Asteroko buletina
Buruila udaren buztana eta neguaren hastapena.

Ekoedizioa: Nola murriztu liburuak sortzen duen kutsadura

Duela urtebete sortu dute Ekoedizioaren Institutua Katalunian, paperezko argitalpenek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu ditu institutuak, eta liburua ekoeditatua dela ziurtatzen duen zigilua ere sortu du. Europan halako zigilua kudeatzen duen institutu bakarra da. Kataluniaz haratago ere sortu du interesa proiektuak. ARGIA duela hilabete batzuk hasi da liburuak ekoedizio moduan argitaratzen eta Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkideen artean Euskal Herriko aurrena da.


2023ko azaroaren 08a
ARGIAn, irailetik aurrera argitaratutako liburu guztiek daramate ekoedizioaren zigilua eta zama ekologikoaren oharra. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Badakigu maiz ez dela jasangarria kontsumitzen ditugun produktuak sortzen diren lekutik gure etxera iristerainoko bidea, ingurumenaren ikuspegitik. Produktu ekologikoak ditugu elikagaietan eta arropetan, elektrogailuetan kaltea gutxitzeko programak daude eta garraio publikoa edo bizikleta erabiltzeko aholkatzen digute, norbera bere autoan ibili beharrean. Baina badakigu irakurtzen ari garen liburuak zein bide egin duen gure eskuetara heldu aurretik? Badakigu zenbat kutsatu duen hura sortu eta garraiatzeak?

Galdera horri tiraka hasi ziren ikertzen liburu baten arrasto ekologikoa Pol·len argitaletxeko kideak, duela hamabi urte; ikerketa horien ondorio dira ekoedizioaren kontzeptua eta proiektua. Argitaletxea sortu aurretik Bartzelonan inprenta bat zuten: El Tinter kooperatiba. Ingurumen zientziak ikasten zituen ikasle batek bertan egin zuen gradu amaierako lana, han sortutako produktuek ingurumenean zuten inpaktuaren ingurukoa. Kooperatibako kideek aurrez ez zuten uste kutsatu egiten zutenik; emaitza bestelakoa izan zen, ordea: “Zikin batzuk zarete eta okerrena da ez zaretela konturatu ere egiten”. Hala ondorioztatu zuen ikasleak, Jordi Panyella Pol·len-eko kideak dioenez.

“Inprentan ingurumen-kudeaketarako sistema jarri genuen martxan, eragiten genituen kalteak aztertzeko. 2011n sortu genuen Pol·len, probatzeko zer egin genezakeen papereko argitalpenek ahalik eta gutxien kutsatzeko, eta 2015ean inprenta itxi egin genuen”. Pol·len-ek Europako diru-laguntza bat jaso zuen liburuaren bizi-zikloa ikertzeko, lehengaiak lortzen direnetik hasi eta liburua amaitu arte. Ondorioztatu zuten kalterik handiena lehengaiak erauztean sortzen dela, hain zuzen, %49,4; horren atzetik honako prozesuetan kutsatzen da gehien: inprentako xaflak sortzean (%17,6), banaketan (%16,4) eta diseinu fasean (%9,6).
 

Ikertzen hasi zirenetik paperean eta tintan egin dituzte aldaketa esanguratsuak

Datu horiek kontuan hartuta sortu zuten ingurumen-kalkulagailua 2012an, argitalpen batek aurrezten duen inpaktua kalkulatzeko. Paraleloki, Comanegra argitaletxeak llibre local zigilua ere sortu zuen, argitaletxeek adierazteko haien produktuak tokiko baliabideekin egin zituztela. Bi argitaletxeak elkartuta, 2022an Ekoedizioaren Institutua (Institut de l’Ecoedició) sortu zuten Katalunian, “liburu ekologikoaren aldeko esfortzuak bateratzeko asmoarekin”, Laia Figueres institutuko zuzendariaren arabera. Zerbitzu-kooperatiba bat da, batez ere argitalpenen sektoreari zuzendua. “Ikertzen jarraitzea da gure helburua, ekoedizioa bizirik dagoen kontzeptua delako”. Horrez gain, sektoreko eragileei errekurtsoak eskaintzen dizkiete enpresaren erabakietan ingurumen arloa kontuan har dezaten.

Ekoedizioaren irizpideak hamabi puntutan
Institutuak ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu zituen, liburuaren bizi-zikloaren azterketa oinarri hartuta: tokiko ekoizpena izatea; paper birziklatua edo FSC ziurtagiria duena erabiltzea; karbono-aztarna kalkulatzea eta emaitza komunikatzea; ekodiseinua erabiltzea; parte hartzen duten eragileek ingurumen-kudeaketa bermatzea; tintak aukeratzean ingurumen kalteak kontuan hartzea eta toner tinten arriskuaz jabetzea; inpresio egokiena aukeratzea, izan offset-a edo digitala; gailu elektronikoen ingurumen-inpaktua kontuan hartzea; inprentako xaflak, akaberak eta paketatzeak ondo aukeratzea; tiradak aztertzea; obra-lizentziak kontuan hartzea; eta, azkenik, energia-hornidura jasangarria erabiltzea.

Hamabi irizpide horietatik lehenengo hirurak betez gero, institutuak liburu ekoeditatuaren zigilua ematen du. Erabakia, ordea, ez du hartzen institutuak berak, hirugarren eragile batek baizik.

Institutuko zuzendaria lehen baldintzaren garrantziaz aritu zaigu: “Tokiko inprimatzea da lehen baldintza, azterketan ikusi baikenuen ingurumenean eragin handia duela produktua inprimatzen den lekuak eta haren ondorengo ibilbideak: banaketak, bidaiak… Horregatik, argitalpena banatzen den lekuan inprimatu behar da. Horrekin tokiko ekoizpenaren sarea ere babestu nahi genuen”.

Bigarren irizpidea paperari dagokiona da: paper birziklatua edo FSC papera erabili behar da. FSC-k Forest Stewardship Council esan nahi du (Basoko Nabigazio Kontseilua); irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere siglak daramatzan paperak ziurtatzen du produktu hori egiteko erabili den papera baso jasangarrietako zuhaitzetatik datorrela.

Hirugarren baldintza da argitalpen bakoitzak ingurumenean duen eragina adierazi behar duela produktuan bertan, irakurleak horren berri izan dezan. Honako bost datuak adierazten dira etiketan: karbono aztarna, sorturiko hondakina, eta uraren, energiaren eta lehengaien kontsumoak. Komunikazioari garrantzi handia ematen diote ekoedizioa ezagutarazten ari diren garai honetan. Pol·len-eko kideari garrantzitsua iruditzen zaio irakurleek argitaletxeen jarrerak ikuskatu ahal izatea. “Horregatik sortu genuen motxila ekologikoa; garrantzitsuena ez da zigilua bera, baizik eta irakurleak ingurumenean alfabetatzea”.

Kaltea aurreikusteko tresna
Horrez gain, zigiluko bost puntu horietan zenbat aurreztu den ere adierazten da, argitalpen estandar batekin alderatuta. Kalkulu hori ingurumen-kalkulagailuaren bitartez egiten da –artikuluaren hasieran aipatutakoa–. Kalkulagailua sortu zenetik eguneratu egin dute, eta aldagai gehiago sartu dizkiote. Ekoedizioaren Institutuarena da, eta bazkideei aukera ematen die argitalpen batek ingurumenean eragingo duen inpaktua kalkulatzeko, produktua egin aurretik. “Tresna horri esker, eragileek aukeratu dezakete kalterik txikiena eragingo duen diseinua. Esate baterako, paperaren neurriak”, dio Panyellak.

Ikertzen hasi zirenetik bi materialetan egin dituzte aldaketa esanguratsuak: paperean eta tintan. Gaur egun ekoeditatutako argitalpenetan erabiltzen duten paperak ez du klororik, eta tintei dagokienez, lehenago mineraletatik eratorritako tintak erabiltzen zituzten; orain, landare-jatorrikoak. Hala ere, argitaletxeko kidearen ustez ez dago tinta ekologikorik, ezta liburu ekologikorik ere. “Liburu ekologikoa ez da existitzen, beti izango du eragin negatiboa ingurumenean. Aitzitik, kulturalki eragin positiboa du, eta horregatik jarraitzen dugu liburuak egiten”.

Kataluniatik beste lurraldeetara
Gaur-gaurkoz institutuak 21 bazkide ditu (tartean ARGIA); gehienak Kataluniakoak dira, eta erakunde publikoekin ere ari dira elkarlanean, esate baterako Bartzelonako Diputazioarekin eta Enpresa Kulturalen Kataluniako Institutuarekin. “Hala ere, Kataluniatik kanpoko eragile askok jo dute gugana informazio eske”, zuzendariak baieztatu duenez. Epe ertainean argitaletxe eta inprenta gehiago batzea nahi lukete, “geroz eta argitalpen gehiagok izan dezaten ekoedizioaren zigilua eta, horrekin, geroz eta irakurle gehiago kontzientziatu daitezen”.

Sei liburu ekoeditatu ditu ARGIAk

Irailetik hona argitaratutako sei liburuak ekoeditatu egin ditu ARGIAk eta seirek daramate ekoedizioaren zigilua: Ilargia eta landareak agenda, Hausnarrean eta Planeta prekarioan argitaratu berriak eta Bizi baratzea, Sendabelarrek dakitena eta Etxeko landareak berrargitalpenak. Ibilbide baten hasiera izan da, baina ez da hutsetik abiatutako bidea. Liburuek eragiten duten aztarna ekologikoari buruzko kezka duela urte batzuetakoa da. Hain zuzen, Bizi Baratzea ildoko langileek duela zortzi urte aurkitu zuten interneten liburuen aztarna ekologikoa neurtzen zuen kalkulagailu bat. Aztarna ekologikoaren garrantziaz jabetuta, eta irakurleei begira gardentasun ariketa egiteko asmoz, hainbat urtez Ilargia eta landareak agendan aztarna ekologikoari buruzko oharra argitaratu zen. Halako batean, interneteko kalkulagailua ezin erabili gelditu zen ARGIA: pasahitza eskatzen zuen. Xerka aritu ondoren, kalkulagailuaren arduradunekin egin zuen topo ARGIAk, hain zuzen ere, Kataluniako Ekoedizioaren Institutuarekin.

Joan den abuztuan harremanak hasi, informazioa bildu eta institutuko bazkide egitea erabaki zuen ARGIAk. Bazkide egin eta ekoitzitako liburuek ekoedizioaren zigilua eramatea ez da paper bat betetzea. Erreportaje honetan azaltzen diren pausoak eman ditu ARGIAk. Ezinbestekoa izan da eta izango da hemendik aurrerako liburu guztietan Antza inprimategiarekin orpoz orpo lan egitea.

Ekoizpen bakoitzean, ARGIAri eta Antzari etxeko lanak egitea eskatzen die, baita ahalegin ekonomikoa ere.

ARGIAk liburu bakoitza argitaratu aurretik bi galdera hauei erantzuten die: Zein izango da liburu honen aztarna ekologikoa? Eta nola murriztu dezakegu? Aztarna gutxitu badaiteke, neurriak hartuko dira. Bistan da aztarna erabat ezin dela ezabatu, eta berebiziko garrantzia du kutsadura mailaren berri liburuaren erosleek izatea. Zigiluak betetzen du egiteko hori.

Hilabete gutxiko ibilbidea egin du ARGIAk. Bazkide egin berri eta sei liburu ekoeditatu ditu. Datozenetan ere, ariketa bera egingo du, zalantzarik gabe. Dagoeneko aldizkaria ekoeditatuta argitaratu dadin lanean ari da ARGIA.

 

Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu
Hogei urte igaro dira Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eraitsi eta urpean ito zituztenetik. Herritarrek eta herritarrak ez zirenek, ordea, ez zuten besterik gabe onartu... (+)
Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko
Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan. (+)
Urdaibaiko ibai bat gehiegi lehortzeagatik delitu ekologikorik izan ote den ikertuko dute
Eguzki talde ekologistak salatu zuen 2020an Mape ibaitik behar baino ur gehiago atera zutela, ur eskasiari aurre egiteko. Azpimarratu du ez dela gertatzen den lehen aldia... (+)
Artozkiko erresistentziak 20 urte
Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu... (+)
Gutxienez 6.200 hildako eta 10.000 desagertutik gora eragin ditu Libiako hondamendiak
Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora