Otsaileko eguzkia baino txoroago

Laborantza herrikoiak edo agroekologiak klima hoztu dezake

Ekainean astebetez egon garen moduan, 40 gradutan maiz egon beharko badugu, gure etorkizunak desiragarritasuna galtzen du, guztion ongizatea urtzen sumatzen dugu eta zimeltzen diren landareei begira galdera bat loratzen da, ea zer ote den martxa honetan ahoratu ahalko duguna. Dena dago lotuta bizitzan, eta hain justu ahoratzen dugunak eragin zuzena dauka klima larrialdian: laborantza industriala da berotegi efektuko gasen %30aren erantzulea. Hori bakarrik nahiko motibo litzateke ingurumenarekin errespetuzkoa den laborantza herrikoiaren edo agroekologikoaren alde egiteko. Laborantza eredu horretan lanean ari diren lau eragiletako kideak elkartu ditugu, ingurumenaren eta laborantza ereduen arteko harremanak aztertzeko, ingurumenaren izenean landaguneetan ezartzen ari diren energia proiektuez mintzatzeko eta etorkizuneko laborantza irudikatzeko.


2026ko uztailaren 22a
Ezkerretik eskuinera, Iker Elosegi (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), Kelo Arribas (Baserritar Bilgunea), Josebe Blanco (EHKOlektiboa) eta Unzalu Salterain (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna Bizkaia).Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

***

MAHAIKIDEAK

Unzalu Salterain Basagutxibeaskoa

1969an Abadiñon (Bizkaia) jaio zen eta bertan bizi da.  EHNE Bizkaia sindikatuko zuzendaritzan dihardu lanean eta Etxalde Nekazaritza Iraunkorra mugimenduko kide ere bada. Etxean haragitarako behiak zaintzen dituzte.

Josebe Blanco Alvarez

1973an Galizan sortua, Antzuolan (Gipuzkoa) bizi da. EHKOlektiboko kide da, hau da, Euskal Herrian agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboko kidea. Etxean arkumeak eta gaztak lantzen dituzte.

Iker Elosegi Onandia

1965ean Baionan sortua, Hazparnen (Lapurdi) bizi da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea da. Agronomia eta Biologia ikasketak egin zituen eta Euskal Herriko fauna gida argitaratu zuen 2024an Sua argitaletxearekin.

'Kelo' Arribas Miranda

1979an Madrilen sortua, Beizaman (Gipuzkoa) bizi da. Baserritar Bilgunea sindikatuko kide da eta etxean haziak ekoizten ditu, hain zuen, Euskal Herriko hazi ekologikoak ekoizten dituen Aleka proiektua bere baserrian dago kokatuta. 

***

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

“Laborantza herrikoia” edo “agroekologia”. Zuen eragileak zein hitz erabiltzen du eta zer esan nahi ematen dio hitz horri?

IKER ELOSEGI: Euskal Herriko Laborantza Ganbaran (EHLG) “agroekologia” hitza ez dugu kasik sekula baliatzen, hitz hori Frantziako Estatuan eta frantsesez guztiz zentzu ahulduarekin erabiltzen baita: teknika mailara murrizten dute. Haientzat, Monsantok (gaur egun Bayer) agroekologia egiten du aspalditik. Etsenplu bat emateko, 2019an Kalifornian izan nintzen Miguel Altieri agroekologiaren teorizatzaile eta ikerlari txiletarrarekin. Eta ia intsultatzen hasi zitzaidan, “frantsesek hitz hori ebatsi diguzue”… Euskalduna naizela esanez defendatu nintzen eta ea Paul Nicholson (Via Campesina mugimenduaren sortzaileetan zen laborari euskalduna) ezagutzen nuen galdetu zidan; “noski baietz” erantzun nion eta hortik aurrera harreman normala izan genuen.

"Agroekologia hitza ez dugu kasik sekula baliatzen, hitz hori Frantziako Estatuan guztiz zentzu ahulduarekin erabiltzen baita", I. Elosegi (EHLG)

Guk “laborantza herrikoia” erabiltzen dugu, frantsesezko “agriculture paysanne” eta gaztelaniazko “agricultura campesina”  euskaratuta. Laborantza herrikoia ez da zigilu bat, zerumuga bat da. Horientabide batzuk dira, definizio batekin, badira zortzi printzipio, eta badira guk “lorearen diagnostikoaren” bidez neurtzen ditugun irizpideak. Laburbiltzeko, kalitatezko elikagaiak sortzen dituen eta jendea errespetatzen duen eredua da, hau da, pozoitzen ez duena eta ingurumena zaintzen duena. Lurralde batean laborari ainitz biziarazten dituena eta laborariak lurralde bateko partaide gisa ikusten dituena, ez soilik ekoizteko aktore ekonomiko modura.

UNZALU SALTERAIN: Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) Bizkaia-n “agroekologia” hiru dimentsiotan ikusten dugu: alde batetik, naturarekin errespetuzko harremana duena; bestetik, baserritarren jakinduria transmititzen duena; eta hirugarrenik, izaera sozio-politikoa duena. Guretzat hori, Euskal Herrira ekarriz gero, “laborantza herrikoia” da. Baina errealitatea da Europako Nekazaritza Kontseiluak eta beste hainbat erakundek “agroekologia” hartu dutela termino moduan eta hori hurbiltzen dela guk historikoki defendatu izan dugunera, bai Via Campesinan, bai aurretik.

"Guretzat elikadura burujabetza da proposamen politikoa. Hori gauzatzeko bidea da agroekologia. Eta horren barruan aplikatzen diren ekoizpen teknikak dira nekazaritza ekologikoa", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

Guretzat hiru dimentsio horiek batzen dituen norabidea “nekazaritza iraunkorra” da. Nekazaritza iraunkorra prozesu moduan ulertzen dugu. Adibidez, Anbotora bagoaz, lehen metrotik azkenekora da Anboto, eta askotan badirudi puntan ez bazaude ez zarela Anbotora joan. Gure ustez, agroekologiarekin ere hori gertatzen da askotan. Prozesu bat behar da, egun dugun ekoizpen eredu intentsibo horri trantsizio bide bat irekitzeko, iraunkortasunera.

Hainbat hitz erabiltzen dira egunerokoan, eta horrela lotzen ditugu: Guretzat elikadura burujabetza da proposamen politikoa. Hori gauzatzeko bidea edo prozesua da agroekologia edo laborantza iraunkorra, zientzia gisa ulertuta. Eta horren barruan aplikatzen diren ekoizpen teknikak dira nekazaritza ekologikoa. Horretan guztian, guretzat dimentsioak garrantzi handia du eta guk historikoki besarkadu dugun kontzeptua da antzina Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuak plazaratu zuena: “Hobe hiru etxalde txiki, handi bat baino”.

KELO ARRIBAS: Askotan erabiltzen diren hitzak dira “nekazaritza herrikoia”, “iraunkorra”, “soziala”... eta zer esan nahi duten ulertzen dugu, nondik datozenaren arabera. Baina Baserritar Bilgunean anbiguotasun puntu batekin ikusten ditugu, eta guretzat “agroekologia” hitza da eredua zehatzago markatzen duena, eta eredu hori da guk jorratu nahi duguna. Unzaluk esan duen moduan, guretzat gaia ez da agroekologikoa zaren edo ez, guk ere agroekologia bide edo helburu bezala ulertzen dugu.

"Agroekologia aldaketarako tresna da: ez soilik nekazal sistema aldatzeko, baizik eta gizartea bera ere aldatzeko. Horregatik da hain ahaltsua, eta helburu gisa iraultzailea", K. Arribas (Baserritar Bilgunea)

Guretzat agroekologia, definizioz, diziplina zientifiko bat da, baita nekazaritza praktika zehatz bat ere, eta gizarte mugimendu bat ere bada, eta hori guretzat oso garrantzitsua da, zeren eta agroekologia ezin da ulertu komunitate baten atxikimendurik gabe. Hain zuzen ere agroekologiak eman zigun gako garrantzitsuenetako bat da ulertzea agroekosistema nola osatzen den: hau da, agroekosistema ez dela bukatzen zure baratzean, eta kontuan hartzen duela zein den bere testuinguru soziala, ekonomikoa, kulturala... Horrek ematen dio agroekologiari potentzialtasuna, aldaketarako tresna izateko: ez soilik nekazal sistema aldatzeko, baizik eta gizartea bera ere aldatzeko. Horregatik da hain ahaltsua, eta helburu gisa iraultzailea.

Guk ez dugu agroekologiaren bandera hartu nahi, eta ez dugu bandera hori baztertzailea izaterik nahi, ulertzen dugulako gure inguruan badirela hainbat baserri ekologikoan ziurtatuta ez daudenak baina eredu agroekologikoa erabiltzen dutenak; eta jende hori ere behar dugu gizartea eraldatzeko.

JOSEBE BLANCO: EHKOlektiboarentzat “agroekologia” ardatza da. Izan ere, EHKO sortu zen, hain zuzen, 2014. urtean, ekologikoan ziurtatuta ari diren Ipar Euskal Herriko hainbat lagunek deialdi bat zabaldu zutelako, esanez nekazaritza ekologikoa agroindustriak eta banatzaile handiek bereganatu eta edukiz hustu nahi zutela.

EHKOlektiboan edonork har dezake parte: herritarrek badute tokia, elkarteek ere bai, edozein etxaldek ere bai... baina EHKO-ko identifikatzailea izateko, beste baldintza batzuk betetzeaz gain, ezinbestekoa da ziurtagiri ekologikoa izatea.

EHKOren sortzaileek salatu zuten hitzen lausotze orokorra, eta horretatik ihes egiteko, hasiera hasieratik agroekologiaren definizioan jarri da indarra, zehaztasunez, eta zigilu ekologikoak ezartzen dituen arauak baino urrunago joanda, gure buruari mugak jarrita. Adibidez, baratzezainek taldean erabaki zuten plastikoaren erabilera murriztea. Abeltzainon artean erabaki genuen gure etxaldeetan, bai ala bai, animaliek egunero kanpora atera behar dutela ez bada eguraldia oso traketsa, nahiz eta Europar Batasunak ekologikoan hiru hilabeteko ukuiluratzea baimentzen duen.

"EHKOn lau ardatz ditugu: ekologikoa izatea, gertukoa, pertsonen neurriko etxaldeak izatea eta ekonomia sozial solidarioan oinarritzea", J. Blanco (EHKO)

Agroekologikoaren definizioan lau ardatz ditugu: lehena da ekologikoa izatea. Bigarrena gertukoa izatea, bi norabidetan: gure etxaldera datozen kanpoko lehengaiek gertukoak eta ekologikoak izan behar dute,  eta ahal dela, agroekologiaren definizioaren baitan diharduten nekazarienak. Eta gure etxaldetik ateratzen denak ere gertutasunean oinarritu behar du: salmenta zuzena bilatzen dugu, eta guk sortutako elkagaiak gure komunitatean, gure lurraldean gelditzea; ez dugu lan egiten esportaziorako. Hirugarren ardatza da pertsonen neurriko etxaldeak izatea, ez makinen neurrikoak, ulertzen dugulako makinarian egiten diren inbertsioek autonomia falta izugarria dakartela, eta intentsifikazioa areagotzen dutela. Ekonomia sozial eta solidarioan oinarritzea da laugarren ardatza, nekazaritza agroekologikoak bidezkoa izan behar baitu lurraldearekin, eta lurralde horretako pertsona eta bizidun guztiekin. Lau ardatz horiek adierazletan zehaztuta ditugu eta adierazle bakoitzak bere neurriak ditu, kideen artean eztabaidatuak eta adostuak direnak.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Laborantza osoa kontuan hartuta, zein da laborantza herrikoiaren edo agroekologiaren pisua?

"Baserriratzen diren pertsona berrien %70 agroekologiaren bidetik sartzen dira. Eraldaketarako garrantzitsua da hori", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

SALTERAIN: Hego Euskal Herrian laborantza agroekologikoa edo iraunkorra dimentsio aldetik gutxiengoan dago eta laborantza ekologikoak lurraldearen %8-10 hartzen du. Baina azken urteetan baserriratzen diren pertsona berrien %70 gutxienez agroekologiaren bidetik sartzen dira. Eraldaketarako, trantsizio bat zabaltzeko, datu garrantzitsua da hori.

ARRIBAS: EAEko biztanleria aktiboaren %1 soilik ari da nekazaritzan. Beraz, testuingurua oso larria da. Horren barruan agroekologikoan ari garenok kopuruz gutxi gara baina gizartean inplikazio handia dugu. Unzaluk esan duen moduan, ikusten da sektoreak erakarritako laborari berriak ekologikoan hasten direla. Gipuzkoan azken urteetan %30 handitu da ekologikoan landutako lurren azalera

"EAEko biztanleria aktiboaren %1 soilik ari da nekazaritzan. Beraz, testuingurua oso larria da", K. Arribas (Baserritar Bilgunea)

baina hala ere EAEn ekologikoan ari direnen ehunekoa oso urrun dago Europako Itun Berdeak eta Baserritik Mahaira estrategiak jarri zituzten helburuetatik, eta azpimarratu behar da horretan zer ardura duten administrazio publikoek, beraiek jarritako helburuak baitira.

ELOSEGI: Ipar Euskal Herrian pentsatzen dugu %10-15 etxalde laborantza herrikoian oso sartuta daudela. Beste muturrean, %10 baino gutxiago dira sistema industrializatuan ari direnak, esaterako, badira bi etxalde, bata 1,8 milioi litro ardi esne ekoizten dituena eta bestea bi milioitik gora ekoizten dituena. Halako 40 etxalderekin egiten da 900 etxaldetan egiten den bezainbeste esne. Eta bi ereduak ez dira bateragarri. Hori jende askok ez du entzun nahi, baina ez da hain

"Ipar Euskal Herrian badira bi etxalde, bata 1,8 milioi litro ardi esne ekoizten dituena eta bestea bi milioitik gora ekoizten dituena. Halako 40 etxalderekin egiten da 900 etxaldetan egiten den bezainbeste esne. Eta bi ereduak ez dira bateragarri", I. Elosegi (EHLG)

zaila ulertzeko: milioi bat litro esne egiten dituenak besteei kentzen die milioi bat litro esne saltzeko merkatua. Eta milioi bat litro egiten direlarik, dirulaguntza piloa biltzen dira, lurrak ere bai... Beraz, laborantza industrialak bereganatzen ditu, besteei kenduz, lurra, diru publikoa eta merkatua. Ikusten da zer gertatu den azken hamar-hamabost urteetan: etxalde ttipi-ertainen kopurua erortzen ari da.

Asko orokortu den diskurtsoak dio ereduen artean ez dela talkarik aipatu behar. Tabu handi bat dago, bereziki Hegoaldean. Baina gakoetako asko hor daude. Eta eredu bat ala bestea sustatzeko, erakundeen politikak oso eraginkorrak dira: adibidez, Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua oso eraginkorra da, nahiz eta ez doan guk nahi genukeen norabidean.

BLANCO: Oso ados nago, ereduaz hitz egin behar dugu eta eredua oso ongi definitu behar da, ahalik zehatzen, zalantzak alboratzeko eta gaizki ulertuak eta manipulaziorako aukerak murrizteko.

SALTERAIN: Argi dago agroekologiaren unibertsoa zabaltzen ari dela, eta erakundeek ere ardatz edo bide moduan hartzen dute, gaur egungo egoerari

"Oraindik ez dugu asmatu era sinple batean komunikatzen zer den agroekologia edo laborantza iraunkorra", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

buelta emateko eta elikadura sistema lokalagoak eraikitzeko. Baina aldi berean, oraindik ez dugu asmatu era sinple batean komunikatzen zer den agroekologia edo laborantza iraunkorra. Adibidez, “0km” kontzeptuak badu atxikimendua gizartean, ikurriñarekin eta 0km-rekin jendeak irudikatzen du produktu hori bertokoa dela. Agroekologian ere bilatu behar dugu sinpleago komunikatzeko modua, gure mezua gizartean hobe txertatzeko.

ELOSEGI: Laborantza herrikoia azaltzeko eta komunikatzeko gure 21. Lurrama egingo dugu azaroaren 6tik 8ra Miarritzen. Alimaleko energia ematen dugu hori antolatzeko, eta helburu bakarra du: jende guztiari, kontsumitzaile, jale, herritar guztiei azaltzea nola lan egiten duten Iparraldeko laborariek, laborantza

"Agroindustriak  erabiltzen dituen komunikazio kanalak ez dira gure kanalak. Baditugu bestelako espazio batzuk: gure etxeak irekitzea, Lurrama, ARGIAn Bizi Baratzea komunitatea, Euskadi Irratian Landaberri saioa...", J. Blanco (EHKO) 

herrikoiaren baitan eta egunean hiru aldiz, jaterakoan, bakoitzak baduela laborantza herrikoia sustengatzeko parada.

BLANCO: Agroindustriak eta eredu intentsiboak erabiltzen dituen komunikazio kanalak ez dira gure kanalak. Gure etxeak irekitzea, Lurrama bezalako espazioak eraikitzea, ARGIAn Bizi Baratzea komunitatea egotea, Euskadi Irratian Landaberri saioa... baditugu bestelako espazio batzuk, pertsonak elkartzen dituztenak eta kontzeptuak argitzeko lagungarriak direnak. Ez gara asko kopuruz, baina komunitatean, gertuko horretan, badugu indar bat. Eta jende askok, nahiz eta kalean lan egin, bere baratzea edo animaliak ditu autokontsumorako, eta elikadura burujabetzaren ariketa egiten ari da... eta jende hau da gehien gerturatzen dena kooperatibetara, azoketara, AMAP edo kontsumo taldeetara...

ARRIBAS: Ez soilik laborantza sektorean, gizartean ere agroekologiarekiko gero eta sentsibilitate handiagoa ikusten dut: kontsumitzaileen artean, baita talde politiko, administrazio eta unibertsitateetan ere, eta hori baliatu egin behar da.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Lehen sektore industrializatuak eragin handia du ingurumenean. Aldiz, erakundeek krisi ekologikoari aurre egiteko neurriak planteatzen dituztenean, ez dute mahai gainean jartzen laborantza ereduaren auzia.

"Zazpi muga ekologiko gainditu ditugu, eta horietatik seitan, arduradun nagusietako bat laborantza industriala da. Matematikoa da laborantza eredua aldatu behar dela", K. Arribas (Baserritar Bilgunea)

ARRIBAS: Laborantza industrialak ardura itzela dauka krisi ekologikoan: zazpi muga ekologiko gainditu ditugu, eta horietatik seitan, arduradun nagusietako bat laborantza industriala da. Banaka aztertuta, klima aldaketan, laborantza industriala da berotegi efektuko gasen %30aren arduraduna. Biodibertsitatearen galeran, monolaborantzak eta transgenikoek badute zeresana. Lurzoruen pobretzean ere bai, hainbeste deforestazio eta ekosistemen aldaketen bidez. Nitrogenoaren eta fosforoaren zikloen alterazioan ere bai, hainbeste pestizida, kimiko, nitratorekin... Ur gezaren sistemaren aldaketan ere bai, ur kudeaketagatik, lurrean eragindako materia organikoaren galeragatik eta abar. Kutsadura kimikoan ere bai, hainbeste plastiko eta pestiziden kutsadurarekin. Eta ozeanoen azidotzea da gainditu dugun zazpi mugetako bat.

Garbi dago non dagoen ardura, eta beraz, non dagoen alternatiba. Muga horietan atzera egin behar badugu, matematikoa da laborantza eredua aldatu behar dela.

SALTERAIN: Gure ustez, laborantza industrializatua da elikadura sistema globalizatuaren eta krisialdi klimatikoaren eragilea, eta, aldi berean, biktima. Izan ere, klimaren inpaktuak gero eta gehiago agertzen dira eta bortitzagoak dira. Arribasek esan duen moduan, datuek erakusten dute: elikadura globalizatua = klima krisialdia.

"Ongarri kimikoen enpresa handiek lobby bat dute ezarrita Europan", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

Horregatik, uste dugu fokua jarri behar dela horri nola buelta eman pentsatzen. Elikadura sistema globalizatuak berotu egiten du planeta, eta argi dago, guk planteatzen dugun laborantza eredua alternatiba erreal bat da eta gainera planeta hoztu egingo luke. Uste dugu pauso batzuk eman direla nekazaritza politiketako markoetan, hori ahalbidetzeko. Adibidez, Agenda 2020-2030 Estrategia, Europako Itun Berdea eta zehazki Baserritik Mahaira estrategia. Estrategia hori 2019-2020 artean plazaratu zen, eta oraindik ez da garatzen hasi! Zergatik? Jendeari planteatu zaiolako “ez, hobe da geldi egotea eta abenturetan ez sartzea”, eta mezu hori atxiki eta lelo bihurtu dutenak ongarri kimikoen enpresa handiak dira, eta horiek lobby bat dute ezarrita Europan, komisioetan, parlamentuan eta abar. Lobby oso zabala eta boteretsua da.

ELOSEGI: Lobby horien boterea ikaragarria da, bai, Europan pisu handia dute. Aurreko urtean izan ziren manifestazioetan, Frantziako eta Espainiako aldarrikapenetan bazegoen, nolabait, mezu bat, zioena “utz gaitzazue nahi duguna egiten eta ez sartu zuen sudurrak gure aferetan”, eta mezu horrek Euskal Herrian ere bere oihartzuna izan zuen. Eskuin muturrari lotua den Coordination Rurale sindikatuak Frantziako Estatuan sekulako pisua hartu du (Ipar Euskal Herrian ez hainbeste), eta iritsi dira esatera: “Ekologistak garbitu egin behar dira”. Orain Frantziako Parlamentuan lege batzuk pasarazi nahi dituzte, dena erraztuko dietenak. Sistema horrek duen botere nefastoa ezin irudikatuzkoa da, hamarkada luzeetan eraiki dute, eta aparatu guztia dute haien esku..

"Araban eta Nafarroan ongarri eta pestiziden kontsumoa gorantz doa, Espainiako Estatuan ez bezala, eta horrek zer pentsa eman behar digu", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

SALTERAIN: Hortxe daukagu erronka, lehen aipatutako estrategiak martxan ipintzea. Guk izugarrizko balioa ematen diogu Europan marko hori existitzeari, baina horrek ez du esan nahi Europaren zain egon behar dugunik martxan ipintzeko: hemengo administrazioek badute aukera, haien politiken bidez, marko hori hartu eta gauzatzen hasteko. Baserritik Mahaira estrategia oso zehatza da: ongarri, pestizida eta antibiotikoen erabilera zehatzak murriztea planteatzen du. Eta hori jada praktikan jartzeak, epe laburrean laborantza eredu intentsiboa aldatuko luke, ez guztiz, baina bai jarriko luke gaur egungoaren kontrakoa den bide batean. Izan ere, gaur egun, Araban eta Nafarroan ongarri eta pestiziden kontsumoa gorantz doa, Espainiako Estatuan ez bezala, eta horrek zer pentsa eman behar digu.

ELOSEGI: Zirrikituak badira, dudarik gabe. Baina politika publikoa egiten dutenek, eta tokikoez ari naiz, maiz egiten dute “kafea guztientzat”. Uste dut politikariek muga ekologikoen kontzientzia zerbait badutela, eta klima aldaketari buruzko komunikazioa aspalditik dago. Baina hori ez da aski, iduriz, erabaki politiko sendoak martxan emateko.

BLANCO: Ongi dira Europako marko horiek, baina gauza zehatzetara etorrita, plan estrategikoetan ze nekazaritza, abeltzaintza, basogintza mota bultzatzen dira? Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak ze norabidetan doaz? Eta gehiago jaitsita, udaletan ze politika publiko egiten dira? Justu zazpi muga ekologiko horiek gainditzen jarraitzekoak. Oso gutxi dira krisi ekologiko honi benetan erantzun nahi dioten erabakiak. Bai nekazaritzan edo elikaduran, baita beste arlo batzuetan ere.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

CO2 isuriak gutxitzeko, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatzea planteatzen dute erakundeek eta horrela argudiatzen dute dimentsio handiko proiektu energetikoak zabaltzea lehendik industrializatu gabe zeuden landa eremuetan, lehen sektorekoak ziren lurretan. Nola irakurtzen dituzue proiektu horiek?

SALTERAIN: Gure ustez, proiektu zehatzei buruz hitz egin aurretik, hausnarketa-zoru bat izatea beharrezkoa da eta laborantzaren ikuspegia herri garapenaren ikuspegiaren barruan txertatu behar dugu, hau da, ezin dugu laborantzatik soilik begiratu: burujabetza prozesu batez hitz egiten dugunean, ari gara elikaduraz, energiaz, eta beste alor askotaz. Eta argi dago bai elikaduran eta bai energian dependentzia handiak ditugula eta lurralde bakarra daukagula, beraz, planteatzen diren alternatiba guztiak lurralde horretan kokatu behar ditugu. Horrek zer eskatzen du? Ordenatzea. Ez da posible inolako estrategiarik gabe, gaur egun planteatzen den desorden guztiarekin, proiektu pilo horiek ateratzea. Eta gaia ez da bakarrik ze lur okupatuko duten, baizik eta ze funtzio izango duten, nork kudeatuko dituen, eta abar. Gure ustez, eztabaida hori guztia ordenatu egin behar da.

"Energia burujabetzaren bidean pauso handiak emateko lurraldearen %2 beharko litzateke", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

Ordenatzeko, datuetara jota, Euskal Herriak gutxi gora behera 30.000 kilometro koadro ditu. Horietatik %58 basoa dira, %37,5 elikagaien ekoizpenerako dira, %4 dira artifizializatutako lurrak, eta %5 hezeguneak eta ur azalerak dira. Eta energia burujabetzaren bidean pauso handiak emateko lurraldearen %2 beharko litzateke. Gure ustez, azalera aldetik badugu tokia, bai elikaduran eta bai energian, burujabetzaren bidean pauso sendoak emateko.

Eta argi dugu kontsumo makro bat ez dugula ekoizpen mikroarekin elikatuko, ez energian eta ez elikaduran. Duela hamarkada bat hausnarketa egin genuen elikadura burujabetzaz, eta orduan esaten genuen moduan, zuzeneko salmenta, komertzio txikia, nekazaritza txikia... hori guztia %100ean da elikadura burujabetza, baina ez da elikadura burujabetzaren %100. Gure helburua baldin bada Euskal Herriaren biztanleria gaur egun elikatzea, argi eta garbi, azalera handiak eta gainerakoak bide horretan sartu behar ditugu. Horrek ez du esan nahi azalera horietan laborantza industrializatua saldu behar denik. Eta ekoizpen guztiak ezingo ditugu guk bakarrik eraldatu, elikagaiak eraldatuko dituen industria beharko dugu, baina bereziki erantzun diezaiola barne merkatuari, hemengo biztanleria elikatzeko beharrari, eta ez esportazioari. Uste dut hausnarketa hori energian ere baliogarri dela.

Zeren eztabaidak muturrera eramaten baditugu, badirudi egun batetik bestera dena ez bada 180 gradu aldatzen, formulazioak ez digula balio. Hori askotan gertatu izan da laborantzan eta horrek praktikan dakarren emaitza da berdin jarraitzea eta ezer ez egitea. Gure ustez, energiaren kasuan ez badira beste neurri batzuk hartzen, ikusita laborantza industrializatuak energia fosilen ze dependentzia duen, energia fosilen kontsumitzaile izaten jarraitzea da Josu Jon Imazek planteatzen duen bidea, eta gu hor kokatzea litzateke.

ARRIBAS: Azken aldian entzuten ari gara “trantsizio energetiko azkarra eta justua” behar dugula, baina nik uste hori oximoron bat dela. Ezinezkoa da. Eta termino horiek gezurretan erabiltzen ari dira, zeren eta historian sekula ez da energia trantsiziorik izan: 2018a izan zen ikatza gehien erre zen urtea, eta badirudi ikatza ahaztuta geneukala. Hemen planteatzen ari dena da, beste behin ere, industrializatu gabe geratzen diren txokoak industrializatzea.

"Lurren %2 omen da energia burujabetzan urrats handiak emateko behar duguna. Datu hori nahiko sinplista eta nahasia da, ezin dugulako baloratu zer eragin duen gainerako ekosisteman. Zenbat okupatzen du zentral nuklear batek?", K. Arribas (Baserritar Bilgunea)

Lurren %2 omen da energia burujabetzan urrats handiak emateko behar duguna, eta uste dut datu hori nahiko sinplista eta nahasia dela. Zeren eta ezin dugu baloratu zer eragin duen azalera horrek gainerako ekosisteman. Adibidez, zenbat okupatzen du zentral nuklear batek? Beraz, kontzeptu hori kontuz erabili behar da. Gainera, Euskal Herri osoko lurraren %2 hori izan daiteke nire herriaren lurraren %50. Gure herrian 140 biztanle gara eta 200 metroko bederatzi aerosorgailu jartzea planteatzen ari dira. Zortzi baserri aktibo gaude bertan, asko ekologikoan ekoizten dugunak. Gero eta biztanleria txikiagoa duen herria da, eta bere biziraupenaren alde hainbeste urtez borrokan aritu ondoren, orain haren suntsipena eta heriotza planteatzen dizkigute...

Badirudi gizarteak, oro har, eta politikariek bereziki, ahaztu egin dutela lurra dela autodeterminaziorako lehen baldintza. Horregatik, ingurunea suntsitzen duten eta multinazionalen esku uzten duten proiektu horiei aktiboki aurka egiteko ardura dugu herritar kontzienteok eta, bereziki, lurretik bizi garenok.

Ulertzen dut, eta ados nago, sistema energetikoa nolabait aldatu behar dela. Baina makrozentralak non eta nola jarri da planteatzen den bakarra. Aipatu dugu zein den klima aldaketaren arduradunetako bat, baina ez gara ari mahai gainean neurriak jartzen beste kontsumo mota bat eta beste ekoizpen eredu bat lortzeko.

BLANCO: Bat nator Arribasekin, laborarion ardura eta obligazioetako bat da lurra defendatzea, denon bizitza defendatzea den heinean. Eta daukagun panoramarekin, ez dut uste lurra porlanez betetzen jarraitzea onuragarria izango denik.

Sare elektrikoa ez da publikoa, pribatua da. Enpresa pribatu horrek derrigorrean ziurtatu behar dizkie irabaziak akzionistei, eta energia gehien ordainduko duenari salduko dio: makroproiektuak oso lotuta daude Gatika eta Bordele arteko itsas azpiko sare elektrikoarekin.

"Kontsumo handia eskatzen duten azpiegiturak proiektatzen dira, adibidez, datu zentroak. Desazkundearen bidean ez da pausorik ematen, alderantziz, kontsumoa handitzen jarraitzen da", J. Blanco (EHKO)

Makroproiektu hauek etorkizuna posibleago egingo dutelakoan planteatzen dira, baina aldi berean kontsumo handia eskatzen duten azpiegiturak proiektatzen dira, adibidez, datu zentroak. Hau da, desazkundearen bidean ez da pausorik ematen, alderantziz, kontsumoa handitzen jarraitzen da. Eta ez da programazio bat planteatzen: adibidez, Gipuzkoan eta Bizkaian oso industria intentsiboak ditugu. Komunitate honen etorkizun bideragarri baterako onuragarriak al dira industria horiek denak? Modu honetan? Edo agian baditugu industria batzuk, nahi eta ez itxi beharko genituzkeenak? Eta agian trantsizio bat abiatu beharko genuke langile, pertsona, komunitate horien egoera ez okertzeko... Noiz exigituko diegu gure etxeko tresnak egiten dituzten industria horiei garbigailu batek 30 urtez irautea, eta gainera konpongarriak izatea? Noiz exigituko dugu bukatu behar direla petrolioz sortutako elikagaiak, honaino petrolioz ekarritakoak, petrolioz bildutakoak?

Agroekologiaren bueltan gabiltzan guztiok argi ikusten dugu kontsumo energetikoak iturri berriztagarrietatik hornitua izan behar lukeela. Baina horrek, nahita ez, munduan egoteko modua era erradikalean aldatzea eskatzen du. EHKOn dauzkagun lau ardatzak, edo Laborantza Ganbarak dauzkan ardatzak aplikatuko bagenitu bizitzaren beste arlo horietan, uste dut etorkizuna askoz bizigarriagoa eta desiragarriagoa litzatekeela.

"Duela 30 urte, Nafarroa hasi zelarik eolikoak nonahi egiten, iduri zuen trantsizio bat izanen zela. Eta ez da trantsiziorik izan, inola ere. Nafarroan energia kontsumoa ikaragarri emendatu da", I. Elosegi (EHLG)

ELOSEGI: Duela 30 urte, Nafarroa hasi zelarik eolikoak nonahi egiten, iduri zuen trantsizio bat izanen zela. Eta ez da trantsiziorik izan, inola ere. Nafarroan energia kontsumoa ikaragarri emendatu da, beraz, nora goaz hainbeste energia kontsumitzen duen jendarte batean? Orain makroproiektu energetikoak egiten ari dira, eta zer, energia gehiago baliatu behar dugu bihar?

Ez zait iruditzen egiazko debaterik dagoenik agenda politikoetan. “Merkatuak salbatuko du afera eta ahalik trabarik gutxien jarri merkatuari” mezua zabaltzen dute, “CO2 merkatuarekin moldatuko dugu dena”. Hori sineste bat da, oso errotuta dago, eta sinesteez debatitzea oso zaila da, apaizekin erlijioaz debatitzea ezinezkoa den moduan.

Iparraldean orain jasaten ari garena “agrovoltaismo” izenean saltzen duten hori da: lege berri bat pasatu da Frantziako Estatuan, esaten duena laborantza eta energia

"Iparraldean orain jasaten ari garena 'agrovoltaismo' hori da, esaten duena laborantza eta energia ekoizpena bateragarriak direla. Planteatzen ari diren moduan, erreleboari sekulako ostikoa ematea da", I. Elosegi (EHLG)

ekoizpena bateragarriak direla. Ez dute lur eremu oso bat estaltzen eguzki plakez, baizik eta laurden bat edo, eta beraz, teorian posible da azpian laborantza egiten jarraitzea. Baina aski da ikustea ze proposamen egiten dituzten: lur jabea zara eta laboraria? Plakak jartzearen truke tori 5.000 euro urtean hektareako. Badituzu hamar hektarea? Tori 50.000 euro. Bat da lurraren jabea eta bestea laboraria? Bati 3.000 eta besteari 2.000 euro. Noski, erretiratzera doan laborari bati proposatzen bazaio 2.000 euro kobratzea hektareako, ez da inor instalatuko laborantzan. Beraz, planteatzen ari diren moduan, de facto errelebo guztiari sekulako ostikoa ematea da.

Iparraldeko erakunde publikoak, sindikatuak eta abar, denak ados gara errateko fotovoltaikoarentzat badirela baliatuak ez diren teilatu asko, eta badirela izorratuak diren leku batzuk, adibidez hondakindegiak, eta han jarri behar direla. Baina laborantza lurrak utzi laborantzari.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Biometanizazioak laborantzako hondakinetatik energia (gasa) ateratzen du. Horien planta handiak ezartzen ari dira Nafarroan, eta Gipuzkoan proiektu bat dago mahai gainean, Espainiako Estatuko handiena litzatekeena. Zer iritzi duzue horiez?

"Biometanizazio plantak ezin dira ezarri egungo testuinguru bera mantentzeko helburuz. Aldiz, baldin badira momentu jakin bateko egoerari erantzuteko eta beste bide batean sartzeko, aztertu beharko lirateke", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

SALTERAIN: Eztabaida mugatzen badugu “biometanizazio plantak bai edo ez” galdetzera, bide laburra du. Argi dugu biometanizazio plantak ezin direla ezarri egungo testuinguru bera mantentzeko helburuz. Aldiz, baldin badira momentu jakin bateko egoerari erantzuteko eta beste bide batean sartzeko, aztertu beharko lirateke. Batez ere, trantsizio oso bat egin nahi badugu, zeren eta egun batetik bestera ez ditugu abeltzaintzan eredu intentsiboan ari diren proiektuak itxiko.

ARRIBAS: Gipuzkoan planteatzen ari dira bost hektareako munstro bat jartzea Olaberrian, Arcelor eta CAF enpresek bultzatutakoa, eta beraz, saiatzen ari dira eredu ez-iraunkor batek sortzen duen hondakina modu iraunkorrean kudeatzen. Kontraesan galanta da. Garbi dago laborantza eredua aldatu behar dela, hondakin kutsakor hori ez sortzeko.

Planta horretan urtean 400.000 tona purin hartzea planteatzen ari dira eta Kaiku esne lantegia pozik dago horrekin, baina Kaikuk hornituko duena horren heren bat da. Beste guztia Espainiako Estatuko laborantza industriatik etorriko da, Gipuzkoan ez dagoelako hainbeste. Eta arazo bat sortzen ari dira, arazorik ez zegoen lekuan: Gipuzkoako abeltzainek ez zuten arazorik purinekin, beti hobetu daiteke kudeaketa, baina ez dago justifikatuta horren beharra. Baina gaur egun, berriztagarrien izenean, badirudi dena justifikatuta dagoela.

"Biometanizazio planten hondakinak zabaldu diren eremuetan ikusi da zer gertatu den: herriek ez daukate urik! Etxeetan ez dago edateko urik! Bertan ezin da nekazaritzarik egin!", J. Blanco (EHKO)

BLANCO: Karbono merkatuarekin, industria intentsiboek euren jarduera garbitu behar dute administrazioaren aurrean, eta biometanizazioa planteatzen dute. Olaberrian planteatzen den 400.000 tona purin horietatik, biometanizazio prozesuaren bukaeran 380.000 tona digestato geratuko lirateke urtero, eta horiek non zabalduko dira? Zabaldu diren eremuetan ikusi da zer gertatu den: herriek ez daukate urik! Etxeetan ez dago edateko urik! Bertan ezin da nekazaritzarik egin!

ELOSEGI: Duela 20 urte Tarbes ondoan izan ginen laborari talde batekin metanizazioa egiten duen etxalde bat ikusten, eta oso interesgarria da, zeren eta autonomia energetikoa lortzen du bere etxaldean: auto bat gasarekin ibilarazten du, garagarnoa egiteko makina bat berotzen du, eta gazta ontzeko gela hozten du... Halakoak gehiago egitea zen gure ametsa, baina sistema oso handiak dira bultzatuak eta ez maila ttipikoak. Alta, 80 urteko jendeek kontatzen dizute nola ttipiak zirenean aritzen ziren gasa egiten: “Gure hondar guztiak sartzen genituen ontzi batean eta hodi bat ateratzen genuen hortik eta pizten genuen sua eta horrela berotzen genuen jatekoa...”. Erran nahi dut, teknika ez dela asmatu berria. Baina teknizitate ikaragarria eman zaio, eta orain agroindustriaren salbatzailea omen da, hazkuntza intentsiboaren purinak tratatzeko modua. Agroindustriaren sistema salbatu nahi dute, ez arazoari aterabidea eman.

Iparraldean badago biometanizazio proiektu bat: lehen aipatu ditudan eta milioitik gora litro ardi esne egiten dituzten bi laborarien ardi kakak metanizatzeko asmoa dute.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Laborantza herrikoiak aurrera begira dituen erronketako batzuk dira lurra eskuratzeko zailtasuna eta errelebo falta. Zein dira elementu gakoak korapilo horietan?

SALTERAIN: Argi dago, Elosegik aipatu duen agrovoltaikoaren ereduan, ez ekoizpena, baizik eta kudeaketa hori onartezina da, hektareako diru piloa pagatzea alegia. Eta berdin Saudi Arabiako jendeak Aragoin (Espainiako Estatua) lurrak erosi dituenean. Sistema kapitalista bera da.

Horren pare-parekoa da Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren dirulaguntzek duten eragina. Mundu guztiak onartzen du dirulaguntza horiek kobratu ahal izateko jubilatuta egon ahal izatea eta ekoiztu beharrik ez izatea. Eta hori izan da azken 15-20 urteetan gazteak eta pertsona berriak baserriratzeko oztoporik handiena, lurrarekiko.

"EAEn badugu erreleboari buruzko hamar urterako plangintza bat, eta gure ustez, hor jarri diren tresna batzuk interesgarriak dira", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

Egun, EAEn badugu erreleboari buruzko hamar urterako plangintza bat, eta gure ustez, hor jarri diren tresna batzuk interesgarriak dira, fokua ez duelako jartzen erreleboa hartuko duen pertsonan soilik, baizik, jubilatuko den pertsonan ere bai. Eta gainera, neurri horiek ekarriko dute lurrak dirulaguntza zuzenetatik askatu behar izatea. Eta plangintza horretan lehentasuna eredu kolektiboari ematen zaio. Gure ustez, tresna badugu, ikusi behar da nola erabiltzen dugun.

Garrantzitsua izango da prozesu horiek inklusiboak izatea, ez baztertzaileak. Adibidez, Europan laborarien batez besteko adin baxuena duen herrialdea Austria da, batez beste 40-42 urte dituzte hango laborariek. Horietatik %60ak partzialki egiten du lan laborantzan, ez egun osoz. Hemen, dedikazio osoz baserritarra ez dena baztertu egin izan da azken bi-hiru hamarkadetan, eta mixtoaren izena ere oso gutxieslea izan da. Guk uste dugu baserria izan daitekeela aldi baterako langintza, eta horrek erreleboa indartu dezakeela.

Josebe Blanco, EHKOlektiboko kidea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
"Ez dut garbi ikusten baserritar mixto profesionalaren planteamendua, uste dut desduindu egiten duela gure lana, klase ikuspegitik", K. Arribas (Baserritar Bilgunea)

ARRIBAS: Ez dut garbi ikusten baserritar mixto profesionalaren planteamendua, uste dut desduindu egiten duela gure lana, klase ikuspegitik. Zer nahi dute, gure etxea erdi-baserria izatea? Jarri baliabideak baserri osoa eta bideragarria izan dadin! Zer egin behar dugu, goizean baserrian lan eta arratsaldean fabrikan? Ulertzen dut ereduak ezin duela izan duela 30 urtekoa, eta errealitatea da baserrietan askotan kide batek bertan egiten duela lan eta beste batek kanpoan, ados. Baina baserritar mixtoa? Nik ez dut mixtifikatu nahi! Beste lanbideetako profesionalek ez dute halakorik planteatzen!

BLANCO: Erreleboaren gaian, erronketako bat da lurrari ematen zaion erabilera. Lurra da garrantzitsuena eta gorde beharra dago baina horren izpiriturik ez dago, hau da, elikadura eta bizia ugaltzearen izpiritua falta da.

"Erreleboa eman behar dugunok ezin dugu espekulatu, zeren eta porruekin edo gaztekin ez dago hori dena ordaintzerik", J. Blanco (EHKO)

Espekulazioa da beste erronka bat. Erreleboa eman behar dugunok ezin dugu espekulatu: ezin diegu gazteei prezio gisa ezarri guk dirulaguntzetatik kobratutakoa, gehi guk ordaindutakoa, zeren eta porruekin edo gaztekin ez dago hori dena ordaintzerik. Eta iruditzen zait erreleboa emateko obligazioa ere badugula, gure komunitateak zergen bidez inbertsioak egin dituelako gure etxeetan.

Baita ere aipatu nahiko nuke erakundeen aldetik elikadurari ematen zaion garrantzia txikia: ekitaldi batean, lehen sektorearekin lotutako goi kargu batek, lehen sektorea ze garrantzitsua den justifikatzeko egin zuen diskurtsoan, behin ere ez zuen “janari” edo “elikadura” hitzik aipatu. Dena zen gaizki ulertutako folklorea. Eta horrek ere eskoletan badu bere isla. Gazteek eta umeek irudikatzen dute posibleago dela NASAn lan egitea, edo Silicon Valleyn, edo Parisko edo Madrilgo gobernuetan, laboraria izatea baino! Laborari izatea ez dago aukeren artean. Gure eskualdean denek izan behar dute ingeniari. Nahiz eta zortea dugunok egunero hiru aldiz jaten dugun, eta eskolan behar bada jangela egongo den.

Iker Elosegi, EHLGko kidea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

ELOSEGI: Konplikatua da: gazte bati nola ematen zaio gogoa laborari izateko? Zenbat aldiz ez dira laborari aita-amak entzuten erranez “ahal dugun guztia egin dugu, ondorengoak beste zerbait izateko”. Aldi berean, badira jendeak erraten dutenak, “ahal dugun guztia egin dugu, gure familiako haurrek zoriontsu gaudela ikus dezaten”.

Iparraldean galdetzen dugunean: zuk nola aipatzen duzu ezezagunen artean zure ofizioa? Ezkutatzen duzu laboraria zarela? Edo lehenbizi amu batzuk botatzen dituzu, ikusteko ea tiroka hasiko zaizkizun? Jendeak erantzuten du, “ez, ni laborari naiz eta aipatzen dut arazorik gabe”. Jendeak Iparraldean laborariari buruz duen hurbileko ikuspegia ez du azti batek asmatu, gure azken 50 urteetako lanaren ondorio da: ze laborantza mota egin den, ze gaitasun izan den jendeekin mintzatzeko eta abar. Hegoaldean dagoen laborari ofizioaren gutxiespen hori noizbait hemen ere izan da, baina gainditu genuen. Baina borrokak ez dira betiko irabazten, eta lanean segi behar da.

"Laborariak jendartearekin duen lotura oso hautsia sentitzen dut Hegoaldean", I. Elosegi (EHLG)

Aldiz, laborariak jendartearekin duen lotura oso hautsia sentitzen dut Hegoaldean. Ez dut erraten Iparraldean etenik ez denik, baina askoz tipiagoa. Eta gai gara gai konplexuei buruz denekin hitz egiteko: Laborantza Ganbara barnean badira ekologistak, kontsumitzaileak eta abar, eta izan ditugu debate ez errazak, esaterako: zer behar dugu pentsatu otsoaz? Zer behar dugu pentsatu gobernuak gauez helikopteroz Biarnoko lurretan hartzak askatzen dituelarik? Gure inguruko ekologistek ez zuten gaizki ikusten, baina gai izan gara esplikatzeko horrek ze ondorio dituen zehazki laborariengan. Energiaren gaira itzulita, olioa erregai gisa baliatzen zuen duela 15 urte Laborantza Ganbarak laguntzen zuen talde batek. “Lurra elikadurarentzat edo energiarentzat baliatu behar da?”, debate zaila izan genuen eta ondorioa izan da olio hori ez dela gehiago erregai gisa baliatua, baizik eta elikadurarako. Hau da, laborantza herrikoian beharrezkoa dugu jendarteko beste jendeekin mintzatzeko gaitasuna lantzea, arazoak partekatu eta aterabideak elkarrekin asmatzeko. Hau gakoa izanen da biharko laborantzan.

"Gipuzkoan azken bost urteetan ekoizpen proiektuen %20 desagertu dira eta aurreikuspena da hemendik hamar urtera %30-40 izango direla desagertutakoak. Hau holokausto bat da", K. Arribas

ARRIBAS: Erronkak aipatzeko, datu batzuk azalduko ditut: Gipuzkoan azken bost urteetan ekoizpen proiektuen %20 desagertu dira eta aurreikuspena da hemendik hamar urtera %30-40 izango direla desagertutakoak. Hau holokausto bat da. Eta lehen esan dudan moduan, lehendik ere populazio aktiboaren %1 soilik gara. Baina ez dut uste holokausto hau fenomeno natural bat denik: politika publikoen ondorio da, diru publiko askorekin egina. Eta hori inork ez du aipatzen, eta inork ez dio inori konturik eskatzen. Garbi dago politika publiko horiek aldatu egin behar direla.

Esaterako, nola da posible Eusko Jaurlaritzak Mercosur bezalako itun bat defendatzea eta aldi berean erreleboko estrategia bat modu sinesgarrian planteatzea? Erabat kontraesanean daude! Beti izan behar dugu kritiko. Gure apustua izan behar da errelebo hori elikadura ekologikoaren aldeko estrategiaren menpe egotea, zeren eta ekologikoan haiek jarri dituzten helburuetatik oso urrun gaude eta ez dira ezer egiten ari helburu horiek betetzeko.

Kritiko izan behar dugu politika publikoekin, eta aldi berean, gure kasa proposamenak egin eta gure kabuz baliabideak jarri behar ditugu. Eta ari gara administraziotik at hainbat gauza egiten. Iparraldea da beti adibide gai hauetan, eta Gipuzkoan Debagaraian Tokixan proiektua sortzen ari da, Zestoan Amillubi proiektuan trebaleku bat edo agroekologia eskola bat sortzea planteatzen ari da...

Bestalde, lehentasunezko erronka bat da guretzat lurraren defentsa. Badagokigu, eta oso gertutik gainera, ez soilik fisikoki, baizik eta ideologikoki: agroekologiatik planteamendu asko egin ditzakegu eta egoera baliatu behar dugu gure diskurtsoa ezagutzera emateko.

Miguel 'Kelo' Arribas, Baserritar Bilguneko kidea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Arribas, aipatu duzu zenbat ekoizpen proiektu desagertzen ari diren Gipuzkoan. Zeren ondorio da?

ARRIBAS: Arrazoi asko daude. Hegoaldean industria beti da komodin bat, laborantzan nekatzen denak edo diru gehiago behar duenak, laborantza utzi eta horra jotzeko.

Bestalde, asko motibatzen gaituen lanean ari gara baina beti gaude erresistentzian. Normalean kontuan hartzen ez diren lan baldintzak ditugu: gustuko dugun eta zentzua duen lan bat izatea, naturarekin harremanetan, gure buruaren jabe izanda... baina gure ekonomia nahiko justua da, bizitzeko adina badugu baina inbertsio handiak egiteko zailtasunak ditugu.

Gainera, klima aldaketarekin azken urteetan arazo dezente ikusten ari gara: agian zure ekonomiak ez du kolpe bakarrean hondoa joko, baina tentsio psikologiko bat dakar eta jende askok pentsatzen du: “Nik horrela ezin dut bost urtez jarraitu”.

Eta fisikoki oso exigentea da, adin batera iritsita pentsatzen duzu: “Lanpostu bat sortuko balitzait...”. Ez da soilik karga fisiko eta psikologikoa, burokraziaren karga ere bada: administrazioen aurrean zenbat gauzetan izan behar dugun adituak!

Baina hau dena zergatik? Ez gaudelako babestuta eta behar bezala baloratuta.

Unzalu Salterain, EHNE Bizkaiako kidea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Nolakoa da etorkizuneko laboraria?

"Etorkizunean pertsonak ez dira prest egongo egunero 12-16 ordu bitartean lan egiteko, beraz, formulazio kolektiboak beharko dira", U. Salterain (EHNE Bizkaia)

SALTERAIN: Etorkizuneko laboraria singularrean irudikatzen badugu, oker gabiltza. Eredu intentsibo industrializatuak indibidualismoa garatu du, “teknikarekin posible da bakarrik egitea” mezua zabaldu du. Baina etorkizunean pertsonak ez dira prest egongo egunero 12-16 ordu bitartean lan egiteko, beraz, formulazio kolektiboak beharko dira. Horretarako ere neurriak ipini beharko dira.

BLANCO: Nahiz eta instituzioek eredu intentsiboa babesten eta saritzen duten, gero eta gehiago dira gure eredura gerturatzen direnak, eta eredu intentsiboetara gerturatzen direnak ez bezala, horietako asko emakumeak dira. Pertsonen neurriko etxaldeak irudikatzen ditut, helburu argiarekin: elikadura sortzea, elikadura eskubidea delako guztiontzat. Ekoizpen dibertsifikatua irudikatzen dut,

"Elikadura sistemak herritarren eta baserritarren arteko gardentasuna eta elkartasuna izan behar ditu oinarri", J. Blanco (EHKO)

komunitatearen gertutasunari esker babestua sentitzen dena, eta herritarrekiko aliantza, zintzotasuna, gardentasuna eta konpromisoa dituena. Izan ere, elikadura sistemak herritarren eta baserritarren arteko gardentasuna eta elkartasuna izan behar ditu oinarri.

ELOSEGI: Laboraria ez nuke gehiago folklorizatuta ikusi nahi. Hegoaldean maiz ikusten da horrela eta horrek ez dio batere onik egiten, haustura sortzen du. Hori bihar bertan erabaki ahal den zerbait da: ez daukagu zertan gure haurrak jantzi XVIII. mendean janzten omen (hori ere asmatua baita) ziren bezala; laborantzarekin dugun lotura hori bada, gaizki gaude.

Laborariek klima aldaketara egokitu beharko dute haien ekoizteko manera. Hori, nahi ala ez, gainean daukagu: ez dakit 50 urteren buruan ardi esnea oraingo moldean egiten ahalko den, eta ez dakit mendia nola baliatuko den, aldaketa sakonak aurreikusiak baitira. 

"Galderak asko dira eta erantzunak aurkitu beharko dira. Eta ez ditu bakar batek aurkituko eta patentatuko; guk gehiago sinesten dugu  elkarrekin pentsatzeko eta gauzak asmatzeko gaitasunean", I. Elosegi (EHLG)

Galderak asko dira eta erantzunak aurkitu beharko dira. Eta ez ditu bakar batek aurkituko eta patentatuko; jende askok horretan sinesten du baina guk ez, guk gehiago sinesten dugu gaitasun kolektiboan, elkarrekin pentsatzeko eta elkarrekin gauzak asmatzeko gaitasunean. Eta gure lekuko ondarean, hau da, milaka urtetan hemen landu diren tokiko arrazetan eta barietateetan: horiek segur aski izango dute lekua biharko laborantzan.

ARRIBAS: Ados nago, baserrien etorkizuna kolektiboa edo komunitarioa izan behar da, zeren eta jada ez gara lehen bezalako familia handiak, etxe berean hogei lagun bizi zirenak eta denek laguntzen zutenak. Orain normalean familiako pertsona bakarra da baserrian lan egiten duena.

Baserria ahalik komunitarioena izan behar da, eta ez bakarrik baserri barruan: baserriaren begirada izan behar da beste baserriekin elkarlanean aritzekoa. Izan ere, horrek ematen digu indarra, pizipoza, elkarlaguntza, gure lana hobetzeko ezagutza, ditugun arazo guztien aurrean babesa sentitzea eta gure laneko isolamendua puskatzea.

"Landa eremuak bizirik behar ditugu. Niri gustatzen zait nire lana, baina gustatzen zait lana herri bizi batean egitea", K. Elosegi (Baserritar Bilgunea)

Baina horretarako, landa eremuak bizirik behar ditugu. Aldiz, Europako Nekazaritza Politika Bateratu berrian, planteatzen ari dira landa garapenarekin zerikusia duen guztia dirulaguntzetatik kentzea. Eta niri gustatzen zait nire lana, baina gustatzen zait lana herri bizi batean egitea, non dauzkadan taberna, autobusa, medikua, ekintza kulturalak... Hori guztia egotea oso inportantea da sektorera erakarri nahi dugun jende gazte berriarentzat motibagarriagoa izateko. Eta bizitza duina izateko. 

"Gipuzkoako Aldundiak ez du basabizitza balioan jartzen, etekina atera behar zaionaren pentsamenduz kudeatzen du"
2026-07-14 | Estitxu Eizagirre
Edurne Huesa Otegik Aralar parke naturaleko patronatuan Landarlaneko kide gisa hartzen du parte eta Aitziber Sarobe Egigurenek Pagoeta parke naturaleko patronatuan Arkamuka ordezkatzen du. Biak... (+)
Kontserbazio ekologikorako aurreikusia zegoen Gipuzkoako Markesbaso basoa egurgintzara bideratu nahi du Kutxabankek, salatu dutenez
2026-07-09 | Estitxu Eizagirre
Kutxabankek Markesbaso finkarako aurreikusita zegoen jatorrizko proiektutik aldentzea erabaki duela salatu dute 36 talde ekologistak eta kontserbazionistak. Zestoa eta Azpeitia artean dago Kutxabanken jabetzakoa den 290... (+)
Kobre meatzeak zabaltzeko lehen urratsak Lizarraldean eta Zangotzan
2026-07-06 | Estitxu Eizagirre
Sorladako Udalak (Nafarroa) baimena eman dio Iberian Copper S.L.U. enpresari lur komunaletan meatzaritzarako egokia den jakiteko ikerketa lanak egin ditzan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri Lizarraldeko... (+)
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
Zuhaitz eta arbolek gure kulturan duten itzalaz gozatzeko goiz-pasa berezia Gasteizen larunbatean
2026-06-09 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du ARGIAk larunbata honetarako. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan paseoa egingo dugu, liburuaren egile Jakoba Errekondo,... (+)
gora