Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ikasten ari zara

Garagardo hotza


2026ko uztailaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Inoiz baino epelago dago itsasoa. Maiatzean jaso genuen aurreneko bero kolpea. Ekainekoaren markak ez dauzkagu ahazteko. Berrogeita zenbat? Uztailak ez du deskantsurik eman nahi. Gauetan ere ez du freskatzen. Bero hau ere geratzeko etorri da. Areago, ikusita azken urte gutxitan zein azkar igo diren graduak, auskalo hurrengo urteetan zenbat gehiago igoko diren termometroak.

Dantek azpimundura jaitsi behar izan zuen infernua ikusteko. Guk, udan, nahikoa dugu leihotik begiratzea. Erraietaraino sartzen da beroa, zakar, biolento, berunezko. Ez du mehatxurik egin behar. Badakigu zertara datorren.

Kontrolik gabeko egoera batean gaude, baina inork ez du benetako neurririk hartu nahi; politikariak herritarrak haserretzeko beldurretik ari dira. Ez du oposizioak eskatuko autoaren, plastikoaren edo hegazkinaren erabilera zorrotz mugatzea; ez du gobernuak erraustegiak ixtea proposatuko, zabor gutxiago sortzera behartuko edo aire girotuak arazoa larriagotu besterik ez duela aitortuko.

Zaborra lau ontzitan bereiztea eta zero zabor dinamikak dira gure ekintza ekologiko subertsibo bakarrak. Urruti geratu zaigu Lemoiz geldiarazi zen garaia. Ordutik, autobideek eta Abiadura Handiko Trenak egin dute aurrera, eztabaida guztien gainetik. Hauteskundeak ate joka daude beti. Inork ez du esan nahi ezin dugula erritmo honetan jarraitu. Ez ezkerretik, ez eskuinetik, ez zentrotik. 

Amildegira goaz, txarangaren atzetik. Badakigu zer datorren. Badakigu zergatik. Eta, hala ere, garagardoa hotz ekartzen badigute, munduak beste arratsalde batez jarrai dezake. Sutan. 

gora