Astelehenero 8:00etan zure epostan
Sutearen ondoren egindako ikuskatzean agerian geratu zen lantegian gutxienez sei gunetan zeudela hondakinak “baimenaren esparrutik kanpo”. Onaindia enpresak obra batzuk hasi zituen eraikina berreraikitzeko, baina Gasteizko Udalak lanak geldiarazi ditu apirilaren 15ean, enpresak hirigintza lizentziarik ez duelako eskuratu. Eusko Jaurlaritzak, lantegiaren ingurumen baimena tramitatzeko arduradunak, orain ziurtatu du ez duela “obren hasieraren berririk”.
Onaindia enpresak Gasteizen duen birziklatze plantako sutea, 2025eko apirilean.
Onaindia enpresak Gasteizen duen birziklatze plantak su hartu zuen iazko apirilaren 1eko goizaldean. Sugarrek ke zutabe handia sortu zuten, eta hiriko airearen kalitatea osasunerako kaltegarria zen mailaraino jaitsi zen. World Aire Quality Index erakundeak bildutako datuen arabera, Arabako hiriburuak Europa osoko adierazle okerrenak eduki zituen ordu batzuez. Bada, orain jakin denez, ingurumen baimenik gabe jarduten zuen enpresak, sutea gertatu eta hiru hilabetera eskatu baitzuen baimen hori.
Sumarreko parlamentari Jon Hernándezek eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik zehaztu du enpresak eskaera joan den urteko uztailaren 11n egin zuela. Argitu du eskaera ingurumen baimen bakarrari dagokiola, eta ez ingurumen baimen bateratuari. Arrazoi horregatik, bertze batzuen artean, eskaerak tramitera onartzeko eskatzen ziren baldintza guztiak betetzen ez zituela jakinarazi zion ingurumen organoak Oraindia enpresari, 2025eko abenduaren 4an. Enpresak hamar hilabete geroago aurkeztu zituen beharrezko dokumentazio guztiak; maiatzaren 29an, hain zuzen. Gaur gaurkoz dokumentazioa errebisatzen jarraitzen dute.
Suteak Onaindiaren pabiloietako bat kiskalita utzi zuen, eta enpresak obra batzuk hasi zituen eraikina berreraikitzeko, oraindik ingurumen baimena lortzeko dokumentazioa entregatu ere egin gabe zuelarik. Udalak 2026ko apirilaren 8an eduki zuen obra horien berri, eta apirilaren 15ean lanak geldiaraztea agindu zuen, hirigintza lizentziarik ere ez zuelako. Eusko Jaurlaritzak, lantegiaren ingurumen baimena tramitatzeko arduradunak, berriz, orain ziurtatu du ez duela “obren hasieraren berririk”.
Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Etxebizitzaren batzordean, Elkarrekin Podemoseko Óscar Fernández zinegotziak azpimarratu du enpresak oraindik ez duela ingurumen baimenik, eta “gutxienez lau urte” eman zituela baimenik gabe eta udal lizentziarik gabe lanean. “Egoera irregularrean egon zen operatzen eta udalak ez zuen jarraipenik egin”, adierazi du Fernándezek.
Borja Rodríguez zinegotzi sozialistak hirigintza arloko eskumenei erreferentzia eginez baino ez dio erantzun Fernándezi: "Udalaren hirigintza kontrolerako mekanismoek funtzionatzen dute. Udal zerbitzuek lizentzia behar zuen jarduera bat atzeman zutenean, horren arabera jokatu zuten”. Hala ere, baieztatu du, enpresarentzat ezinbertzeko baldintza izanik ingurumen baimen bakarra izatea berreraikitze lanekin jarraitu ahal izateko, izapideak aitzin egin arte itxaronen dutela.
Onaindiak Eldiario.es hedabideari adierazi dioenez, gaur gaurkoz obrak geldirik daude, martxan dauden tramiteak noiz konponduko zain. Edonola ere, enpresak adierazi du "uneoro protokoloa jarraitzen” ari dela.
Sutearen harira ikuskatze bat egin zuten, eta jabetu ziren lantegian gutxienez sei gunetan zeudela hondakinak “baimenaren esparrutik kanpo”. Ikuskarien txostenaren arabera, 2024rako gaindituta zegoen baimendutako hondakinen harrera. Hortaz, enpresaren aurkako zigor espedientea zabaldu zuten. Oraindia enpresak orduko hartan Eldiario.es hedabideari jakinarazi zion “horrek ez zuela zerikusirik sutearekin”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545