Asteroko buletina
Negua eguzkitsu, ondoko uda euritsu.

Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu

Hogei urte igaro dira Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eraitsi eta urpean ito zituztenetik. Herritarrek eta herritarrak ez zirenek, ordea, ez zuten besterik gabe onartu herrien hustuketa, eta gogor egin zuten bizitokien defentsa. Erresistentzia antolatua izan zen Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek aurrera eraman zutena.


2023ko urriaren 03a

Itoizko urtegiaren aurkako borroka lurraren eta ingurumenaren aldeko ikur bilakatu zen XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran. Izena urpean duen herrietako batetik datorkio. Izan ere, urtegia eraikitzeko inguruko zazpi herri eraitsi eta urpean utzi zituzten. Itoitzekin batera, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi, Nagoreren zati handi bat eta Artozki herriak geratu ziren ur azpian.

Egun, Nafarroako urtegirik handiena da, Artze eta Longida ibarretan dagoena, eta Irati ibaiaren gainean du presa nagusia.
1985ean eman zuten proiektuaren berri, eta berehala sortu ziren haren kontrako iritziak. Urte horretan bertan, Itoizko Koordinakundea sortu zen, urtegia ez eraikitzeko helburuarekin.

1993an hasi zituzten Itoizko urtegia egiteko lanak, eta 2003rako presa egina zegoen. Urte horretan hasi ziren aipatutako herriak husten. Herritarrek ez zieten, ordea, hondeamakinei bidea libre utzi. Gogor defendatu zituzten bizitokiak, bereziki Itoitz eta Artozki. Lehenengora ekainaren 16an iritsi ziren makinak, Foruzaingoarekin eta Guardia Zibilarekin batera. Dozenaka lagunek erresistentzia egin zuten, eta hiru egun behar izan zituzten guztiak kanporatu eta eraikinak behera botatzeko.

“Gizartearen erantzuna sendoa izan zen, garai hartan jendea oso kontzientziatuta zegoen”

Herria hustera jakinarazitakoa baino egun bat lehenago agertu ziren, baina operazioak ez zituen ezustean harrapatu bizilagunak, makinak eta poliziak iristerako nor bere lekuan baitzegoen. Aurretik izan zen Nagoreren hustuketa, eta horrek lagundu zien aurreikusten Itoitzekoa nolakoa izango zen. Gainera, Guardia Zibila lehenagotik aritu zen herrian bueltaka, eta “antzematen zen berehala izango zela”, dio Dani Unziti herritarrak.

Bazekiten herria txikitu egingo zutela, eta aurretik atera zituzten zenbait ondare, esate baterako, elizako santuak edo hilerrietan zeuden senideen gorpuzkiak. “Hala ere, gure helburu nagusia ez zen gauzak herritik ateratzea, baizik eta ahalegintzea gu kanporatzea ahalik eta zailena izan zedin”. Hurrengo egunean jende gehiago zen Itoitzera gerturatzekoa, baina han zeudenak prest zeuden, bakoitza bere erresistentzia gunean.

Unzitik bere etxean ezkutatuta igaro zituen erresistentziako hiru egunak. “Momentu latzak pasa genituen”. Itoitzekin Elkartasuna taldeko itoiztar bakarra zen, eta aurretik denbora asko pasa zuen erresistentzia prestatzen: erosketak egin, porlana eraman, autoan erresistentzia egingo zuen jendea ekarri... “Etxe barrutik aritu ginen lanean, haiek ez konturatzeko zertan ari ginen”.

Artozkiren defentsan, bi astez

Irailaren 15ean erresistentzia Artozkira mugitu zen, eta haren defentsak bi aste iraun zituen, harik eta Foruzaingoak eta Guardia Zibilak bortizki hustu zuten arte.

Nafarroako Gobernuak esan zuenez, Artozkiko bizilagunek beren borondatez utzi zituzten etxeak. Ez zen horrela izan, ordea. Egia da Nafarroako Gobernuarekin irailaren 15ean etxeak uztea adostu zutela, hori zelako bide bakarra ondoren Nagoren eta Azparrenen lursailak erosi ahal izateko. Gobernuaren bertsioa gezurtatzeko asmoz, komunikatua sinatu zuten bizilagunek: “Artozkin bizi ginen sei familietako batek ere ez du akordiorik egin Nafarroako Gobernuarekin. Familien ondasun guztiak bortxaz desjabetu dituzte”.

Artozki eraisketa baino egun batzuk lehenago (argazkia: Gari Berasaluze)

Nahiz eta familiek etxeak utzi behar izan zituzten, solidarioei eman zieten lekukoa. Huste agindua baino bi egun lehenago sartu ziren ekintzaileak etxeetan, eta egun horietan familiak eta solidarioak elkarrekin egon ziren.

Julio Villanueva Itoitzekin Elkartasuna taldeko kidea zen garai hartan, baina herriak hustu zituzten egunetan ez zen bertan egon. Izan ere, 1996an, beste zazpi kiderekin batera urtegiko kableak mozteagatik bilatze- eta harrapatze- agindupean zegoen. Ekintza horrekin hamar hilabetez eten zuten eraikuntza. Erresistentzia egunetan herrietan egon ez bazen ere, prestaketa lanetan han ibili zen. “Herrien erresistentziarako estrategia pentsatu genuen”.

Hilabeteetako prestaketak

Solidarioek hilabeteak eman zituzten prestaketa lanetan, 2002 amaieran hasi baitziren. Lehenengo Artozkikoa prestatu zuten, nahiz eta Itoitz lehenago hustu zuten. Paretetan zuloak egin zituzten tutuak sartu eta bertan kateatu ahal izateko, itxiturak egin zituzten hormetan eta leihoetan, bunkerrak ere prestatu zituzten...

Hustuketa “muturreraino” eraman zutela dio Villanuevak. “Ekintzaileentzat oso arriskutsua izan zen: modu bortitzean hasi ziren pareta botatzen, eta harriak erortzen ziren euren gainera”.

Bitartekari batzuk izendatu zituzten Poliziaren eta erresistenteen arteko komunikazioa aurrera eramateko: “Bitartekariek esaten zieten pertsona batzuk ezkutuan zeudela, baina poliziek ez zuten kasurik egiten. Langileei esaten zieten sartzeko eta dena birrintzeko. Ezkutuan zeudenek atera egin behar izan zuten euren ezkutalekuetatik, arrisku bizian baitzeuden”. Bitartekariak ere behin baino gehiagotan jipoitu zituzten, Villanuevaren arabera.

“Gobernuari ez zitzaion axola hildakoren bat egotea”, dio Unzitik. Suhiltzaileen eta polizien arteko elkarrizketak entzun zituen bere gordelekutik. “Poliziek egun batean bukatu nahi zuten hustuketa. Suhiltzaileek esan zieten ezinezkoa zela, gutxienez bi egun beharko zituztelako pertsonak erreskatatzeko”. Hala ere, poliziek agindu zieten lehenengo etxeak botatzeko eta pertsonak gero ateratzeko, baina suhiltzaileek planto egin zuten, eta hala esan zieten: “Orduan, egin zuek. Guk ez dugu horrelakorik egingo”. Suhiltzaileekin esker oneko agertu da itoiztarra.

"Hustuketa" izatetik "erreskate" izatera

Poliziak bere interbentzioaren kalifikazioa ere aldatu egin zuen: hasieran herrien “hustuketa” zena, “erreskate” izendatu zuten gero. Villanuevak azaldu duenez, “erreskate batean erreskatatutako pertsonak hiltzen ahal dira, beraz, norbait larri zauritu edo hilez gero arrazoi hori eman zezaketen. Horrela, euren burua babesten zuten”. Suhiltzaileak ere horregatik gerturatu ziren, “erreskatea” zelako.

Artozkiko pilotalekua eta han margoturiko murala Itoizko urtegiaren aurkako borrokaren sinboloetako bat bihurtu zen egun haietan. Argazkia: Gari Berasaluze

Itoizko aferak, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere izena hartu zuen. Itoizko Koordinakundearen eta Itoitzekin Elkartasuna taldearen ekintzek oihartzun handia izan zuten, esate baterako, kableak moztu eta argindarra eten zuten, errepide mozketak ere egin zituzten, eta bi emakume ekintzailek 54 makina hondatu zituzten. Bi solidarioek azpimarratu dute jendearen elkartasuna. “Gizartearen erantzuna sendoa izan zen, garai hartan jendea oso kontzientziatuta zegoen”.

Unzitiri galdetuta ea beren herria eta etxea txikitu ostean agintariek ezer eskaini zieten, hala erantzun du: “Eskaini? Beti eskaini digutena errepresioa izan da, eta gu saltzea, inolako eskubiderik gabe”. Villanuevak errepresioa “gordina” izan zela dio. Urtegiaren aurkako ekintzengatik, momentu batean hamaika pertsona egon ziren kartzelara sartzeko arriskuan. Lau pertsonak espetxea zapaldu zuten. “Itoizko solidarioen kolektiboko zati handi bat indargabetuta geunden, jendaurrean egiten ziren ekintzetan ezin genuen parte hartu, gu atxilotzeko agindua indarrean zegoelako. Hala eta guztiz, isilpean bazen ere, batzuk borrokan jarraitu genuen”.

Bistan da urtegiaren proiektua ez zutela aurrera eraman inguruko herrietako biztanleei mesede egiteko. Zertarako, ordea? “Diru-gosea zuten eraikuntza enpresen mesedetan egin zen, eta klase politiko ustelak esku-eskura utzi zien”, Villanuevaren arabera. “Aurrena urtegia eraiki zuten, eta gero asmatu zuten zertarako erabili". Hasieran Espainian indarrean zegoen Plan Hidrologikoaren planaren barruan zegoen proiektua, eta asmoa ura mediterraneo aldera eramatea zen. Plan hori bertan behera geratu zen, ordea. “Konturatu ziren ikaragarrizko urtegi bat zeukatela eta bertako ura ez zekitela nora bideratu. Orduan asmatu zuten Itoizko urtegitik abiatzen den Nafarroako ubidea”.

Hondeamakinak herria eraisten, prentsa errekorte batean.

Urteurrenaren harira, egitaraua

Itoitz eta Artozki herrien erresistentzien 20. urteurrenaren harira, herrien defentsaren bueltan ibili ziren zenbait kide berriz elkartu dira, eta urrirako egitaraua prestatu dute. Besteak beste, Artozki Artezki erakusketa zabaldu dute Iruñeko Geltokin: Artozkin 20 urtez desagerrarazitako artelan batzuk berreskuratu dituzte Itoizko solidarioek.

Ekimen horiekin “borroka eta memoria” uztartu nahi dituzte, Villanuevak dioenez: “Ez da ospakizun nostalgikoa izango, baizik eta borrokarako deia. Inoiz baino indartsuago antolatu eta borrokatu behar dugu lurraren alde”.

Egitaraua

Urriaren 2tik 18ra
"Artozki Artezki" erakusketa, Iruñeko Geltokin

Urriaren 10ean
mahai-ingurua, Geltokin

Urriaren 20tik aurrera
"Artozki Artezki" erakusketa, Agoitzen

Urriaren 21ean
"Lurraren Defentsa Eguna",  Agoitzen: ekitaldia, herri bazkaria eta kontzertuak

 

[Erreportaje honen osagarri, Nafarroako Ubideari buruzko Urrezko zilbor-heste itogarria artikulua ere kaleratu dugu astekari berean]

Ekoedizioa: Nola murriztu liburuak sortzen duen kutsadura
Duela urtebete sortu dute Ekoedizioaren Institutua Katalunian, paperezko argitalpenek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu ditu institutuak, eta... (+)
Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko
Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan. (+)
Urdaibaiko ibai bat gehiegi lehortzeagatik delitu ekologikorik izan ote den ikertuko dute
Eguzki talde ekologistak salatu zuen 2020an Mape ibaitik behar baino ur gehiago atera zutela, ur eskasiari aurre egiteko. Azpimarratu du ez dela gertatzen den lehen aldia... (+)
Artozkiko erresistentziak 20 urte
Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu... (+)
Gutxienez 6.200 hildako eta 10.000 desagertutik gora eragin ditu Libiako hondamendiak
Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora