Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gizakion biziaren jarraipena planetan, kapitalismoaren jarraipenarekin bateraezina da; hau da Ecologie ou économie, il faut choisir (Ekologia edo ekonomia, hautatu behar da) bere azken liburuarekin Anselm Jappek adierazi nahi diguna. Anselmek urteak daramatza kapitalismoa zer den pedagogiarekin azaltzen, liburuak idatziz eta hitzaldiak emanez. Otsailean Baionan eta Larzabalen izan zen liburua aurkezten eta gaiaz elkarrizketatu genuen.
Anselm Jappe bere liburua eskuan.Argazkia: Sabina Hourcade.
Kapitalismoak, nahitaez, hondamendi ekologikora garamatza. Ezin gara krisi ekologikotik atera kapitalismotik atera gabe. Egiaztapen kezkagarri bezain pozgarria da Anselm Jappek egiten diguna. Kezkagarria, kapitalismotik ateratzen ez bagara gizakion biziak planetan ez duelako jarraipenik izango. Pozgarria, badakigulako zer egin behar dugun eta zer ez dugun egin behar, biziak jarraipena izan dezan.
Jappek kapitalismoak eragiten dituen desastre soziala eta ekologikoa aipatzen dituenean, zera galdetzen diote maiz, beren baitatik gogoeta sakona eraman nahi ez dutenek: “Baina zuk zer proposatzen duzu?”. Bada, jada hor dute erantzun argi bat: ez dugu kapitalismoarekin jarraitu behar. Beraz, gaur egungo desastreari aterabide praktikoak proposatzeko eta estrategia egokiak gauzatzeko, ongi ulertu behar ditugu desastrearen jatorri sakonak, hau da, ulertu behar dugu zertan datzan kapitalismoa.
Ulertzeko ahalegina egin behar dugu, irakurriz, entzunez eta eztabaidatuz. Ez da erraza, baina beharrezkoa da. Joan den otsailaren 21ean Baionan eta 22an Larzabalen Jappek bere azken liburua aurkezteko eman zituen hitzaldien hasieran, azpimarratu zuen bi orduko hitzaldi batetara joatea, numerikoaren garaian eta eguraldi ederra izanik, erresistentzia ekintza bilakatu dela. Ingalaterran kapitalismo industriala sortu zen garaian, langileak, gaur egun baino lan egun askoz gogorrago eta luzeagoen ondotik, liburu iraultzaileak kolektiboki irakurtzeko eta gogoetatzeko klandestinoki elkartzen ziren...
Jappek bere azken liburu hau L’Echappée argitaletxe bikainarekin argitaratu du. Argitaletxe honen eramaile den Cédric Biaginik, numerikoak eragiten dituen kalte handiei buruz idatzitako L’emprise du numérique (Teknologia digitalaren menperatzea) liburu oso interesgarrian, hau adierazi zuen: “Liburua, beharbada, azkenetariko erresistentzia gune bat da”. Azkenetarikoa denetz ez dakit, baina erresistentzia gune dela ez da dudarik.
Gauzak horrela, Ecologie ou économie irakurtzea sutsuki aholkatzen dut, are gehiago, gutxienez bitan irakurtzea, liburu teoriko bat barneratzeko oso emankorra baita. Jakina liburu hau gaztelerara itzuliko dutela, Japperen beste hainbat libururekin egin duten gisa. Baina espero dugu lehenago euskarara itzulia izango dela. Jada Jose Mari Esparzari erran genion: “Edo nahiko laster Zumalacárregui y la República de los Pirineos hire liburua euskarara itzultzen duk edo hire etxeko leiho pean manifa bat antolatzen diagu". Abisu berri bat Jose Mariri: Anselmen liburu hau ez baduk euskarara itzultzen, manifa Tafalla osora zabalduko diagu.
Jappe filosofoa da eta Italian estetika irakasten du. 1962an Bonnen (mendebaldeko Alemanian) sortu zen. Jakintsua da oso. "Balorearen kritika berriaren" teorialaria da eta Guy Debord situazionistaren pentsamenduan aditua. Oso konplexua dena (Marx, Debord) manera pedagogikoan azaltzen du. Horregatik, funtsezkoa da egiten duen lana.
Baionara heltzerakoan, adierazi genion behar bada hiri horretan ez zuela entzule ainitz ukanen. “Gaur egun, gero eta hiri handiagoa, gero eta jende gutxiago hitzaldietan” erantzun zigun. Egiaztatu zen: Baionan 30 bat entzule eta Larzabalen 40 bat izan ziren. Baina bietan hitzaldi eta eztabaida mamitsuak. Pena jende gehiago ez hurbildu izana.
Anselmek eztabaida erradikaletara gomitatzen gaitu, arazoen erroetara joatera eta aterabide erradikalak gauzatzera. Antikapitalismoa eta alterkapitalismoa –hau da, ustez antikapitalista dena baina egiazki kapitalismoaren erreforma dena– ongi ezberdintzen laguntzen digu, infernua intentzio onez beteta dagoela gogoratuz.
Gutariko bakoitza kapitalismoaren eragile dela azaltzen digu Jappek. Hain zuzen, herritar gehienek kapitalismoarekin eta bere bizimoldearekin bat egiten dugu. Horregatik, kasik inork ez du egiazko aldaketa ekologikorik nahi, aldaketa horiek bizi kalitatearen apaltze bat direlakoan, ongizatearen eta erosotasunaren apaltze bat, eta ez hobetze bat. Hainbatetan, norberaren plazera (banakako autoa, klimatizazioa, bidaiak...), justizia orokorra eta hondamendi aurreikuspenak baino indartsuago dela deitoratzen du. Kontsumitzeko nahia gure baitan oso errotua dela azpimarratzen du.
Munduko herritarren zati batek industrializazioaren abantailez gozatzen du, eta beste zati batek biziraun egiten du. Dirudienez, gozatzen dutenen gehiengoari bizirauten dutenen egoera bost axola zaio, eta bizirauten dutenen helburua gozatzen dutenen taldean sartzea da...
Jappek erakusten digu kapitalismoa ezin dela ibili, kontsumitzaileen konfort gehiagorako joerarik gabe. Kapitalismoaren zutabe bat da erosotasunaz gozatzen dutenen konfort bera ukan nahia. Ohitu garen konfortari indibidualki uko egitea zaila da. Taldean egitea errazagoa. Jappek argi du krisi ekologikotik ez garela aterako, bizimoldean denok aldaketa sakonak egiten ez baditugu. Ez da erraza izango, jakinik, adibidez, Amerikako Estatu Batuetako buruzagiek diotela estatubatuarren bizimoldea ez dela negoziagarri; alta, planetarentzat haien bizimoldea da kaltegarriena.
Kapitalismotik ateratzeko, bizirauteko kapitalismoan parte hartu behar izatetik askatu behar garela erraten digu Anselmek. Horretarako, ekoizpena kontsumitzaileengana hurbildu behar dugu, ahalaz ekoizlea kontsumitzaile izateraino. Zein ekoizpen egin eta zein baztertu erabaki behar dugu, ekoizpen bakoitzaren ondorio sozial eta ekologikoen arabera, eta gizakien oinarrizko beharren arabera. Hautatutako ekoizpenak erabaki behar du maila teknologikoa zein izan behar den. Hau da, ekoizpena egiazki gizakiaren oinarrizko beharrei erantzuteko izan behar da eta ez kapitalismoaren beharrei erantzuteko. Gauzak horrela, gutxi gora behera gaurko ekoizpenaren erdia uzten ahalko da. Mundu mailako trukeak beharrezko egiten dituzten makinak gutxitu behar dira eta giza lana handitu behar da.
Hala ere, Japperentzat, kapitalismotik ateratzeko bermea ez da hondamendi ekologikora garamatzala, baizik, sistema horretatik ateratzeko nahikari sakona dugula, gaur bertan eta hemen sortzen duen mundua okaztagarria delako.
Hona hemen, Ecologie ou économie, il faut choisir liburua bi aldiz irakurri ondoren, Anselm Japperi egindako elkarrizketa.
Liburuan diozu lehia kapitalismoaren zutabe bat dela. Lehian oinarritzen ez den merkatua posible ote da?
Beti bezala, lehenik hitzen erranahia adostu behar da. "Merkatu" hitza oso orokorki ondasunen eta zerbitzuen truke gisa ulertzen badugu, hitz horrek ez du erranahi berezirik. Truke hori emaitza eta kontra-emaitza gisa [hau da, trukagaien artean] ere egin daiteke, gizarte anitzetan gertatu den bezala, maila batean gizarte modernoetan ere bai. Baina kasu horretan ez da merkatu bat, zeren merkatu izateko, ekibalenteen arteko trukea izan behar da, gehienetan diruzko ordainketarekin egiten dena. Beraz, trukatzen diren objektu guztiek zerbait komuna ukan behar dute; hau, beren ekoizteko egin den lana da. Ezin da beste zerbait izan. Lan hori, objektu hauen truke balioak agerrarazten du. Kasu horretan, eta kasu horretan bakarrik, objektu hauek merkantziak dira. Merkatua, izaera horrekin, soilik gizarte moderno eta kapitalistan existitzen da.
M. Finley historialariak, Antzinako ekonomia (1973) liburuaren idazleak, merkatu hitza “grezieraz eta latinez itzuli ezina dela” dio. K. Polanyi eta F. Braudel historialariek ezberdintzen dituzte merkatua, giza historian oso zabaldua litzatekeena, eta kapitalismoa, merkatuaren forma historiko askoz bereziagoa litzatekeena, baina ez da ulergarria zertan ezberdintzen dituzten.
Merkatua egitura anonimoa eta auto-erregulatua da, non aktoreek, euren merkantzien eta merkantziek duten balioaren mugimenduak soilik segitzen dituzten. Aktoreen arteko lehia, merkatuaren funtsezko izaera da, beraz. Gizarte aurre-modernoetan trukeak aitzinetik ezarritako harreman sozial batzuen gainean oinarritzen ziren, baina merkatuan harreman soziala ondotik egiten da, merkatuan egindako trukeetan oinarrituta. Aktore bakoitzaren garrantzia, aktoreak merkatuan duen arrakastaren araberakoa da.
Lehiarik gabeko kapitalismoa sortzeko hainbat saiakera egin dira, bereziki XX. mendean. Lehiak, aktoreak elkar-irenstera bultzatzen ditu, baliabideak alferrik galtzera eramaten ditu, eta, epe luzera, kapitalismoaren biziraupena mehatxatzen du. Gainera, aktore batzuek posizio monopolista lortzen dute, eta bukaeran, erabateko monopolioarekin, lehiak lehia desagerrarazten du.
Kapitalismoaren auto-desegite hori saihesteko, estatuek ahaleginak egin dituzte esku-hartzeen bidez erregulazioak inposatzeko, eta kapital partikularren arteko lehia kapitalaren interes orokorraren menpe ezartzeko, horrela egonkortasun soziala bermatzeko: funtzio hori ukan dute bi gerlen arteko garaia ezaugarritu zuten faxismoek, New Deal-ak Amerikako Estatu Batuetan, baina baita ere, molde berezi batean, Sobietar Batasuneko eta “sozialismo errealeko” beste herrietako ekonomia planifikatuek ere. Ondotik, keynesianismoak eta estatu-erregulatzaileek, lehiaren mugatze eztiagoa proposatu zuten. Baina 1980tik aurrera neoliberalismoak erregulazio horiek hautsi ditu, mundu mailan eta gizartearen arlo guztietan lehia bortitzagoa indarrean ezartzeko.
Lehiarik gabeko merkatu bat pentsaezina da, beraz. Pentsa daitekeena, bistan dena, aktore anonimoen artean ondasunak eta zerbitzuak lehiarik gabe zirkula araztea da, mundu mailan, maila lokalean edo tarteko mailan, “planifikazio” mota baten bidez (zentzu zabalean), baina baita ere, esfera ekonomikoa bizitzeko beharrezkoak diren beste jardueretan “ber-txertatuta” (Polanyik ematen dion zentzuarekin), hau da, esfera ekonomikoa ekonomia gisa desagertuta.
Zure ustez larriagotzeak diren “aterabideak” kritikatzen dituzu. Moneta alternatiboekiko kritikoa zara. Kapitalismotik ateratzeko, moneta alternatiboak ez dira aterabideak?
Alternatiboak omen diren moneten jatorria Pierre-Joseph Proudhonen ideiak dira. Hark interesik gabeko kreditua proposatzen zuen. Moneta “alternatiboen” bultzatzaileek, trukeak errazteko omen duten funtziora itzuli nahi lituzkete monetak, moneta ekoizpenaren helburu izan gabe.
Hain zuzen, moneta ekoizpenaren helburu denez, kapital gisa metatzen da, eta interesak dakartzan mailegurako erabil daiteke, edo besteen lan indarra erosteko eta esplotatzeko erabil daiteke. Horrela, monetak gehiegizko boterea dirudunen esku ezartzen omen du eta lanaren esfera “sanoa” edo “naturala” oztopatzen omen du. Baina ikusmolde horrek, moneta, eta bereziki interesa, egiazki zabalagoa eta sakonagoa den logika baten arduradun egiten du: balorearen, lanaren eta bere esplotazioaren logika.
Diruak gauza guztiak berdintzen ditu, eduki ororekiko axolagabea da, baina ezaugarri hauek ditu lanaren alde abstraktuaren adierazle delako, hau da, denbora xahutze huts gisa kontsideratua den lanaren adierazle delako. Lan abstraktuak balioa sortzen du. Balioa, beti berdina den alegiazko substantzia da, kalitatea ezagutzen ez duena, kantitatea bakarrik ezagutzen duena. Diruaren izaera sozialki suntsitzailea, merkatu balioaren izaera sozialki suntsitzailearen ondorio hutsa da. Dirua, ekoizpen kapitalistaren oinarrizko kategoria hauen alde ikusgarriena da. Kategoria hauek gainditu egin behar lirateke.
Hainbatentzat, interesen ordainketa da monetaren ezaugarri eskandalagarria. Baina Karl Marxek ongi agerian ezarri zuen, kapitalismoan oso arrunta dela etekin bat ekoitzi ahal duen ondasun bat ordaintzea. Kapitalismoan, dirua tresna produktibo bat da, beste tresna produktiboak bezala. Kritika interesean zentratzea, kapitalismoaren ohiko kritika populistaren adibide da. Populismo horrek, esfera produktiboaren legeak onartzen ditu, bereziki esfera horretan gertatzen den esplotazioa, eta munduaren gaitzak soilik zirkulazioaren esferari leporatzen dizkio, hau da: salerosketa, interesa, bankuak eta espekulazioa. “Antikapitalismo faltsu” hori, nazismoaren oinarrietariko bat zen; nazismoak, enpresari (“aryeno”) “kapital sortzaile” ona kontra-jartzen zion finantzaren (“judu”) “kapital harrapari” txarrari.
Gaur egun, kapitalismoa ustez kritikatzen duten mugimenduen zati handi bat, soilik finantza salatzera mugatzen da: beraz, “alter-kapitalismo” bat da, soilik azaleko erreforma bat helburu duena. Debalde. Usu, moneta alternatiboen bultzatzaileak ez dira horretaz kontziente eta fede onez jarduten dute, baina horretaz gogoetatu behar lukete.
Marxek ez zuela teknologiaren kritikarik egin azpimarratzen duzu. Zuzena al da erratea Marxek bere arreta ekoizpen sistema industrialaren makinen jabetzan zentratu zuela eta ez makina horien ekoizpenak eta erabilerak dituen ondorio sozial eta ekologikoen gain? Zuzena bada, nola esplika daiteke Marxek horrelako hutsa egin izana?
Erran gabe doa Marx bere garaiko seme bat zela, bere garaiko bilakaera historikoaren lerro nagusiak deskribatzeko ahalegina egiten zuena. Horrek bere indarra zuen eta Fourier bezalako sozialista “utopikoen” egitasmo ederrengandik ezberdintzen zuen, haien ametsak errealitate historikotik kanpo baitzeuden.
Marx konbentzituta zegoen komunismoa gauzatzen ahal zela, bere ustez indar produktiboen bilakaera komunismoaren norabidean zihoalako. Burgesiak gauzatutako zientzien eta tekniken aitzinamenduentzat zeukan gaztaroko miresmenaren ondotik, eta erromantizismo iraultzaile oro arbuiatzearen ondotik, bere obra berantiarretan, kontuan hartzen ditu ekoizpen prozesuetan (bereziki laborantzan) teknologiaren aplikazioak eragindako desmasiak, eta bizimolde aurre-modernoekiko interesa ere agertzen du, Errusiakoarekiko, adibidez. Hala ere, idazki horietan oinarrituta Marx ekologiaren edo tekno-kritikaren aitzindari egin nahi izatea gehiegikeria da. Aldiz, ekonomia politikoaren bere kritika tresna gisa erabilita, eta bereziki merkantziaren, balioaren, lanaren –bere bi izaeretan, abstraktua eta konkretua– eta diruaren bere kritika tresna gisa hartuta, krisi ekologikoa eta teknologien eragina uler ditzakegu, Marxek bere garaian uler zezakeena baino askoz harago. Beraz, gaurko egoeraren teoria baterako, Marxek utzitako tresnak erabil daitezke, bere adierazpen zehatzen zati batekin kontraerranean badago ere.
Kasik marxismo forma guziak, heterodoxoenak ere, konbentzituta zeuden emantzipatutako gizarte ororen ezinbesteko oinarria, teknologiei esker egindako ekoizpen indarren garapena zela. Are gehiago, konbentzituta zeuden garapen horrek gizarte emantzipatua halabeharrez ekarriko zuela. Gaur egun, oso eztabaidagarria da aitzinamendu teknologikoaren eta aitzinamendu sozialaren arteko loturarekiko konfiantza hori, eta baztertzeko borrokatu behar da. Erran gabe doa aurrerapen teknologikoa ez dela gizarte libre batekin bateraezina (ez du balio “primitibistak” izatea!), baina ez du bermatzen, eta oztopatzen ahal du, baita ere.
“Erabakitzaileak”, maila guztietan, landa eremuko Herriko Etxetik hasi eta Europako Batzorderaino, logika kapitalistaren preso direla diozu, eta gizarteak autonomia osoz bere etorkizunaz egiazki erabaki ahal izateko baldintza materialak eta psikologikoak berrezarri behar direla. Zein dira baldintza horiek?
“Demokrazia”, zentzu politikoan, inoiz baino gehiago oskol hutsa bilakatu da. Maila guztietan, politikariak, borondate onekoak izan edo ez, eta edozein izanik beren joera politikoa, “inperatibo ekonomikoak” segitzera behartuak dira. “Lehiakortasuna galtzearen” lanjerra, “enpleguen sortzea” (edo galtzea), “merkatu berrien konkista”, “teknologia berrien trena galtzearen” arriskua, estatuaren zorraren interes tasak ber-igotzearen posibilitatea, notazio agentziek herri baten nota apaltzea... aipatzen hasi orduko, meza errana da: erabaki politiko orok ekonomiaren garapen ona bermatzeko bakarrik balio du. Horren aurka pixka bat joaten saiatzen den orori, izan aberatsak soilik pixka bat gehiago zergatuz, substantzia toxikoentzat “babes-neurri” gisa oinarrizko arau batzuk indarrean ezarriz, gazteen gain sare sozialek duten eragina pixka bat mugatuz edo zerbitzu publikoak pixka bat babestuz, ekonomia hiltzea leporatzen zaio, kapitalen ihesa eragitea... eta laster atzera egin behar du. Baina usaian, soilik “ekonomiaren legeak”, “inperatibo teknologikoak” eta “gelditzen ez dugun aitzinamendua” jada erabat bere egin dituztenak heltzen dira “erabakitzaileen” tokietara.
Egiazko demokrazia, gai guztiez eztabaidatzen ahal den tokietan soilik existitzen ahal da, baita hertsapen ekonomiko eta teknologikoetatik ateratzearen gaiaz ere, ondorioak onartzearen baldintzapean, bistan da.
Pentsamendu ekologistak jokoan dena argitasun handienarekin uler dezan, kritika anti-industrial (edo tekno-kritika) libertarioak kritika anti-kapitalista (balioaren kritika) bere egin behar duela pentsatzen duzu?
Erran dugun bezala, kapitalismoaren kritikak baikorki ikusi du ekoizpen indarren garapena, garapen hori ongi kudeatua izan behar litzatekeela pentsatuz, eta luzaz ikuspegi horren preso egon da. Marxismo garaikidearen forma bururatuenak ere, hau da, balioaren kritikak, zailtasunak ukan ditu ekoizpen indarren hedapenak bukaeran ekoizpen harremanak irauliko dituenaren ideia baztertzeko. Maiz, kritika sozialari ikuspegi ekologikoa txertatzeko ahaleginak azalekoak izan dira.
Bestalde, teknologien eta bizi sozialean duten eraginaren kritika, gutxienez Jean-Jacques Rousseau-rekin hasi zena, lehenago ez bada, iturri oso ezberdinetan elikatu da: batzuetan iturri libertarioak (W. Morris, E. Reclus, M. Bookchin), batzuetan marxistak (A. Gorz), usu erlijiosoak, ildo ezberdinetakoak (S. Weil, G. Bernanos, J. Ellul, S. Charbonneau, I. Illich), jatorri filosofikokoak (G. Anders) edo ekonomikokoak (Nicolas Georgescu-Roegen, S. Latouche). Nahiz eta oso aberatsa izan, kritika horrek zailtasunak ditu bere ikusmoldea kapitalismoaren dinamikaren ulertze argiarekin lotzeko.
Balioa lan abstraktuaren adierazlea da eta kapital gisa metatzen da. Ikerketa bururaino eramanda, ikus daiteke balioa, zentzugabea bilakatu den ekoizpen indarren garapenaren (bere ondorio ekologikoekin) motorra dela. Merkatu gizartetik atera gabe, ezingo gara krisi ekologikotik eta tekno-totalitarismotik atera, eta alderantziz. Gaur egun, kapitala eta teknologiak dira fetixismoaren izaera nagusiak: bi kasuetan, gizakiak, berak sortu duen zerbaitekiko inpotentea dela sinesten du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545