Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gernikako (Bizkaia) azoka plazatik gertu dago Mai-ona. Dendaren kanpoaldean aurki daitezkeen barazkiengatik elikagai denda bat dela pentsa daiteke, baina badira bestelako produktuak ere: liburuak, lore freskoak edo baxera. Bertako ekoizleak gerturatzeko asmoz abiatu zuen proiektua Maria Agirre Landak. Tokikoaz, merkataritzaz eta kontsumo-ohituraz jardun gara berarekin.
Hibai Agorria
Ultramarino bat zegoen lekuan dago Mai-ona. Zenbat du garai hartako dendatik egungoak?
"Otu zitzaidan proiektuan batzea: erosketa osoa egitea jakinda produktuak nondik datozen, nor dagoen horien atzean eta jatorria bezeroari gerturatuta"
Gernikara iritsi nintzenean denda itxita zegoen. Jendeak aipatu zidan lehen ultramarino bat egon zela, denetik saltzen zuena: gaztak, kontserbak, hestebeteak… Ni justu dendaren gainean bizi naiz, eta maiz amesten nuen lokal huts honetan egingo nukeen proiektuarekin. Orduko hartan kosmetika naturalaren munduan nenbilen, ikastaroak eta tailerrak ematen. Halako produktuak soilik salduko zituen proiektu bat ez nuen bideragarri ikusten, eta dendak berak duen istorioari egin nion tira. Orduan niri gustatzen zitzaizkidan gauza guztiak biltzen zituen proiektua egitea otu zitzaidan, arlo gehiago hartzea, eta beste inon aurkitzen ez nituen gauzak uztartzea: erosketa osoa egitea jakinda produktuak nondik datozen, nor dagoen horien atzean eta jatorria bezeroari gerturatuta.
Pertsonalki ezagutzen dituzun ekoizleen produktuak saltzen dituzue. Eskualdekoak, Euskal Herrikoak eta mugez haragokoak. Nola eragiten du honek egunerokotasunean?
"Logistika zaila da: proiektubakoitzari zuzenean erosten diot"
Logistika zaila da, egunero erronka bat da denda betetzea. Ez dakit horrelako beste dendetan nola egingo duten lan, suposatzen dut banatzaile jakin batzuk izango dituztela eta horiek hornituko dutela denda ehuneko handi batean. Nik lan hori biderkatu egiten dut, izan ere, proiektu edo pertsona bakoitzari zuzenean erosten diot, edo saiatzen naiz ahalik eta zuzenen erosten: jakin behar dut egunero produktu freskoa nola erosi, ortuan zer dagoen, une batzuetan ez daudela gauza asko eta beste batzuetan barietate beretik kopuru asko izango dudala. Hornitzaileak ez zaizkit egunero etortzen, eta nik horrekin jokatu behar izaten dut.
Gertukoenetik urrunagoko proiektuetara.
"Mai-onan salgai dauden produktuen %90 Euskal Herrikoak dira"
Bai, hori da. Barazkiak, gehien bat, Ereñotik, Muxikatik eta Maruritik ekartzen ditugu, baina maiz Nafarroara ere jo behar izaten dugu, bertako ekoizleek ez baitute dendako mahaia osatzeko adina produktu. Hala ere, iazko fakturazioa begiratzen aritu naiz eta datuak uste baino harrigarriagoak dira: Mai-onan salgai dauden produktuen %38,19 Urdaibaikoak edo inguruko eskualdetakoak dira. %50, aldiz, Euskal Herrikoak, eta, portzentaje txikiena Espainiatik eta Frantziatik datozen produktuek osatzen dute, %12,10. Hau da, bertakoa produktua %90 da.
Elkarrizketa aurretik aipatu didazunez, Granadako produktuak errazago iristen dira Ipar Euskal Herrikoak baino.
"Produktuak Norvegiatik edo Ipar Euskal Herritik ekartzeak kasik kostu bera du"
Produktuak Norvegiatik edo Ipar Euskal Herritik ekartzeak kasik kostu bera du. Hau horrela izanda, bide alternatiboak topatu behar izan ditut proiektua bideragarria izan dadin: Lapurdira asteburu pasa joan eta horrela produktuak ekartzeko aprobetxatu, familia osoa honetan inplikatu, lagunei mesedeak eskatu… Izugarrizko jirabirak egin behar izaten ditugu askotan, baina bidaia-gastuak eta logistika “ofizialek” suposatzen duten gastua produktuei txertatu behar bagenizkie ezingo genituzke egungo prezioak mantendu. Kalitatezko produktu bat garestia izan daiteke, baina zentzua izan behar du, ezin duzu Baigorrin ekoiztutako hur-krema bat 20 euroan jarri saltzen, ez da etikoa. Gure joan-etorriak ez ditugu kontabilizatzen, ezinezkoa litzateke bestela. Denda bada bizitza proiektu bat, eta beste begirada bat txertatu behar dugu, guretzat nahiz ekoizleentzat salmenta interesgarria izan dadin.
Bertakoaren aldeko apustu sendo honek ekoizleak ekoizpena handitzera bultzatu ditu? Sortu da euren arteko elkarlanen bat ekoizpenerako?
"Dendak 25 metro karratu ditu eta zenbait egunetan ezin dut bertako barazkiz bete. Lurra oso gutxi lantzen ari gara"
Ez, ez behintzat Mai-onan espresuki saltzeko asmoarekin. Dendak ez du asko saltzeko gaitasunik, txikia baita, eta hori suposatzen dut muga izan daitekeela zenbait ekoizlerentzat, gaur egun ekoizten duenarekin bizitzeko nahikoa badu. Denda zabaldu nuenean pentsatu nuen nekazariak “zain” egongo zirela, beste salmenta-toki bat izango zutelako. Baina errealitatea bestelakoa da: ekoizle gehienek ekoizpenaren zati handi bat jada kolokatuta dute, jangela proiektuetan dabiltzalako, salmenta zuzena egiten dutelako edo kontsumo taldeak dituztelako. Hori albiste ona da, baina larritu ere egiten nau. Nola da posible bertako hain elikagai gutxi izatea? Hau da, denda honek 25 metro karratu ditu eta zenbait egunetan ezin dut bertako barazkiz bete. Horrek lurra oso gutxi lantzen ari garela pentsatzera narama, eta kezkatu egiten nau.
Bertako barazki eta fruten faltak eragina du bezeroarengan, eta garaian garaikoa kontsumitzearekin erabat lotuta dago. Zenbat pedagogia lan dago atzean?
Oso handia, oso-oso handia. Egia da nik oso gustura egiten dudala, eta orokorrean jendeak ulertzen duela ez dituela beste saltokietako produktu guztiak topatuko Mai-onan; abenduan ez dugula ez tomaterik ez lekarik izango, adibidez. Entzun nahi dionari azaltzen diogu neguan eskura ditugun lekak ziurrenik Marokokoak direla eta guk ez dugula bat egiten filosofia horrekin, bertakoak jateko, gutxienez, ekain amaiera-uztailera arte itxaron behar dela. Azenarioaren adibidea ere oso argia da. Hemengo ekoizle oso gutxik ekoizten dute, beraientzat ez baitira errentagarriak; itsusiak atera ei dira, uzta ez da hain ziurra eta oso garesti saldu beharko lituzkete. Bada, Urdaibaikoa oso gutxitan izan dugu, eta eduki ohi duguna Nafarroakoa da, baina ez beti.
"Bardeetan bananaondoak landatu ezean, guk ez dugu alerik salduko hemen. Jendeari ulertezina egiten zaio"
Bananekin berdin: klima aldaketa oso bortitzaren ondorioz, Bardeetan bananaondoak landatu ezean, guk ez dugu alerik salduko hemen. Jendeari ulertezina egiten zaio. Gertatu izan zaigu jendeak esatea ez dugula barazkirik, eta mahaia zainzuriz, orburuz eta zerbaz beteta egotea; unean uneko eskaintzak lan gehiago edo gutxiago suposatu dezake sukaldean, eta horretara bai “ohitu” behar izan dugu bezeroa. Ez gara fruta-denda edo auzoko denda bat, ezta denda ekologiko bat ere, are gutxiago gourmet denda bat soilik; hiruen arteko hibridoa gara, eta hori azaldu behar izan diogu etortzen denari.
Komertzio txikia: eraldaketa edo erresistentzia fasean dago?
"Jendeari ez diozu dogma bezala sartu behar herrian kontsumitzea. Errazagoa da gauza erakargarriagoak sortzea eta goxotasunetik jendearengana hurbiltzea"
Zaila iruditzen zait. Gaur egun ditugun iragarki eta aukera guztiekin lehia oso zaila da. Maiz pentsatu izan dut, “jo, merkatari guztiok gauza interesgarriak ekarri beharko genituzke jendeak bertan eros dezan”. Baina ideia hori ez da batere justua; ezin diozu eskatu komertzio txiki bati, bizitza osoa mostradorearen atzean daramanari, zuk une jakin batean behar/nahi duzun produktua izatea. Egun beharrak sortuta daude: sare sozialetan sartzen zaren unetik ia-ia zerbait saltzen dizute. Halaber, ez dut uste jendea behartzeak emaitza onak ekartzen dituenik: jendeari ez diozu dogma bezala sartu behar herrian kontsumitzea.
Errazagoa da gauza erakargarriagoak sortzea eta goxotasunetik jendearengana hurbiltzea. Jendeak eskertu egiten du interneten ikusi duen produktua dendan izatea, norbaitek azalpenak ematen dizkionez eta prezioa antzekoa izaten denez, erosi egiten du. Maiz galdetzen diot nire buruari ea zentzua duen porruak, ardoa eta kosmetika naturala elkarren ondoan saltzeak. Baietz uste dut, komertzio txikia hortik salba dezakegula uste dut, baina jakitun naiz lan handia dela eta profil guztiek ezin dutela hori egin, mundu guztiari ezin zaiola berdina eskatu.
Kanpaina asko egiten dira, eta mezua azken urteotan ere indartu egin dela pentsa daiteke.
Komertzio txikia sustatzeko edo bertako produktuaren alde egiten diren hainbat kanpaina ikuspegi komunikatibotik diseinatzen dituzte, eta iruditzen zait ez direla oso eraginkorrak. Jendea nazkatuta dago zer egin behar duen entzuteaz. Jatorria aldatu behar dugu, oinarrira joan behar gara: nekazari izateko pizgarriak badaude edo ofizio erakargarri bat egiten badugu, lurrarekin lan egin dezakezulako, benetan balioa ematen zaiolako, ekoiztuko duzuna salduko duzula dakizulako… agian jendeak beste modu batera erantzungo du. Bertako produktua zein garaitan erosi behar den dioen egutegia egiten baduzu, hasieran arrakasta izan dezake, baina denborarekin hor geratuko da eta, ziurrenik, jendeak ez du ikasiko tomatea ez dela neguan jaten. Eta bonu kanpainekin berdin: badirudi jendea halako ekimenen bidez bertan erostera sustatuz zerbait lortzen ari zarela, baina partxe bat besterik ez da. Agian fokua lokal hutsetan jarri beharko litzateke, merkatari izatea aukera bat dela azaldu beharko genuke, proiektu berriak zabaltzeko espazioak egokitu beharko lirateke… Lokal pila daude, baina ondoren zaila da horiek ondo jartzea, prezio duinetan alokatzea… Oinarrira joan behar genuke, horrek emaitzak ematen ditu. Etengabe partxeo hutsean ez ote gabiltzan iruditzen zait.
Gertukoa eskaini, gertukoa jateko, gertukoa babesteko.
"Iruditzen zait gure helburua urtero oporretara Thailandiara joatea dela, eta horretarako janariari kentzen diogula"
Bai, hori da. Azken finean, jaten duguna oso garrantzitsua da, eta horri bizkarra ematen diogu etengabe. Nork egiten du gure janaria? Nola marrazten dugu gure ingurua? Nork eta zerk elikatzen gaitu? Egunero hartzen ditugun erabaki guztiek baldintzatzen dute dena. Grazia egiten dit ideia sinple hau jendearekin konpartitu izan dudanean denak ados egon ohi direla, baina paradoxikoki Mercadona ez dago inoiz hutsik. Dudarik gabe, jendeak beste lehentasun batzuk izan ditzake; alokairua ordaindu ezin duenari agian ez zaio hainbeste inporta porrua nongoa den, prezioari begiratuko dio. Baina, askotan, iruditzen zait gure helburua urtero oporretara Thailandiara joatea dela, eta horretarako janariari kentzen diogula. Astebeterako munduaren beste muturreraino joan gaitezke, baina aste osoa irauten duen bost euroko ogia garestia iruditzen zaigu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545