketa da zailena, lursailetan barreiatzen da ongarri gisa, baina hori ezin da edozein modutan egin; urtean behin egin behar da eta horrek eskatzen du sasoia heldu arte depositu handietan biltegiratzea.

Biometanizazioaren arazoak
Berez prozesu zirkular gisa aurkezten da eta horrela da, baina biometanizazioa erabiltzen den moduan, balizko arazoak ere ugariak dira. Sustrai Erakuntza ingurumen elkarteak aipatzen duenez, egokiena neurri txikiko plantak eraikitzea litzateke, abeltzaintza etxaldeen beharrei lotuak eta garraio beharrik gabe, edo oso garraio laburrarekin. Elkarte horrek aurten argitaratu du txosten sakona biometanizazioaren gaia lantzeko (El boom de las plantas de biometanización en Navarra. Sus residuos contaminan nuestras tierras / Biometanizazio-planten booma Nafarroan. Haien hondakinek gure lurrak kutsatuko dituzte) eta bertan diren eduki ugari erabili ditugu erreportaje hau osatzeko.

Etorkizunera begira dauden proiektuak, aldiz, handiak dira eta horiek hondakin kopuru handiak behar dituzte. Proiektuan diren biometanizazio-planten beharrak gehituta, 1.820.706 tona hondakin beharko lituzkete urteko. Eta zenbat hondakin ekoizten da gaur egun Nafarroan? Hor dago arazoaren iltzea. Ingurumen Kontseilaritzaren kalkuluen arabera, 2024ko abeltzaintzako hondakinak ia 11 milioi tona izan ziren; abelburu kopuru bera erabilita, ordea, Sustrai Erakuntzari hiru milioi tona ateratzen zaizkio, eta iruditzen zaio azkenean, horietatik 500.000 tona bakarrik erabili ahal izango liratekeela biometanizaziorako. Horiei gehitu beharko litzaieke nekazaritzatik sortutako 200.000 tona hondakin (elkarteak ontzat ematen du gobernuak emandako kopuru hori).

Digestatoak berez duen nitrato kopuru handiak kutsatzaile dira haien barreiatzea kantitate egokitik gora egiten bada, eta lur askotan hala gertatzen ari da

Stop biometanizazioa taldeen esanetan, Nafarroan ez dago nahiko hondakin organiko aurreikusitako proiektuak asetzeko; beraz, hondakin horiek kanpotik ekarri beharko lirateke, kamioien bidez, horrek dakarren kutsadura eta gastu energetikoarekin. Horien ustez, balantze energetiko hori ere egin behar da: zenbat energia sortzen duen planta batek eta zenbat gastatzen duen, baina diotenez, ariketa hori ohikoan ez da egiten.

Beste arazo handi bat digestato kopuru handien sorrera da, eta horrek lur soro handiak eskatzen ditu, barreiatzeak kutsadurarik ekarri ez dezan. Foru Gobernuak egina duen Gas Berriztagarrien Nafarroako Agendak berak aitortzen du arazo hori: “Landa giroan digestatoen barreiatzeak kutsatze eta ingurumen ondorioak ditu, eta horrek baldintzatzen ditu gisa honetako instalazioen hazkundea eta haiei eman beharreko lizentziak”. Zein dira arazo nagusietakoak? Batetik, biometanizaziorako erabiltzen diren hondakinen nahasketa handia dela, eta metal astunak eta bestelako kutsagaiak izaten direla amaierako digestatoan.

Horrez gain, digestatoak berez duen nitrato kopuru handiak kutsatzaile dira haien barreiatzea kantitate egokitik gora egiten bada, eta lur askotan hala gertatzen ari da. Horren adibide zehatza iaz  ikusi zen: Caparrosoko Valle de Odietako makroetxaldearen aurka izandako epaia. Kooperatiba horretako hainbat zuzendari zigortu zituzten 2021ean makroetxaldeari lotutako HTN biometanizazio-plantak Aragoi ibaiaren inguruetan neurriz kanpoko digestatoekin sortutako kutsadura larriagatik. Nitratoen kutsadura gero eta larriagoa da herrialdean, eta Nafarroako Gobernuak berak neurriak hartu ditu arazoari aurre egiteko: 2020an lau eremu zaurgarri zeuden izendatuta Nafarroan (99.259 hektarea) eta 2025eko foru dekretu batek hamabi eremu zaurgarri identifikatu ditu (247.955 hektarea).

Iruñeko Sarasate pasealekuan biometanizazio eredu honen aurka egindako mobilizazioa. (Argazkia: Sustrai Erakuntza)

Moratoriaren eztabaida
2025eko urriaren 30ean Nafarroako Legebiltzarrean biometanizazio proiektuei buruzko moratoria eskaera bat eztabaidatu zen. EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin indar politikoen eskariz 2023ko urtarrila baino beranduago eskatutako proiektuei eragingo lieke moratoriak, baldin eta oraindik jarduerarako baimenik ez bazuten, edo 10.000 tona/urteko tratatzeko ahalmenetik gorakoak izanez gero. Makroplanten aurkako mugimendua ados zegoen planteamenduarekin, baina PSN eta PP ez, eta azkenean, baimena duela urtebete baino gutxiago eskatua zuten proiektuentzako moratoria onartu zuten. Irailaren 30ean onartu zen eskaera legebiltzarrean eta azaroaren 7an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Tarte horretan lau proiekturi baimena eman zien Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritzak. Hori eskandalutzat jo dute biometanizazioaren aurkako plataformek. Oraindik baimenik ez duten proiektuek datorren irailaren 30era arte itxaron beharko dute zer gertatuko den ikusteko, edo lur zaurgarrietako sats eta digestatoen kudeaketarako gobernua prestatzen ari den foru dekretua onartu arte.

EH Bilduko energia taldeko kide Martin Ibarrak adierazi digunez, biometanizazio proiektu andana etorri da Nafarroara eta horrek egin behar den prozesua deskontrolatzea ekar dezake, “eta gainera jendea proiektuon aurka jartzen da”. Alde horretatik, dioenez, EH Bildu lur zaurgarrietako sats eta digestatoen kudeaketarako foru dekretuaren zain dago. Edozein modutan, argi dute biometanizazioa deskarbonizazioaren bidean erabili beharreko esparrua dela. Alde horretatik, ikusten dute hazkunde prozesu horrek behar duela kontrol eta planifikazio publikoa, batetik, eta hainbat neurri tekniko bestetik. Neurri tekniko horiek hainbat dira, baina nagusiki honako hiru hauek: bat, biometanizazio plantek ezingo lukete jaso 40-50 kilometroko erradio batetik haragoko hondakinik, “bestela gehiegizko berotegi-efektuko gasak sortuko lirateke”; bi, biogas-plantek ez izatea urtean 50.000 tona hondakinetik gora tratatzeko gaitasunik; eta hiru, eragin kaltegarriak murrizteko neurriak hartzea, batez ere usain txarrak saihesteko.

Ikusiko da zer gertatzen den proiektuokin, baina edozein kasutan, Nafarroan bizi-bizi jarraitzen du proiektu erraldoi horien aurkako mugimenduak. Klima aldaketak eta energia krisiak bultzatuta, biometanizazio-plantek aurrera egingo dute etorkizunean han-hemenka. Hori badator, eta energia fosilak ordezkatzeko lasterketa horretan, ohi bezala, lehian izango dira, besteak beste, diru irabazien atzean ari diren enpresa handiak eta lurraren defentsan diharduten mugimendu sozialak.

 

Nafarroako Gobernuak behin-behinekoz atzera bota ditu Arroitz eta Sesmako biometanizazio proiektuak
Asteazken honetan Arroizko Udalak herrian biometanizazio-planta bat geldiarazteko eskaera onartu du foru gobernuak, eta ostegunean Sesman eraiki nahi den beste bati eman dio ezetza behin-behinekoz. (+)
Olaberrian eraiki daiteke estatuko biometanizazio-planta handiena
Oraindik ez da proiektu zehatza publiko egin, baina ezaguna da CAFek eta Olaberriko (Gipuzkoa) ArcelorMittalek biometazazio-planta bat eraikitzeko proiektua aurkeztu diotela Olaberriko Udalari. Delfos enpresarekin... (+)
Klima larrialdiari nondik heldu?
Energia trantsizioaren bueltan bada nahasgarria den fenomenoa. Batetik, gero eta energia berriztagarri gehiago sortzen da; Nafarroan, adibidez, kontsumitutako energia guztiaren %28ra iritsi zen 2024an (2024ko... (+)
Kubatarrak "gerra egoeran" daude herrialdea AEBen erasotik defendatzeko
Kubako lehendakari Miguel Díaz-Canelek telebistaz jakinarazi du herrialdeak indarrean jarri duela “defentsarako prestakuntza plana”. AEBen jarrera oldarkorrari erantzuteko abiatu dute plana eta horren arabera, besteak... (+)
Aire kalitatearen neurketa EAEn ez da EBk agintzen duen moduan egiten, Ekologistak Martxanek salatu duenez
Europako Ingurumen Agentziak parametro batzuk erabiltzen ditu Europar Batasuneko lurraldean airearen kalitatea neurtzeko eta 2019tik estatu guztiek horixe bera erabili beharko lukete, baina Ekologistak Martxan... (+)
gora