Maiatz pardo, ogi eta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.

Munduko 308 aberatsenek 118 estatuk baino gehiago kutsatzen dute

Azaroaren 10etik 21era Belemen (Brasil) eginen duten klima aldaketari buruzko COP30 gailurraren bezperan atera du Arpilatze klimatikoa: nola gutxiengo boteretsu batek kaosean murgiltzen duen mundua izeneko txostena Oxfamek. Ultra aberatsek eragindako gehiegizko CO2 isurketez ari da Gobernuz Kanpoko Erakundea.


2025eko urriaren 30a
%0,1 aberatsenen artean dagoen pertsona batek egun bakarrean isuritako CO2 heina %50 txiroenen artean dagoen batek urte osoan ondorioztaturikoa baino handiagoa da. Elon Musk –argazkikoa– horietariko bat da.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arpilatze klimatikoa: nola gutxiengo boteretsu batek kaosean murgiltzen duen mundua txostena plazaratu du ostegun honetan Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak, eta ikerketaren emaitza argia da: ultra-aberatsenek eragindako kutsadura zentzugabea eta jasangaitza da. Horra pobreziaren aurka eta garapen iraunkorraren alde dabilen erakunde horrek plazaratu bi datu: %0,1 aberatsenen artean dagoen pertsona batek egun bakarrean isuritako CO2 heina %50 txiroenen artean dagoen batek urte osoan ondorioztaturikoa baino handiagoa da. Egunero, %0,1 aberatsenetako batek 800 kilo CO2tik gora isurtzen dituelako, eta %50 pobreenetako batek, aldiz, 2 kilo CO2 inguru.

Denboran aitzina joan ahala, emendatu egin da munduko aberatsenen karbono eragina: 1990etik 2003ra munduko %0,1 aberatsenen CO2 emisioa pertsonaka 91 tonaz emendatu da, aldiz %50 pobreenen kasuan, 0,1 tonaz. Horregatik ere dute justizia klimatikoa aldarrikatzen ekologistek, nahiz eta gutxien kutsatu, herrialde eta herritar zaurgarrienek dutelako lehen lerrotik klima aldaketa pairatzen. Txostenean atzeman daitekeen ondoko datua dugu horren erakusle: 1990etik, %0,1 aberatsenen emisioak %32 emendatu dira, %1 aberatsenenak %13, aldiz, %50 pobreenena %3 apaldu da.

Azaroaren 10etik 21era Belemen (Brasil) iraganen den klima aldaketari buruzko COP30 gailurraren bezperan atera du txostena Oxfamek. Munduko aberatsenen kontsumoaz gain, beraien inbertsioak ere aztertu ditu, inbertituriko enpresen karbono aztarnak ere kontuan hartzeko gisan

Nekez zuzendu daiteke

Alarma beste behin piztuta dago: "Mundua modu arriskutsuan hurbiltzen ari da karbono aurrekontuaren gainditzera, hau da, epe luzera 1,5 gradutik gorako tenperatura igoera saihestezin bihurtuko lukeen CO2 isurketa maximora. Isuriak gaur egungo mailan geldituz gero, bi urte barru agortuko litzateke munduko karbono-aurrekontua". Aldaketa sistemikoa bideratzeko deia luzatzen die Oxfamek agintariei: "Gobernuek ez badute kolektiboki eta urgentziaz jarduten, klima aldaketaren ondorio geroz eta katastrofikoagoei eta saihestezinei aurre egin beharko diegu".

Egoera larria da eta joera bestelakotzeko erabateko aldaketa beharko litzateke bideratu: Lurraren tenperaturaren igoera 1,5 gradutara mugatu nahi bada, aberatsenek beraien emisioak %99 apaldu beharko lituzkete 2030erako. Hala eta guztiz ere, nahi izanez gero posible dela uste du Oxfamek eta hainbat betebehar zuzentzen dizkiete erakunde publikoei. Besteak beste, ultra aberatsei zuzenduriko zergen emendioa proposatzen du GKEk, kostuan eraginez kontsumo eta inbertsio horiek txikitzeko asmoz edota lobbyen eragina ahultzeko hainbat neurriren hartzea. 

Hain justu, politika publikoetan ere eragina dutelako munduko aberatsenek. Ondokoa dio Oxfamek bere txostenean: "Munduko aberatsenek eta beraien enpresa zuzendariek gehiegizko boterea erabiltzen dute, harturiko politikak eta testuinguru sozial zein politikoa desitxuratzeko, beti ere, beren interesen alde egiteko". AEBetan, adibidez, enpresa handiek –tartean, petrolio- eta gas-enpresa kutsakorrek– batez beste 277.000 dolar bideratzen dituzte urtean, klimaren aldeko neurrien aurkako lobbygintzarako. Gisa berean, ikatzararen, petrolioaren eta gasaren sektoreko 1.773 lobby egon ziren aitzineko COP29 gailurrean.

 

 

Ipar Euskal Herriko oihanak jomugan dituen E-CHO proiektua “dekretu bidez inposatu nahia” salatu du CADE talde ekologistak
Uztailaren 6ko Aldizkari Ofizialean agertu da Frantziako Lehen ministroaren dekretua. E-CHO egitasmoa “interes nazional handiko” gisa sailkaturik, eraikitze-prozedura azeleratzearen alde egin du gobernuak. Ipar Euskal... (+)
Uraren kudeaketa izanen du ardatz aurtengo Lurramak
Euskal Herriko Laborantza Ganbera antolatzaile, Lurrama Miarritzen (Lapurdi) iraganen da azaroaren 6tik 8ra. Urtero bezala, laborantza herrikoiaren erakusleihoa izanen da eta dagoeneko, laborariak eta kontsumitzaileak... (+)
Debekaturiko bi pestizida berriz legalizatzeko bidea adostu dute Frantziako parlamentariek
Azetamiprida eta flupiradifurona pestizidak legalizatzeko bidea adostu du senatarien eta diputatuen arteko Batzar Misto Paritarioak. Greenpeacek gogorki salatu du erabakia: "Legebiltzarkideek nahita aukeratu dute arduragabeak... (+)
Frantziako Gobernuaren klima politika "oso eskasa" dela dio Klimaren Aldeko Goi Kontseiluak
Klima politika "justuagoa, anbiziotsuagoa eta eraginkorragoa" bideratzeko deia luzatu dio Frantziako Gobernuari Klimaren Goi Batzarra egitura independenteak. Izan karbono isurketak gutxitzeko zein egoera klimatiko berriari... (+)
Klase elkartasunetik begiratuta...
Munduko zazpi estatu aberatsenak elkartu berri dira, ekainaren 15etik 17ra G7 gailurraren kari, Mont-Blanc mendiaren magalean. Hainbat gai aipatu dituzte. Ingurumena ere ukan dute solasgai,... (+)
gora