Munduko Bankuari Ez! plataformak maiatzaren 23an Kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu lelopean mobilizazioa deitu du. Beste aldetik, Euskal Herriko hamarnaka mugimendu sozial, sindikal eta ekologistek Zuen negozioa, gure kolapsoa dinamika aurkeztu dute, eta manifestazioa egingo dute hilaren 24an.
Barakaldoko BEC-en izango da aurten Munduko Bankuaren (MB) Innovate4Climate konferentzia, maiatzaren 23tik 25era. Horren aurka antolatu dira Euskal Herriko zenbait eragile eta plataforma, eta mobilizatzeko deia egin dute.
Ekitaldi horretan mundu osoko hainbat herrialdetako agintariak eta inbertsio funtsen zein enpresa teknologiko pribatuen nagusiak bilduko dira, eta krisi klimatikoari aurre egiteko beharrak eta inbertsio aukerak izango dituzte hizpide.
Munduko Bankuari Ez! plataforma
Alde batetik, Munduko Bankuari Ez! plataforma aurkeztu zuten maiatzaren 5ean, prentsaurreko bidez. Plataformak oligarkia finantzarioa jarri du jopuntuan: "Larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da oligarkia finantzarioarentzat". Horren adibide jo ditu energia berriztagarrien merkatua, inguru naturalak suntsitzen dituzten makroproiektuak, energia iturri berrien bilaketa eta klima aldaketak kolpatutako lurralde txiroen berreraikuntza. Hala, plataformak ez du uste konponbidea "oligarkia finantzarioak gidatutako ustezko politika jasangarrien eskutik" etorriko denik.
Larrialdi klimatikoaren jatorria kapitalismoan dagoela adierazi dute plataformako kideek, "berezkoak zaizkion ekoizpenaren irrazionaltasuna eta etengabeko metaketa beharrengatik". Horri aurre egiteko kapitalismoa deuseztatzea "ezinbestekotzat" jo dute: "Ezinbestekoa da ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzea, lehengaien erabilera jasangarria eta ingurugiroarekin harreman orekatua gauzatzea ahalbidetuko duen gizartea eraikitzea".
Mobilizatzeko deia egin dute maiatzaren 23an, Kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu lelopean. Manifestazioa 18:30ean aterako da Barakaldoko plazatik. Aste honetan, gaiaren inguruan duten ikuspegia entzuteko aukera egongo da. Alde batetik, maiatzaren 18an, Ingurugiroaren suntsipen kapitalista eta gizarte jasangarriaren eraikuntza izeneko mahai-inguruan. 18:30ean izango da, San Frantziskoko Udaltegian (Bilbo). Hurrengo egunean, maiatzaren 19an, ordu berean Oligarkia finantzarioaren erasoaldi ekonomiko eta politikoa hitzaldia eskainiko dute Bilboko Zazpi Katu Gaztetxean.
'Zuen negozioa, gure kolapsoa' dinamika
Bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera ere BECeko konferentziaren aurka antolatzeko deia egin dute. Maiatzaren 15ean egindako agerraldian salatu dute Munduko Bankuak "pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena" berdez estali nahi duela Innovate4Climate topaketak, MBk sorreratik finantzatu duelako hainbat herrialderen espolioa.
Energia fosilak behin betiko utzi, eta "trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa" martxan jarri behar dela uste dute. Administrazio arduradunei eskatu diete eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzuteko: "Trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuta".
Hainbat hitzordu dituzte datorren asterako, Zuen negozioa, gure kolapsoa lelopean: maiatzaren 23an elkarretaratzea egingo dute 08:30ean, Ansio metroko irteeran. Hurrengo egunean, mobilizazioa deitu dute Bilboko Plaza Eliptikotik, 19:30ean. Maiatzaren 25ean, berriz, Yayo Herrero ekintzaile ekofeministak hitzaldia emango du 19:30ean, BilboRock-en.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545