Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu zuten herria Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Bi aste behar izan zituzten foruzainek eta guardia zibilek herria hustu eta eraikinak behera botatzeko. Hilabete batzuk lehenago, Itoitz herrian antolatu zuten erresistentzia.
Itoizko urtegiaren aurkako borroka lurraren eta ingurumenaren aldeko ikur bilakatu zen XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran. Izena urpean duen herrietako batetik datorkio. Izan ere, urtegia eraikitzeko inguruko zazpi herri eraitsi eta urpean utzi zituzten. Itoitzekin batera, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi, Nagoreren zati handi bat eta Artozki herriak geratu ziren ur azpian.
Egun, Nafarroako urtegirik handiena da, Artze eta Longida ibarretan dagoena, eta Irati ibaiaren gainean du presa nagusia.
1985ean eman zuten proiektuaren berri, eta berehala sortu ziren haren kontrako iritziak. Urte horretan bertan, Itoizko Koordinakundea sortu zen, urtegia ez eraikitzeko helburuarekin.
1993an hasi zituzten Itoizko urtegia egiteko lanak, eta 2003rako presa egina zegoen. Urte horretan hasi ziren aipatutako herriak husten. Herritarrek ez zieten, ordea, hondeamakinei bidea libre utzi. Gogor defendatu zituzten bizitokiak, bereziki Itoitz eta Artozki. Lehenengora ekainaren 16an iritsi ziren makinak, Foruzaingoarekin eta Guardia Zibilarekin batera. Dozenaka lagunek erresistentzia egin zuten, eta hiru egun behar izan zituzten guztiak kanporatu eta eraikinak behera botatzeko.
Artozkiren defentsan, bi astez
Irailaren 15ean erresistentzia Artozkira mugitu zen, hain justu, duela 20 urte. Artozkiren defentsak bi aste iraun zituen, harik eta Foruzaingoak eta Guardia Zibilak bortizki hustu zuten arte.
Nafarroako Gobernuak esan zuenez, Artozkiko bizilagunek beren borondatez utzi zituzten etxeak. Ez zen horrela izan, ordea. Egia da Nafarroako Gobernuarekin irailaren 15ean etxeak uztea adostu zutela, hori zelako bide bakarra ondoren Nagoren eta Azparrenen lursailak erosi ahal izateko.
Gobernuaren bertsioa gezurtatzeko asmoz, komunikatua sinatu zuten bizilagunek: “Artozkin bizi ginen sei familietako batek ere ez du akordiorik egin Nafarroako Gobernuarekin. Familien ondasun guztiak bortxaz desjabetu dituzte”.
Nahiz eta familiek etxeak utzi behar izan zituzten, solidarioei eman zieten lekukoa. Huste agindua baino bi egun lehenago sartu ziren ekintzaileak etxeetan, eta egun horietan familiak eta solidarioak elkarrekin egon ziren.
Julio Villanueva Itoitzekin Elkartasuna taldeko kidea zen garai hartan, baina herriak hustu zituzten egunetan ez zen bertan egon. Izan ere, 1996an, beste zazpi kiderekin batera urtegiko kableak mozteagatik bilatze- eta harrapatze- agindupean zegoen. Ekintza horrekin hamar hilabetez eten zuten eraikuntza. Hala eta guztiz, erresistentzia egunetan herrietan egon ez bazen ere, prestaketa lanetan han ibili zen. “Herrien erresistentziarako estrategia pentsatu genuen”.
Hilabeteetako prestaketak
Solidarioek hilabeteak eman zituzten prestaketa lanetan, 2002 eta 2003ko neguan hasi baitziren. Lehenengo Artozkikoa prestatu zuten, nahiz eta Itoitz lehenago hustu zuten. Paretetan zuloak egin zituzten tutuak sartu eta bertan kateatu ahal izateko, itxiturak egin zituzten hormetan eta leihoetan, bunkerrak ere prestatu zituzten...
Hustuketa operazioak ez zituzten ezustean harrapatu, makinak eta poliziak iristerako nor bere lekuan zegoen. Hustuketa “muturreraino” eraman zutela dio Villanuevak. “Ekintzaileentzat oso arriskutsua izan zen: modu bortitzean hasi ziren pareta botatzen, eta harriak erortzen ziren euren gainera”.
Bitartekari batzuk izendatu zituzten Poliziaren eta erresistenteen arteko komunikazioa aurrera eramateko: “Bitartekariek esaten zieten pertsona batzuk ezkutuan zeudela, baina poliziek ez zuten kasurik egiten. Langileei esaten zieten sartzeko eta dena birrintzeko. Ezkutuan zeudenek atera egin behar izan zuten euren ezkutalekuetatik, arrisku bizian baitzeuden”. Bitartekariak ere behin baino gehiagotan jipoitu zituzten.
"Hustuketa" izatetik "erreskate" izatera
Poliziak bere interbentzioaren kalifikazioa ere aldatu egin zuen: hasieran herrien “hustuketa” zena, “erreskate” izendatu zuten gero. “Erreskate batean erreskatatutako pertsonak hiltzen ahal dira, beraz, norbait larri zauritu edo hilez gero arrazoi hori eman zezaketen. Horrela, euren burua babesten zuten”.
Itoizko aferak, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere izena hartu zuen. Itoizko Koordinakundearen eta Itoitzekin Elkartasuna taldearen ekintzek oihartzun handia izan zuten. “Gizartearen erantzuna sendoa izan zen, garai hartan jendea oso kontzientziatuta zegoen”.
Urteurrenaren harira, prestaketa lanak
Itoitz eta Artozki herrien erresistentzien XX. urteurrenaren harira, urrian zenbait ekintza prestatzeko asmoa dute, besteak beste, mahai-inguru bat eta ekitaldia. Datozen asteetan emango dute haien berri. “Borroka eta memoria” uztartu nahi dituzte: “Ez da ospakizun nostalgikoa izango, baizik eta borrokarako deia. Inoiz baino indartsuago antolatu eta borrokatu behar dugu lurraren alde”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545