Maiatzak euria laket.

Tximista belardian

Suge gorputz kiribildu bat sumatzen da belar luzeen babesean. Argi-itzaletan ari da goxatzen, eguzkipean. Lasai dago; eroso, bere bizitokian. Baina amaitu da bakea. Gorputzak mugimendu txiki bat sentitu du sabel azpira itsatsia duen lur lehorrean. Pausuak nabaritu ditu. Gertu… gero eta gertuago… oso gertu. Gizakia da! Suge berdehoriak ez du arriskurik hartu nahi, ordea. Ziztu bizian mugitu da belar artean. Zast! Eta instant batean desagertu egin da. Aranzadiko ikertzailea geldi gelditu da. Mugimendu azkar bat sumatu du belar luzeen artean: tximista bat belardian.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko uztailaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Suge berdehoria (Hierophis viridiflavus)

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 100-108 cm.
NON BIZI DA? Belardi, baso irekiune eta hormetan. 
ZER JATEN DU? Ugaztun txikiak, hegaztiak eta narrastiak.
BABES MAILA: EAEn eta Nafarroan babestua.

Baionako belardi bat zen. Baina Baiona izan zen bezala, izan zitekeen Euskal Herriko iparraldeko beste guneren bat. Edo Nafarroa iparraldekoa. Suge berdehoria (Hierophis viridiflavus) Euskal Herrian ikusi nahi duenak, aieka horretan egin beharko duelako bilatzeko saiakera. Izan ere, Bizkaian eta Araban ez du aurkituko; ezta Nafarroa erdi-hegoaldean ere. Eta Gipuzkoan… Gipuzkoan bada zer kontatua.

Oñatiko parajeetan 1980ko hamarkadako aipu pare bat ezagutzen badira ere, egun, suge berdehoria Irun inguruan baino ezin da ikusi. Irunen, eta duela gutxiko behaketa solte baten arabera, baita Hondarribian ere. Izan ere, badirudi espeziea bere banaketa zabaltzeko prozesuan ari dela. Plaiaundiko paduretan gero eta ohikoagoa da, eta Irundik Oiartzunerako bidean, ikusi izan da gehiagotan. Hori jakiteko, alabaina, espeziearen jarraipena egin beharra dago. Eta jarraitzeko, ikerketa egin behar.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Romerok badaki zerbait horri buruz. Euskal Herrian sugeei buruz egin diren ikerketak oso urriak dira, baina suge berdehoriak duen interesa ikusita, Romerok saiatzea erabaki zuen. Banaketa mugatua du espezieak, eta beraz, sugeei buruzko ikerketen metodologia testatzeko interesgarria da. Hala, Aranzadiko kideak Gipuzkoako populazioaren jarraipena egin du azken urteetan, espeziearen banaketa mugan egonda, ikuspuntu askotatik interesgarria delako. Eta Europako beste hainbat populazioren laginak hartuta, ikerketa genetikoak ere egin eta publikatu ditu Romerok. Emaitzak garbiak dira: Italiako populazioekin gertatzen ez den bezala, Euskal Herriko suge berdehoriaren banaketa mugan dauden populazioak eta Europakoak berdinak dira genetikoki. Espezieak azken glaziazioen ostean konkistatu zituen Iberiar penintsulako lurrak, klima lagun izan zuenean. Egun, Europan banaketa zabala duen espeziea izan arren, Kataluniako, Aragoiko eta Euskal Herriko eremu batzuetan baino ezin da ikusi penintsulan.

Suge berdehoria karraskari jalea da. Beltz eta hori kolore deigarriak ditu soinean, eta gorputza fina eta luzea du. Ugaztun txikiak ditu gustuko, baita hegaztiak eta narrastiak ere; eta horien bila ibili ohi da zelai irekietan eta basoen arteko irekiguneetan. Horma zaharrak eta bide ertzak ere gustuko ditu, eta leku eguteretan egon ohi da sarri, betiere hezetasun puntu bat duten guneetan. Baserri inguruetan eroso egoten da, sagu-jendea bertan aurkitzen baita ugari. Hala, ez da harritzekoa, azken urteetan Irungo San Martzial mendiaren inguruko baserrietatik gertu maiz agertu izana.

Pirinioetan, terma erromatarrak izan ziren lurretan ikus daiteke eta dentsitate handiko populazioak osatu ditu. Hala, izan da, medizinari loturiko Asclepio jainkoaren omenez, erromatarrek gugana ekarritako kulturako animalia moduan askaturiko sugea dela proposatu duenik.  

Jainkoak gora, jainkoak behera, suge berdehoria ikusteko errezoak baino, pertsonaren begi azkarrak eta finak markatzen du diferentzia. Belardiko belar luzeen artean tximista ikustea ez baita edonork egin dezakeen zerbait.

Bertako espezieak kobren eta anakonden itzalean
Euskal Herriko ikasleekin egindako ikerketa batek, gizakien eta sugeen arteko harremanari buruzkoak mahai gainean jarri ditu nazioartean. Erlazio horrek beti eman du zeresana, baina oraingoan,... (+)
Kantu bat ilargipean
2026-06-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Soka baten itxurako mihia du: luzea eta zirkularra. Disko itsaskorrak hatz finen puntan, eta begi-nini horizontala duten urre ilun koloreko begi biribilak buruaren bi aldeetara.... (+)
Narrasean narrasti artean
2026-04-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da.... (+)
Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa
2026-03-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan... (+)
Txikitasunean ezkutatuta
2026-02-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Bada zerbait zientzialari oro pozten duena: buruan dituen galderen erantzunak aurkitzea. (+)
gora